Azken eguneratzea: 2008/07/18
Auzolandegiak: elkartasunerako eta giza garapenerako auzolana
684 gaztek parte hartuko dute aurten Jaurlaritzaren Gazteri zuzendaritzak antolatutako ekimen honetan. Kultura sailburuak Dinamik(tt)ak sormen auzolandegia aurkeztu du

Miren Azkarate, Kultura Sailburuak, Gurutz Larrañaga, Kultura, Gazteria eta Kirola Sailburuordeak eta Xabier Sanchez, Gazteri Zuzendariak, 2008 Gazte Auzolandegien aurkezpena egin dute gaur Donostiako Artelekun antolatu den Dinamik(tt)ak izeneko sormen auzolandegia egindako bisitarekin. Aurkezpenean artearen esperimentaziora zuzentzen den sormen auzolandegi honetako arduraduna den Txelu Balboak Dinamikttak ekimenaren nondik norakoak xehetu ditu.

Miren Azkarate, Kultura Sailburuak auzolandegien egitasmoaren aurkezpena egin du, bere hitzetan, “hau izango da, behar bada, Kultura Sailaren Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak eskaintzen dituen zerbitzuetatik ezagunena. Hala ere, aurreko programen berri ez duten lagunek ere egongo direnez, unetxo bat hartuko dut horiei hitz batzuk egiteko, labur bada ere. Auzolandegia gizartearekiko konpromisoaren adierazgarri da; gazteek elkartasunerako duten gaitasuna erakusteko beste era bat, borondatezkoa eta eskuzabala. Programa honetan lana tresna bat da, aitzakia moduko bat gazteek proiektu komunitario bat burutu dezaten. Letra larriz idaztea merezi duten helburuak ditugu gogoan: elkartasuna, kultur trukea, herrien arteko elkar ulertzea, altruismoa, adiskidetasuna, konpromisoa.

2008an Eusko Jaurlaritzak Euskadin zazpi auzolandegi eskaintzen ditu hiru lurraldeetan. Eskaintza inoiz baino askotarikoagoa egiten saiatu gara, horixe baita gure erronka nagusietako bat. Guztira 684 plaza kudeatu ditugu aurten, horietatik, 266 Euskadin eskaintzen ditugu. Hauez gain, euskal gazteentzat beste 233 toki lortu ditugu Estatuko beste auzolandegietan eta 185 plaza okupatuko dituzte guk kudeatuta udara honetan euskal gazteek atzerriko herrialdeetan (Alemania, Belgika, Eslovakia, Estonia, Frantzia, Grezia, Britainia Handia, Islandia, Italia, Herbehereak, Serbia eta Txekian. Baita Armenia, Kanada, Hego Korea, Mexiko, Costa Rica, Turkia eta Ukranian ere). Gurera, Euskadin antolatutako auzolandegietara Estatuko beste erkidegoetatik etorritako 85 gazte izango ditugu eta atzerritik etorritako beste 96 gazte.

Auzolandegiak antolatzeko, hainbat euskal udalen laguntza jaso dugu, izan ere, proiektu jakin bat aurkezteaz gain, prest agertu dira auzolandegiak irauten duen hamabostaldian beren herrian egongo diren hogei bat neska-mutilak hartzeko behar den azpiegitura jartzeko. Mila esker guztiei, eskerrik asko Iruña Oka, Asparrena, Aiala, Bilar-Elvillar, Lekeitio, eta Billabonari. Eskerrik asko ere Estibalizeko beneditarrei ere eta orain hemen hartzen gaituen Arteleku kultura zentroari eta honen ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiari.

INFORMAZIO GEHIAGO:
www.gazteaukera.euskadi.net
www.dinamikttak.com
e-mail: gazteria-auzolandegiak@ej-gv.es

Prentsaurreko osoa (pdf, 119 kB)