| Azken eguneratzea: 2008/05/12 |
| Motorrak eta ziklomotorrak kontrolatzeko kanpaina berezia |
| Maiatzaren 12tik 25era |
|
|
|
Hurrengo hamabostaldian, maiatzaren 12tik 25era hain zuzen, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek motorrak eta ziklomotorrak zaintzeko kanpaina berezia egingo dute. Ibilgailu horien istripuei aurre egiteko borrokak 2008rako lehentasuna du Euskadiko Bide Segurtasunaren Plan Estrategikoan. Ibilgailu horietan joaten direnek kaskoa modu egokian erabiltzen duten ikusteko eta dokumentazioa eta zarata maila aztertzeko kontrolak egingo dira. Motor eta ziklomotorren gehiegizko abiaduraren eta beste ohitura desegoki batzuen aurrean kontzientziazio mezuak zabaltzen jarraituko du Herrizaingo Sailak.
Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak bihar (astelehena) abiatu eta maiatzaren 25era arte izango du indarrean kanpaina hau Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan. Ertzaintzarekin batera, Udaltzaingoek protagonismo berezia izango dute hiribideetan motozikleta eta ziklomotor ugari ibiltzen baitira. Azken hiru urteotan EAEko motozikleten parkea % 32 hazi da, eta horrek argi erakusten du bi gurpildun ibilgailuek zirkulazio eta segurtasun arauak errespetatzea zein garrantzitsua den.
Motorren eta ziklomotorren istripuak murriztea da 2008rako Bide Segurtasunerako Euskal Batzordeak, Herrizaingo Sailak zuzentzen duen organismoak, duen lehentasunetako bat. Zaintza-lana urte osoan handia bada ere, maiatzeko bigarren hamabostaldian ugaritu egingo da segurtasunaren alorrean arau-hausteak atzeman eta zuzentzeko. Kaskoa modu egokian erabiltzen den, dokumentazioa (baimenak, IAT azterketak, asegurua) behar bezala dagoen edo ibilgailu horien zarata-maila aztertuko dute.
Kanpaina berezi hauetan RACVNk eta Mapfre Fundazioaren Bide Segurtasuneko Institutuak ere parte hartzen dute, Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren baitan bilduta dauden kontzientziazio eta heziketa kanpainak eginez.
2007an, uztailaren 2tik 15era, egindako antzeko kanpaina batean, ia 8.500 ibilgailu kontrolatu zituzten eta 754 salaketa jarri ziren. Arlo horretan, nabarmentzeko modukoa da Udaltzaingoen eguneroko lana, Donostiako, Gasteizko, Bilboko, Getxoko, Irungo eta Leioako Udaltzaingoena, besteak beste.
|
|