|
Merkatal jardueraren legea aldaketzeko arrazoi nagusia, 2009garren urte amaieran indarrean sartuko den Zerbitzuei buruzko Europar Zuzentaraudia da; ordurako, Europako herrialde guztiek beraien araudiak egokitu egin beharko dituzte. Europar araudi honen helburu nagusia honako hau da: esparru juridiko egokia sortzea, zerbitzuen ezarpen askatasunaren aurkako oztopo guztiak ezabatuz.
Europar Zuzentaraura egokitzeko prozesu honek eragin zuzena du establezimendu handien bigarren merkatal-lizentzian. Araudi europarrak ezarritako esparruaren barruan, Lurralde Plan Sektoriala, Hirigintzako Planekin osatu beharra dago, herrietako merkataritzaren garapena bultzatzeko, non handiek eta txikiek elkarrekin jarduteko aukera duten.
Europar Zuzentaraua indarrean sartzen den momentutik aurrera, merkatal lizentzia bakarra emateko eskumen osoa udaletxeei emango zaie. Horrenbestez, Udaletxeak izango dira, tramite bakar batean, merkatal lizentzia emango dutenak, udal bakoitzaren Plan Orokorraren bidez; eta horretarako behar beharrezkoa da, Hirigintzako Udal Plangintza egokitzea.
Honekin lotuta, Legebiltzarraren Osoko Bilkurak gaur onartutako testuan jasotzen diren zehaztasunak honako hauek dira:
- Udal-jarduerarako lizentzia eman aurretik, jardueraren egokitzapenari buruzko txostena eskatuko dio udaletxeak Jaurlaritzari.
- Merkatal-egituren zaharberritzean, Merkatal Orientaziorako Udal Planak dituzten udaletxeekin lankidetza bultzatuko du Jaurlaritzak.
- Planak udaletxeek onartuko dituzte, aldez aurretik Udal Plangintzaren Aholku-Batzordearen eta Merkataritza Sektoreko batzordearen txostenak izanik.
- Merkataritza minorista esparru berrira egokitzeko plana egiteko beharrezko neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak.
- Eta azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatal Ekipamenduei buruzko Lurralde Plan Sektoriala berrikusi egingo da urte beteko epean.
Merkatal lizentziaz gain, lege berrian aurreikusitako beste moldaketarik garrantzitsuenak merkatal ordutegien arautzea, lege-hauste eta zigorren arautzea eta merkataritza-azoka ofizialen antolaketarekin zerikusia dute.
Legearen tramitazioan, merkatal sektoreak eta talde parlamentariek egindako ekarpenak oso aberasgarriak izan direla azpimarratu du Ana Agirre Sailburuak, Legebiltzarreko osoko bilkuran lege egitasmoa aurkezterakoan, ekarpenoi esker, legearen testuak hobekuntza nabarmenak izan dituela ziurtatuz. Sailburuak esan duenez aipatutako aldaketok duten helburua hauxe da: herrietako merkataritzak gure bizitza-ereduaren oinarrizko elementu izaten jarrai dezala, tokian tokiko ekonomien, giza-harremanen eta herriko bizitzaren bultzatzaile gisa.
Vitoria-Gasteiz 2008-06-25
|