Aurrekariak
1986an, Espainia eta Portugal Europako Erkidegoei Atxikitzeko Ituna indarrean sartu zenean, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (SPRI), Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko sozietate publikoak, bazuen ordurako bulegoa Bruselan.
Bi urte geroago, Lehendakaritza, Justizia eta Autonomia Garapenerako Sailaren egitura organikoa ezartzen zuen 89/1988 Dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren bulegoa sortu zen Bruselan, eta Europako Erkidegoekin loturiko gaietarako Kabinetearen menpe zegoen.
Dekretu hori Estatuak Auzitegi Konstituzionalean aurkezturiko errekurtso baten jomuga izan zen. Errekurtsoak, Estatuko Abokatutzaren arabera, EAEk Belgikako hiriburuan bulegoa irekitzeko eskumenik eza zuen oinarri. Errekurtso hori tartekatzearen ondorioz, Auzitegi Konstituzionalak Bruselan bulegoa jartzeari buruzko artikulua indar gabe uztea erabaki zuen.
Eusko Jaurlaritzak, horren aurrean, eta Europako erakundeetan egin beharreko jardueretarako babes logistiko eta estrategikoa izateko beharra azalduta, “Interbask, SA” sozietate publikoa sortu zuen, Bruselan bulego bat izango zuena.
Interbask SAk, iraun zuen bitartean, bi eginkizun hauek izan zituen nagusiki: batetik, Bruselako erkidegoen jardueraren jarraipena egin eta informatu; eta bestetik, Euskadiko administrazio, eragile ekonomiko eta sozialen eta erkidegoko erakundeen arteko bitartekari lana egin. Era berean, Gasteizko bulegoaren bidez, Interbask SAk Europako gaien inguruko prestakuntza- eta dibulgazio-lanak ere egin zituen.
Auzitegi Konstituzionalaren maiatzaren 26ko 165/1994 Epaiaren bidez, Estatuko Gobernuak planteaturiko errekurtsoan adierazitako tesiak gaitzesten dira, eta bestalde, Euskadik Bruselan ordezkaritza ofiziala izateko duen eskumena onartzen da, erkidegoko erakundeetan Euskadiko eskumenei eta interesei zuzenean eragiten dieten gaiak jorratzen direla kontuan hartuta.
Epai horren ondoren, 1995eko uztailaren 12an, Eusko Jaurlaritzak Euskadiren Bruselako Ordezkaritza era formalean sortzeko dekretua onartu zuen, Europako erakundeen aurrean ordezkaritza ofizial modura, eta horretara bideratu ziren orduan Interbask SAk zituen baliabide materialak eta giza baliabideak; eta, bere helburua beteta, Interbask SA deuseztatu egin zen.
Gero, Ordezkaritzaren egungo egoitza inauguratu zen. Horretarako egin zen ekitaldi publikoan, Jose Antonio Ardanza lehendakariak egin zuen inaugurazio hitzaldia Euskadik Bruselan duen Ordezkaritzan, 1996ko otsailaren 6an. (pdf. 45 KB).
Gaur egun, Euskadik Bruselan duen Ordezkaritza, egitura organikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren menpe dago.
(Iturria: Eusko Jaurlaritza - Europako Gaiak)
|