Lehendakaritza

Azken eguneratzea: 2010/09/10

Gasteizek eta Donostiak Bruselan defendatu dituzte Europako Hiriburu Berdea (2011-2012) eta Europako Kultur Hiriburua (2016) izateko hautagaitzak

Gasteizek Europako Hiriburu Berdea (2011-2012) izateko hautagaitza defendatu du

 

“Kanpotik berde, barrutik ere” lema arrakastatsuarekin, Gasteizek irailaren 8an Bruselan defendatu zuen 2012an edo 2013an Europako Hiriburu Berde izateko hautagaitza, Europako Batzordeak izendatutako nazioarteko adituek eta Europako erakundeetako ordezkariek osatutako epaimahaiaren aurrean.

Saria lortzeko interesa handia dela frogatzen du Bruselara joandako ordezkaritzak, han izan ziren Gasteizko alkate Patxi Lazcoz, udalbatza osatzen duten alderdi politikoetako hainbat kide eta Udaleko teknikariak, Euskadiren Bruselako ordezkariarekin eta haren taldeko hainbat kiderekin batera. Ordezkariak ordubetez jardun ziren hautagaitza defendatzen eta irmotasunez erantzun zieten epaimahaikideen galdera eta iruzkinei.

EBk sari honekin ingurumeneko eta iraunkortasuneko politikengatik nabarmentzen diren hiriak saritu nahi ditu, beren hiritarren bizi-kalitatea hobetzeaz gain, ingurumen-eragin orokorra murrizten dutelako. Europako hiriburu berdea izateko, hautagai diren hiriek ingurumen-alorrean egindako lana eta ildo horretan nahiz garapen iraunkorrarenean jarraitzeko konpromisoa erakutsi behar dituzte, eta praktika onak sustatzearen ildoan Europako beste hiri batzuentzat eredu izan daitezkeela frogatu.

Hautagaitza defendatzeko azpimarratu zuten Gasteizek baldintza horiek guztiak betetzen dituela. Patxi Lazcozek nabarmendu zuen “Gasteiz ez dela sari horretara aurkezteko prestatu”, hautagaitza “hirian azken 30 urteetan izan diren kolore guztietako gobernuen jardunaren jarraipen logikoa dela baizik, garapen iraunkorrarekin oso inplikatuta egon direlako”. Horrez gain, Gasteizek ez ditu 500.000 biztanle baino gehiago, Europako hirien % 84ren moduan, eta, ondorioz, “eredu eta laborategi bikaina da gure tamaina bereko Europako hiri askok politika eta esperientzia iraunkorrak gurekin parteka ditzaten”.

Hautagai diren 17 hirietatik, Gasteiz 6 finalisten artean sailkatu da, Bartzelona , Malmö (Suedia), Nantes (Frantzia), Nuremberg (Alemania) eta Reykjavikekin (Islandia) batera. Urriaren 21ean, Stockholmen, erabakiko da Gasteiz izango den Europako egungo hiriburu berdeen (Stockholm 2010 eta Hanburgo 2011) ondorengoetako bat.

www.verdepordentro.org  webgunean aurki daiteke sari honi buruzko informazio gehiago. Gasteizko Udalaren orrian (www.vitoria-gasteiz.org) gai horren inguruko albisteak eta hautagaitza defendatzeko aurkeztutako bideoa ikus daitezke.

 

[Iturria: Eusko Jaurlaritza - Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia]