Eusko Jaurlaritza

Lehendakaritza

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kanpo harremanak
  4.  
  5. Europar Batasuna
 
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Azken eguneratzea: 2007/03/24
Eusko Jaurlaritzaren adierazpena, Erromako Ituna ezenpetu zeneko 50. urteurrena dela eta

Martxoaren 25ean 50 urte beteko dira Erromako Ituna izenpetu zela. Efemeride horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak adierazi nahi du bat egiten duela ospakizun horrekin eta berretsi egiten duela Europa integratzeko prozesuaren printzipio eta balio eratzaileekiko konpromisoa.

Guztiok dakigu Eusko Jaurlaritzak hasieratik parte hartu zuela Europa integratuaren ideia eratu zuten mugimenduetan. Baita erbestetik ere, gure ahalegina beti izan da Europaren beraren eta Europa osatzen duten herrialdeen Bakea eta oparotasuna bilatzea. Ildo horretan, azpimarratu beharrekoa da aurreko mendeko 40ko hamarkadatik aurrera Eusko Jaurlaritzaren izenean hainbat pertsona ospetsuk izan zuten parte hartzea eta egin zuten ekarpena; Jose Antonio Aguirre lehendakariak eta Francisco Javier de Landaburuk, esaterako. Federalismoarekiko eta Europaren aldeko mugimendua bultzatzeko zuten konpromisoa "Biltzar Federalistan" (Luxenburgo, 1946ko urria) gauzatu zen; 1947ko martxoan Euskal Mugimendu Federalista (EMF) sortu zen biltzar horren ondotik. Aguirrek eta Landaburuk, halaber, Europako Biltzarrean (Haga, 1948ko maiatzaren 7tik 10era) hartu zuten parte; Europar Batasuna izango zenaren oinarriak ezarri zituen biltzar horrek. Euskal Mugimendu Federalista 1948an onartu zuten Federalisten Europar Batasunean eta Europar Mugimenduaren Biltzarrean hartu zuen parte EMFk Erroman 1957an, Erromako Itunak izenpetu ziren urtean.

Berrogeita hamar urte hauetan indar handiko esparru dinamikoa eratu da: Europako herrialdeen artean bakea izateko eta herrialdeon aniztasuna errespetatzeko oinarriak ezarri dira; gatazkak konpontzeko Zuzenbidera jotzea finkatu da;  europar herritarrengan sendo sustraitutako balioak jasotzen dituen europar herritartasun hasi berria garatu da; Europar Batasunak garapenerako lankidetzan eta laguntza humanitarioan duen egitekoa indartu da; barne merkatua sendotu da; eta aurrera egin da txanpon bakarrerako bidean. Aldiz, hau ere egia da, egoera globalizatu honetan gero eta zailtasun handiagoei egin behar diela aurre Europako gizartea beste eredu batzuetatik bereizten duen eredu sozialak eta politika komun asko garatzeke eta inplementatzeke daudela: kanpo politika eta segurtasun komunekoa, esaterako.

Alabaina, zalantzak badira ere, onuragarritzat jo daiteke batasunaren berrogeita hamar urte hauen balantzea.  Horrek adorea eman beharko liguke urrats irmoz aurrera egiteko integrazioan,  herritarrak kezken ardatz hartuta, erantzun egokia emateko oraingo egoera globalizatuak, harreman politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaletan gero eta konplexutasun handiagoa ezarriz, mundu osoan eragiten dituen erronkei.

Oinarrizko arloetan dagoen blokeoa honako arrazoi hauek eragin dute: alde batetik, erabakiak hartzeko prozedurak behar bezala ez egokitzeak 1957tik hona izan diren bost aldaketei (Europarentzat Konstituzio bat ezartzen duen Ituna kontuan hartuta); eta bestetik, Europako Batasuna zazpi aldiz handitzeak, zazpi estatu kide izatetik  bostehun milioi herritar ordezkatzen dituzten hogeita zazpi izatera igarota. Integraziorako bi metodo izateak -gobernuen artekoa eta komunitarioa, alegia- eta botoa aho batez emateak zein beto-eskubideak gehiegizko garrantzia izateak gauza bakarra adierazten dute: integrazio prozesuak eraman behar duen zailtasuna. Ildo horretan, erabakiak hartzeko prozedura arruntzat gehiengo kualifikatua erabiltzeak, Europarentzat Konstituzio bat ezartzen duen Tratatuak aditzera eman bezala, nagusitu beharko luke hurrengo urteetan integrazio prozesuan.

Europar Batasunaren izaera juridiko konplexua Europa integratzeko prozesu bereziaren ondorioa da eta bertako erakundeen konfigurazioan gauzatzen da. Izaera juridiko konplexu horrek nolabaiteko defizit demokratikoa eragin du.  Herritarren identifikazio falta gainditzea da integrazio prozesuak etorkizunean aurre egin beharreko erronka handienetako bat.

Horregatik, Europar Batasuneko erakundeek, eta Europar Batzordeak bereziki, aitzindari izan nahi dute gobernamendu metodoak XXI. mendearen errealitate berriari ezinbestean egokitzen; errealitate berri horretan gero eta harreman eta eragile berri gehiago baitago eta hierarkiak tokia uzten baitio heterarkiari.  Nabarmena da erakunde komunitarioek gobernamendua maila ezberdinei ezartzeko egin duten apustua eta hori erakusten du subsidiariotasun eta proportzionaltasun printzipioak bultzatzeko borondateak, besteak beste. Printzipio horiek ezartzen aurrera egoki egitea ezinbestekoa izango da nazioz gaindiko erkidego legitimo eta sendo bat eratzeko; beti ere, legegintza eskumenak dituzten nazio eta eskualdeen eskumenak ez errespetatzea gainditzeko asmoz, horixe izan baitu bereizgarri integrazio prozesuak zenbait estatu kideri dagokienez, Espainiari, esaterako.

Europako Batasunak eta bere herritarrek saihestu ezin duten beste erronka bat oraingo eredu ekonomikoa egokitzea edo berriro aztertzea da, eredu ekonomiko horiek energia iturri ez berriztagarrietan eta kutsagarrietan oinarritzen baitira. Klima aldaketak erantzun ausartak eskatzen ditu, Europako eskualdeen elkartasunean eta lankidetzan oinarritutakoak, munduaren gainontzekoekiko bidezkoak eta zuzenak, ekonomia ereduak iraunkorrak izan daitezen eta naturako baliabideak eskuratzeak eragin ditzakeen gatazka belikoak edota hondamendi humanitarioak eragotz ditzagun.

 Elkarrizketa sozialaz etengabe arduratzea eta hezkuntzari eta ikerketari lehentasuna ematea eskatzen du europar ongizatearen eredu sozialak, hezkuntza eta ikerketa lehenetsiz ikerketa poloak eta enpresak elkartzeko. Horrela, Lisboako estrategia berrituaren helburuak betetzeak lehentasun handiena du; batez ere, Europako biztanleen zahartzeak eta globalizazioaren ondorioek eragindako aldaketa demografikoaren erronkak kontuan hartzen baditugu.

Bestalde, kanpo politikaren eta segurtasun komunaren alorrean ditu Europar Batasunak desadostasun handienak, eta alor horretan antzematen da Europar Batasunak aldatu egin behar duela, munduan duen presentzia politikoa bat etor dadin bere balioekin eta bere biztanle kopuruarekin eta merkataritzarekin. Kontuan hartu behar dugu, halaber, Europar Batasuna dela mundu osoan laguntza humanitario eta garapen lankidetzarako laguntza gehien ematen dituztenetako bat. Inoiz baino gehiago, Europak ahots bakarra erabili behar du nazioarteko gaietan eta iraganean izandako jokabide tamalgarriak alde batera utzi; Jugoslavia ohiaren kasuan edota beste gatazka batzuetan -Ekialde Ertainekoetan, Golkoko gerra, eta abarretan- izandakoak, adibidez.

Europar Batasunaren finantza esparruari buruz, eta esparru horren eraginkortasun handiena bermatzeko, ezin dugu ahaztu garrantzitsua dela politika komunitario ezberdinen arteko aurrekontu banaketa bat etortzea Europar Batasunaren benetako lehentasunekin.

Ondorio gisa, esan dezakegu Europar Batasuna sortu zutenen idealak indarrean daudela oraindik ere; alabaina, Europar Batasunak erronka berriei egin behar die aurre, eta horretarako ezinbestekoa da azken berrogeita hamar urte hauetan elkarrizketa eta lankidetzaren bitartez lortutako guztia sendotzea. Ildo horretan, Europar Batasunak integrazio politikorantz aurrera egiteko, honako oinarri hauek erabili behar ditu: oinarrizko eskubideak aintzat hartu eta errespetatzea eta Europa osatzen duten herrien kultura aniztasuna onartzea; elkartasuna eta kohesio ekonomiko eta soziala bultzatzea; justizia, askatasun eta segurtasun gune bat ezartzea, gune horretan gero eta garrantzi handiagoa baitute inmigrazioari buruzko gaiek; garapen iraunkorraren arabera haztea; ongizaterako eredu soziala ezartzea; aniztasuna errespetatzea, aberastasuna baita aniztasunaren benetako balioa; Europako Batasunaren balioak sustatzea, besteak beste, hezkuntzaren bitartez; eta herritarren benetako parte hartzea.

Aipatutako erronkei aurre egiteko, eta herritarren kezkei hobeto erantzuteko -horixe baita Europa integratzearen benetako helburua- behar-beharrezkoa da Europako Batasunean estatuarena baino maila apalagoak aintzat hartzea benetan.

Herritarrengandik hurbilago egoteko erronka dela eta, estatuei ez ezik, herritarrei ere badagokie urtemuga hau ospatzea; herritarrek ospakizunaren protagonistak sentitu behar lukete nazio, eskualde eta toki erakunde ordezkatzaileen bitartez zein norbera bere kabuz, eta horrela bere egin beharko lukete Erromako Itunaren 50. urtemugaren logotipoko leloa:

" Elkarrekin 1957az gero / Juntos desde 1957 / Ensemble depuis 1957"