|
Europako Parlamentuak bihar egingo duen eztabaidaren aurrean, Jaurlaritzaren bozeramaile Miren Azkaratek ondorengo adierazpena irakurri du, Gobernu Batzordearen ohiko prentsaurrekoan.
Eusko Jaurlaritza Estrasburgon Europako Parlamentuan izango da Euskadiko Bake eta Normalizazio prozesuaren aldeko eztabaidan.
Gobernu Batzordeak Europako Parlamentuak bihar gauzatuko duen eztabaidaren inguruko hausnarketa egin du eta eztabaida bera eta onartuko den erabakia lagungarriak eta onuragarriak direla adierazi nahi du.
Euskadi, euskal gizartea dugu bakearen eta normalizazioaren egile eta eragile nagusia; hori horrela izanda, prozesuak gure herriaren mugak gainditu ditu.
Europako Parlamentuak bihar onartuko duen erabakia Europako hainbat gobernuburuak, Txileko Parlamentuak, eta mundu osoko agintari, eragile eta bakearen gaietan adituek eta Bakerako Nobel saridunek bake prozesuari eman dioten babesari gehituko zaio.
Eusko Jaurlaritza Estrasburgon izango da Europako Parlamentuari bakeari emango dioten babesa eskertzeko eta han berresteko arazo politikoak herritarren ordezkariek aurrera eraman behar duten eztabaidaren eta horren harira lortutako akordioen bitartez konpondu behar direla. Aldarrikatuko dugu, beste behin, euskal herritarrek demokrazian eta askatasunean egindako hautuari errespetua zor zaiola.
Eta horrekin batera, bake prozesuak eta alderdien arteko elkarrizketak mundu osoan babesa eta laguntza jasotzen duen garaian, Euskadiko Epaitegi Nagusiak Lehendakaria elkarrizketa bultzatzea eta Batasunarekin elkartzeagatik epai bidean jarri izana salatuko dugu.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, bozeramaile naizenez, bihar Europako Parlamentuan, gure esker ona azalduko dut. Jaurlaritzaren aburuz ona eta onuragarria baita Europako erakundeek Euskadiko bake prozesuari emango dioten babesa eta laguntza. Atzera bueltarik gabeko bakea eta normalizazioa dugu helburu.
|