Eusko Jaurlaritza

Lehendakaritza

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kanpo harremanak
  4.  
  5. Europako Gaiak
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Azken eguneratzea: 2006/10/25
Eusko Jaurlaritzaren Adierazpena Europako Parlamentuan Euskadiko Bake Prozesuaren alde egindako eztabaidari buruz

Eusko Jaurlaritzak gaur Europako Parlamentuak Euskadiko Bake prozesuari adierazi dion atxikimendua eta babesa, eztabaida bera eta hartutako erabakia,  bake bidean lagungarriak eta onuragarriak direla adierazi nahi du.

 

Talde desberdinen ahotan entzun ditugun mezuak bat datoz Eusko Jaurlaritzak eta euskal gizarteak bakea eta adiskidetzea lortzeko oinarri dituen printzipioekin: besteak beste, biktimekiko atxikimendua eta oroitza, giza eskubideen errespetua, demokraziaren baloreak eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Alde horretatik, demokraziak eta politikak zer egin handia  dute eta lagungarriak dira indarkeriari amaiera emateko, elkarrizketaren bitartez.

 

Bat gatoz eta pozten gara, urteak baitaramatzagu hori aldarrikatzen, nahiz hori esan eta egiteagatik kritikak eta zentsurak jaso izan.

 

Bitxia bada ere, Europako Parlamentuak aldarrikatu duena egiteagatik Lehendakaria auzi-bide penalean jarri du Epaitegi Nagusiak, zergatik eta bakea eta normalizazio politikoa xede duen elkarrizketa eta hartu emanak bultzatu izanagatik eta Batasunarekin biltzeagatik.

 

Jaurlaritzaren aburuz garrantzi itzela du europar guztion ordezkari den Parlamentu honek Euskadin zabaldu den bake prozesuari azaldu dion babes eta atxikimendua; atzera bueltarik gabeko bakea eta normalizazioa dugu helburu. Atzera bueltarik gabekoa,  herritarrek inoiz onartuko ez dutelako inork iragan ilunera  bueltatzea, armak lapurtzen zien garaietara, horiekin gogorkeria, mehatxua eta samina eragiteko. Hori iraganean utzi dugu.

 

Eusko Jaurlaritzak eta euskal gizarteak, elkarrekin eta batera, bake prozesua eragiten dugu eta bide horretan akuilu izango dugu Europako Parlamentutik jaso dugun laguntza.   

 

Bake prozesua aurrera doa eta aurrera jarraituko du xedea lortu arte, nahiz batzuk oztopoak jartzen saiatu, alor judizialean gertatu izan den moduan, baten batzuk oinarri juridikorik gabeko eta alderdi jakin baten eraginpeko neurriak hartu dituztenean.  

 

Europako Parlamentuak eman digun bultzada ez da prozesu honek jaso duen laguntza bakarra. Europako Parlamentuak bat egin du honetan mundu osotik jasotzen diren babesekin, Txiletik, Washingtonera, Italiatik, Irlandara.

 

Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman nahi dizkie guztiei.

 

Eta une honetan eta hemen Eusko Jaurlaritzak bakearen eta normalizazioaren alde lanean jarraitzeko asmoa aldarrikatu nahi du. Bakea eraiki nahi dugu eta alderdien arteko elkarrizketa eta akordioa eragin nahi dugu, euskal arazoaren konponbide.