Lehendakaritza

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia: Organo eta egitekoak

Martxoaren 22ko 39/2011 Dekretuaren arabera –Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituena (BOPV/EHAA, 59 zk. 2011eko martxoaren 25koa)– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren eta bere organoen egitekoak honako hauek dira:

* [Organoekin harremanetan jartzeko datuak Organigraman daude eskuragarri]

 

AURKIBIDEA:
- Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia
- Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza
- Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza
- Euskadiren Bruselako Ordezkaritza
- Euskadiren beste ordezkaritza batzuk kanpoan
      - Euskadiren Kanada, Mexiko eta Estatu Batuetakoko Ordezkaritza
      - Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkaritza
      - Euskadiren Txile eta Peruko Ordezkaritza
      - Euskadiren Kolonbia, Venezuela eta Erdialdeko Amerikako Ordezkaritza
- Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Ordezkaritza

 

IV. KAPITULUA
KANPO HARREMANETARAKO IDAZKARITZA NAGUSIA
15. artikulua.– Eginkizunak

1.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia da lehendakariari laguntzen diona Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Harremanetan estrategia politiko-instituzionala definitzen eta zuzentzen.

2.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak honako eginkizun hauek ditu:

a) Eusko Jaurlaritzaren kanpo-harremanak planifikatu, sustatu eta koordinatzea, Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean.

b) Jaurlaritzari kanpo-harremanen arloan laguntzea eta aholku ematea, eta Lehendakariak arlo horretarako ematen dituen jarraibideak betearaztea. Alde horretatik, Lehendakaritzari laguntzea, Eskualdeen Komitean eta beste eskualde-organo edo –erakunde batzuetan Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari instituzionala den aldetik dituen eginkizunetan. Horrez gain, lehendakariaren ordezkoa izango da Eskualdeen Komitean eta beste eskualde-organo edo -erakunde batzuetan.

c) Kanpoko pertsonaia ezagunak Euskadira etortzen direnerako plangintza, laguntza eta koordinazioa.

d) Europar erakundeei buruzko jardueraren politika, batez ere Europar Batasunari eta Europako Kontseiluari buruzkoa.

e) Mugaz gaineko eta eskualde arteko lankidetza-harremanak sustatzea eta koordinatzea.

f) Kanpoan diren euskal gizataldeekiko harremanen politika planifikatzea.

g) Europar politikaren, Eusko Jaurlaritzaren kanpo-harremanen, eta Estatuaren nazioarteko politikaren jarraipena egitea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei eragiten dieten gaietan, eta gai horietan Estatuko Administrazioarekin koordinazio instituzionalean aritzea.

h) Nazioarteko Tratatuak egiten eta negoziatzen Euskal Autonomia Erkidegoak izan behar duen parte-hartzea zuzentzea eta koordinatzea, Estatuko Administrazioarekin adostutako bideetatik.

i) Estatuak gai horietan borondatea zehazteko eratzen diren konferentzia, batzorde edo organoetan Euskal Autonomia Erkidegoak izan behar duen presentzia eta parte-hartzea koordinatzea.

j) Kanpo-harremanetan eragina duten jarduerak gauzatzen dituzten entitate publiko edo pribatuekiko harremanak garatzea.

3.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta bere organoek, Jaurlaritzaren kanpo-harremanetako ekintza bateratua ziurtatze aldera, Eusko Jaurlaritzaren sailekiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeekiko harremanetan gauzatuko dituzte eginkizun horiek, eta kanpo-harremanekin zerikusia duten xedapen eta arauen egitasmoei buruzko txostenak egingo dituzte.

4.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari eta haren organoei esleitutako eginkizunek lurralde historikoen eta lurralde-erakundeen jardueran eragiten dutenean, lankidetza- eta elkarlan-bitarteko egokiak ezarriz gauzatuko dira.

5.- Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak gaiagatik bere eskumen-esparruari dagozkion diru-laguntzetarako deialdia egiten du.

 

16. artikulua.–
Kanpo Harremanetarako  Zuzendaritza

Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzaren egitekoak honako hauek dira:

a) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko titularrari laguntzea kanpo harremanetako politika kudeatzen eta burutzen.

b) Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremanen estrategia politikoa eta instituzionala garatu, koordinatu eta jarraitzea.

c) Eusko Jaurlaritzaren eta nazioarteko erakundeen arteko harremanak sustatu eta erraztea.

d) Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari laguntzea Euskadiren atzerriko ordezkaritzak abian jartzen eta horiek jarduera indartzen.

e) Euskadin dagoen gorputz diplomatiko eta kontsularrarekin harremanak izatea.

f) Eusko Jaurlaritzaren sailek eta Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten erakundeek kanpoan burutzen dituzten jarduerak jarraitzea, Euskadiren ekonomia, enpresa eta kulturaren sustapenak koherentzia eta eraginkortasuna izan ditzan.

g) Eskualdeen arteko lankidetzarako harremanak garatzea.

17. artikulua.–
Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritza

Kanpoan diren Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzari dagokio Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak bere jarduera-esparruan dituen eginkizunak gauzatzea, eta, bereziki:

a) Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari laguntzea kanpoan diren euskal herritarrekiko eta gizataldeekiko harremanetarako politika kudeatzen eta gauzatzen.

b) Euskadiren eta kanpoan diren gizataldeen eta Euskal Etxeen artean harremanak sustatu, koordinatu, ezarri eta estutzea, bai eta kanpoan bizi diren euskal herritarrekiko harremanak ere.

c) Euskal gizataldeetako kideentzat ezarritako laguntza-espedienteak kudeatzea, eta, bereziki, Euskal Gizataldeei laguntzeko Lau Urteko Planean ezarritakoak.

d) Kanpoko Euskal Etxeak onartzeko izapideak egitea eta Euskal Etxeen Erregistroa kudeatzea.

e) Euskadi eta beste herrialde batzuetako euskal komunitateak elkarrengana gehiago hurbil daitezen komeni diren azterlanak eta argitarapenak egin eta zabaltzea.

f) Euskal kultura eta hizkuntza kanpoko euskal komunitateen artean zabaltzeko eta gordetzeko proiektuak garatzea, bai eta Euskadik eta kanpoan diren euskal gizataldeek elkarrekin duten errealitate horretako gai historikoei eta egungo gaiei buruzko ikastaroak, mintegiak, konferentziak, erakusketak eta kongresuak ere.

g) Euskal Gizataldeei laguntzeko lau urteko plana koordinatu eta, hala balegokio, gauzatzea.

h) Euskal Gizataldeekiko Harremanei buruz aholku emateko Kontseiluari laguntzea.

 

18. artikulua.–
Euskadiren Bruselako Ordezkaritza


1.– Euskadiren Bruselako Ordezkaritza Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren menpe egongo da zuzen-zuzenean, Euskadi Europar Batasuneko erakundeetan ordezkatuko du eta EAEk hainbat alorretan dituen interesak defendatu eta bultzatuko ditu erakunde horietan. Horretarako, honako egiteko hauek izango ditu:

         a) Euskal Autonomia Erkidegoaren interesak ordezkatzea Europar Batasuneko erakunde eta organoetan.

b) Euskadiren gizarte, ekonomia, sektore eta lanbide interesak kudeatzea, Europar Batasuneko ekimenek interesoi eragiten dietenean.

c) Jaurlaritzak Europar Batasunaren politikak eta araudia egiten eta aplikatzen parte har dezan behar diren koordinazio neurriak betearaztea eta neurri horiek aplikatzeko Jaurlaritzaren Sare Operatiboa garatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkariek Europako erakundeen organoetan eta lantaldeetan eta, bereziki, Europar Batasunarenetan parte hartzeko behar diren jarduerei ekitea.

e) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak europar erakundeei eta, batez ere, Europako Batzordeari zuzentzen dizkion komunikazio ofizialen jarraipena egin eta horiek bideratzea.

f) Jaurlaritzaren sailei Europar Batasunaren jarduerari informazioa eskuratzeko eta jarduera horren jarraipena egiteko modua emango dieten tresnak garatzea.

g) Jaurlaritzaren sailei aholkuak ematea, beren intereseko araudi, politika eta eskaintzei buruz.

h) Europar Batasuna eraikitzearekin zerikusia duten gaiei buruzko hedapena eta zabalkundea egiteko ekintzak gauzatzea, gai horiei buruzko prestakuntza ekintzak eta azterlanak egitea eta Europako Informazioaren Euskal Sarea sustatzea.

i) Europar Batasuneko lege ekimenen inguruko erabakiak hartzeko prozesua jarraitzea eta informazioa eskuratzea, lege ekimenok Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei edo interesei eragiten badiete, betiere.

j) Eusko Jaurlaritzaren sailek eta Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten erakundeek Europar Batasunean gauzatzen dituzten jardueren jarraipena egitea, Euskadiren ekonomia, enpresa eta kulturaren sustapenak koherentzia eta eraginkortasuna izan ditzan, programazio agiriak edo programa operatiboak behar dituzten Europar Batasunaren programa eta ekimenena izan ezik.

k) EAEko agintariak eta eragile sozioekonomikoak Europar Batasuneko erakundeekin elkartzeko azpiegitura gisa jardutea.

l) Europako Erkidegoan parte hartzeko borondatea adierazten duten erakunde publiko nahiz pribatuei aholku teknikoak eskaintzea, laguntzarako zentro logistiko gisa.

m) Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Ordezkaritza Iraunkorraren arteko harreman organoa izatea.

n) Jaurlaritzako sailek Europako arauak eta politikak lantzen eta ezartzen parte har dezaten, Europako erakundeetan zuzenean aritzea; baita, premiazkoa denean, sailek egindako parte hartzeen berri izan ere.

o) Gainerako autonomia erkidego, landër edo eskualdeek Bruselan dituzten bulegoekin elkarlanean aritzea.

p) Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko erakundeen eta Bruselan kokatutako beste erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza ahalbidetzea, Euskadiren hainbat sektoretako interesak defendatu eta sustatzeko.

2. – Euskadiren Bruselako Ordezkaritzaren titularrak kontratazio-organo gisa jardungo du bere lurralde-eremuan egiten diren kontratuetan, baldin eta sektore publikoko kontratuei buruzko legerian araututako kontratu txikiak badira, eta higiezinak errentatzeko kontratuak badira, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 41. artikuluko 2. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan ezarritako eran. Gainera, titularrak baimendu beharko du kontratazio horiek ekar lezaketen gastua.

3. – Euskadiren Bruselako ordezkariak zuzendari-maila izango du ekainaren 30eko 7/1981 Legean jasotakoaren ondorioetarako.

 

19. artikulua.–
Euskadiren beste ordezkaritza batzuk kanpoan

1.- Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren baitan, Euskadiren ondoko ordezkaritzak sortu dira kanpoan:

a) Kanada, Mexiko eta Estatu Batuetakokoa; egoitza Estatu Batuetan ezarri da.

b) Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaikoa; egoitza Argentinan ezarri da.

c) Txile eta Perukoa; egoitza Txilen ezarri da.

d) Kolonbia, Venezuela eta Erdialdeko Amerikakoa; egoitza Kolonbian ezarri da.

e) Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Ordezkaritza.

2.- Ordezkaritza horiek zuzendaritza maila izango dute eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren menpe jardungo dute zuzen-zuzenean eta Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko Zuzendaritzarekin arituko dira elkarlanean.

3.- Euskadiren kanpoko ordezkaritzek Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatzen dute garapenerako lankidetzan, euskal gizataldeekiko harremanetan eta hainbat arlotako interesen defentsa eta sustapenean, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenen barruan.

4.– Orokorrean, Euskadiren kanpoko ordezkaritzei ondoko eginkizunak dagozkie, aurreko paragrafoan adierazitako jarduera-esparruaren barruan:

a) Euskadiko eragile ekonomiko eta sozialen eta ordezkaritza bakoitzeko eragin-eremuaren barruan dauden herrialdeetako eragile ekonomiko eta sozialen arteko lankidetza eta harremanak bultzatzea.

b) Tokian tokiko erakunde, enpresa eta elkarteekin harremanak izatea, bisitak eta topaketak antolatzeko eta loturak ezartzeko enpresa-arloan, ekonomia-arloan eta arlo guztietan.

c) Euskadiko operadoreen eta tokian tokiko operadoreen arteko harremanak ezartzeko azpiegitura gisa eta laguntza-zentro gisa jardutea.

d) Euskadin dauden kultur adierazpen guztien berri ematea; bai tradizionalak bai abangoardiakoak eta berritzaileak. Arreta berezia eskainiko zaio euskarari, kanpoan diren euskal gizataldeetako herritarrek, edo gizatalde horietakoak izan ez arren interes berezia duten gainontzeko herritarrek, ikasteko aukera izan dezaten.

e) Herrialde bakoitzean dauden araudi, politika eta aukerei buruzko aholkularitza, orientazioa eta informazioa ematea Jaurlaritzaren sailei zein toki- eta foru-erakundeei, bai eta interesa duten enpresei, Unibertsitateei, zentro teknologikoei eta eragile ekonomiko eta sozialei ere.

f) Erakunde eta enpresen arteko topaketetan laguntza ematea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko operadoreek dagozkien eremu geografikoetan izan ditzaketen beharrizanen aurreikuspenak ebaluatzea eta dagozkion proposamenak bideratzea.

h) Lankidetza-harremanak ezartzea euskal kultura, tradizioak eta hizkuntza bultzatzeko erakunde, elkarte eta zentroekin, bai eta Euskadiri arreta berezia eskaintzen dioten eta ekonomia- eta enpresa-arloan era guztietako loturak ezartzen diharduten tokian tokiko erakundeekin ere.

i) Euskadiren eta euskaltasunaren benetako irudia helaraztea tokian tokiko gizarteei, batez ere balio demokratikoei eta erakundeen berezitasunari dagokienez.

5.– Euskadiren kanpoko ordezkaritza bakoitzeko titularrak zuzendari-maila izango du, ekainaren 30eko 7/1981 Legean jasotakoaren ondorioetarako. Jaurlaritzaren Lehendakaritzako eta Ekonomia eta Ogasun Saileko dagozkion organoen menpe, Euskadiren kanpoko ordezkaritza bakoitzeko titularrak, bere esparruan, ondoko eginkizunak beteko ditu:

a) Ordezkaritza bakoitzaren eragin-eremuko herrialdean edo herrialdeetan bizi diren lan-kontratuko langileak kontratatzea eta langileen aurrean eta langileen ordezkarien aurrean eta erakunde publiko eta pribatuen aurrean enpresariari dagozkion zereginak betetzea.

b) Kontratazio-organo gisa jardutea bere lurralde-eremuan egiten diren kontratuetan, baldin eta sektore publikoko kontratuei buruzko legerian araututako kontratu txikiak badira, eta higiezinak errentatzeko kontratuak badira, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 41. artikuluko 2. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan ezarritako eran. Gainera, titularrak baimendu beharko du kontratazio horiek ekar lezaketen gastua.

c) Administrazio publikoetan Eusko Jaurlaritza ordezkatzea ordezkaritzaren ohiko funtzionamendurako beharrezkoak diren izapide guztietan eta, batez ere, zergak kudeatu eta ordaintzeko eta lizentziak eta baimenak lortzeko.

20. artikulua.–
Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Ordezkaritza

Euskadiren kanpoko ordezkaritzetarako orokorrean aurreikusi diren eginkizunez gain, Mugaz Gaindiko Lankidetzarako ordezkariari ondoko eginkizunak dagozkio:

a) Euroeskualdeen Biltzarraren lan-bilkuretan eta batzordeetan parte hartzea.

b) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia ordezkatzea Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) batzarretan.

c) Jaurlaritzaren ordezkaritza teknikoa koordinatzea Eskualde arteko Ekimen Komunitarioaren kudeaketan.

d) Akitaniako, Pirinio Atlantikoetako eta Midi-Pyrénées eskualdeko erakundeekin eta muga inguruko udalerriekin harremanak ezartzea, bai eta mugaz gaindiko herritarrari zerbitzuak ematen dizkioten erakunde eta agentziekin ere.

e) Mugaz gaindiko lankidetza harremanak garatzea eta mugaren alde bietako eragile publiko eta pribatuen artean mugaz gaindiko harremanak ezar daitezen bultzatzea.

f) Jaurlaritzaren mugaz gaindiko politiken eragina ebaluatzea.

g) Jaurlaritzaren sailen mugaz gaindiko ekintzen aholkularitzan laguntzea.

h) Merkatuaren gardentasuna hobetzeko eta mugaz gaindiko kontsumitzailea hobeto defendatzeko ekintzak garatzeko aukerak ebaluatzea, arlo horietan Jaurlaritzaren beste sail batzuek izan ditzaketen eskumenei kalterik egin gabe.

Azken eguneratzea: 2011/04/19