
Brusela, martxoaren 10a.- Joan den martxoaren 4an, Parisen, Eusko Jaurlaritza Europako eskualdeetako eta nazioarteko hainbat sare eta antolakunderekin batu zen eta adierazpen bat onartu zuten. Alde batetik, aldarrikatu nahi zuten eskualdeek badutela zer egina eta esana politika energetiko eta klimatikoetan, eta, beste alde batetik, EBko lehendakaritzako hiru kideei (Espainiari, Belgikari eta Hungariari) aupada eman nahi zieten, eta adierazi orain arte bezala jarraitzeko, aldaketa klimatikoari buruzko nazioarteko negoziazioetako buru. Politika horiek estrategikoak direla gogorarazi zuten, eta adierazi zuten EBko lehiakortasunarekin, hazkundearekin eta enpleguarekin zerikusi zuzena izango dutela hemendik eta 2020.era bitartean, EB 2020 delako estrategiaren baitan.
Goi bilera 'The Climate Group' delakoak eta ÎIe de France eskualdeak antolatu zuten, eta han bertan onartu da Paris-ÎIe de France-ko Adierazpena. Copenhague-ko goi bileraz geroztik aldaketa klimatikoari buruz Europan eta nazioartean egin den ekitaldirik handiena izan da oraingoa.
Eusko Jaurlaritzaren izenean eta ordezko, Euskadik Bruselan duen ordezkaria bera –Marta Marín– eta hark ardurapean duen taldeko hainbat kide joan ziren.
Aldaketa klimatikoaren aurka lan eginez eta energiaren eskutik, Europako eskualdeek zeresan handiagoa izan behar dute EBko lehiakortasunean, hazkundean eta enpleguan.
Paris-Île de France-ko Adierazpenak nabarmendu du EBren lidergoa bultzatu eta indartu egin behar dela aldaketa klimatikoari buruzko nazioarteko negoziazioetan –izan ere, Lisboako Tratatuak indartu egin du EBren gaitasuna nazioarteko eremu juridikoan–; halaber, Batasunari eskatu zaio eredu izaten jarraitzeko eta ez uzteko alde batera orain arte izandako helburu handiak. Energia-eraginkortasunaren arloan, EBk helburu lotesleak jar ditzan eskatu da. Aldaketa klimatikoaren aurkako lanean eskualdeek daukaten zeregina aitortzearen alde lan eginez jarraitzeko ere eskatu da.
Adierazpena sinatu dutenen ustez, politika horiek eta eskualdeen zeregina gehiago indartzen baldin badira, EBk lehiakortasunerako, hazkunderako eta enplegurako 2020rako jarriak dituen helburuak lortzeko moduan egongo garela (helburu horiek 'EU2020 Estrategia'-n daude jasota). Estrategia hori Barroso presidenteak aurkeztu zuen, martxoaren 3an, eta hazkunderako eta enplegurako lehentasun-agenda modukoa da.
Euskadi Periferiako eta Itsasaldeko Eskualdeen Konferentziako kideetako bat da, Europako Eskualdeetako Ingurumen Konferentziako kide ere bada (ENCOREkoa), Garapen Iraunkorrerako Eskualde Gobernuen Sareko kide ere bai (nrg4sd), 'The Climate Groupe'-ko Estatu Federatuen eta Eskualdeen Batasunarekin elkarlanean aritzen da, eta Europako Eskualdeen Batzarrarekin ere lankidetzan aritzen da. Eta, hori dena izanik, eta Europako eskualdeak CO2 isurketak murrizteko politiketan egiten ari diren ahaleginak indartzeko, EBri laguntza eta diru gehiago eskatzen diote. Erakunde horiek denek uste dute eskualdea dela, hain justu, aldaketa klimatikoaren ondorioen aurka egiteko mailarik egokiena.
Eta, hain zuzen ere, Europako eskualdeek hau eskatzen dute:
- EU2020 Estrategiaren baitan –2010eko martxoan izango den Kontseilu Europarrean onartuko den horretan– aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta energia-eraginkortasuna lan-ardatz nagusitzat hartzea.
- Nazioarteko negoziaketan, EBren aitzindari-lana bultzatzea eta indartzea, hartara, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan helburu dezentekoak lortzearren.
- Energia-eraginkortasunaren arloan, EBri helburu lotesleak jartzeko eskatzea.
- Karbono gutxiko ekonomiako zerbitzuetan, azpiegituretan eta produktuetan, sektore publikoak eta pribatuak batera parte hartzea bultzatzea.
- Berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko helburuak garatzearren, eskualdeek aurrera daramatzaten politikak aitortzea eta bultzatzea.
- 2010. urteko amaieran, aldaketa klimatikoari buruzko nazioarteko akordio lotesle bat lortzea.
Esteka:
- Paris-ÎIe de France-ko Adierazpena
[Iturria: Eusko Jaurlaritza - Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia]