Eusko Jaurlaritza

Lehendakaritza

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kanpo harremanak
 
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Azken eguneratzea: 2009/06/18
Pilar Unzalu, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuak, Transgenikorik Gabeko Eskualdeen Europar Sareko VII. Konferentzia inauguratu du Italian
Eusko Jaurlaritza, labore transgenikoen aurrean ohiko laboreen alde egin nahi duen eta 49 europar eskualde baitan hartzen dituen sare honen buru da.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Pilar Unzalu andreak, inauguratu du transgenikorik gabeko eskualdeen europar sareko VII. Konferentzia. Biltzar hau Urbinon (Italia) burutuko da ekainaren 18an eta 19an. Sare honek, Euskal Autonomia Erkidegoa buru duena, 49 eskualde hartzen ditu bere baitan. Eskualde horiek guztiek labore transgenikoak ezabatu nahi dituzte labore tradizionalen onurarako.

Bilera honetan Europako estatu batzuk Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak onartutako barietate transgenikoei buruz ezartzen ari diren moratorioak aztertu dira. Era berean, pasa den urtean Slow Food elkartearekin izenpetutako hitzarmenaren garapena, eta datorren udazkenean Europako Parlamentuan izango den bileraren edukina aztertu dira.

Biltzarrari hasiera eman dion hitzaldian, Pilar Unzalu andreak argi utzi du Eusko Jaurlaritza labore transgenikoen kontra dagoela: "transgenikoak gure kalitate-politikaren kontra doaz, gero eta izaera orokorragoa duen kalitate-politika baten aurka, alegia. Gure nekazaritzako elikagaiek kalitate organoleptikoaz gain, artisau-ekoizpena, ingurumenarekiko begirunea, eta ingurune-kalitatea ere biltzen dute kontzeptu beraren azpian. Gero eta gehiago, ingurumen-alderdiak eta bioaniztasunarekiko errespetua gure nekazaritzako elikagaien kalitatearen erakusle dira, eta, zer esanik ez, transgenikoek ez dute lekurik ekoizpen-kontzeptu horretan".
 
Pilar Unzaluk Sareak abian jartzen ari den ekintzen inplikazioak azpimarratu zituen, eta garrantzizko erronka berriei ekin behar zaiela adierazi zuen. Ekintza-proposamenak egun dauden lan-taldeetatik etorriko dira. Erronken artean, honakook azpimarratu zituen:

-  Eskualdeen Sarearen eredu juridiko berria zehaztea. Honek, burutu beharreko ekintza eragileen antolakuntza erraztuko du eta oinarrizko euskarri-egituratzeko bide emango du instituzio eta gobernuen aurrean erakunde egonkor eta sendo gisa aurkezteko modua emanez.
 
- Genetikoki eraldatutako organismorik gabeko produktuetarako identifikazio-bereizgarri bat eta produktuok erabilera-esparrua eta kontrol-sistemak zehazteko baldintza teknikoen orria ezartzea. Sareko eskualdeek eta Slow Food bezalako beste erakunde batzuk identifikazio-bereizgarri horren bidez eta baldintza-orria onartuz gero kontsumitzaileengana heldu eta Europako etiketatuaren erreferentzia bilakatu daiteke.
 
- Mota bietako laboreak aldi berean lantzeari dagokionez, transgenikoen ekoizpena benetan saihestu gero eta arau mugatzaile gehiago jartzea. Bai eta Europako zentroetan egiten diren ikerketa-lanak biltzea ere Sareko jarrera politikoak Europako Batasunean argudiatu ahal izateko.

Bestetik ere Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak abeltzaintzaren sektorea aipatu zuen:  "GEOrik gabeko produktuak etiketatu eta kontsumitzaileengana helarazi nahi baditugu, abeltzaintza-ekoizpenen kasuan aurretiazko lana egin behar da transgenikorik gabeko pentsuak benetan eskura egon daitezen. Izan ere, badakigu, ondo jakin ere, soia, pentsuen osagai garrantzitsuetako bat, egungo problema handienetako bat dela. Ahalegin horretan pentsu-egileak, abeltzainak eta banatzaileak biltzea gure helburuetako bat izango da ezpairik gabe".

Transgenikorik Gabeko Europako Eskualdeen Europar Sarea

Trangenikorik gabeko Europako eskualdeen europar sarea 2003. urtean hamar kidek sortutako nazioz gaindiko erakundea da. Euskadi Sarearen buru da pasa den 2008ko apiriletik. Buruordetzak, Toscana, Goi Austria eta Bretañaren esku daude.

Urte horietan guztietan lan egin da bai eskualdeko gobernuen ekimenenen bitartez bai elkartearen aldetik Europako Batzordeak eskualdeek genetikoki eraldatutako organismorik gabeko ekoizpenei buruz erabakitzeko duten ahalmena aitor dezan. Hori helburu, harreman politikoak izan dira Europako erakundeekin, elkartutako eskualde kopurua nabarmen handitu da (10etik 49ra), ekintzak garatu dira hainbat esparrutan (adibidez, Europan GEOrik gabeko pentsu horniketa bermatzeko aukera ematea), dibulgazio-ekintzak sustatu dira, eta, helburu berriak ezarri dira, esaterako, bi labore motak aldi berean lantzeko arauak edo logo komuna genetikoki eraldatutako organismorik gabeko produktuetarako. 

Sarea osatzen duten eskualde guztiek nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpenen kalitatean oinarritutako politikak garatu dituzte. Horrela, kalitatea, bertako barietateak eta ekoizpen artesanala erabili dute euren produktuak bereizteko eta nekazaritza eta abeltzaintzaren lehiakortasuna eta bideragarritasuna bermatzeko.

Nolanahi ere, Europako eskualde guztiek ez dute koexistentziari buruzko arauak emateko lege-ahalmen bera. Esaterako, Austria eta Italiak erabateko ahalmena daukate arlo horretan. Frantziaren kasuan, ostera, bat ere ez.  Horregatik, Sareak, interes sozial edo sozioekonomiko edo ingurumen baldintza jakinengatik berariazko beharrak dauden aldeetan transgenikorik gabeko eremuak sortzeko aukera emateko eskatu die Europako erakundeei, . Kasu hauetan, eskualde eta tokiko gobernuen eginkizuna funtsezkoa da.

Euskadiri dagokionez, eta arlo horretan dituen eskumenak erabiliz, Eusko Jaurlaritzak genetikoki eraldatutako laboreak eta ohiko nekazaritza eta nekazaritza ekologikoa aldi berean nola landu arautzen duen Dekretua onartu zuen pasa den urte amaieran.

Dekretu horren bidez ohiko laboreak eta labore ekologikoak babestu nahi dira landare-jatorriko produktuetan genetikoki eraldatutako organismorik ez agertzeko moduan eginda, eta, gisa horretan, genetikoki eraldatutako laboreak eta nekazaritzako beste ekoizpen-modu batzuk benetan eta modu eraginkorrean aldi berean lantzeko moduan eginda.

Gogoratu behar da genetikoki eraldatutako barietateak/espezieak onartzeko eskumena Europako Batzordearena dela lehenengoz eta Espainiako Gobernuarena bigarrenez. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoak ezin du GEOen sarrera onartu edo debekatu, gehienez arautzea dauka.