|
Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendiak gaur adierazi duenez, Industria Sailak "nazioartean euskal enpresen eta Europako beste enpresa batzuen artean izatekoak diren lankidetza-prozesuak indartu eta babestuko ditu", baita Euskadiko Automozio Klusterraren (ACICAE) eta Europako eskualdeetako antzeko beste elkarteen artekoak ere. Horrela, "sektorean lankidetzako eta aliantza estrategikoko ildo berriak ezarri" ahalko direla uste du.
Gaur bertan Automobilaren Espainia eta Alemaniaren X. Biltzarraren barruan Boroa-Zornotzako AIC (Automotive Intelligence Center) zentroan eman duen hitzaldian egin ditu sailburuordeak adierazpen horiek.
Automozioaren sektoreko Europako 150 profesionalek osaturiko entzuleriaren aurrean, euskal sektoreak tradizionalki zenbait gabezia izan dituela onartu du Garmendiak. “Erabakiguneetatik urrun gaude, automobil berriak diseinatzeko zentroetatik urrun. "Planopean" produzitzen du gure sektoreak", adierazi duenez. Baina, aldi berean, defendatu du automozioko euskal enpresak "nahikoa gaituta daudela, fabrikazioan erakutsi duten eraginkortasun handiko esperientzia oinarri hartuta, balio erantsi handiagoko jarduerak ekartzeko betiere erabakitzeko eta diseinatzeko zentroekin lankidetzan arituta, automobil baten sorkuntzaren eta fabrikazioaren balio-katearen mailen arteko edozeinetan, bere ‘know how’a eskainiz, ‘design for manufacturing’-eko (fabrikaziorako diseinua) prozesuetan”.
Euskal BPGaren % 17
Era berean, enpresa horiek Euskadiren industria-sarean duten garrantzia gogorarazi du. “Osagaien 300 enpresa fabrikatzailek osatzen dute automozioaren euskal sektorea, eta iaz, 2008an, 11.300 milioi euro inguru fakturatu zituzten eta 40.000 lagun ingururi eman zieten lana. Gure Autonomia Erkidegoaren BPGaren % 17 inguru da zifra hori. Gasteizen Mercedes enpresak duen muntaketa-plantaren produkzioa gehitu beharko litzaieke zifra horiei, eta bertan 102.000 ibilgailu fabrikatu ziren 2008an, 1.900 milioi euro inguruko fakturazioarekin”.
Horretaz gain, sektore honetako enpresek “52 planta dituzte Espainia osoan eta 129 planta gehiago mundu osoan” eta “1994-2007 aldia aztertzen badugu, % 245era iritsi da jardueraren hazkundea, % 9,5eko urteko batez besteko hazkundearekin”, Xabier Garmendiak gehitu duenez. “Irmo konbentzituta gaude gure sektorearen gaitasun teknikoekin, eta horren adierazgarri da gutxienez 32 enpresa multinazional ditugula gurekin”.
Automobilaren nazioarteko merkatua ere aipatu du sailburuordeak. Ildo horretan, "automozioaren Europako sektorea berriz asmatu" beharra nabarmendu du, "sektorea bera indartzeko". “Dimentsio handiagoko fabrikatzaileak behar ditu agian Europak, zenbait kostu partekatu ahalko dituen automozio-sektore bat, hala nola hemen egingo ditugun autoentzako I+Gko kostuak”. Espainiari gagozkiola, Garmendiak adierazi duenez, “lankidetzarako giroa dago Administrazioen, fabrikatzaileen eta sindikatuen artean, eta horri esker automozio-sektoreari eusten zaio eta sektorea indartzen ari da, gure herrialdearen orainaldirako eta etorkizunerako funtsezkoa baita”. “Krisialdi ekonomikoa deslokalizazioko proiektu berriak zalantzan jartzen ari da, eta Espainia inbertitzeko arrazoizko lekua da berriz ere, gure Administrazioen laguntza ekonomiko irmoarekin betiere”.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko ekainaren 18a
|