Lehendakaritza

Azken eguneratzea: 2011/11/23

Lehendakaria The Climate Group sareko Estatu eta Eskualdeetako Aliantzako Europarako presidentekide izendatu dute

The Climate Group nazioarteko koalizio handi bat da, "industria-iraultza garbi" baten alde diharduena eta munduko konpainia nagusietako 80 eta hainbat eskualde- eta toki-gobernu biltzen dituena

Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza

The Climate Group koalizioaren eremuan EV20 programa sortu zen, hain zuzen ere ibilgailu elektrikoaren garapenean diharduten 20 gobernu eta enpresa nagusiak biltzen dituen 'lobbya', eta Eusko Jaurlaritza programa horretako kide da, sortu zenez geroztik. The Climate Group sareko Batzar Nagusiaren esparruan, lehendakaria The Climate Group sareko Estatu eta Eskualdeetako Nazioarteko Aliantzako Europarako presidentekide izendatu dute ofizialki, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzaluk eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak esku hartu duten ekitaldian.

Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaritzaren laguntzarekin, Eusko Jaurlaritzako sailburuek bideokonferentzian parte hartu dute, Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketaren eta energiaren alorrean abian jarritako zenbait ekimen berritzaile aurkezteko.

Horren haritik, zera adierazi dute, ekimen horien bitartez karbono gutxiko ekonomia sortu beharra azpimarratu behar dela, euskal ekonomia garatuaren helburuetako bat behar duen heinean.

Lehenik eta behin, Industriako sailburu Bernabé Unda jaunak 'iraultza garbiaren' arrakastarako funtsezkoak diren hiru alderdi aipatu ditu: Euskadik lankidetza publikoak sortzen eta sendotzen hartutako esperientzia, beste gobernu batzuentzat eredugarri izan daitezkeen proiektu arrakastatsuak ekarri dituena; 2012an Europako Hiriburu Berdea izango den Gasteizen S&R Allianceko kideen topaketa egiteko aukera, Río+20rako baterako estrategia bat prestatzeko; eta, azkenik, S&R Allianceren baitan itsas energien garapenerako talde espezifikoa sortzea, diziplina horretan Euskadik aurrerapen handia egin duela aintzat hartuta

Ingurumeneko sailburuak, berriz, Euskadik ekonomia iraunkorraren garapenean duen lidertza sendotzeko funtsezkoak diren hiru ekimen nabarmendu ditu. Batetik, Basque Ecodesign Center ekodiseinu-zentroa aipatu du, Europako hegoaldean arlo horretan sortu den lehena. Unzaluk azpimarratu du, halaber, zentro hori oso lagungarri izango dela Euskadi ekodiseinuan aurreratutako eskualde bihurtzeko eta Europar Batasunean arlo horretako erreferentzia izateko, enpresa eta zentroen arteko elkarlanak goi-mailako jakintza eskuratzea eta aplikatzea ahalbidetuko duelako arlo horretan.

Jarraian, sailburuak EcoEuskadi2020 estrategia aipatu du, garapen iraunkorra eta hazkunde ekonomikoa bultzatu nahi dituena, ingurumeneko, ekonomiako eta gizarteko ardatzetan oinarrituz CO2 emisio gutxiko ekonomia bat lortzeko. Bere hitzaldiaren azken zatian, Klima Aldaketari buruzko Euskal Legearen azalpen laburra egin du. Lege horri esker, Euskadi eskualde liderra izango da garapen iraunkorraren arloan, eta hainbat ekimen berritzaile egingo ditu, hala nola kontratazio publiko berdea, administrazio publiko guztiei klima-aldaketaren aurka borrokatzeko planak lantzeko beharra ezartzea, eta Administrazio guztien erantzukidetasuna, karbono-aurrekontu deiturikoen bitartez.

The Climate Group

The Climate Group irabazi-asmorik gabeko erakunde independentea da, enpresa-sektoreko hainbat gobernu eta liderrekin batera nazioartean diharduena CO2 emisioak murrizteko lagungarri diren politika eta teknologiak bultzatzeko helburuarekin. 2004an sortu zen, eta, erakundearen barruan, Estatu eta Eskualdeetako Aliantza sortu da, hiru presidentetzarekin: bat Europan (Euskadi du buruan), beste bat American (Quebecek gidatua) eta hirugarren bat Asian (Hego Australiari esleitu zaio).

Gainera, 'industria-iraultza garbia' sortzeko prozesua bizkortu nahi du sareak, hazkunde ekonomikoa eta enpleguak sortuko dituena eta guztiontzako etorkizun garbiagoa, emankorragoa eta hobea ziurtatuko duena.

The Climate Group Europan, Ipar Amerikan, Australian, Txinan, Hong Kongen eta Indian ezarrita dago, eta bulegoak ditu eskualde horietan guztietan. 2010etik, koalizioak munduko konpainia handienetako 80 eta hainbat gobernu azpinazional biltzen ditu. Guztira, kideak munduko BPGaren % 15 dira. Besteak beste, erakundeak honako kide hauek ditu:

  • Kide korporatiboak: Alstom, Barclays Bank, Bloomberg, British Sky, Cathay Pacific Airways, China Mobile, Cisco, Coca-Cola, Dell, Deutsche Bank, Florida Power & Light Company, GE Energy Europe, Goldman Sachs, Google, HSBC, Johnson Controls, JP Morgan Chase, Nestlé, Nike, Philips, PSA Peugeot Citroen, TNT, Veolia Environment (besteak beste).
  • Gobernuetako kideak: New Yorkeko hiria, Kataluniako Gobernua, Ipar Renania-Wesfaliako Gobernua, Eskoziako Gobernua, Euskadiko Gobernua, Ontarioko Probintzia, Quebeceko Probintzia, Bretainiako Eskualdea, Ille de Franceko Eskualdea, Rhône-Alpeetako Eskualdea, Bavariako Estatua, Kaliforniako Estatua, Hegoaldeko Gales Berriko Estatua, Sao Pauloko Estatua, Upper Austriako Estatua, Galesko Batzarra (besteak beste).

Gainera, 2004an sortu zenez geroztik, nazioartean ospe handia lortu duten zenbait pertsona izan dira The Climate Group erakundeko babesle, hala nola Britainia Handiko lehen ministro ohi Tony Blair jauna, hasiera-hasieratik taldea bultzatu duena, eta Monakoko Alberto II.a, Alberto II.a Printzea Fundazioaren bitartez eta The Climate Group eta Johnson Controls erakundeekin batera, Energia Eraginkortasunaren Foro Euromediterraneoa antolatzen duena.

Teknologia-programen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • EV-20 (Electric Vehicle): Ibilgailu elektrikoen erabilerarako trantsizio azkarra bultzatzearen aldeko konpromisoa hartu duten 20 erakundez osatutako sare batekin elkarlanean ari da erakundea, ibilgailu elektrikoak azkar eta eraginkortasunez hedatzeko beharrezko merkatuak eta borondate politikoa eraikiz. Horretarako elkarteak sortu behar dira maila guztietan, automobil- eta bateria-fabrikatzaileen, zerbitzu publikoen, bankuen eta gobernuen artean. Gainera, garraio-azpiegitura eraldatu behar da, ibilgailuak hornitzeko kate berriak eta finantzatzeko politika eta eredu berriak beharko ditugulako merkatuaren hornidura eta eskaria bermatzeko.
  • Smart 2020: Smart 2020 txostenak zera erakutsi zuen, IKTak lagungarri izan daitezkeela 2020rako sektore guztietako emisio orokorrak % 15 murrizteko. Horregatik, TCG sare adimendunetan, eraikin adimendunetan eta hiri adimendunetan jartzen ari da bere arreta guztia.
  • LED: Munduko hainbat gobernu eta enpresarekin lanean ari gara, LEDen merkatua bideragarri bihurtzeko eta LEDak mundu osoko herri eta hiriak argiztatzeko erabil daitezela ahalbidetzeko.
  • Carbon Capture and Storage (CCS): 2014rako, CCSko lantaldeak CCSren eskala handiko bost erakusketa-planta eraiki nahi ditu, Txinan, Indian, AEBetan, Europan eta Australian.

Halaber, The Climate Group erakundeak Estatu eta Eskualdeen Aliantza ezarri du, kima-aldaketaren aurkako borrokan gobernu azpinazionalak betetzen ari diren zeregin garrantzitsuaren onespenean oinarrituta. Gainera, TCG erakundeak beste zenbait ekitaldi antolatzen eta deitzen ditu, New Yorkeko Klimaren Astea esaterako, astebeteko mundu-foroa izanik, "industria-iraultza garbiaren' aldeko politikak garatu eta finantzatzeko mundu osoko enpresa eta gobernuek zer egin dezaketen aztertzen duena.