
Patxi López lehendakaria buru dela, martxoaren 21etik 26ra bitartean Brasil bisitatuko duen euskal enpresen ordezkaritza bat -enpresa, kluster eta merkataritza ganbaren arloko berrogeita hamarren bat kide- Lehendakaritzan bildu da gaur goizean erakundeek eta enpresek bidaia horretan burutuko dituzten hainbat jarduera koordinatzeko.
Bidaia hori prestatzeko bi bilera izan dira eta horietan parte hartu dute Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak, Juan Goikolea Berrikuntza eta Teknologia sailburuordeak eta Pedro Gómez Damborenea Plangintza sailburuordeak, baita Industria Saileko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko beste zenbait goi kargudunek ere.
Parte hartu dutenek azpimarratu dute enpresa bidaian parte hartze handia lortu dela; izan ere, 125 enpresak eman dute izena eta 150 zuzendarik egingo dute bidaia hau, horrelako bidaietan izaten den parte hartzea 30 enpresa ingurukoa bada ere.
Unda sailburuak adierazi die bildutakoei Eusko Jaurlaritzak bidaia honetan duen helburua euskal enpresei laguntzea dela abian dauden proiektuak zein abian jartzen direnak finkatuz, herrialde horretako jarduera sendotuz eta horko negozio aukera baliatzea erraztuz. Ekimen hau 3I+I estrategiaren barruan sartu du, Patxi Lopez lehendakariak defenditzen duen estrategiaren barruan, hain zuzen.
Undak azaldu die bildutakoei lehendakariak eta berak Brasilen burutuko dituzten harremanen agenda zabala, eta adierazi die Brasilgo Gobernuaren eta administrazioaren estamentu guztiei euskal enpresen premien eta kezken berri emateko eta horiek defendatzeko gogoa dutela biek. "Lagun gaitzazue gure lana egiten" eskatu die.
Aurreikusitakoaren arabera, asteazkenean, martxoaren 24an, bilduko da lehendakaria Lula da Silvarekin Brasilian eta hainbat bilera izango ditu herrialde hartan kokatu diren enpresa garrantzitsuenetako zuzendariekin. Unda sailburua, berriz, Sao Paulo Estatuko hainbat idazkarirekin eta Brasilgo Gobernuko zenbait ministrorekin ere bilduko da.
Bidaian parte hartuko duten enpresa eta kluster askok adierazi dute gogoa dutela lehendakariak Sao Pauloko Estatuan kokatutako hiru enpresen plantetara egingo dituen bidaietan ere parte hartzeko. Enpresa horiek automobilgintza, aeronautika eta trengintzaren alorrekoak dira.
Sao Pauloko Estatuko Industrien Federazioaren (FIESP) lankidetzarekin, euskal ordezkaritzak aurkezpen ekitaldi bat burutuko du Euskadiko enpresa eta industriaren gaitasuna erakusteko. Hain zuzen, martxoaren 24an, asteazkenarekin, egingo da FIESPren egoitzan ekitaldi hori, "Encontro Empresarial Sao Paulo-País Basco" izenburupean. Bertan hartuko dute parte lehendakariak, Industria sailburuak eta trengintza, aeronautika, makina-erreminta, energia eta automibilgintza arloetako kluster eta euskal enpresak.
Azkenik, bertaratutakoek azpimarratu dute bidai hau une egokian egingo dela, izan ere, hainbat enpresak begiz jota zeukaten herrialde latinoamerikar hori. Emaitza ekonomikoek erakutsi diete munduko herrialde gutxik eutsi diotela krisialdiari ekonomiaren atzeraldia eragin gabe; eta horietako bat Brasil da. Parte hartu duten enpresek nabarmendu dute lagungarria dela enpresa eta erakundeen ordezkaritza zabalak babestuta joatea Brasilera eta adierazi dute Brasilgo enpresei jakinarazi nahi dietela Euskadi europar merkaturako "sarbide" bikaina dela.