|
Hurrengo hilabeteetan, jarduteko protokoloa eta nazioarteko akordioetarako eredu homogeneizatua eratzea ditu xede.
|
| Eusko Jaurlaritzako sail guztietako ordezkariak |
Pasa den irailaren 24an, Kanpo Harremanetarako Sailarteko Batzordeak bilkura egin zuen Lehendakaritzan, eta Eusko Jaurlaritzako sail guztietako ordezkariak bertaratu ziren. Kanpo Harremanetarako idazkari den Iñaki Agirre buru zela, jarduteko protokoloa sortzeko lehen urratsak eman ziren, Euskadin jasoko diren bisitetan aplikatzeko.
Bilera horren helburua, besteak beste, azken urte honetan kanpo-harremanen arloan egin diren jarduera nagusien berri ematea zen. Zerrenda luzea da: Juan Jose Ibarretxek eta bere sailburuek egindako bisitak nabarmentzen dira zerrenda horretan, eta ez dira ahaztu behar beste hainbat gobernurekin eta nazioarteko erakunderekin sinatutako akordio ugariak ere.
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, gainerako sailekin batera, legealdi hau amaitu artean gai honetan landu beharreko ildo berriak zehaztu zituen. Azpimarratzekoa da, besteak beste, Idazkaritzak nazioarteko erakundeekin harremanak sendotzeko duen interesa. Alde horretatik, balorazio positiboa egin zuen, besteak beste, orain arte UNESCO, ONUSIDA, PNUD, PNUMA eta UNITAR erakundeekin eta Milurteko Helburuak betetzeko Kanpainarekin egindako elkarlanaz. Orain, harreman horiek Amerikako Estatuen Erakundearekin eta FAOrekin ere izatea du xede.
Ezarritako puntu berrien artean, nazioarteko akordioak onartzeko erabili beharreko eredua homogeneizatzea da azpimarragarriena. Halaber, hurrengo bilera batean hasiko da lanean sail guztietako komunikazio-arduradunekin, atzerrian emandako mezuak antzekoak izan daitezen; hartara, mundu osoan Euskadiren ikuspegi bateratuagoa zabalduko da, eta eragin handiagokoa.
Kanpo Harremanetarako Sailarteko Batzordea 13/1993 Dekretuaren bidez sortu zen, eta abuztuaren 31ko 127/2007 Dekretuaren bidez aldatu zen; horrela, Gobernu Kontseiluak 2005eko martxoaren 15ean onartutako Kanpo Harremanetarako Estrategian jasotako helburuak eta jardun-ildo berriak txertatu ziren.
|