| Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Ekintzarako Estrategia |
|
|
|
Sarrera
2005eko martxoaren 15ean "Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Ekintzarako Estrategia" onartu zuen Gobernu Kontseiluak. Aipatutako estrategiaren helburua Eusko Jaurlaritzak Kanpo Ekintzara begira bete beharreko helburuak eta jarraitu beharreko ekintza lerro nagusiak definitzea da. Xede horrekin, aipatutako ekintza lerroetara egokituko dira Euskadik, Europar Batasunean eta nazioartean, batez ere kontinente amerikarrean, duen eragin politikoa areagotzeko beharrezkoak diren egitura eta baliabide guztiak. Era berean, globalizazio prozesuen eta/edo internazionalizazio prozesuen dinamikak berak ekarri du xede dugun ekimena eta, beraren bidez, jarduera proaktibo eta koordinatu baten bidez, nazioarteko ezaugarrietara berehala eta malgutasunez egokitzea lortu nahi da.
|
|
|
Esparrua
Eusko Jaurlaritzak xede dugun gaiaren inguruan egindako hausnarketaren isla da aipatutako agiria. Horrela, agiriak jarduera esparru orokorra zehazteko balio izan du eta Eusko Jaurlaritzatik abiarazitako kanpo ekintza guztiak barne hartu dira bertan.
Esanak esan, "Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Ekintzarako Estrategian" Euskaditik kanpo garatu beharreko politikak aztertu dira, hala nola Euskaditik kanpo bizi diren euskaldunen multzoa, garapenerako lankidetza eta NBErekin harremanak; halaber, Sailek abiarazitako arloko politikak nazioartean ezagutzera emateko beharra azpimarratu da, eta, zehazkiago, sustapen ekonomiko industrialerako politikak, ikuspegi kulturala, ingurumena eta garapen iraunkorra eta informazioaren gizarterako politikak.
|
|
|
Helburu estrategikoak
Estrategia honen bidez bost helburu nagusi betetzea bilatzen da; bost helburu nagusi horiek, halaber, helburu estrategiko eta instrumentalen arabera bereiz daitezke.
<p>Helburu estrategikoen artean garrantzi berezia eman zaio Euskadik, eskumenekoak dituen edo berariaz interesatzen zaizkion esparru guztietan, Europar Batasuneko erakunde eta organoetan eta, eskuarki, nazioarteko testuinguruan, zuzenean parte hartzeko aukera ahalbidetzeari; Euskadi subjektu aktibo bihurtu behar da bere mugetatik kanpora, bai Europa mailan bai nazioartean; kanpo ekintza sustatu behar da eta, horretarako, ezinbestekoa da Euskadiren interes berberak dituzten nazioarteko, Estatuko zein eskualdeko erakundeekin harremanak eta esperientzien trukea sustatzea, eta Eusko Jaurlaritzak eta hainbat erakundek, euren eskumeneko edo intereseko esparruetan, Euskaditik kanpo jarduteko moduak sustatzea.
|
|
|
Helburu instrumentalak
Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Ekintzarako Estrategiaren helburu instrumentalak dira: alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren kanpo ekintzaren plangintza egitea, hartara, beharrei bat bateko erantzunak ematea saihesteko; eta, bestetik, Sailarteko ikuspegitik kanpo ekintzaren koordinazioa egitea, hartara, nazioarteko ekintzen eta EBko ekintzen sinergiez baliatzeko (politikoak, ekonomikoak, kulturalak, akademikoak, zientifikoak, eta abar), bai gaur egun, bai eta etorkizunean ere. Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako erakunde guztien arteko koordinazioa sustatu behar da, halaber, horrela lortuko baita Eusko Jaurlaritzak erabakitako politikak eta gainerako euskal erakundeek eta eragile ekonomiko eta sozialek garatutako kanpo ekintzak bat datozela ziurtatzea.
|
|
|
Arloa
Esparru estrategikoa zehaztu ondoren, Euskaditik kanpo garatuko diren jardueren programa orokor bat landu behar da, eta programa horretan adieraziko dira lehen aipatutako bost helburuak betetzeko lagungarriak edo eraginkorrak diren ekintzak. Modu berean, xede dugun estrategiaren bizkarrezurra izango diren jarduera ardatzak edo jarduera esparruak erabaki dira eta horien inguruan egituratuko dira aipatutako jarduerak. Horrenbestez, honako hauek dira ardatz nagusiak:
a) Europar Batasuna.
b) Eskualdeen arteko eta mugaz haraindiko lankidetza.
c) Euskal herritarrak Euskaditik kanpo.
d) Kanpo agerpena, izaera sektoriala.
e) Euskadiko ordezkaritza Euskaditik kanpo.
f) Erakunde multilateralak.
|
|
|
Ikuspegi multilaterala
Kanpo Ekintzarako Idazkaritza Nagusiak gidatu du "Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Ekintzarako Estrategia" lantzeko prozesua eta prozesu horretan parte hartu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sail guztiez gain, kanpo proiekzio handiko jarduerak garatzen dituzten hiru lurralde historikoetako hainbat erakundek eta eragile ekonomiko eta sozialek. Kanpo Ekintzarako Idazkaritza Nagusiaren ardura da "Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Ekintzarako Estrategian" barne hartutako jarduera lerroak eta ekintzak sustatzea, gauzatzea eta ebaluatzea.
|
|
|
|
|