|
Eusko Jaurlaritzak Deustuko Unibertsitateari lagundu dio Asiako herrialde handi horretan zabaltzeko proiektuan.
|
| SPRIk Mumbain dituen instalazio berrietan egindako lehengo bilera. |
Euskadik Indian jarri ditu begiak. Urrian zehar Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat, Kanpo Harremanetarako zuzendaria buru zuela, Asiako herrialde horretara joan zen hainbat jardueraren bitartez zenbait urtetik hona burutzen ari diren proiektuak sendotzeko.
Helburu garrantzitsuenetako bat hezkuntza arloan kokatu zen. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako errektoreorde Julia Gonzalezi lagundu zitzaion Indiarako lehen bidaian. Bisitaldian zehar hainbat bilera egin ziren herrialde hartako erakunde publiko eta unibertsitateekin Europar Batasunaren elkartrukerako lehen proiektuari buruzko informazioa emateko. 9 milioi euro erabiliko dira Europako zenbait unibertsitate Indiako zentro entzutetsuenekin harremanetan has daitezen; Deustuko Unibertsitatea da parte hartuko duen espainiar erakunde bakarra. Zalantzarik gabe, aurrerapauso bat da, orain arteko harremanak sendotu eta konponbidea ekarriko diena zenbait arazori -tituluak homologatzeari edota honelako ekimenak finantzatzeko bide osagarriak aurkitzeri, esaterako. Halaber, elkarrizketak izan dira etorkizunean indiar kulturari eta hango hizkuntza nagusiari -hindi deitutakoari- buruzko irakurletza ofiziala ezartzeko Deustuko Unibertsitatean.
Bisitaldia amaitzeko, "Igniting the Genios Within" Nazioarteko Biltzarrean hartu zen parte. Biltzar hori Hyderabad-eko Indian School of Business-ek antolatu zuen -Indiako negozio eskolarik onenak eta Asiako hirugarrenak, Financial Times-en arabera-. Industria Sailaren bitartez hitzarmen bat izenpetu nahi da eskola horrekin, Shangai-ko CIESBrekin oraintsu izenpetutakoaren antzekoa.
Ekonomia ere aztertu zen. SPRIk eta hainbat euskal enpresak SPRIk Mumbain dituen instalazio berrietan egindako lehengo bileran hartu genuen parte. Bilera horretan hamabi bat enpresek Indiako egunez eguneko gorabeheren berri eman zioten elkarri.
|