Eusko Jaurlaritza

Lehendakaritza

Hemen zaude::
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kanpo harremanak
  4.  
  5. Europako gaiak
  6.  
  7. Jardunaldia
 
Jardunaldia: "Komunikabideen eginkizuna Europaren eraikuntzan" (Guggenheim museoa, Bilbo. 2007ko maiatzak 31)


Testuingurua

 

Europaren eraikuntza-prozesua, gaur egun

Aurten betetzen dira 50 urte Erromako Tratatua sinatu zenetik (1957-2007), proiektu europarra sendoa eta arrakastatsua den seinale. Nolanahi ere, Europaren etorkizuna erabat baldintzatuta dago gaur egun, Batasuneko hainbat mailatatik bultzatuta, zabalik dagoen hausnarketa-prozesu horren emaitzek zer esango, zenbait gorabehera direla-eta: mundu-mailako globalizazioa, informazioaren gizarteari lotutako aurrerapausoak, Europar Batasuna hedatzeko prozesua, edota Europako Konstituzio Tratatua behin betiko gauzatzeko prozesua krisian egotea, Frantzian eta Herbehereetan izandako erreferendumen emaitza txarren ondorio, eta abar. Hausnarketa-prozesu hori bultzatzeko zenbait dokumentu kaleratu dira: D Planari buruzko komunikazioa: Demokrazia, Elkarrizketa eta Eztabaida (COM(2005) 494), Komunikazioari buruzko politika europarraren liburu zuria (COM(2006) 35), etab.

 
Euskadik D Planari egin dion ekarpena

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, Europako Gaietarako Zuzendaritzaren eta Euskadik Bruselan duen ordezkaritzaren bidez, honako jardunaldiak antolatu zituen 2006an: "EUROPA XXI. MENDEAN: BALOREAK, MUGAK ETA EUROPAKO HERRITARRAK. Euskadik Demokrazia, Elkarrizketa eta Eztabaida Planari eginiko ekarpena" (Guggenheim Museoa – Bilbo, 2006ko apirilaren 11-12).

Jardunaldiek Europar Batasuneko marko politiko, ekonomiko eta soziala eraikitzea izan zuten ardatz, aintzat hartuta eskualdeak izango direla eraikuntza-prozesu horren motore, eta herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango dela.

Jardunaldien ondoren, dokumentu bat atera zen: Konklusioak: 'Euskadik D Planari (Demokrazia, Elkarrizketa eta Eztabaida) egin dion ekarpena: Europa eraikitzeko prozesuaren garai berri baterako 10 gako' (2006ko apirila) (pdf, 120 KB)eta Europako erakundeetara helarazi, Euskadik Europako Batzordearen D Planari eginiko ekarpen gisa.

 

Komunikabideak eta Europar Batasuna

Bruselan 1000 kazetari akreditatu baino gehiago dabiltza lanean, eta Europar Batasuneko erakunde guztiak ere ahalegin handia egiten ari dira prentsak uneoro jaso dezan Batasunak unean-unean hartzen dituen erabakien berri. “Europe by Satellite” baliabideari esker, komunikabideek soinua eta irudia jasotzen dituzte; erakunde guztiek funts berezia dute Europako jardunei buruz informatzen duten berriemaileen gastuak ordaintzeko... Izan ere, Europar Batasunak jakin badaki komunikabideen parte hartzea ezinbestekoa dela Europa eraikitzeko.

Hala eta guztiz ere, ezin uka europar herritarrek informazioa falta dutela: gehienek adierazten dute oso-oso gutxi edo kasik ezer ez dakitela Europari buruz: %76k, hain justu (2005eko abenduko Eurobarometroaren 64. aleak kaleratutako datuen arabera). Europarrek komunikabideak jotzen dituzte, besteak beste, ezjakintasun horren erantzule: 5etik 4k uste dute komunikabideek informazio gehiago eman behar luketela Europari buruz (Iturria: Flash Eurobarometroa “Quelle Europe?”).

Bestalde, hedabideek ontzat jotzen dituzte Europako erakundeek informazioa erraztearren bultzatutako ekimen batzuk, esate baterako “Komunikazioari buruzko politika europarraren liburu zuria (COM(2006) 35)”, baina oraindik ere ez dute oso argi ikusten erakundeek zer dela-eta ematen dizkieten halako erraztasunak berriemaileei, ez eta informazio hori nola eskaintzen zaien ere.

Hortaz, galdera batzuk sortzen dira: Zein paper izan behar dute Europako komunikabideek Europar Batasuna eraikitzen? Informazioa emateko lanak erraztu nahian, Batasuneko erakundeak ez al dabiltza erakunde-propagandaren mugan? Europar Batasuneko erakundeek ematen duten informazioa zenbateraino da interesgarria bai komunikabideentzat eta bai ikus-entzuleentzat? Nola hel daiteke EB gizartera komunikabideen bitartez? Labur esateko: posible da bakarrizketa instituzionala atzean utzi eta europarrekin elkarrizketa bultzatzea?

 

(Iturria:   Eusko Jaurlaritza - Europako Gaiak)

Azken eguneratzea: 2007/04/25