|

Maiatzaren 31n Bilboko Guggenheim museoan "Komunikabideen eginkizuna Europaren eraikuntzan" izeneko jardunaldia egin da.
Jardunaldia Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak antolatu du Europako Batzordeak eta Europako Informazioaren Euskal Sareak (EIES/REVIE) lagunduta. Jardunaldi honen helburua izan da prentsak Europa eraikitzen izan behar lukeen paperari buruz eztabaida bultzatzea erakundeen, komunikabideen, gizarte-elkarteen eta herritarren artean.
Juan José Ibarretxe lehendakariak emandako hitzaldiaren ondoren eman zitzaion hasiera ekitaldiari. Lehendakariak "Amets europarrean" parte hartzen duela adierazi du eta Europan herriek eta nazioek jokatzen duten paperaren alde egin du; “ez dugu Estatuen papera ukatzen, baina herri zaharren ekarpena aldarrikatzen dugu, XXI. mendeko aliatu berriak garelako Europa eraikitzeko", azaldu du.

Hizlarien artean, lehendakariaz gain, beste 17 pertsona ospetsuk hartu zuten parte; haien artean, Margot Wallström, Europako Batzordearen lehendakariordea (bideoaren bitartez jakinarazi zuen bere mezua); Jeremy Rifkin, Joera Ekonomikoei buruzko Fundazioaren lehendakaria eta hainbat libururen egilea, “Europar ametsa”, besteak beste; Daniel Innerarity, filosofoa; Stefano Rolando, Italiako Ministro Kontseiluaren Lehendakaritzako Informazio Departamentuaren zuzendari ohia; eta Izaskun Bilbao, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, jardunaldiari bukaera eman ziona.
Ekitaldian 250 lagun bildu ziren, erakunde eta unibertsitate mailakoak batez ere; baita komunikabideen hainbat profesional ere.
Jardunaldiaren egitaraua inaugurazio txostenaren inguruan -Jeremy Rifkinek egin zuen- eta bi panelen inguruan antolatu zen. Lehenengo panelean -“Europar Batasunaren komunikazio politika”- europar erakundeek ekintzei eta egitasmoei buruz nola informatzen duten eta horiek nola jakinarazten dituzten aztertzen zen. Bigarren panelean -“Gizarte zibila, prentsa eta iritzi publikoa EBren etorkizunean”- aztertu zen gizarte zibilak nola ikusten duen Europako etorkizuna eta komunikabideek zein eginkizun bete behar duten Europaren ideia gizarteari komunikatzeko orduan.
Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak EBri buruz Euskadiko herritarren iritzi-azterketaren emaitzak (pdf. 1,25 MB) aurkeztu ditu jardunaldiaren esparruan.
Jardunaldiaren emaitzak biltzeko, konklusioen dokumentua prestatuko da. Dokumentu horretan zenbait ideia jasoko dira nolabait definitzeko zer-nola jokatu behar lukeen prentsak Europar Batasunaren proiektuaren berri gizarteari emateko lana ahalik eta ondoen egiteko. Dokumentua Europar Batasuneko erakundeei helaraziko zaie: Euskadik D Planari (Demokrazia, Elkarrizketa eta Eztabaida) egingo dion bigarren ekarpena izango da; finean, Europaren etorkizunari buruzko hausnarketari euskaldunok egingo diogun ekarpena.
Izan ere, jardunaldi hau 2006ko apirilean eginiko beste honen jarraipena izan da: "Europa XXI. mendean: Baloreak, mugak eta Europako herritarrak. Euskadik Demokrazia, Elkarrizketa eta Eztabaida Planari eginiko ekarpena"
(Iturria: Eusko Jaurlaritza - Europako Gaiak)
|