Lehendakaritza

Ajuria Enea Jauregia
 
Fatxada nagusia
Fatxada nagusia

Ajuria Enea Jauregia Euskadiko lehendakariaren egoitza ofiziala izan behar zela erabaki zutenek eraikinaren balio arkitektonikoak hartu zituzten kontuan, helburu zuen funtzio publikoarekin bat zetozelako.

1980ko urriaren 13an, Eusko Jaurlaritzak antzinako jabea zen Arabako Foru Aldundiari erosi zizkion lursailak. Urte horretan bertan, Carlos Garaikoetxea, demokraziako lehen lehendakaria, eraikin horretan bizitzen hasi zen.


Xehetasun arkitektonikoak
Xehetasun arkitektonikoak

Ajuria Enea Jauregia Vitoria-Gasteizko Frai Francisco ibilbidean dago kokatuta, eta, 1920. urtean, Alfredo Baeschlin arkitekto suitzarrak eta Hilarión San Vicente kontratistak eraiki zuten hiriko egoitza-eremu nabarmenetako batean, Vitoria-Gasteizko Serafín Ajuria industrialariak eskatuta.

Kanpoko itxurak arte neoeuskaldunaren osagai arkitektoniko guztiak ditu: arku-multzo bikoitza, beheko solairuan; balkoidun hutsuneak eta osagai heraldikoak dituzten hiru leihate nagusi bateratu, lehen solairuan; erdi-puntuko arkudun leihoak eta goian ostiko-arkuak dituzten eskantzu zilindrikoak, goiko solairuan; eta goian zerura begira dauden pinakulu ederrak dituen teilatu-hegal zabala, teilatuan.

Erdi-puntuko arkua duten leihoak


Atzeko fatxada eta lorategiak
Atzeko fatxada eta lorategiak

Jauregiaren eraikuntzaren pisu guztia oinplano angeluzuzenean dago finkatuta, bai eta XX. mendeko lehen laurdeneko eraikin erregionalisten adierazgarri den altxaera prismatikodun horizontaltasun arkitektonikoaren zentzu nabarian ere.

Europan korronte arkitektoniko berriak sortu ziren garaian nagusi zen akademizismotik aldendu bazen ere, Ajuria Eneak oso kontuan hartu zituen XVI. mendeko jauregien osagaiak eta XV. mendeko dorretxeen ezaugarri ziren Erdi Aroko piezak. Ingurunearekin osatzen duen harmonia miretsi besterik ez dago. Izan ere, Vitoria-Gasteizko erdialdeko hiri-gunean dago kokatuta, bisitarientzat edertasun handikoak diren etxe aristokratikoz eta lorategiz inguratuta.


Hala ere, inguruak bezala, Ajuria Enea Jauregiko historiak ere badu xarmarik. Ajuriatarren etxea izan ondoren, 1966an Serora Eskolapioen erlijio-ordenari eskualdatu zioten eraikina, eta ikastetxe bihurtu zuten. Sei urteren ostean, 1972an, Arabako Foru Aldundiak erosi zuen, euskal artearen museoa jartzeko.


Barruko eskailerak
Barruko eskailerak eta aretoak

Museoa 1978an ireki zuten, eta, hurrengo bi urteetan, milaka lagunek izan zuten bertako hormetan esekitako pintura-altxorrak miresteko aukera paregabea.

Behin betiko lehendakariaren egoitza ofizial eta euskal autogobernuaren sinbolo adierazgarrienetakoa bihurtzeko erabakia hartu ondoren, eraikinaren barruko alde zaharberritu zuten, azken solairua etxebizitza bihurtzeko eta jauregiaren gaineratikoa lehendakariaren eginkizunetara egokitzeko.

1989ko martxoaren 14an, euskal gobernu autonomoak Ajuria Enea Jauregiaren behin betiko titularitatea lortu zuen.

AretoaAretoa

 


Azken eguneratzea: 2006/02/15