Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren arteko zerga-harremanak Ekonomia Itunaren sistemaren bidez arautzen dira. Izan ere, Ekonomia Itunaren aplikazioak ogasun publiko baten ohiko baliabide gehienez hornitzen du Euskal Autonomia Erkidegoa, zerga-bilketaren bitartez. Konnotazio ekonomikoak alde batera utzita, Itunak euskal administrazioari autonomia osoa eman eta 1979ko abenduaren 18an onartutako Autonomia Estatutuaren indarrez Euskadiri dagozkion eskumenak (funtzioak eta zerbitzuak) gauzatzea ahalbidetzen du.
Jatorria XIX. mendearen bigarren erdialdean duen Ekonomia Itunaren sistema hau 1978an berretsi zen, orduan izan baitzen Espainiako Konstituzioak Euskal Herriko foru-lurraldeetarako izaera politikoa zuen errealitate historikoa, eskubide historikoak alegia, berariaz aitortu zuenean bere Lehenengo Xedapen Gehigarrian. Euskadiko Autonomia Estatutuan aparteko ogasuna izateko eskubidea aitortzen zaio Erkidegoari, berezkoak dituen eginkizunak bete ditzan.
Hori horrela, lurralde historikoek zergak arautzeko ahalmena eta dirubilketa egiteko autonomia dituzte. Ekonomia Itunean printzipio orokorrak eta harmonizazio- nahiz lankidetza-arauak jasotzeaz gain, lotura-puntuak ere badakartza, hau da, euskal araudia edo araudi erkidea noiz erabili behar den jakiteko arauak, eta zein administraziori, foru-mailakoari ala lurralde erkidekoari, dagokion zergak ordainaraztea.
Ekonomia Itunaren sistemak, beraz, berariazko euskal zerga-sistema dakar, zerga-sistema orokorra osatzen duten zergak aparte arautzeko ahalmena ematen duena, adibidez:Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, Baltzuen gaineko Zerga, Balio Erantsiaren gaineko Zerga, eta abar.
Finantza-ikuspegitik, Autonomia Estatutuaren eta Ekonomia Itunaren aplikazioak egoera desorekatua ekar ez dezan erakunde-finantzaketara, Euskadik Espainiako Administrazioari zerga-baliabide batzuk eskualdatzen dizkio Estatuaren eskumenekoak diren karga orokorrei aurre egiteko. Karga hauen artean nazioarteko harremanak, defentsa eta indar armatuak, aduana- eta arantzel-erregimenak eta eremu edo interes orokorreko garraioa azpimarratu behar dira.
Euskadik egiten duen ekarpen honi kupoa deritzo eta bere koantifikazioa Estatuko kargen dimentsioak ezartzen du. Hortaz, Euskadik kupoa ez dio Estatuari bere bitartekoen arabera ordaintzen, Estatuaren karga orokorren arabera baizik. Horrela, Euskadik bere ahalmen edo errenta erlatiboaren arabera egiten du ekarpena, kupoa Estatuaren karga orokorrei ekarpena egiteko duen ahalmenaren indize erlatiboa aplikatzearen emaitza baita.
Ekonomia Itunari dagokionez, Estatuko eta Euskadiko Administrazioen arteko bidezko itun edo akordioak hartzeko oinarrizko organoa Batzorde Mistoa da, hamabi kidek osatzen dutena hain zuzen ere (foru aldundi bakoitzetik bat, Eusko Jaurlaritzatik hiru eta Estatuko Administraziotik sei).
Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoak argitaraturiko Euskal Ogasunaren Urteko Txosten Bateratuan zehatz-mehatz jasotzen da Euskadiren erakunde-sarea osatzen duten ogasunen jarduera, baita Ekonomia Itunaren edukia eta bilakaera ere.