Eusko Jaurlaritza

Lehendakaritza

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Prentsa eta Komunikazioa
 

Azken eguneratzea: 2012/02/07

Vitoria-Gasteiz European Green Capital 2012, aukera bat Euskadirentzat

Lehendakariaren arabera, Gasteiz Euskadi Europarentzat iraunkortasun-eredu bihurtzeko lehen urrats bat da

Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza

Lehendakariak azaldu du Euskadi “Europarentzat eredu berde” bihurtzea nahi duela. Halaber, Patxi Lópezen hitzetan, “terrorismoaren zama astuna alde batera utzi dugu, eta atzerrian hori zen guri buruzko erreferentzia nagusia pertsona askorentzat; orain, ordea, euskal herritarrok gure dohainengatik ezagunak izateko eta gure potentzialtasunak garatzeko aukera dugu”.  Horrez gain esan du Gasteiz Europako Hiriburu Berde izatea “Euskadi Europarentzat iraunkortasun-eredu bihurtzeko lehen urratsa eta abangoardia” dela.

Gasteiz gaur bihurtu da ofizialki Europako 2012ko Hiriburu Berde. Gasteizko herritarrek eta erakundeek egin duten ahaleginari esker lortu da, eta “Gasteiz ezagutzera emateko aukera bat da, kanpoko jendea nahiz hemengoa hiri hau ezagutzera eta gozatzera etor dadin”, esan du lehendakariak.

Europako 2012ko Hiriburu Berdearen urteari hasiera eman dion ekitaldia Sofía Espainiako Erreginak zuzendu du, eta bertan izan dira Patxi López lehendakaria, Miguel Arias Cañete Ingurumen ministroa, Javier de Andrés Arabako diputatu nagusia, Arantxa Quiroga Eusko Legebiltzarraren burua, Javier Maroto Gasteizko alkatea eta Karl Falkemberg Europar Batasunaren zuzendari nagusia. Ekitaldia Arabaren hiriburuko Montehermoso Jauregian egin da.

Lehendakariak esan du Europako hiriburu izatea “iraunkortasunarekiko konpromisoaren aintzatespena” dela, eta konpromiso horrek, hainbat udal eta herritarrak barne hartuz, garapen iraunkorra sustatu du.