Eusko Jaurlaritza

Lehendakaritza

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Prentsa eta Komunikazioa
 
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Azken eguneratzea: 2009/07/02
ELKARRIZKETA SOZIALERAKO PROZESUA
Lehendakariak elkarrizketa sozialerako mahaia eratu du
Elkarrizketa horretarako adostutako formulak Mahai Orokor bat du eta beste hiru Mahai Sektorial
Patxi Lopez Lehendakariak Elkarrizketa Soziala martxan jartzeko Deklarazio Instituzionala sinatu du Lehendakaritzan. Lehendakariaz gain, Confebaskeko eta CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek ere sinatu dute dokumentua.
Lehendakaria prentsaurrekoan. (JB)
Lehendakaria prentsaurrekoan. (JB)

Patxi Lopez Lehendakariak gaur goizean eratu du elkarrizketa sozialerako mahaia. Euskadin lehen aldiz martxan jarriko den erreminta abiatuko duen Deklarazio Instituzionala sinatu du Lehendakariak Lehendakaritzan. Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietarako Sailburua, Mikel Lazpiur Confebask euskal patronatuko presidentea, Unai Sordo CCOO sindikatuko presidentea eta Damaso Casado UGT sindikatuko presidentea ere testuaren sinaduran izan dira.

Adostutako formula

Elkarrizketa sozialerako prozesu hau martxan jartzea "Jaurlaritzaren eta gizarte eragileen erantzukizun ariketa bat" da Lehendakariaren hitzetan. Gaineratu duenez, horrekin Jaurlaritzak eta gizarte eragileek era aktiboan hartzen dute konpromisoa herrialdearekin eta arazoak etengabeko elkarrizketa sozialarekin konpontzearekin. Gainera, prozesuak krisialdi garai honetan duen garrantzia azpimarratu du Lopezek.

Elkarrizketa egiteko adostutako formulak bi maila ditu: Mahai Orokorra, instituzionalagoa, eta Hiru Mahai Sektorial. Lehena gizarte eragileen goi ordezkariek osatuko dute, eta bere zeregina Mahai Sektorialen elkarrizketa berrestea edo, behar izanez gero, desblokeatzea izango da. Eusko Jaurlaritzak egingo du Mahai honetarako deialdia, eta Jaurlaritzako ordezkari bat izango du buru mahaiak.

Bigarren maila Mahai Sektorialek osatuko dute. Bere jokaera eraginkorra eta praktikoa izan behar da. Hori dela eta, hiru mahai izango dira, eta izaera malgua eta irekia izango dute.

Hiru mahai sektorial

Lehendakaria elkarrizketa sozialerako mahaiaren eraketaren buru izan da. (JB)
Lehendakaria elkarrizketa sozialerako mahaiaren eraketaren buru izan da. (JB)

Mahaiotan lehena Lanaren eta Gizarte Politiken ingurukoa izango da. Bertan gizarte-babesaren, erakunde soziolaboralen eta lan erregulazioko txostenek eragindako langileen laguntzen inguruko arautegia aztertuko dira.

Bigarrena Lan Osasunaren Mahaia izango da. Bere helburua alor horretako ekintza lerro estrategikoak definitzea izango da, Lan Segurtasun eta Osasunaren Euskal Estrategia eratzeko asmoz. Osalan, Lanerako Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea plan horren lerro estrategikoen betearazte eta kudeatze instrumentu bezala sustatzea ere mahai honen helburuotako bat izango da.

Hirugarren mahaia Lanean, Politika Aktiboetan eta Giza Kapitalean oinarrituko da. Mahai honetako ordezkariek enplegu politika aktiboen kudeaketarako beharrezkoak diren egiturak aztertuko dituzte. Halaber, egungo egoeraren diagnostikoa egin eta transferentzia horrek gainditu behar dituen arazo nagusiak antzemango dituzte. Horrez gain, etorkizuneko kudeaketa honen lerro estrategikoak zehazteaz arduratuko dira honako gaietan: bitartekotzan, orientabidean, prestakuntzan eta enplegagarritasunean. Giza kapitalari dagokionez, Mahaiak egitura demografikoen eta dauden beharrizanen azterketa egin beharko du, baita beharrizan horiei erantzuteko giza kapitalak behar dituen prestakuntza eta heziketaren azterketa ere.

Atea irekita prozesuan parte hartzen ez duten gizarte eragileei

Patxi Lopez Lehendakariak mezu bat bidali die elkarrizketa sozialerako prozesu honetan parte hartzeari uko egitea erabaki duten gizarte eragileei. "Guztioi exijitu ahal zaigun erantzukizun soziala eskatzen diegu hartutako erabakiari buruz hausnartu dezaten", esan du Lopezek. Halere, aurretik azpimarratu nahi izan die bat egitea "erabatekoa eta murrizketarik gabekoa" izan beharko dela; hau da, "hiru Mahai Sektorialetan eta Mahai Orokorrean" parte hartu beharko dutela. "Ezin da Mahai batean parte hartu eta beste batean ez, adostasunak bilatu baino gehiago gatazkak sortzeko".