|
| Lehendakaria, Metro Bilbao bagoi baten.(JB) |
Patxi Lopez Lehendakariak Bilboko metroko bi geltoki berri aurkeztu ditu: Peñota eta Santurtzikoak. Berrikuntza honek, orain arteko trenbidea soilik 1,7 kilometro ingurutan luzatu du baina, "garraio seguru, moderno eta iraunkor bat izateari dagokionean, aurrera pausu ikaragarria" suposatuko du berrikuntza honek; gainera, herria egituratzeko orduan nabarmen lagunduko duela azaldu du Lehendakariak. Aurkezpen ekitaldian zehar, Bilboko Metroko trenetako batean, Peñotako geltokira lehenik, eta Santurtzikora ostean, ibilbide berritik lehen bidaia egin dute Lehendakariak eta herriko bestelako agintariek. Bertan, Eusko Jaurlaritzak "guztion garapenerako ezinbestekoak diren proiektuak, besteak beste metroa bultzatzeko" asmoa adierazi du Lehendakariak. "Aurrekontu publikoak azpiegiturak berritzeko proiektuei esker ekonomia sustatzeko asmo argia" dutela azaldu du Patxi Lopezek eta proiektu handi hauek maila handiko azpiegiturekin lotu ditu, esaterako, Eusko Jaurlaritzak krisiari aurre egiteko egindako "apustu estrategikoan". Xede honi dagokionean, Lopezek instituzio guztiei batera lan egiteko gonbidapena luzatu die, 14 urtez Bilboko Metroak egin izan duen bezala. "Gure arteko instituzio elkarlanaren adibiderik onena da Bilboko metroa. Guztiok hartzen dugu parte: Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Udalek", adierazi du lehendakariak. "Ezin gara tren honetatik jaitsi, batera baino ezin izango baitugu bultzatu Euskadiko azpiegiturarik garrantzitsuenetako bat", gaineratu du.
|