Lehendakaritza

Azken eguneratzea: 2010/03/23
Gobernuak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamendua arautuko duen erregelamendua onartu du gaur
Gobernu Kontseiluak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamendua arautuko duen erregelamendua onartu du gaur. Sei hilabete barru inguru abian jartzea aurreikusten den erakundearen antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamendua jasotzen du Dekretuak, eta, aurrerantzean agentzia hori arduratuko da Euskadiko garapen-lankidetzarako politikak planifikatu eta kudeatzeaz.

Gaur Jaurlaritzak hartu duen erabakia 2007ko otsailean, Garapen Lankidetzari buruzko Legearen onarpenarekin, hasitako legegintza egutegiaren barruan kokatzen da. Egutegi horrek jarraipena izan zuen 2008ko ekainean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautu zuen Legearekin.

Lan-bolumenak eta herrialde pobretuetan giza garapen iraunkorrarekiko lankidetzaren inguruko gaien konplexutasun geroz eta handiagoak justifikatzen dute erakunde hori sortu izana, Jaurlaritzak egun duen egituraren arabera Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikita. Bileraren ondoren Gemma Zabaleta sailburuak adierazi duenez, “Agentziaren lanari esker koordinazio hobea egongo da beste erakunde batzuekin, lankidetzako eragileekiko plangintza hobetu ahal izango da, eta arintasun eta gardentasun handiagoa eman ahal izango zaie administrazio- eta ebaluazio-prozedurei”.

Agentziaren egoitza Gasteizen egongo da, eta zuzenbide pribatuko ente publiko gisa eratzen da. Horren ondorioz, bere helburuak gauzatzeko berezko gaitasun juridikoa izango du.  Garapen-lankidetzarako politika betearazteaz gain, agentziaren eskumenak izango dira, besteak beste, baliabide ekonomiko eta materialak kudeatzea, lankidetza-politiken plangintzan Gobernuari aholkua ematea eta funts publikoen transferentzia kudeatzea.

Gemma Zabaletak argi utzi nahi izan du Agentzia abian jartzeak ez duela aldatuko “Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak 2010. urterako hasiera batean zeukan 51 milioi euroko aurrekontua”. 50 milioi proiektuetarako diru-laguntzetarako dira, eta milioi bat kudeaketa-gastuetarako. Plantilla berriz bai, aldatu egingo da, 17 lagunek osatuko baitute.

Jarduerak hasi arteko trantsizio-epean, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko egungo Garapen Lankidetzarako Zuzendaritza aldatuz joango da arian-arian, Agentzia gisa eratu arte. Bitartean ondokoak eratu beharko dira: gobernu-organoak (presidentetza, artezkaritza-kontseilua eta zuzendaritza), kudeaketakoak (Kudeaketa Orokorreko Zerbitzua, Estrategia Planifikatzeko Zerbitzua, Koordinazio Teknikoko Zerbitzua) eta zuzendaritza-batzordea.

Une hauetan 167 euskal lankide ari dira lanean Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren diru-laguntzarekin 2003. urtetik gauzatze-fasean dauden 428 proiektutan. Euskadiko garapen-lankidetza Ertamerikako eta Hegoamerikako herrialdeetan gauzatu izan da, nahiz eta azken urteotan ahalegin handia egiten ari den Afrikan ere gure presentzia zabaltzeko; izan ere, desnutrizio eta pobretasun-maila larria baitago han. Agentziak kontinente beltzarekiko lankidetza sustatuko du, eta bere funtsen % 30 horretan erabiliko ditu.