Lehendakaritza

Azken eguneratzea: 2010/03/31
Euskadi, Katalunia, Galizia eta Balear Uharteetako Gobernuek EROSKI enpresari eman diote Espaniako Estatuko Egoera Eleaniztunaren Sustapen Saria
Sariaren bidez, Eroskiri aitortu nahi zaio bideratu duen merkataritza-politika, Estatuko hizkuntza ofizialak txertatuz bere enpresa-jarduera burutzerakoan
Euskadi, Katalunia, Galizia eta Balear Uharteetako Gobernuek EROSKI enpresari eman diote Espaniako Estatuko Egoera Eleaniztunaren Sustapen Saria

Euskadi, Katalunia, Galizia eta Balear Uharteetako Gobernuetako hizkuntza politikarako arduradunek gaur eman diote Espainiako Estatuko Egoera Eleaniztunaren II. Sustapen Saria EROSKI banakuntza-enpresari.
 
Ekitaldia Madrileko Círculo de Bellas Artes-en egin da, eta bertan parte hartu dute Blanca Urgell andreak, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak; Bernat Joan jaunak, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako idazkariak; Anxo Lorenzo jaunak, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak; eta Margalida Tous andreak, Balear Uharteetako Governeko Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak. Eroski Taldeko lehendakari den Constan Dacosta jaunak jaso du Saria.

Horrela, lau gobernuek Eroskiri aitortu nahi diote 70. hamarkadatik aurrera bere merkataritza-enpresan hizkuntza ikuspegia txertatu izana. Hasiera batean, enpresa hau euskara txeratzen hasi zen gaztelaniarekin batera, kontuan hartuta kooperatiba Euskadin sortu zela, baina eleaniztasunaren aldeko politika bizitasunez eta sendotasunez hedatuz joan da Espainiako Estatuko gainontzeko hizkuntza-paisaiei dagokienez ere, Estatuan zehar zabaldu ahala.

Estatuko hizkuntza guztiak txertatzeko politika Kooperatibaren estatutuetan jasotzen da. Hori horrela, estatutu horietako 7. artikuluan honako hau xedatzen da: “Kooperatibako hizkuntza ofizialak izango dira elkartea kokatuta dagoen autonomia-erkidegoetan hizkuntza ofizial direnak”. Halaber, estatutu horietan enpresak argi uzten du borondatea daukala ezaguna izateko bere merkataritza-jardunean hizkuntzak bultzatzeko eta txertatzeko erreferentzia-erakunde gisa. Azken helburuak dira, batetik, bezeroenganako arreta hobetzea, eta bestetik, enpresaren gizarte-erantzukizun gisa hartzea lurralde bakoitzeko osagai kulturalekiko errespetua eta horienganako sentsibilizazioa.

Saria ematerakoan, Blanca Urgell sailburuak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzan uste dugu gure hizkuntza-politika herritarren aniztasuna, eskubideak eta askatasuna aitortu, ulertu eta errespetatzeko bideratu behar dela. Hori dela eta, herritarrek eurek nahi duten hizkuntzan artatuak eta ulertuak izateko duten eskubidea defenditzen dugu, Administrazioarekiko harremanetan ez ezik, baita entitate pribatuekiko harremanetan ere. Sari honen bidez ahalegin hori eskertu nahi diogu Eroskiri. Enpresa honek 2008an lortu zuen Bikain-euskararen kalitate ziurtagiria, Eusko Jaurlaritzak urtero banatzen duena”.

Constan Dacostak, EROSKIko lehendakariak, saria jaso eta eskertu ondoren, honako hau adierazi du: "ekimen hau guztiz bat dator auzoko ona izatearekin, eta enpresak bere ekintza guztietan gauzatzen du hori. Lan egiten duen tokikoa da EROSKI, langile guztiak direlako bertakoak, eta langile horiek bezeroekin harremanak izateko orduan bertako gizarte- eta hizkuntza-ohiturei jarraiki jarduten dutelako. Jarduteko modu horren ezaugarri nagusia da hiru hamarkada baino gehiago direla dagoeneko enpresak, bere berezko markan, etiketak lau hizkuntzatan eskaintzen dituela".

Bigarren aldian ematen den Sari honen helburua da Estatuko eleaniztasuna sustatzeko eta eguneroko zereginetan txertatzeko orduan pertsona, erakunde edota enpresek egindako bideari aitorpena ematea. Lehenengo aldian, Microsoft Ibérica enpresak jaso zuen Sari hau.

Ekimen hau lau gobernuek hizkuntza politikari buruz sinatutako Hitzarmen Orokorraren baitan dago. Ohorezko Saria da, eduki ekonomikorik gabekoa.