Lehendakaritza

Azken eguneratzea: 2011/12/02

Jaurlaritzak bitartekotza-zerbitzua abian jarriko du, hipoteka dela-eta utzi beharreko etxebizitzen kopurua murrizteko

Etxebizitza sailburuak, Iñaki Arriolak, gaur iragarri du Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzak bitartekotza-zerbitzua jarriko duela abian, finantza-erakundeen eta gehiegizko zorra daukaten pertsonen/familien artean, hipotekak ez ordaintzeagatik euren etxebizitza utzi behar ez izateko.

Etxebizitza eta Justizia Sailak lantzen ari diren planaren asmoa da egoera horri aurre egitea, aldeen artean bitartekotza-sistema bat ezarrita. Sistema hori hipoteka-zorraren likidazio ordenatuan oinarrituko da.

Arriolak azaldu duenaren arabera, aldeen artean aurretiaz izan den zuzeneko negoziazioak porrot egin duenean erabiliko da sistema hori. Bitartekotza-zerbitzuak, zordunaren aktiboaren eta pasiboaren inbentarioa egin eta gero, eta zordunak gehiegizko zorra daukala egiaztatu ostean, pertsonaren benetako ahalbideetara egokitutako ordainketa-plana egingo luke, eta finantza-erakundeari eta hipoteka-zordunari proposatuko lieke, hipoteka-kredituaren baldintzak berriz negoziatzeko formula bezala.

Prozesu horrek prozesu judizialaren aurreko esku-hartzea izan beharko luke; hala ere, baliteke lortutako akordioak jurisdikzio-homologazioa izatea.

Gobernuak lantaldea eratu du bi Sailen artean, honako hauek zehazteko: bitartekotza-zerbitzuaren konpromiso eta zeregin zehatzak, zerbitzu hori erabiltzeko prozedura, giza baliabideen beharra hala badagokio, Justiziarekin Lankidetzan jarduteko Zerbitzuak eskaintzen dituen aukerak garatzea, etab. Horretarako, beste autonomia-erkidego batzuetako esperientziak aztertzen ari dira, hala nola, Kataluniakoak OFIDEUTE zerbitzuarekin.

Alderdi horiek zehaztu eta gero, Gobernua harremanetan jarriko da finantza-erakundeekin, bitartekotza-zerbitzua eskaintzeko, hipoteka-betearazpenak saihesteko tresna modura. Bitartekotza-zerbitzua Agindu baten bidez arautuko da, eta, besteak, beste, hori erabiltzeko prozedura zehaztuko da. Arriolak esandakoaren arabera, hori guztia ahalik eta prestasun handienarekin egingo da. “Sistemak juridikoki segurua eta fidagarria izan behar du, hipoteka-betearazpenen eragina ekiditeko", esan du.

Arriolak gogorarazi du berak gidatzen duen sailak azaroaren 4an agindu bat onetsi zuela, eta horren bidez, Bizigune programara (etxebizitza hutsak alokatzeko programara) sartzeko lehentasuna ematen zaiela lan-kontratua bukatu eta hipoteka betearaztearen ondorioz etxebizitza galdu dutenei.

Halaber, urtea bukatu aurretik Gobernuak finantza-erakundeekin Finantza Kolaboraziorako Dekretua aldatzea onetsiko du, hipoteka-kredituak ematea errazteko; horri esker, Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzak berrerosteko bermea finkatuko du, langabezian egoteagatik ordainketetan berandutuz gero. Hitzarmenak ezarriko du, bidenabar, kaltetuek lehentasuna izango dutela Eusko Jaurlaritzaren programetan errentako etxebizitzak jasotzeko.

Horrez gain, Arriolak azaldu du gaur egun Espainian dagoen Hipoteka Legearekin ere zordunen erantzukizun mugatuan oinarritutako hipoteka-merkatua gara daitekeela, hau da, etxebizitza entregatzea zorra kitatzeko. Bere ustez, merkatu hori garatzea komenigarria da, gaur egun dagoen erantzukizun mugagabeko sistemaren alternatiba gisa; hala, kontsumitzaileek bi ereduen artean hautatuko lukete, “eta onurak eta eragozpenak ulertuko lituzkete, eta modu librean eta informatuan erabakiko lukete”.

Baina bien bitartean, Gobernua ezin da “ezer egin gabe gelditu herritarrentzako berebiziko garrantzia duen arazo honen aurrean, orain arte hartu diren neurriak, esaterako hipotekak luzatzea edo pentsio-funtsen erreskate-aukerak handitzea, ez baitira izan nahi genuen bezain eraginkorrak”.