2010/08/31 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
EAEKO JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO FUNTZIONARIOAK EUSKAL ADMINISTRAZIO OROKORREKO FUNTZIONARIOEKIN NOLA PAREKATU ARAUTZEKO IV. AKORDIOA
80.000 EUROKO DIRU-LAGUNTZA OROIMEN HISTORIKOA BERRESKURATZEKO JARDUERA ETA PROIEKTUAK GAUZATZEKO
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
EUSKO JAURLARITZA HERRI-AKUSAZIOA IZANGO DA LANTARONEN ERASOTAKO LANGILE SENEGALDARREN KASUAN
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
NEKAZARITZA, ARRANTZA ETA ELIKADURAREN SEKTOREKO IKERTZAILE ETA TEKNOLOGOAK PRESTATZEKO 2010EKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA ONARTU DA
EKOIZLEAK PATATAREN KONPENTSAZIO-FONDOAN INTEGRATZEKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA EGIN DA
1.326.381 EURO EMANGO DITU SAILAK NEKAZARITZA, ELIKADURA ETA ARRANTZAKO SEKTOREAN I+G+b LANTZEN LAGUNTZEKO
ARRANTZAKO ETA AKUIKULTURAKO PRODUKTUAK
ERALDATZEKO ETA MERKATURATZEKO
LAGUNTZEN DEKRETUA ONARTU DA
ARABAKO FORU-ALDUNDIAREKIN HITZARMENA SINATZEA ONARTU DA, NERBIOIKO PARKE LINEALEKO BIDEGORRIKO BESTE TARTE BAT ERAIKITZEKO LANAK BATERA FINANTZATZEKO
AZTI-RENTZAKO 1,7 MILIOIKO DIRULAGUNTZA ONARTU DA, ITSASOKO ETA ELIKADURAKO IKERKETA-PROIEKTU GEHIGARRI BATZUK EGITEKO
KULTURA SAILA
GOBERNUAK 8.235.000 EURO ERABILIKO DITU IKUSENTZUNEZKOEN PRODUKZIOEI MAILEGUAK EMATEKO
230.000 EURO EUSKAL ETXEETAN EUSKARAZKO IKASTAROAK EMATEKO
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

EAEKO JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO FUNTZIONARIOAK EUSKAL ADMINISTRAZIO OROKORREKO FUNTZIONARIOEKIN NOLA PAREKATU ARAUTZEKO IV. AKORDIOA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioak Euskal Administrazio Orokorreko funtzionarioekin nola parekatu arautzeko eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Ccoo, Ela, Csi/Csif, Lab Eta Ugt sindikatuen artean Bulego Judizial Eta Fiskala Ezartzeko Iv. Akordioa onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioak euskal Administrazio Orokorreko funtzionarioekin nola parekatu arautzeko eta Bulego Judizial eta Fiskala ezartzeko Laugarren Akordioa onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran.


Langileen ordezkariekin urtebetez etengabeko elkarrizketan eta negoziazioan aritu ostean, akordioa lortu eta joan den maiatzean hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak eta CCOO, ELA, CSI/CSIF, LAB eta UGT sindikatuek.


Proiektu bati lotuta dagoen akordioa da. Bulego Judizial eta Fiskal Berria —bai bere antolamendua eta bai langileen kudeaketa— Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko prozesua da proiektu hori.


Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren hedapenarekin antolamendu judizialak arrazionaltasun eta eraginkortasun handiagoa lortuko du. Oraingo epaitegi eta auzitegiak bi elementuren inguruan berrantolatuko dira: zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalen eta zerbitzu orokor prozesalen inguruan, hain zuzen ere. Aurrenekoek zuzeneko laguntza emango diete epaile eta magistratuei eta bigarrenek kudeaketa eta laguntza zentralizatua hartuko dute berengain, eragile juridiko guztien eskakizunei erantzuteko.


Datozen hiru urteetan Euskadik Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren erabateko ezarpenari ekingo dio. Lehendabizi barruti judizial sinpleenetan ezarriko da eta ondoren konplexuenetan (aurrena Gasteizen (2011n), gero Donostian eta Barakaldon (2012an) eta 2013ko urtarriletik aurrera Bilbon).


Akordio honekin, Justizia Administrazioaren modernizazioaren aldeko apustu irmoa egin du Euskadin Eusko Jaurlaritzak, zerbitzu arinaren eta herritarren beharrizanetatik gertuago dagoen justiziaren aldeko apustua. Azken batean, justizia kalitatezko zerbitzu publikoa izatearen aldeko apustua egin du.

Gaur egun daukagun egoera ekonomiko zailari erantzuteko Eusko Jaurlaritzak hartu duen konpromisoa ere bada akordioa. Izan ere, egoera honek, alde batetik, dauzkagun giza baliabideak eta baliabide materialak behar bezala kudeatzera behartzen baikaitu eta, bestetik, justizia-auzitegietan interes garrantzitsuak jokoan dauzkaten herritarrei eta enpresei erantzun azkar bat emateko eskatzen baitigu.
Akordioak inertzia historikoak erauzten lagunduko du: Justiziako langileen eginkizun eta zereginak egokitu eta berrantolatuko dira, jendearentzako ordutegiak luzatuko dira, gaiak eta prozedurak nola doazen hobeto eta modu zuzenagoan jakin ahal izango da, eta izapideak bizkortu egingo dira. Azken batean, justizia hurbilerrazagoa eta azkarragoa edukiko dugu.


Epe luzerako akordioa da gainera, hiru urtekoa. Gure Justizia Administrazioak eskaintzen duen zerbitzu publikoa eraldatzeko konpromisoari behar bezala aurre egiteko egonkortasuna ekarriko du akordio honek. Akordioaren indarraldian zehar (2010etik 2013ra), pixkanaka gauzatuz joango da Justizia Administrazioko funtzionarioak euskal Administrazio Orokorreko funtzionarioekin homologatzeko prozesua. Eta, horrela, akordioak Euskadiko Justizia Administrazioaren aldarrikapen historikoa gauzatuko du eta, aldi berean, denbora luzez arrazoi eta justifikaziorik gabe luzatu den desoreka konpondu eta konpentsatuko du.


Lakuako langileekin alderatuta, Justiziako funtzionarioek titulazioaren arabera dagokiena baino bi edo hiru maila beheragoko soldata jasotzen dute gaur egun. Soldata-igoeraren aldaketa lau urteren buruan % 11koa izango da batez beste, eta gehiago nabarituko dute Prozesu Kudeaketako kidegoko langileek, zeregin eta egiteko berriak ere izango baitituzte.


Akordioa ez da soldaten parekatze hutsarekin bukatzen, izan ere euskal funtzio publikoko gainontzeko langileen lan-baldintzekiko benetako homologazioa ekarriko baitu bai egutegian, bai ordutegietan eta bai lanaldietan.


Akordio honekin, Eusko Jaurlaritzak hauteskundeetan agindutakoa bete du eta egitasmo eta jardueren egutegian onartutako ekintza garrantzitsuenetako bat gauzatu du.
 

80.000 EUROKO DIRU-LAGUNTZA OROIMEN HISTORIKOA BERRESKURATZEKO JARDUERA ETA PROIEKTUAK GAUZATZEKO

Agindua, memoria historikoa berreskuratzeko jarduerak eta proiektuak gauzatzeko diru laguntzen deialdia egin eta diru-laguntza horien oinarri arautzaileak ezartzen dituena.

Oroimen historikoa berreskuratzeko proiektu eta jarduerak gauzatzeko 80.000 euroko diru-laguntzen deialdia egiten duen Justizia eta Herri Administrazio Sailaren agindua onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak, Gerra Zibilean eta diktadura frankistaren garaian askatasuna eta balio demokratikoak defendatzeagatik jazarpena eta bidegabeko zigor eta zehapenak pairatu zituztenen aintzatsepen publikorako esparru bat ezartzeko asmoz.


Testuinguru horretan, gure gizartean adiskidetzea, bizikidetza eta giza eskubideenganako errespetua sustatzeko helburuarekin 2010. urtean oroimen historikoa oroitarazi, ikertu eta ezagutarazteko jarduerak egiten dituzten erakundeei laguntzak emango dizkie Eusko Jaurlaritzak, Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bidez.


Jarduera bakoitzari 15.000 euro emango zaizkio gehienez, eta lehiaketaren sistema erabiliko da diru-laguntzak eman edo ukatzeko. Lehiaketa horretan irizpide hauek hartuko dira kontuan: proiektuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, kalitatea eta zorroztasun zientifikoa, gizartearentzat daukaten interesa, erakunde baten baino gehiagoren parte-hartzea, eta irakaskuntza-mailetan izan dezaketen eragina.


Eskabideak aurkezteko epea agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabetekoa da.
 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

EUSKO JAURLARITZA HERRI-AKUSAZIOA IZANGO DA LANTARONEN ERASOTAKO LANGILE SENEGALDARREN KASUAN

Erabakia, Lantaronen erasotako langile senegaldarren kasuan herri-akusazioa izateko erabakia hartzeko dena.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak oniritzia eman dio Jaurlaritza herri-akusazioa izateari Lantaronen erasotako langile senegaldarren kasuan, arrazakeriaren kontra egiteko Espainiako ordenamendu juridiko penalean jasota dauden neurriak sustatzeko asmoz. Gemma Zabaleta sailburuak Jaurlaritzaren Kontseiluari eskatu dio Jaurlaritza kasuan aurkez dadila, kontuan hartuta gertaerak horiek larriak izan direla, eragin xenofoboa izan dutela, Jaurlaritzaren zeregina dela elkarbizitza zaintzea nahiz arrazakeriaren kontra borrokatzea, eta kasu honek gizartean zer-nolako eragina duen gogoan hartuta.


2010eko uztailaren 14an eraso larria jasan zuten lau langile senegaldarrek Arabako Lantarongo industria-poligonoan. Erasoak Arabako gizartea eta euskal gizarte osoa astindu zituen, erasoak berariazko itxura arrazista eta xenofoboa baitzuen.


Hasiera-hasieratik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Inmigrazio Zuzendaritzaren bitartez gogor salatu du gertaera hori eta elkartasuna adierazi die erasoa jasandakoei eta Euskadin bizi diren senegaldar guztiei.


Arrazakeriak eta xenofobiak zuzenean egiten diete eraso Euskadiko elkarbizitzaren eta aniztasunaren oinarrizko balioei, eta lakra horien kontra borroka egiteak lehentasuna izan behar du gizartearen kohesioari eusteko. Lantarongo erasoa elkarte autonomoko lehenengo eraso arrazistako bat da; eta horregatik, garrantzi sinboliko handia dakar berekin eta Justiziaren ekintzak jarraibidea ezar lezake eta gizartean oinarrizko balioen aldeko pedagogia erabil dezake. Horregatik guztiarengatik, Jaurlaritzaren jardunak tinkoa eta irmoa izan behar du elkarbizitzako balio komunak defenditzerakoan.


Era berean, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren iritziz, arrazakeriaren eta xenofobiaren kontra borroka egiteko hainbat lanabes jasotzen ditu ordenamendu juridikoak eta aginte publikoek lanabes horiek erabiltzeko eskatu behar dute. Prebentzioaren mesedetan, ezinbestekoa da kutsu arrazista duten eraso guztien aurrean gaitzespen juridikoa eta soziala eragiteko baliabide guztiak abiaraztea.
 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

NEKAZARITZA, ARRANTZA ETA ELIKADURAREN SEKTOREKO IKERTZAILE ETA TEKNOLOGOAK PRESTATZEKO 2010EKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA ONARTU DA

Agindua, ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzen deialdia egiten duena 2010. ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa arloan, ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzei buruzko urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren babesean.

Jaurlaritzaren Kontseiluak euskal nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko zientzia, teknologia eta enpresaren inguruan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko 2010eko laguntzen programa onartu du.


Jaurlaritzak, horrenbestez, bide eman dio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzaluk laguntza-lerro honetarako deialdia egiteko emandako aginduari. Laguntzen zenbatekoa 741.965 eurokoa izango da guztira; horietatik, 51.900 euro 2010eko ekitaldiari dagozkio, eta 690.065 datozen ekitaldietarako konpromiso-kredituak dira.


Programa honetan, diru-laguntzak emango dira teknologo berriak bi urte enpresa batean aritu daitezen eta beren prestakuntza-prozesuari lotutako ikerketa-proiektu bat egin dezaten. Horretaz gainera, bekak emango dira, arloari lotutako doktore-tesiak egiten lau urtean zehar lan egiteko.
 

EKOIZLEAK PATATAREN KONPENTSAZIO-FONDOAN INTEGRATZEKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA EGIN DA

Agindua, patata-ekoizleak «Arabako Patataren Konpentsazio Fondoa» izeneko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundean integratzeko laguntzak emateko deialdia egiten duena 2010eko ekitaldirako .

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du patata-ekoizleak «Arabako Patataren Konpentsazio Fondoa» izeneko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundean (BGAE) integratzeko laguntzak emateko 2010eko deialdia.


Jaurlaritzaren Kontseiluak, horrenbestez, bide eman dio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzaluk laguntza horien 2010eko deialdia egiteko emandako aginduari. Laguntzen zenbatekoa 120.000 eurokoa izango da guztira.


“Arabako Patataren Konpentsazio Fondoa” Eusko Jaurlaritzaren eta ekoizleen ekarpenekin osatutako BGAE bat da eta, besteak beste, patataren prezioaren gorabehera negatiboen ondorioak arintzeko balio du, patata ez baitago Merkatu Antolakunde Bateratuaren (MAB) barruan sartuta.
 

1.326.381 EURO EMANGO DITU SAILAK NEKAZARITZA, ELIKADURA ETA ARRANTZAKO SEKTOREAN I+G+B LANTZEN LAGUNTZEKO

Agindua, nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen deialdia egiten duena 2010eko ekitaldirako, uztailaren 27ko 745/2010 Dekretuaren babesean

Nekazaritza, elikadura eta arrantzako sektorean ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzeko laguntzen 2010eko deialdia gaur bertako bileran onetsi du Gobernu Kontseiluak. Laguntza 1.326.381 eurokoa izango da guztira.


Hala, onespena eman dio Gobernu Kontseiluak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzalu andreak emandako Aginduari, pasa den uztailean onetsitako 745/2010 Dekretuaren babesean laguntza horietarako deia egiten zuenari.


Laguntza horien xedea izango da, zehazki, Euskadiko nekazaritza, elikadura eta arrantzako sektoreen eraginkortasuna areagotzea, hazkunde jasangarriari laguntzea eta sektore horien arteko elkarlanari bultzada ematea.


Diruz laguntzeko modukoak izango dira agindu honen barruan, funtsezko ikerketak egiteko proiektuak, ikerketa industriala egitekoak eta garapen esperimentala egiteko proiektuak, bai eta I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanak, nahiz enpresa gazte eta berritzaileen edo oinarri teknologikoko enpresa berrien proiektuak ere.


Zerbitzu-jardueretako prozesuetan eta antolaketan berrikuntza lortzeko proiektuek ere izango dute lekua deialdi honetan eta produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko elkarlan-proiektuek ere bai.
 

ARRANTZAKO ETA AKUIKULTURAKO PRODUKTUAK
ERALDATZEKO ETA MERKATURATZEKO
LAGUNTZEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, arrantza eta akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko laguntzak emateko dena (LEHIATU-ARRANTZA Programa).

Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak (Lehiatu-Arrantza programa) ezartzen eta arautzen dituen dekretua onartu du Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran. Horrela, Europar Batasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoak batera finantzatzen dituzten neurriak abian jarri dira.


Pilar Unzalu buru duen sailak egin du dekretu hau, arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzei dagokienez, EAEko arautegia Europar Batasuneko arautegiaren erreformara egokitzeko helburuz, eta, halaber, sektorearen egoera berrira moldatzeko asmoz.


Dekretuak, arrantzako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko EAEko industriaren partaidetzaz prestatu denak, sektore horretan erantsitako balioaren sorrera lehenetsi eta eragindako arlo geografikoen dinamika sozial eta ekonomikoa sustatzearen alde egiten du, baita industria horren lehiakortasuna sendotzearen alde ere.


Gaur onartutako agiria aplikatzearen ondorioz ematen diren diru-laguntzak lan baldintzen hobekuntza sustatzeko baliatuko dira; baldintza higienikoak eta osasun publikoari dagozkionak hobetzeko eta haien segimendua egiteko; espezializazio handiko merkatuetara zuzentzen diren produktuen kalitatea hobetzeko; eta, halaber, ingurumenaren gaineko eragin negatiboa gutxitzeko.


Orobat, gutxi aprobetxatzen diren espezieak, azpiproduktuak eta arrainkinak hobeto erabiltzea izango da laguntzon xedea, baita ondorengo hauek ere: produktu berriak sortzea edo merkaturatzea; teknologia berriak aplikatzea; produzitzeko metodo berritzaileak garatzea; eta funtsean tokiko lehorreratzeetatik eta akuikulturatik datozen produktuak merkaturatzea.


Diru-laguntzen hartzaileak arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzen eta merkaturatzen diharduten pertsona físikoak edo juridikoak izango dira (besteak beste: kontserba, araztegi, haztegi, arrain gazitu, arrain ketu eta aurrekozinatuen arlokoak, batetik; eta jatorrian eta helmugan diharduten handizkariak, bestetik).
 

ARABAKO FORU-ALDUNDIAREKIN HITZARMENA SINATZEA ONARTU DA, NERBIOIKO PARKE LINEALEKO BIDEGORRIKO BESTE TARTE BAT ERAIKITZEKO LANAK BATERA FINANTZATZEKO

Erabakia, ondoko hitzarmen hau onartzen duena: Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Fodu Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena, Nerbioiko parke linealaren plan bereziaren barruko bizikletentzako bidea eraikitzeko proiektua Luiaondo herria (Aiara) eta Amurrioko Salbio Geralekua arteko zatian deritzon proiektuari dagozkion obren kostua elkarren artean finantzatzeko

Gobernu Kontseiluak, gaur egindako bileran, Arabako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatzea onartu du, Luiaondo herriaren (Aiara) eta Salbioko geralekuaren (Amurrio) arteko bidegorri-zatia eraikitzeak eragingo duen hiru milioiko kostua erdibana finantzatzeko. Esku-hartze hori, hain zuzen, Nerbioko Parke Linealaren Plan Berezian dago jasota.

Gobernu Kontseiluak, bada, baimendu egin du Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzaluk eta Arabako Foru Aldundiak aipatutako proiektua finantzatzeko sinatu behar duten hitzarmena. Proiektu horren bidez jarraipena emango zaio Gardea auzoa (Laudio) eta Luiaondo herria (Aiara) lotzen dituen zatiari. Hain zuzen, iragan abenduan amaitu ziren zati hori egiteko lanak.


Hitzarmen horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro emango ditu urtero, 2012ra arte; Arabako Foru Aldundia, berriz, proiektua egikaritzeko lanak zuzentzeaz eta haien ikuskaritza teknikoa egiteaz arduratuko da, eta milioi bat emango du 2011n eta gainerako 500.000 euroak, aldiz, 2012an.


Laudioko Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Plana 2005an onartu zen. Plan horretan hainbat proiektu estrategiko ezarri dira, besteak beste, bidegorria egitea Nerbioiaren inguru osoan zehar, Urduñan hasi eta Arakaldoraino.


Hitzarmenaren hizpide den zatiaren bidez, parkea luzatu nahi da, ibilguaren ertzean zehar, Luiaondo herriaren (Aiara) parean hasi eta hegoalderantz, bailara estutzen den tokirantz, Salbioko geralekuraino (Amurrioko udalerrian).


Proiektu berriak Nerbioi ibaiaren ibilgura bizikletaz eta oinez iristeko aukera emango du Aiarako udalerrian eta Amurrioko Tubos Reunidos enpresaren inguruan; intermodalitatea bermatuko du trenbidearekin eta oinezkoen eta bizikleten desplazamenduak ahalbidetu ditu bizitokien eta lantokien artean. Era berean, bidea aprobetxatu ahalko da ingurumena lehengoratzeko, eta aukera-arlo berriak sortu eta bidean zehar tartekatzeko.

Zati horrek konplexutasun handia du; bost pasabide egin beharko dira, bai eta trenbidearen azpitik igarotzen den bide bat, Amurrion. Esku hartze horri, udal-ekimenei eta iragan abenduan gaitutako 3.400 metroko zatiari esker, 15 km inguruko bidegorria egongo da Laudio eta Amurrio artean.
 

AZTI-RENTZAKO 1,7 MILIOIKO DIRULAGUNTZA ONARTU DA, ITSASOKO ETA ELIKADURAKO IKERKETA-PROIEKTU GEHIGARRI BATZUK EGITEKO

Erabakia, Azti Fundazioari zuzeneko diru-laguntza emateko dena. Helburua: 2010eko ekitaldian, 2009ko urtarrilaren 9an hitzartutako lankidetza-hitzarmenaren eremuan, proiektuak garatzea. Hitzarmenaren helburua hauxe da: elikadura, arrantza eta ozeanografiaren inguruko esparruetan ikerketako, garapeneko eta berrikuntzako ekintzak burutzea.

Gobernuaren Kontseiluak, gaurko bileran, Fundación Azti/Azti Fundazioari 1.798.010 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du, proiektu gehigarri batzuk egitea finantzatzeko. Proiektu horiek, hain zuzen ere, fundazio horren 2009-2011 lan-planean aurreikusitakoen gehigarri dira.


Gobernuaren Kontseiluak argi berdea eman dio horrela Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren, Pilar Unzaluren, proposamenari, Azti-ri zuzeneko dirulaguntza hau emateko proposamenari, Fundazioak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sail ohiak 2009ko urtarrilean izenpetu zuten lankidetza-hitzarmenaren proiektu osagarri batzuk egiteko.


Joan den uztailean, Eusko Jaurlaritzaren eta AZTIren artean izenpetutako hitzarmenaren segimendu-batzordeak erabaki zuen itsasoko eta elikadurako ikerketarekin lotutako zenbait proiektu txertatzea hitzarmen horretan. Proiektuen kostu zenbatetsia 1.798.010 eurokoa izango da, eta orain zuzeneko dirulaguntza hau jasoko dute.


1.798.010 euroko dirulaguntza hori, bestalde, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren (1.500.460 euro), Elikagaien Berrikuntza eta Industriako Zuzendaritzaren (185.000€) eta Zerbitzu Zuzendaritzaren (112.550€) kontura ordainduko da.
 

KULTURA SAILA

GOBERNUAK 8.235.000 EURO ERABILIKO DITU IKUSENTZUNEZKOEN PRODUKZIOEI MAILEGUAK EMATEKO

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa. Helburua: ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko diru-laguntzen finantziazioa, entitate laguntzaileen bidez kudeatutako maileguen bitartez (2010).

Euskal Autonomia Erkidegoan ikusentzunezkoen produkzioa sustatzea finantziatzeko 2010eko sistema zein izango den arautzen duen deialdiari buruzko Kultura sailburuaren agindu bat onartu du Gobernu Kontseiluak. Aurten 8.235.000 euro erabiliko dira agindu horretan arautzen diren bi mailegu-motak finantziatzeko.


Onartu den aginduaren helburua ikusentzunezkoen euskal sektorean ekoizpena, lehiakortasuna eta enplegua sustatzeko laguntzen erregimena eta baldintzak finkatzea da, horretarako ikusentzunezkoen proiektuei dirulaguntzak emanda.

Horretarako, bi kreditu mota zehaztu dira. Bata interesik sortzen ez duten maileguak emateko da, 5.000.000 eurora artekoa, eta bestea 3.235.000 eurokoa, kontratuak finantziatzeko kredituak emateko.


Arau honek Euskal Autonomia Erkidegoko ikusentzunezkoen produkzioa sustatzeko finantziazioa arautzen duen 107/2007 Dekretua garatzen du; produkzio berria diren ikusentzunezkoek eskatu ahal izango dituzte kreditu horiek, eta horien barruan, bai serieka banatzekoak ez diren produkzioak eta gainerako produkzioak ere sartuko dira. Aurrekontuaren % 40 izango den kopurua egoitza Euskadin duten profesionalak (sortzaileak, teknikariak, artistak) edo enpresak kontratatzeko erabili beharko dute obra horiek.
 

230.000 EURO EUSKAL ETXEETAN EUSKARAZKO IKASTAROAK EMATEKO

Ebazpena, HABEren zuzendari nagusiarena, 2010eko urria eta 2011ko iraila bitarteko euskara-ikastaroengatik euskal etxeei esleituko zaizkien diru-laguntzak arautzen dituena.

Gobernu Kontseiluak HABEren zuzendari nagusiaren ebazpen bat onartu du, eta horren bidez, Euskal Etxeei 2010eko urritik 2011ko irailera arte izango diren euskarazko ikastaroetarako emango zaizkien laguntza ekonomikoak arautu dira. Laguntzok 230.000 eurokoak izango dira.


HABEk helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko euskarazko ikastaroetarako ematen dituen laguntzen barruan, ebazpenaren helburua Euskal Etxeei emango zaizkien dirulaguntzen baldintzak arautzea da, hain zuzen ere 2010eko urritik 2011ko irailera bitartean emango diren euskarazko ikastaroei buruzkoak.


Deialdi honetarako emango diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa 230.000 eurokoa izango da; HABEren aurrekontuetan horretarako zehaztutako kredituetatik jasoko dira, eta honela banatuko dira, urteka:
a) 60.000 euro, ordainketa-kreditu gisa, 2010eko urritik abendura bitartean emango diren ikastaroetarako.

b) 170.000 euro, konpromiso-kreditu gisa, 2011ko urtarriletik irailera bitartean emango diren ikastaroetarako.