2010/09/07 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
BIKAINTASUN AKADEMIKOKO BEKAK
ZEROTIK HIRU URTERA BITARTEKO HAUR ESKOLAK
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
DROGA-MENDETASUNEN ARLOKO AURREZAINTZA, LAGUNTZA ETA GIZARTERATZEARI BURUZKO LEGEA ALDATZEKO PROIEKTUA ONARTU DU JAURLARITZAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
BASOEN OSASUNAREN MAHAIARI ARGI BERDEA EMATEN DION DEKRETUA ONARTU DA
KULTURA SAILA
JAURLARITZAK 50.000 EURO ERABILIKO DITU IKUS-ENTZUNEZKO EDUKIAK EUSKARRI BERRIETAN SORTZEKO
LIBURUA ETA IKUS-ENTZUNEZKOEN EKOIZPENAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK ONARTU DIRA
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

BIKAINTASUN AKADEMIKOKO BEKAK

Agindua, 2010-2011 ikasturtean unibertsitatera sartuko diren errendimendu handiko ikasleak aintzatetsi eta saritzeko, bikaintasun akademikoko beken deialdia egiten duena.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, 2010-2011 ikasturtean unibertsitatera sartuko diren errendimendu handiko ikasleak aintzatetsi eta saritzeko, bikaintasun akademikoko beken deialdia egiten duen agindua.

Deialdi honen xedea da 60 beka ematea, 235.000 euroko zenbatekoa, “bikaintasun akademikoko bekak” izenekoak, lehen aldiz unibertsitatera 2010-2011 ikasturtean sartuko diren errendimendu handiko ikasleentzat izango direnak; betiere, graduko ikasketetan edo haien baliokide diren ikasketetan matrikulatuta badaude.

Unibertsitate-ikasleek ikasketak eta ikerketa-lanak bikaintasunez egin ditzatela sustatzea da “bikaintasun akademikoko beken helburua”, eta, bide batez, haien errendimendu akademikoa saritzea.


 

ZEROTIK HIRU URTERA BITARTEKO HAUR ESKOLAK

Agindua. Honen bidez deialdia egiten da 2010-2011 ikasturterako diru-laguntzetarako, eta zero eta hiru urte arteko haur-eskolen titular diren toki-korporazioei deialdia egiten zaie Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta toki-korporazioen arteko lankidetza-hitzarmenak
gauzatzeko.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak aurkeztuta, Gobernu Batzordeak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta zerotik hiru urtera bitarteko Haur Eskoletako titularrak diren Toki Korporazioen artean Lankidetza Hitzarmenak egiteko deialdi publikoa irekitzeari buruzko Agindua onartu du gaur.

Deituriko dirulaguntza hauen zenbateko osoa 7.537.005 eurokoa da. Jasotzaileak zerotik hiru urtera bitarteko Haur Eskoletako titularrak diren Euskal Autonomia Erkidegoko Udalak izango dira, beti ere, aipatutako eskolak mantentzeak eragindako gastuak finantzatzearren.

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

DROGA-MENDETASUNEN ARLOKO AURREZAINTZA, LAGUNTZA ETA GIZARTERATZEARI BURUZKO LEGEA ALDATZEKO PROIEKTUA ONARTU DU JAURLARITZAK

Legea, droga-mendekotasunen arloko prebentzio, laguntza eta gizarteratzeari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzeko dena.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak droga-mendetasunen arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzko 18/1998 Legea aldatzeko proiektua onartu du, tabakoaren kontsumoarekin lotutako gai orori dagokionez.

Aldaketaren funtsezko elementua –Droga-mendetasunei buruzko Legeari eragiten dion hirugarrena– erabilera publikoko gune itxi guztietan eta lokal itxi batetik kanpo dauden eremu guztietan, hots, azaleraren % 50 baino gehiago sabaiez edo hormez estalita dauden eta aire-korronte handia ahalbidetzen ez duten eremu guztietan erretzea debekatzea da. Aldaketa horrek tabakoaren alorreko antolamenduaren egiturazko elementuei ere eragiten die, hau da, tabakoaren publizitateari eta sustapenari, salmentari eta hornidurari, kontsumoari eta zehapen-erregimenari.

Tabakoaren alorreko Ikuskapena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko ikuskapen-unitateei (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) dagokie, eta unitate horiek beren ohiko eginkizunez gain honako eginkizun hauek beteko dituzte: ikuskapena eta tabakoaren sustapenari, publizitateari, salmentari eta kontsumoari dagokionez Legean azaltzen diren aurreikuspenak betetzen ote diren zaintzea.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartuko ditu zehapen-izapide guztiak legea betearazteko. Era berean, Legea ez betetzeagatik jartzen diren zehapenen ondorioz biltzen den diru guztia droga-mendetasunen aurrezaintzarako estrategiak garatzeko erabiliko da.

Legea aldatuz Jaurlaritzak lortu nahi duen helburua zera da, herritar guztien osasuna babestea, bereziki ostalaritzako profesionalena eta leku horiek partekatzen dituzten adingabeena. Eta pertsuasioz eta konbentzimenduz egin nahi du, gainera. Jaurlaritzak ez ditu eskubideak mugatu nahi, ezta ohitura pribatuetan sartu ere, baizik eta modu positiboan jardun nahi du, tabakoaren ohiturarekin jarraitzea erabaki dutenek ez urratzeko gainerako herritarren eskubideak eta osasuna.

Lege berri horri esker Euskadi herritarren osasuna modu aktiboan zaintzen duten erkidegoen eta herrialdeen abangoardian egongo da, hau da, gune publikoak benetako topagune izango diren eta tabakoa dela medio inor kaleratzen ez duten herrialdea izango da Euskadi.

 Gizarteari entzutea

Aurreproiektua egiteko, euskal gizarteak esateko duena entzun du Jaurlaritzak. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak batzorde tekniko bat izan du, espresuki sorturikoa tartean sartutako eragile guztien presentzia eta aholkularitza errazteko. Batzorde horretan gai honen inguruan interesa duten elkarteek hartu dute parte, hala nola ostalaritza-enpresaburuak biltzen dituzten elkarteek edo publizitatearen eta banaketaren ordezkariek, baita Tabakismoaren prebentziorako Euskal Herriko Sozietatearen ordezkariek ere.

Era berean, proiektua CCOO, UGT, ELA eta LAB sindikatuei eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorra osatzen duten sail guztiei bidali zaie, baita Osalani ere, proposamenak egin ditzaten. Era berean, ekimenaren eremuan eskumenak dituzten administrazioei ere egin zaie kontsulta, Foru Aldundiei, Udalei eta Eudeli, esate baterako

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak uztailaren 12tik 14ra bitarte 1.200 herritarri egin zien inkestan egiaztatzen da inkestatutako % 61 erretzea debekatzearen alde zegoela.

% 53k esan zuen erabat ados zegoela jatetxeetan erretzea debekatzearekin; % 16k “ados samar zegoela” eta soilik % 15ek aitortu zuen guztiz kontra zegoela. Era berean, inkestatuen % 45ek adierazi zuen ados zegoela tabernetan, kafetegietan, pubetan eta diskoteketan erretzeko debekuarekin; % 16k adierazi zuen “ados samar zegoela” eta % 19 aurka zegoen.

Ehuneko horiek are nabarmenagoak izan ziren lantokietan “tabakoari gerra” egiteari buruz zuten iritzia galdetu zitzaienean. % 67k esan zuen guztiz ados zegoela; % 14k ados samar zegoela adierazi zuen eta soilik % 7 zegoen debekatzearen aurka.

Erretzeko debekua:

Oro har, debekatuta dago erretzea erabilera publikoko gune itxi guztietan, eta lokal itxi baten kanpoaldean kokatuta eta azaleraren % 50 baino gehiagotan teilatu batez edo hormez estalita dauden eta aire-korronte handirik ez duten eremu guztietan.

a) Lantokietan –publiko zein pribatuak–, aire zabaleko guneetan izan ezik.
b) Herri-administrazioen eta zuzenbide publikoko erakundeen zentroetan eta bulegoetan.
c) Osasun- etxe, zerbitzu eta establezimenduetan, baita erantsitako eremu itxi, erdi itxi eta aire zabalekoetan ere.
d) Ikastetxeetan eta prestakuntza-etxeetan, ikasleen adina eta irakaskuntza mota alde batera utzita, baita erantsitako eremu itxi, erdi itxi eta aire zabalekoetan ere.
e) Kirol-instalazioetan eta ikuskizun publikoak egiteko erabiltzen diren lekuetan, aire zabalekoetan izan ezik.
f) 18 urtetik beherako aisialdi-, olgeta- eta ikuskizun-arloetan, baita aire zabalekoetan ere, haur-parkeetan bereziki.
g) Jendea zuzenean artatzeko eremuetan.
h) Merkataritza-guneetan –azalera handiak eta galeriak barne–, aire zabaleko guneetan izan ezik. Tabernetan, jatetxeetan eta horien barruan kokatutako ostalaritzako eta sukaldaritzako gainerako establezimenduetan, eta gainerako dependentzietatik aparte daudenean, ezin izango da erre.
i) Hoteletan, ostatuetan eta antzeko establezimenduetan, aire zabalekoetan izan ezik.
j) Tabernetan, jatetxeetan eta sukaldaritzako gainerako establezimenduetan, itxiak edo erdi itxiak direla ere.
k) Aisialdi- edo olgeta-etxeetan, aire zabalekoetan izan ezik.
l) Gizarte-laguntzako zentro, ostatu eta bestelako establezimenduetan, aire zabalekoetan izan ezik.
m) Kultura-etxeetan, irakurketa-aretoetan, erakusketa-aretoetan, liburutegietan, hitzaldietarako aretoetan eta museoetan.
n) Antzokietan, zinema-aretoetan eta gune itxietan edo erdi itxietan egiten diren ikuskizun publikoko beste batzuetan.
o) Dantzalekuetan, joko-establezimenduetan edo erabilera publikoko aretoetan, aire zabalekoetan izan ezik.
p) Jakiak egiteko, eraldatzeko, prestatzeko, dastatzeko edo saltzeko arloetan edo establezimenduetan.
q) Igogailuetan eta jasogailuetan.
r) Telefono-kabinetan, leku itxietako kutxazain automatikoetan eta beste leku txiki itxi edo erdi itxietan. Esparru txikitzat jotzen da bost metro karratukoa baino txikiagoa dena.
s) Autobus-geltokietan, erabat aire zabalean dauden guneetan izan ezik, hiri-barruko eta hirien arteko garraio kolektiborako ibilgailuetan edo garraiobideetan, enpresako garraio-ibilgailuetan, taxietan, anbulantzietan, funikularretan, teleferikoetan eta antzekoetan.
t) Edozein motatako garraiobide pribatutan, barruan adingabekoak daudenean.
u) Hiri azpiko garraioko gune guztietan (bagoi, anden, korridore, eskailera, geltoki, eta abar), erabat aire zabalean daudenetan izan ezik.
v) Geltokietan eta trenbide- zein itsas- garraiobideetan (aire zabaleko guneetan izan ezik).
w) Aireportuetan, aire zabaleko guneetan izan ezik
x) Gasolindegietan eta antzekoetan.
y) Beste edozein lekutan, baldin eta erretzea debekatzen bada lege honek edo beste edozein arauk aginduta edo titularraren erabakiz.

Salbuespen gisa, erretzaileentzako guneak gaitu ahal izango dira, osasun-arrazoiak edo zehapenak betetzeko arrazoiak direla medio, zenbait gune itxitan egon behar duten pertsonentzat, betiere Droga Gaietako Zuzendaritzari baimena eskatzen badiote.

Zehatzeko eta ikuskatzeko eskumenak

Honako hauei dagokie tabakoaren arloko ikuskapena egitea:

• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko ikuskapen-unitateek beren ohiko ikuskapen eginkizunez gain honako hau gauzatu beharko dute: tabakoaren sustapenari, publizitateari, salmentari eta kontsumoari dagokionez lege honetan azaltzen diren aurreikuspenak betetzen ote diren zaintzea.
• Euskal Autonomia Erkidegoko polizia, Ertzaintza nahiz Udaltzaingoa halakotzat hartuta.

Honako hauei dagokie zehatzeko eskumena tabakoaren arloan:

• Droga-mendetasunen alorrean eskumena duen sailaren Lurralde Ordezkariei arau-hauste arinak ez betetzeagatik zehatu behar direnean:
o Tabakoa saltzeko baimena duten establezimenduetan eta tabakoa kontsumitzea debekatuta dagoen lekuetan kartelik ez izatea.
o Ohar sanitariorik ez izatea tabakoa saltzeko makinetan
o Adingabeek tabakoa saltzea
o Debekatuta dagoen lekuetan erretzea eta erretzeko baimena ematea

• Droga Gaietako Zuzendaritzari arau-hauste larriengatik:
o Geruza naturalik gabeko tabako-gaiak merkaturatzea, saltzea eta banatzea, banaka edo 20 ale baino gutxiagoko paketetan.
o Merkataritza-jarduera bat gauzatzean tabako-laginak ematea, hornitzea edo banatzea eta tabakoa deskontuarekin saltzea.
o Tabakoa saltzeko makinen erabilerari, kokapenari, ezaugarriei, erregistroari eta abarri dagokion oro.
o Adingabeei tabakoa saltzea
o Tabakoa saltzea zuzeneko salmenta pertsonalaren bidez edo makinak saltzeko makinen bidez ez den beste metodo baten bitartez.

• Jaurlaritzaren Kontseiluari arau-hauste oso larriengatik:
o Tabakoaren arloko publizitatearekin eta sustapenarekin lotuta dagoen oro.


 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

BASOEN OSASUNAREN MAHAIARI ARGI BERDEA EMATEN DION DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Baso Osasuneko Mahaia sortu eta arautzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du Basoen Osasunaren Mahaia sortu eta arautzen duen dekretua. Nekazaritzako EAEko administrazioek eta basozaintzaren sektoreak berak osatuko dute, horiek ordezkatzeko organoen bidez.

Pilar Unzaluk zuzentzen duen sailak egindako dekretuan, xede nagusiak hauek izango dira: izurri eta gaixotasunei aurre egiteko jardute-lerroak zehaztea eta arautzea eta landareen osasunerako arloan garatuko diren ikerketa-lerro nagusiak finkatzea. Bere eskumenen artean sartuko dira egungo kontrol-metodoen ebaluazioa eta beste geografiagune batzuetan esparru horretan egiten ari den lana ezagutzea.

Dekretuko helburuen artean daude: basozaintzako osasun-politikak gauzatzea eta horrela izurriei eta landareen osasuneko beste arazo batzuei aurre egitea; basozaintzaren jardunean berrikuntzak egitea; basozaintzako teknikak aplikatzea; genetikoki hobetutako landareak eta gaixotasunei aurre egin diezaioketenak erabiltzea; edo landare-osasunerako tratamenduak egitea.

Testua lantzean, honako hauek hartu dute parte: Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foru aldundiak, Neiker-Tecnalia, Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundea eta Zuraren Sektore arteko Mahaia.

 

KULTURA SAILA

JAURLARITZAK 50.000 EURO ERABILIKO DITU IKUS-ENTZUNEZKO EDUKIAK EUSKARRI BERRIETAN SORTZEKO

Agindua, ikus-entzunezko edukiak euskarri berrietan sortzeko eta ekoizteko laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak ikus-entzunezko edukiak euskarri berrietan sortzeko eta ekoizteko laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Aginduak 50.000 euroko hasierako aurrekontua jasotzen du. Aginduaren bitartez informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien erabilera bultzatu nahi da, berrikuntza teknologikoa lagunduko duten hizkuntza, eduki eta euskarri berrien bidez.

Agindu honen xedea da 2010an hasi diren edo hasiko diren eta 2011ko abenduaren 31rako garatuta egongo diren ikus-entzunezko edukiak euskarri berrietan (hala nola, Internet, telebista digital, kontsola, gailu eramangarri, euskarri optiko eta abarretan) sortzeko nahiz produzitzeko eta eduki transmedialak (hainbat bitarteko eta kanal teknologikoren bidez transmiti, birtransmiti, garraia eta bana daitezkeen edukiak) sortzeko eta ekoizteko, 2010. urtean emango diren diru-laguntzen araubidea ezartzea.

Deialdian ezarritako laguntzen gehienezko zenbatekoa guztira 50.000 eurokoa da, nahiz eta gehitzerik ere izango den, lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan. Diru-kopuru horretatik, %30 arte gordeko da euskarazko bertsioa duten edota garatutako edukiei begira euskara hizkuntza funtzionaltzat eta erabilgarritzat duten proiektuetarako.

 

LIBURUA ETA IKUS-ENTZUNEZKOEN EKOIZPENAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK ONARTU DIRA

Kulturako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak bi agindu onartu ditu: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan liburua sustatu eta zabaltzeko kongresuak, hitzaldiak eta kultur ekintzak antolatzeko diru-laguntzak arautzeko eta horretarako deia egiteko, eta, bestetik, fikziozko eta animazioko film luzeen eta sortze-dokumentalen publizitate eta sustapenaren aldeko diru-laguntzak arautzeko.

Kultura Sailak, kontuan hartuz liburua kultura zabaltzeko funtsezko bitarteko dela, bere laguntza eskaintzen du, lehenengo kasuan, liburu-arloarekin lotura zuzena izan eta beren jarduerak Europar Batasuna edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean garatu eta egoitza ere bertan duten pertsona juridiko pribatuei, liburugintzaren kolektibo profesionalen gai espezifikoei buruzko kongresuak, hitzaldi-zikloak, mahai-inguruak eta liburua sustatu eta zabaltzeko jarduerak antolatzeko, bai eta liburua sustatzeko eta zabaltzeko kultur jarduerak antolatzeko ere. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira bai literatur sariak bai aldizkarien edizioak. Edizioei dagokienez, onartu egingo dira literatura eta liburua sustatzeko jarduera orokorraren baitan lagungarri gisa sortutako argitalpenak.

Laguntza hauetarako gehienezko aurrekontua 60.000 eurokoa da. Diruz laguntzen diren jarduerak 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gauzatuko dira.

Ikus-entzunezkoen ekoizpenak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Europar Batasunean zabaltzeko eta merkaturatzeko helburuz sustapena eta publizitatea bultzatzeari dagokionez, eta Euskal Herriaren kultur nortasuna babesteko eta haren berri emateko, gero eta globalagoa den merkatuan, onartu den aginduak honako lanak aipatzen ditu: 2009ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Euskadiko areto komertzial batean estreinatu diren fikziozko eta animazioko film luzeak eta sortze-dokumentalak.

Deialdian ezarritako laguntzen gehienezko zenbatekoa guztira 250.800 eurokoa da, nahiz eta gehitzerik ere izango den, lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan. Diru-kopuru horretatik, %30 arte gordeko da euskara jatorrizko hizkuntza duten ekoizpenen artean banatzeko, hizkuntza horretako ekoizpena sustatzeko pizgarri moduan.

Laguntzak eskuratzeko honako baldintzak bete behar dira: pertsona juridiko pribatu independenteak izatea, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izatea, laguntza jasoz gero Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izateko konpromisoa hartzea, eta alta emanik egotea ikus-entzunezko ekoizle independente gisa Kultura Ministerioaren Zine eta Ikusentzunezko Arteen Institutuko Zinematografia eta Ikusentzunezko Enpresen Administrazio Erregistroan (ICAA), edo aukeran Eusko Jaurlaritzan sor litekeen erregistroan.