2010/09/28 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
HASIERAKO LANBIDE PRESTAKUNTZAKO PROGRAMEN PRESTAKUNTZARAKO DIRULAGUNTZAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK ETA HONEN ERAKUNDE AUTONOMOEK PREZIO PUBLIKOEN BIDEZ ORDAINDU DITZAKETEN ZERBITZU ETA JARDUNAK ZEHAZTEN DITUEN DEKRETU PROIEKTUA
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
JAURLARITZAK EUSKAL Y-AREN BESTE BI TARTE LIZITATUKO DITU, 233 MILIOI EUROAN
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
ESKUBIDE EKONOMIKO ETA SOZIALETAN ETA POLITIKA PUBLIKOETAN NAZIOARTEKO DIPLOMATURA ABIAN JARTZEKO HITZARMENA
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
ONARTU DUTE GUARDIAKO LURRALDE-PLAN PARTZIALAREN 1. ALDAKETA. PLAN HORI NEKAZARITZAKO ERAIKUNTZEN ETA UPELTEGIEN ARAUTZEARI BURUZKOA DA
GOBERNU KONTSEILUAK 3.700.000 EUROKO LAGUNTZA ZUZENA ONARTU DU ZURAREN SEKTOREARTEKO MAHAIRAKO
KULTURA SAILA
1.365.000 EURO EUSKARAZKO ZINEMATOGRAFIA ETA IKUS-ENTZUNEZKOA SUSTATZEKO
UNIBERTSITATEEKIKO HITZARMENAK EUSKAL HIZKUNTZA ETA KULTURA EZAGUTZERA EMATEKO
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

HASIERAKO LANBIDE PRESTAKUNTZAKO PROGRAMEN PRESTAKUNTZARAKO DIRULAGUNTZAK

Agindua, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programen Prestakuntza Praktikoaren Fasea (PPF) egin izanagatiko laguntzak emateko deitzen dituena

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programen Prestakuntza Praktikoaren Fasea (PPF) egin izanagatiko laguntzak emateko deitzen dituen agindua, 2009/10eko aldian.

Dirulaguntza hauen zenbateko globala 450.000 eurokoa izango da eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programen barruko Lantokian Trebatzeko Moluluan parte hartzen duten ikasleek, enpresek edo lantegiek jaso ahal izango dituzte.
 

 

 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK ETA HONEN ERAKUNDE AUTONOMOEK PREZIO PUBLIKOEN BIDEZ ORDAINDU DITZAKETEN ZERBITZU ETA JARDUNAK ZEHAZTEN DITUEN DEKRETU PROIEKTUA

Proposatutako Dekretu proiektuaren bidez aurreko 161/1998 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta honen erakunde autonomoek prezio publikoen bidez ordaindu ditzaketen zerbitzu eta jardunak zehazten dituena ordezkatuko da. Proiektu honetan Sailen izenak eta prezio publikoen bidez ordaindu daitezkeen gaiak eguneratzen dira. Dekretu berriarekin honako aldaketa hauek txertatzen dira:

- Testu liburuak erabiltzearen jarduna zabaltzen da, beste material kurrikular batzuk gehitzen direlarik.

- Argitalpenen edizioa metatzen da Argitalpen Zerbitzu Zentralean, gai honen prezio publikoak hobeto kudeatu eta kontrolatzeko.

Prezio publikoen bidez ordaindu daitezkeen gaien artean honako hauek topa daitezke: mintegien matrikulak, Jaurlaritzako sailek antolatutako zenbait ikastaro edo jardunaldi, dokumentazioaren itzulpen eta aholkularitza zerbitzuak.

Dekretu honetan islatzen diren berrikuntzek ez dakarte presio fiskala handitzerik. Arautegiaren egokitzapena da diru-sarrera publiko hauen kudeaketa hobetzeko.
 

 

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

JAURLARITZAK EUSKAL Y-AREN BESTE BI TARTE LIZITATUKO DITU, 233 MILIOI EUROAN

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide sare berriko Plataforma (Tartea: Bergara - Bergara) eraikitzeko obrak egiteko 5.000.000 milioi euro baino gehiagoko kontratua egiteko baimena emateko.

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide sare berriko Plataforma (Tartea: Antzuola - Ezkio Itsaso II ekialde) eraikitzeko obrak egiteko 5.000.000 euro baino gehiagoko kontratua egiteko baimena emateko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak euskal y-aren beste bi tarte lizitatzeko prozesua hastea onartu du.

Antzuola – Ezkio Itsaso II ekialdea eta Bergara-Bergara. Lehenengo tarterako 133 milioi euroko lizitazio-aurrekontua dago (133.049.806) eta 63 hilabeteko epea obrak egiteko; bigarrenerako berriz, 100 milioi euro (100.654.321) eta 63 hilabeteko epea.

Bergara- Bergara

Bergara – Bergara tarteak Bergara udalerrian zehar egingo du bide osoa. Trazadurak guztira 3.159 metroko luzera izango du.

Bereizgarri nagusia Deba ibaiaren eta AP-1 autobidearen gaineko zubia izango du. Zubia Gipuzkoako adarreko garrantzitsuena izango da, 900 metro luzera eta 90 metroko altuerakin. Zubia, esan bezala, Deba ibaiaren, AP 1 Maltzaga-Gasteiz autobidearen eta bide zaharraren gainetik igaroko da. Zubiak eragingo duen begi-inpaktua txikitzeko, hormigoiz egin ordez, metalez egingo da.

En el estribo 2 de este viaducto se produce el entronque con el tramo posterior; Bergara-Antzuola.

Antzuola – Ezkio II, Este

Tarte horrek Urretxu eta Zumarraga zeharkatzen ditu; 3,47 km-ko luzera dauka, eta ia bide osoa bi hodiko tunel baten zehar egingo du.

Zumarragako tunelak esaten zaie; ekialdeko ardatzak 2.8 Km-ko luzera hartzen du, eta mendebaldekoak, 2.5 Km-koa.

Tarte hau alde batetik Antzuola-Ezkio tartearen mendebaldeko zatiarekin lotuko da, eta bestetik Ezkio Itsaso tartearekin, geltokia hartuko duen tartearekin, alegia.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

ESKUBIDE EKONOMIKO ETA SOZIALETAN ETA POLITIKA PUBLIKOETAN NAZIOARTEKO DIPLOMATURA ABIAN JARTZEKO HITZARMENA

Erabakia, Taller para los Derechos Humanos y el Desarrollo ¿ Garapen Bidean Elkartearekin lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena emateko dena. Helburua: Ekonomia, Gizarte eta Kultur Zuzenbideetan eta Politika Publikoetan espezializatzeko Nazioarteko Diplomatura martxan jartzea.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak hitzarmen bat onartu du, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturaletan eta Politika Publikoetan Espezializatzeko Nazioarteko Diplomatura abian jartzeko.

Hitzarmenak 183.000 euroko zenbatekoa dauka, eta Asociación Taller para los Derechos Humanos y el Desarrollo–Garapen Bidean erakundearekin sinatu da; izan ere, ibilbide luzea baitauka antzeko tituluetarako prestakuntza ematen, eta, besteak beste, OIT eta PNUD nazioarteko erakundeen sostengua baitauka.

Diplomatura horren helburua da giza eskubideen eta politika publikoen nazioarteko zuzenbidea —batez ere garapen-lankidetzako eta ekintza humanitarioko politika— hobeto ulertzen laguntzea, zuzenbidezko estatu sozialaren oinarri gisa.

Diplomatura erdi-presentziala da, zati bat online egiten baita eta bi aldi presentzial baititu: Lehenengo astean prestakuntza-eskolak eta tailer praktikoak izaten dira, eta horiek Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean emango dira, Donostiako Aieteko Jauregian; bigarren zatian bi aste igaroko dira erakunde publiko batean, nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeetan, NBEren sistemako agentzietan, lankidetzarako gobernu-erakundeetan eta antzekoetan.


Hegoarekiko hitzarmena

Bestalde, gobernuak hitzarmen baten sinadura onartu du, baita ere, Nazioarteko Lankidetzari eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuarekin, Euskadin giza garapenaren eta lankidetzaren inguruko prestakuntza, ikerketa, dokumentazio eta planifikaziorako dauden baliabideak sendotzeko, EHUeko Hegoa institutuaren dokumentazio-zentroa eta master ofizialak sustatzearen bitartez.

997.000 euroko kopurua duen hitzarmen hori sinatuta, nazioarteko lankidetzaren sektoreari behar diren baliabideak eman nahi zaizkio, ikuspegi horiek osatzen dituzten dimentsioen konplexutasuna eta aniztasuna aztertzeko. Horretarako hiru jarduera-eremu nagusi jorratuko dira:

-Giza Garapenean eta Iraunkortasunean eragiten duten arazoen konplexutasunari eta aniztasunari buruzko gaitasunak dituzten pertsonak prestatzea da, genero ikuspegitik eta diziplina anitzeko ikuspegitik.

-Oinarrizko ikerketa espezializatua indartzea, Nazioarteko Garapenaren eta Lankidetzaren etengabeko aldaketa eta beharrizanei erantzunak emateko.

-HEGOAren Dokumentazio Zentroa indartzea, zerbitzuen eta garapenari eta nazioarteko lankidetzari buruzko gaien inguruko jakintzari eta ikaskuntzari laguntzeko erakundea izan dadin; horretarako, informazio eta dokumentazio eguneratua eta kalitatezkoa lortzen lagunduko da.

HEGOA Institutuak urte ugari daramatza nazioarteko lankidetzarako eta garapenerako erreferentzia-zentroa izaten, eta azterketa kritikoak egiten ditu Giza Garapenaren erreferentziazko esparru teorikotik. HEGOA Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) parte da, eta horrek zerbitzuen eta baliabideen independentzia eta kalitatea bermatzen die gizarte-eragileei. Horrez gain, zuzeneko harremana dauka Espainiako eta nazioarteko Institutu eta unibertsitateekin, baita garapenaren eta nazioarteko lankidetzaren ikerketarekin lotutako estatuko eta nazioarteko hainbat sarerekin ere.
 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

ONARTU DUTE GUARDIAKO LURRALDE-PLAN PARTZIALAREN 1. ALDAKETA. PLAN HORI NEKAZARITZAKO ERAIKUNTZEN ETA UPELTEGIEN ARAUTZEARI BURUZKOA DA

Dekretua. Honen bidez, Guardiako (Arabako Errioxa) Eremu Funtzionalaren Lurraldeko Zati-planaren aldaketa; nekazaritzarako eraikinak eta upategiak arautzeari buruzkoa, behin betiko onartzen da

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran eman dio behin betiko onespena Guardiako (Arabako Errioxa) Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren (LPP) lehen aldaketari. Plan horren helburua da upeltegiak erregulatzeko araudia (lurzoru ez-hiritargarria mantendu eta babestera zuzentzen da) eskualdeko ardo-sektorearen egoera sozio-ekonomikora eta funtzionamendura egokitzea.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluk proposatutako dokumentu hau onartzeak hainbat aldaketa eragiten ditu 2004ko dekretu bidez onartu zen LPPean, eta helburua da upeltegien lurraldeko ezarpena moldatzea, lurzoru ez-hiritargarrian upeltegiak ezartzeko baldintzak bete eta ardo-jardueraren garapena eta horren beharrak lurraldearen baldintza naturalak eta paisaia- eta ingurumen-berezitasunak mantentzearekin bateratzeko.

Horrez gain, paisaia babestearen inguruko alderdiak sartzen ditu, hala nola eraikinak ingurunera egokitzea, Kantabriako mendiak zaintzea +600m kotaren gainetik upeltegiak debekatuta, pabiloi errepikakorrak ez erabiltzea, eta lurzoru ez-hiritargarrian beste nekazaritza-eraikuntza batzuen ezarpena arautzea.

Aldaketak ez ditu jarduera zehatzak planteatzen, jarduera horiek modu konpentsatuan, udalerri bakoitzaren beharren arabera eta ingurunea ahalik eta gehien errespetatuta burutzen direla bermatzeko irizpideak ezartzen ditu soilik.

Upeltegiak kokatzeko proiektuak xehetasunez aztertu beharko dira kasu bakoitzean eta, ondoren, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egingo zaie. Edonola ere, indarrean dagoen udal hirigintza-antolamendua aldaketa honetan ezarritakoaren arabera egokitu beharko da, gehienez ere, indarrean sartzen denetik kontatzen hasita bi urteko epean.

Plan honek, eta ondorioz, onartutako aldaketak, Mañueta, Eltziego, Kripan, Labastida, Guardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Moreda Araba, Navaridas, Oion, Samaniego, Uriona eta Iekora udalerriak biltzen dituen area funtzional osorako antolamendua ezartzen du.
 

 

GOBERNU KONTSEILUAK 3.700.000 EUROKO LAGUNTZA ZUZENA ONARTU DU ZURAREN SEKTOREARTEKO MAHAIRAKO

Erabakia, Euskadiko Zur Mahaia libre uzten duena, zuzeneko diru-laguntza eskuratu ahal izateko berme erreala jarri behar izatetik.

Gaurko bileran, Gobernu Kontseiluak Zuraren Sektorearteko Mahaiari 3.700.000 euroko laguntza zuzena ematea onartu du, Klaus eta Xynthia zikloiek basoan eragindako izurriteen eta gaitzen arazoak saihesteko ekintzetarako.

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak hitzarmen bat sinatzeko proposatu zuen, eta hitzarmen horren bidez, Zuraren Sektorearteko Euskadiko Mahaiak hainbat ardura izango ditu, besteak beste, arloa garatzeko eta bilakarazteko aitzindari-lanak egitea, ekonomia-behatoki modura aritzea, etorkizuneko joerak aztertzea, eta basoko produktuak sustatzea. Bada, Gobernu Kontseiluak, laguntza honen bidez, hitzarmen horri atea zabaltzea egin du.

Dirulaguntza honek, gainera, lehen arloak ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik daukan jarduera emankorrenetako bat indartuko du. Euskal basoak hainbat zeregin betetzen du, gizartean, ekologian eta ekonomian, eta, arrazoiz kudeatzen eta ustiatzen baldin badugu, negutegi-efektua berdintzen lagunduko digu, uraren kalitatea hobetzen, haizea garbitzen eta lur-galera ekiditen.
 

 

KULTURA SAILA

1.365.000 EURO EUSKARAZKO ZINEMATOGRAFIA ETA IKUS-ENTZUNEZKOA SUSTATZEKO

Erabakia, Kultura Ministerioarekin lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena emateari buruzkoa. Helburua: gaztelera ez den hizkuntza koofizial batean egindako industria zinematografiko eta ikus-entzunezkoaren ekoizpen, banaketa eta promozioa sustatzea

Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki du lankidetza-hitzarmen bat sinatzea Kultura Ministerioarekin, gaztelania ez beste hizkuntza koofizialetan egindako zinematografiaren eta ikus-entzunezkoaren industria ekoizteko, banatzeko eta sustatzeko. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1.365.000 euro jasoko ditu euskarazko zinematografia eta ikus-entzunezkoa sustatzeko, Kultura Ministerioaren hizkuntza koofizialen funtsaren kargura. Diru-kopuru hori iazkoa halako bi da.

Zineari buruzko Legeak laguntza edo kredituen funts bat ezartzen du, zinematografian eta ikus-entzunezkoetan gaztelania ez beste hizkuntza ofizialen erabilera bultzatzeko eta zaintzeko, Espainiako kultur aniztasuna sustatuz eta ikus-entzunezkoaren alorreko adierazpide eta zabalkundeari dagokienez lurralde bakoitzeko hizkuntza berezkoaren aukera-berdintasuna helburu. Laguntza horiek oso-osorik eskualdatzen dira autonomia-erkidegoetako organo eskudunetara, haiek kudeatzen baitituzte tokian tokiko eskumenen arabera.

Behin beharrezko doikuntzak egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1.365.000 euro jasoko ditu Kultura Ministeriorik, ICAA-Zine eta Ikusentzunezko Arteen Institutuaren bitartez, euskarazko zinematografia eta ikus-entzunezkoa sustatzeko. Laguntza hori, zehazki, euskarazko zinematografiaren eta ikus-entzunezkoaren industria ekoizteko, banatzeko, erakusteko eta sustatzeko erabiliko da.
 

 

UNIBERTSITATEEKIKO HITZARMENAK EUSKAL HIZKUNTZA ETA KULTURA EZAGUTZERA EMATEKO

Eusko Jaurlaritzak gaurko saioan bertako nahiz atzerriko hainbat unibertsitaterekin hitzarmenak sinatzea onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta unibertsitatearen arteko lankidetza bultzatzeko eta horrela euskal hizkuntza eta kultura bere eremuaz haratago ezagutarazteko, beste herrialde batzuek gure kulturako alderdi esanguratsuen ezagutza handitu eta horretan sakondu ahal izan dezaten.

Hitzarmen horien bitartez, erakundeek unibertsitate bakoitzean Euskara eta euskal kulturako lektoretza bultzatzeko konpromisoa hartzen dute. Diziplina horren irakaskuntzaz arduratuko da, baita hura ezagutaraztea helburu duten hedatzeko eta sustatzeko jarduerak antolatzeaz ere.
Unibertsitateak eta laguntzak honakoak dira:

- Universidad Iberoamericana A.C. (Mexiko) (16.300 euros)
- Universidad Iberoamericana Puebla (Mexiko) (6.700 euro)
- Instituto Tecnológico y de Estudios Superiores de Monterrey (ITESM) (14.800 euro)
- Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (15.000 euro)
- Berlineko Freie Unibertsitatea (26.100 euro)