2010/11/02 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Gobernu Kontseiluak Autobabeserako Euskal Araua onartu du
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Ikertzaileen hobekuntzarako eta beren mugikortasuna errazteko programen deialdia
Irakasle egonkor gehiago euskal irakaskuntza publikoan
200.000 euroko dirulaguntza egonaldi laburretarako
Prona Plana
60.000 euro Jakiunderentzat
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Jaurlaritzaren kontseiluak baiezkoa eman dio babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioei buruzko aginduari
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Esne eta esnekien hornidurarako 2010/2011 ikasturterako dirulaguntzen deitzea
Itsas garraio eta arrantza ikerketa beketarako 150.000 euro banatu dira 2010/2011 ikasturtean
KULTURA SAILA
780.000 euro Kultura Bonoetan
HERRIZAINGO SAILA

GOBERNU KONTSEILUAK AUTOBABESERAKO EUSKAL ARAUA ONARTU DU

Dekretua, larrialdi-egoerei aurre egiteko jarduera, zentro edo establezimendu jakin batzuei eska dakizkiekeen babes-betebeharrak arautzeko dena.

Gobernu Kontseiluak "Autobabeserako Euskal Araua" izenekoa onartu du gaur, asteartea, azaroak 2. Arau horrek larrialdi egoerak eragin ditzaketen jarduerak egiteko bete beharreko autobabeserako neurriak eta horien mantentzea erregulatuko ditu. Jarduerak egiten dituzten titularrei (pertsona zen instituzio) eragingo diete neurriek.

Arau berria Larrialdi Lege berriaren garapenaren baitan jasota dago eta Estatu mailan arautzen duen Oinarrizko Arauaren xedapenak osatuko ditu. Arrisku-mailaren arabera autobabeserako planak izatera derrigortuta dauden EAEko zentro, establezimendu, espazio edota instalazioen erregistro orokor bat osatzeko oinarriak jasotzen dira Arauan.

Testu arauemaile berriak honako jarduerak arautuko ditu, besteak beste: produktu kimiko zehatz batzuk erabiltzen edo ekoizten dituzten prozesu industrialak, lehergaien manipulazioa, produkzioa eta biltegiratzearekin zerikusia duten prozesuak edota instalazio nuklearrekin eta erradioaktiboekin lotura dutenak. Halaber, jolaserako ekintzak zein ikuskizun publikoak hartzen dituzten barrutiek, osasun zentroek eta laborategiek, adineko zein minusbaliatuentzako egoitzek, ikastetxeek eta abarrek ere Araua bete beharko dute.

Arauak jarduera horiek jaso eta katalogatuko ditu baina, dena dela, beste jarduera, zentro edota establezimendutako titularrek ere borondatez eman ahal izango dute izena erregistroan, beti ere, Araua jarraituta Autobabeserako Plana eginda badute; modu horretan, erregistroan derrigorrez agertzen diren beste titularren erantzukizunak bere gain hartuko dituzte.

Hala, Euskadik autobabeserako neurriak bete behar dituzten zentro eta barrutiei buruzko jardueren lehen katalogo globala izango du. Katalogoan, gainera, jarduera mota eta bere arrisku potentzialak zehaztuko dira. Bestalde, autobabeserako neurriak behar bezala betetzen diren baieztatzeko Administrazio publikoek jarraitu beharreko kontrol-mekanismoak ezarriko dira.

 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

IKERTZAILEEN HOBEKUNTZARAKO ETA BEREN MUGIKORTASUNA ERRAZTEKO PROGRAMEN DEIALDIA

Agindua, ikertzaileak hobetzeko eta mugitzeko programetarako deia egiten duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Agindu bat onartu du ikertzaileen hobekuntzarako eta beren mugikortasuna errazteko programetarako deia egiteko.

240.000 euroko diru-kopuru osoa duten laguntza hauen helburua komunitate zientifiko eta teknologikoa prestigio handiko ikertzaileekin, estatukoekin nahiz atzerrikoekin, harremanetan jartzen laguntzea da, eta baita irakasleen ezagupenak eguneratzea ere, programa moten araberako egonaldien bitartez.

 

IRAKASLE EGONKOR GEHIAGO EUSKAL IRAKASKUNTZA PUBLIKOAN

Gaurko Gobernu Kontseiluak euskal irakaskuntza publikoko plantilla organikoaren gehikuntza onartu du. Honek 1.000 plaza gehiago ditu, 510 maisu-maistren kidegoan eta 490 Bigarren hezkuntzako kidegoetan.

Euskal Funtzio Publikoaren 6/1989 Legeak ondokoa ezartzen du 13. artikuluan: “Euskal Administrazio Publikoek bere barne egiturak arrazoibideratu eta eratu, langilego beharrak finkatu, lanpostuetan jarduteko eskatutako baldintzak zehaztu eta horietako bakoitza sailkatzeko baliabidea dituzte lanpostu zerrendak”. Era berean, Irakasle Kidegoen 2/1993 Legeak lanpostu zerrendak arautzen ditu bere esparruan propioan.

Euskal irakaskuntza publiko plantilla 2006tik hona aldatu gabe zegoen, 17.342 lanpostu zituen, nahiz eta epe horretan ikasleen kopurua %10ean handitu den.

Gaur Jaurlaritzak onartu dituen lanpostuen zerrendetan 9.357 eta 8985 plaza ezarri dira, hurrenez hurren.

Gehikuntza honek egonkortasun handiagoa ematen die argi eta garbi euskal eskola publikoaren irakasleei. Honen ondorioz, 1.000 irakasle gehiagok edukiko dute funtzio publikoak ematen duen egonkortasun osoa.

Hezkuntza sailak Eusko Jaurlaritzari proposatutako gehikuntza hau euskal Funtzio Publikoaren Mahaia Orokorraren akordio eta irakasleriarentzako akordioaren ondorioa da, egonkortasun handiago ekarri die irakasleei, epe laburrean deituko diren Lan Eskaintza Publikoetan plaza gehiago ateratzea ahalbidetuko du eta Lekualdatze Lehiaketetan ere plaza gehiago atera ahal izango dira.
 

200.000 EUROKO DIRULAGUNTZA EGONALDI LABURRETARAKO

Agindua, Ikertzaileak Prestatzeko eta hobetzeko Programeko beken ezarpen-zentroetatik kanpo egonaldi laburrak egiteko dirulaguntzetarako dei egiten duena

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenari jarraituz, gaurko Gobernu Kontseiluak onartu du Ikertzaileak Prestatzeko eta hobetzeko Programeko beken ezarpen-zentroetatik kanpo egonaldi laburrak egiteko dirulaguntzetarako dei egiten duen Agindu bat.

Laguntza horien xedea da honako helburuak dituzten egonaldiak diruz laguntzea: ikerketa-zentroetan edo laborategietan ikerketa-lanak eginez bekadunen prestakuntza hobetzea ikerketa zientifiko eta teknikoaren arloan, ikerketa-proiektuari aplikatzeko teknika berriak ikastea, liburutegi-fondoak eta dokumentu-fondoak kontsultatzea eta bekadunaren prestakuntza zientifiko eta teknikorako onuragarria izan daitekeen beste edozein jarduera burutzea, beti ere jarduerok bekadunaren tesi-proiektuarekin zerikusirik badute
 

PRONA PLANA

Erabakia, Proa (Programa de Refuerzo, Orientación y Apoyo) planari buruz Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin lankidetza-hitzarmenari 2010. urterako Addenda izenpetzeko baimena emateko dena.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, hartu du Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko hitzarmen-eranskin bat baimentzeko erabakia, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeei laguntzeko hainbat programa aplikatzeko (PROA PLANA) 2010. urtean.

 

60.000 EURO JAKIUNDERENTZAT

Erabakia, Jakiunderi zuzeneko diru-laguntza ematekoa. Helburua: 2010. urtean bere helburuak betetzeko jardueren egitura- eta funtzionamendu-gastuak ordaintzea.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, hartu du Eusko Ikaskuntzari 60.000 euroko dirulaguntza emateko erabakia, Jakiunderen, Eusko Ikaskuntzako Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren, gastuak finantzatzeko asmoz.

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

JAURLARITZAREN KONTSEILUAK BAIEZKOA EMAN DIO BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZEN GEHIENEKO PREZIOEI BURUZKO AGINDUARI

Agindua, babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehaztekoa

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztu du gaur babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteko agindua, besteak beste alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen urteko gehieneko errentak, salmentako gehieneko prezioak eta zuzkidura-bizitokiak okupatzeagatiko hileko kanona zehaztuko dituena.

Jaurlaritzaren asmoa da babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak eraikuntzako benetako kostuetara egokitzea eta salgai dagoen etxebizitza mendetasunik gabea izan dadila, baliabide publikoak erabili behar ez dituena, baliabide horiek alokairuko etxebizitza multzo zabal eta egonkorra lortzera bideratzeko, Etxebizitzaren aldeko Itunean adostu zen bezala. Ituna 75 gizarte-erakundek izenpetu zuten: auzokideen elkarteek, kontsumitzaileen elkarteek, familia ugarienek, ekonomia- eta finantza-erakundeek, eta abar.

Halaber, alokairuko gehieneko prezioak beherantz arautuko dira, egungo merkatuaren baldintzetara egokitzeko eta prezio eskuragarriagoak lortzeko. Hori guztia, etxebizitza alokairuan eskuratzeko finantza-ahalegina hura erosteko baino txikiagoa izan dadila lortzeko asmoz, Itun Sozialak ezarritako helburu nagusienetako bat betez.

Oraingo honetan, lehenbizikoz ezarriko zaie prezio ezberdina azalera-eskubideko etxebizitzei eta jabetza osokoei. Gainera, azalera-eskubideko etxebizitzen balio-galera neurtzeko mekanismoak era arautuko dira.

Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 6. artikuluak xedatzen duenez, babes ofizialeko etxebizitzen lehen eta bigarren eskualdatzeetako eta ondorengo eskualdatzeetako gehieneko prezioak dagokion etxebizitzaren edo eranskinaren azalera erabilgarria Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduaren bidez zehaztuko den diru-kopuru batekin biderkatuta kalkulatuko dira, etxebizitza motaren eta etxebizitza dagoen udalerriaren arabera. Prezioei buruzko Aginduek errentamendu-kontratuei aplikatuko zaizkien gehieneko errentak arautiko dituztela ere jasotzen du Dekretuak.

Jaurlaritzaren ustez, aurreko arauditik igarotako denbora ikusita, beharrezkoa da prezio horiek eguneratzea babes ofizialeko etxebizitzen gaur egungo inguruabarrei egokitzeko. Kontuan hartu beharra dago, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoa dela Estatuko etxebizitza librearen preziorik altuena duena, nahiz eta, aldi berean, babestutakoaren eta librearen arteko kopurua txikiena den, Etxebizitza Ministerioak emandako 2010eko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera.

1. Lehenengo egokitzapena azalera-eskubidean eskualdatutako babes ofizialeko etxebizitzen prezioan egingo da, hau da, azken urte hauetan Eusko Jaurlaritzak, oro har, eraikitakoetan. Eraikitako etxebizitza m2 bakoitzeko gehieneko prezioa % 2 igoko da, eraikingintzako arau tekniko berriak aplikatzeak ekarri dituen kostuak gehitzearen (% 0,2) eta 2008ko uztailaren 1etik 2010eko ekainaren 30 bitartean izandako eraikingintza-kostuen gehitzearen ondorioz (% 1,8).

2. Prezio hori zehaztuta, jabetza osoko babes ofizialeko etxebizitzei dagokiena finkatu behar da. Horrela, aurreko zenbatekoari % 10 gehitzea erabaki Jaurlaritzak, lurzoruaren eragin-balioa dela-eta.

3. Oro har alokairura (edo birkokatzeetarako edota alokairurako beste administrazio batzuei saltzeko) bideratuta dauden erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzei (etxebizitza sozialak) % 10 gehituko zaie egun daukaten prezioa, izan ere, prezio horiek oso urruti daude eraikingintza-kostuekiko eta behar bezala balioetsi beharra dago.

4. Erregimen tasatu autonomikoko babes ofizialeko etxebizitzek egungo prezioei eusten diote, babes publikoko etxebizitzen prezio altuen mailan kokatzen baitira. Izan ere, etxebizitza libreen prezioak jaitsi egin dira azkenaldi honetan eta, horren ondorioz, etxebizitza tasatuen eta libreen arteko aldeak ere.

Nolanahi ere, teknika berbera jarraituz, jabetza osoko erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzen prezioa zehazteko gehieneko prezioak % 10 gehituko dira lurzoruaren eragin-balioa dela-eta.

5. Laugarren neurri zuzentzaileari dagokionez, alokairuko errenten portzentajeak aldatu egin dira, salmenta-prezioen aldaketak haiengan izango lukeen eragina leuntzeko. Gehieneko kopuruak etxebizitza merkatuaren egungo beheranzko bilakaerara eta alokairura mugatuko lirateke. Neurri hori Eusko Jaurlaritzak alokairurako merkatuan burutu dituen bitartekaritza-programetan jada aplikatu dituen beste doikuntza batzuekin dator bat.

Azken finean, alokairuaren prezioa eskuragarriagoa izan dadila lortu nahi da, errentariarentzako prezioa berbera izan dadila, sustatzailea edozein dela ere.

Agindu honekin, Jaurlaritzak arrazionalizatu egingo ditu errentak kudeatzeko eta eguneratzeko eragiketa-mekanismoak, kudeaketa azkarragoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Horrela, agindua indarrean jarri ondoren sinatuko diren kontratuetan, kontratua sinatzen den unean bizikidetza-unitateak dituen urteko diru-sarreren arabera finkatuko da errenta, eta automatikoki eguneratuko da, KPI indizearen arabera, kontratuak iraun bitartean edo haren luzapenetan (bost urte arte).

Bost urteko epea amaituta, errentamenduarekin jarraitzeko unean-uneko araudiek ezarritako baldintzak betetzen baditu bizikidetza-unitateak, kontratua berritu ahal izango da, eta errenta egokitu egingo da egiaztatutako diru-sarrerei dagokien portzentajearen arabera.

Errentamenduak iraun bitartean, edozein unetan egiaztatu ahal izango dira bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak. Hasierako errenta finkatzeko aintzat hartutakoak baino sarrera handiagoak egiaztatuz gero, egiaztatutako sarrera horiei dagokien portzentajera egokitu ahal izango da errenta.

6. Euskal Autonomia Erkidegoko araudian lehenbizikoz arautzen dira zuzkidura-bizitokien erabiltzaileek ordaindu beharreko kanonak.

Honako hau izango da, logela bakarreko zuzkidura-bizitokien kasuan, errentariak ordaindu beharreko kanona hilean:

a) Gehienez 15.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 150 euro
b) 15.000 eurotik gorako eta gehienez 21.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 200 euro.
c) 21.000 eurotik gorako eta gehienez 25.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 250 euro
d) 25.000 eurotik gorako eta gehienez 35.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 300 euro
e) 35.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 350 euro.

Honako hau izango da, logela biko zuzkidura-bizitokien kasuan, errentariak ordaindu beharreko kanona hilean:

a) Gehienez 15.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 180 euro
b) 15.000 eurotik gorako eta gehienez 21.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 240 euro.
c) 21.000 eurotik gorako eta gehienez 25.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 300 euro
d) 25.000 eurotik gorako eta gehienez 35.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 360 euro
e) 35.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 420 euro.

Kasu bietan, kanon bakoitzari 60 euro gehituko zaizkio hilean zuzkidura-bizitokiak garajea badauka atxikita.

7. Azalera-eskubideko gehieneko prezioa kalkulatzeko oinarria lehenbizikoz arautuko da, halaber.

Azalera-eskubideko etxebizitzen prezioa kalkulatzeko metodologiak ezinbestean hartu du kontuan aldi baterako izaera duen eskubide horren balioa hutsa izango dela haren indarraldia agortzen denean (Administrazio honen ohiko praktikaren arabera, 75 urtera), eraikitakoaren jabetza osoa azalera-eskubidea laga zuen administraziora itzuliko delarik epe hori igarotakoan.
Horrela bada, urteak igaro ahala etxebizitza mota horien balio-galera neurtzeko mekanismoak arautu dira, amortizazio linealaren teknika erabilita eta kontuan hartuta lehenengo sei urteetan ez dagoela eraikinaren balio-galerarik.

Agindu honetan aurreikusitako babes ofizialeko etxebizitzen salmentako gehieneko prezioak aplikagarri izango dira 2010eko uztailaren 1etik aurrera egindako behin behineko kalifikazio eskabideei, Agindua indarrean sartzean ebatzi gabe daudenei, hain zuzen ere.

Azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen eta eranskinen bigarren eta ondorengo eskualdatzetako salmentako gehieneko prezioak, Agindu honetan ezarritakoak, aplikagarri izango dira Agindua indarrean sartzetik aurrera egindako horrelako etxebizitza eta eranskin guztien eskualdatzeei.

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

ESNE ETA ESNEKIEN HORNIDURARAKO 2010/2011 IKASTURTERAKO DIRULAGUNTZEN DEITZEA

Agindua, 2010/2011 ikasturterako Euskal Autonomi Erkidegoko Ikastetxetako oinarrizko, lehen eta bigarren hezkuntzako haurrentzat, esne eta esneki horniketarako dirulaguntzak deia egiten duena

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2010/2011 ikasturterako Euskal Autonomi Erkidegoko Ikastetxetako oinarrizko, lehen eta bigarren hezkuntzako haurrentzat, esne eta esneki horniketarako dirulaguntzak deitzea onartu du.

Jaurlaritzaren Kontseiluak horrela, Pilar Unzalu, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren ordena berretsi du, zeinen bitartez, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) finantzatuko dituen dirulaguntzak deitzen diren. Ez da diru kopuru zehatzik bideratuko, programa horretan Ordenean finkatzen diren ekintza egiten duen orok jasoko baitu.

Diru laguntzak jasoko dituztenen artean ikastetxeek edo bere ordezkariek, horretarako antolaturiko ikastetxe bat baino gehiagoren ardura duten ordezkariek edo esnekien hornitzaileek eskatu ahal izango dituzte. Benetako hartzaile eta onuradunak ikastetxetako haurrak izango dira.

 

ITSAS GARRAIO ETA ARRANTZA IKERKETA BEKETARAKO 150.000 EURO BANATU DIRA 2010/2011 IKASTURTEAN

Agindua, ItsasMendikoi Pasaian eta Lanbide Heziketako Ondarroako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean itsasoari eta arrantzari buruzko ikasketak egiteko beken deialdia egitekoa

Jaurlaritzaren Kontseiluak egindako gaurko bileran Pasaiako Itsasmendikoi eta Ondarroako Formakuntzarako Arrantza eta Nautika Eskolan ikerketa bekak egiteko 150.000 euro ematea ebatzi du.

Jaurlaritzaren Kontseiluak horrela, Pilar Unzalu, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren ordena berretsi du, zeinen bitartez, Pasaiako (Gipuzkoa) Itsasmendikoi zentroan eta Ondarroako (Bizkaia) Antiguako Amaren itsas Formakuntzarako Arrantza eta Nautika Eskolan garraio eta arrantza ikasketak egiteko dirulaguntza bekak ematea arautzen duen.

Dirulaguntza bekak, gutxieneko 150,25 euro eta gehienezko 2.404,05 euro artekoak izango dira eta erresidentzia, mugikortasun, matrikulazio eta mantenu gastuak ordaintzeko balio ahal izango dute.

 

KULTURA SAILA

780.000 EURO KULTURA BONOETAN

Agindua, "Kultura Bonoa" garatzeari eta sustatzeari buruzkoa

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-2011 Gabonetako kanpainarako ‘Kultura Bonoa’ garatzeko eta sustatzeko Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Horretarako 780.000 euro erabiliko dira, alegia, 52.000 bono saltzeko diru-kopurua.

Euskadiren ekonomia biziberritzeko ekintzak garatzeko Eusko Jaurlaritzak duen egitasmoaren baitan, eta aurreko kanpainan lorturiko emaitza onak ikusirik, Kultura Sailak “Kultura Bonoa - Bono Cultura” programa berritu nahi du, alegia, arte- eta kultura-ekoizpenaren merkatua bultzatzeko ekimena, hain zuzen 2010-2011 Gabonetako kanpainan, Euskadin, aipaturiko kultura-produktu horiek suspertzeari begira.

Euskarri ezberdinetako kultura-produktuen erosketa lagunduko du diruz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, kultura-bono batzuen bidez (52.000). Bonook hautatutako finantza-entitatearen bitartez jarriko dira salgai, eta berorien bitartez erabiltzaileak bere diruaren balioa handitu ahal izango du, bai liburuak edo diskoak erosterakoan, bai museo batean bisita egiteko edo zinera, antzerkira edo kontzertu batera joateko.

Bono bakoitzak 25 euroko kostua izango du, baina 40 euroko balioa emango dio erabiltzaileari kanpainia honi atxikitzen diren establezimenduetan liburuak edo musika-euskarriak erosteko, edo museo eta zuzeneko ikuskizunetan edo bestelako ekitaldietarako sarrerak erosteko. Bono bakoitzaren 15 euroren diferentzia hori Eusko Jaurlaritzak ordainduko du.

Eraginkortasuna eta programaren gaineko kontrola bermatzeko, Kultura Sailak hautatutako entitate kolaboratzaileak txartel, multizerbitzu kutxazainen edo antzekoen bidez baino ezingo du kultura-bonoa saldu, nahiz eta , Eusko Jaurlaritzak berariaz baimenduz gero, bestelako biderik ere erabili ahalko den. Alde horretatik, kreditu-txartel bakoitzarekin kultura-bono bat baino gehiago erostea eragozten duten mekanismoak jarriko ditu entitate kolaboratzaileak, dela txartela blokeatuz dela bestelako prozeduraren baten bidez.

Merkataritza-establezimenduak “Kultura Bonoa” programari atxikitzeko epea 2010eko azaroaren 17an hasiko da, eta 2010eko abenduaren 3an amaituko (biak barne). Programari atxikitako establezimenduek jasotzen dituzten bonoak dirutan trukatu ahal izango dituzte, aukeratzen den finantza-entitatean, 2010eko abenduaren 14tik 2011ko urtarrilaren 31ra bitartean. Behin epea igaroz gero, bonoak ezingo dira dirutan trukatu entitate kolaboratzaileetan.

Pertsona interesedunek 2010eko abenduaren 13tik 2011ko urtarrilaren 5era bitartean erosi ahal izango dituzte bonoak finantza-entitate kolaboratzaileak gaitutako kutxazainetan. Bonoak soilik Programari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango dira, 2010eko abenduaren 13tik 2011ko urtarrilaren 20ra bitartean. Behin epea igaroz gero, ez dute ordaintzeko baliorik izango.