2011/03/15 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Trafiko zuzendaritzak kolaborazio hitzarmen bat sinatu du Bizkaiko Foru Aldundiarekin A-8an ibilgailu astunetarako kontrol-sistemak instalatzeko
Gobernu Kontseiluak Askabide elkarteari diru-laguntza ematea onartu du sexu-esplotazioaren biktima diren emakumeak hartzeko
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Larrialdien IV. eskola-lehiaketa
100.614 euroko dirulaguntza ikastetxeentzat hitzartutako unitateak murrizteak eragindako kalteak arintzeko
Batxilergoko aparteko sariak
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Onartu da 2009ko Etxebizitza-Politiken Ebaluazio-Txostena eta 2006-2009ko Plan Zuzentzailea
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 33,9 milioi euro jarriko ditu langileei familia eta lana bateragarri egitearen aldeko diru-laguntzak emateko
KULTURA SAILA
3.200.00 euro federazioen kirol-jarduerak finantzatzeko
Jaurlaritzak arte plastiko eta ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko 400.000 euroko dirulaguntza-programa onartu du
Eusko Jaurlaritzak parte hartuko du Mundobasket 2014 lehiaketa Bilbon antolatzeko
HERRIZAINGO SAILA

TRAFIKO ZUZENDARITZAK KOLABORAZIO HITZARMEN BAT SINATU DU BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREKIN A-8AN IBILGAILU ASTUNETARAKO KONTROL-SISTEMAK INSTALATZEKO

Erabakia, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena emateko dena, A-8ko lanek eta hegoaldeko metropoli-saihesbidea eraikitzeko lanek dirauten artean trafikoa kudeatzeko sistemak ezartzeko

Gobernu Kontseiluak gaur izandako bileran baimendu du Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko Kolaborazio Hitzarmen baten sinadura A-8an, Bilbo inguruan, ibilgailu astunetarako kontrol-sistemen instalazioa elkarlanean egiteko. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza (ibilgailu-zirkulazioa kudeatzeko arduraduna) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (sistemak instalatuko diren bidearen titularra) artean dagoen kolaborazio espirituaren barnean kokatzen da akordioa.

Hego Saihesbide Metropolitarra irekiko da laster A-8 autopistaren bide alternatibo moduan, Bizkaiko hiriburuko inguruan; horrek aldaketa nabarmen bat eragingo du A-8 errepidearen izaeran, Bilboko hiriarteko bide perimetrala bilakatuko baita. Trafiko Zuzendaritzako gestoreen arabera, kontsiderazio berri honek hiriburuko sarbide eta irteera trafikoari arintasun handiagoa ematearen beharra du berekin; horretarako, ezinbestekoa suertatzen da ibilgailu astunei murrizketa zehatz batzuk ezartzea. Egun, ibilgailu astunek batez ere A-8a erabiltzen dute igarobide moduan penintsulako iparraldeko ibilbide luzeko ibilbidetan.

Azken aspektu hau bermatzeko, ibilgailu astunen zirkulazioan kontrol eragingarri bat ezarriz, beharrezkoa da A-8an ITS kontroleko sistema osagarriak instalatzea (kamerak, panelak...), kableatze optikoaz gainera. Gurutzeta eta Larraskitu – Ekialdeko Aldaera loturen artean egingo dira obrak eta amaitutakoan, Trafiko Zuzendaritzak kamioien trafikoaren jarraipena eta ordenazioa telematikoki egiteko beharrezko mekanismoak izango ditu. Lan hori Ertzaintzak errepidean egiten duen zaintzarekin osatuko da.

Hiriarteko ibilgailu-zirkulazioa kudeatzeko ardura Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari dagokio esklusiboki autonomia erkidegoan, Autonomia Estatutuan eta Lurralde Historikoen Legean ezartzen den moduan eta Euskal Herriko Batzorde Arbitralak segidako ebazpenetan berretsi duen moduan. Trafiko Zuzendaritzak konpetentzia hau gauzatzen du bere jarduera bide publikoen titularrekin koordinatuz. Azken hauek beharrezko azpiegituren eraikitzea baimentzeko arduradunak dira; A-8aren kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak eman du baimena. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak gaur izandako bileran baimendu du bide honetako berrikuntzak aurrera eramateko Kolaborazio Hitzarmena.

 

GOBERNU KONTSEILUAK ASKABIDE ELKARTEARI DIRU-LAGUNTZA EMATEA ONARTU DU SEXU-ESPLOTAZIOAREN BIKTIMA DIREN EMAKUMEAK HARTZEKO

Erabakia, Askabide Elkarteari zuzeneko diru-laguntza ematekoa, zertarako eta, sexu esplotaziorako erabilitako emakumeak aurrenekoz hartzeko errekurtsoa kudeatzeko.

Gobernu Kontseiluak Askabide elkarteari diru-laguntza zuzena ematea onartu du gaurko bileran, sexu-esplotaziorako salerosketen biktima izan diren emakumeei lehen mailako arreta emateko baliabideak kudea ditzan. Erakunde publikoen eta gizarte-ekimenezko erakundeen arteko lankidetza bultzatzeko ekimenetako bat da hau, biktima diren emakumeei elkarrekin laguntzeko, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak aurkeztu berri duen Protokoloan jasota dagoen moduan.

Sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketak kezkatzeko moduko dimentsioak hartu ditu, eta fenomeno hori gizon-emakumeak merkantzia huts bihurtzeko modu lazgarrienetakoa eta giza eskubideak urratzeko modurik larrienetakoa da. Munduko hainbat tokitan emakumeek jasan behar izaten duten berdintasun ezaren erakusgarri da, eta genero indarkeriaren adierazpen argia. Beraz, erakundeen eta gizarte osoaren erantzuna eskatzen du, mekanismo eraginkorrak ezarrita emakume horiei behar bezalako laguntza eta babesa emateko, baita Euskal Autonomia Erkidegoan ere.

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak lantalde bat bultzatu zuen 2009. urtearen amaieran, prostituzio behartuaren auziari heldu eta sexu-esplotaziorako salerosketa jasan duten emakumeei genero indarkeriaren biktima gisa laguntzeko, eta pertsona ugari aritu dira bertan, hainbat erakundetako ordezkariak, jarduera-eremu publiko eta pribatu askotakoak, genero indarkeriaren biktimei laguntzeko eta horiek artatzeko arduradunak edota horrekin lotutakoak; Polizia Taldeetakoak (Ertzaintza, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila), Gobernuaren Ordezkaritzaordetzakoak eta Arabako Hiesaren Aurkako Batzordekoak, Munduko Medikuak elkartekoak eta lurralde historiko bakoitzean prostituzioaren alorrean lanean ari diren elkarteetakoak (Gizarterako, Aukera eta Askabide), besteak beste. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Justizia Zuzendaritza ere batu ziren geroago lantaldera.

Pertsonen desberdintasunen eta esklabotasunaren agerpen latz horri aurre egiteko zailtasunaz jabetuta, fenomenoak gure erkidegoan duen benetako eragina erakusteko datu fidagarririk dagoen jakin gabe abiatu ginen lantalde horretan, biktimen premiak, babesa eta lehen mailako arreta lehentasunezko ardatz bihurtuta.

Sexu-esplotaziorako Pertsonen Salerosketaren Biktimei Laguntzeko Koordinazio Protokoloaren Lehen Zirriborroa sortu da horrela (osatze eta gogoeta fasean dago), 4/2000 Lege Organikoak, urtarrilaren 11koak, Espainian dauden atzerritarrek dituzten eskubide eta askatasunei buruzkoak, ezartzen duena betetzeko. Lege hori abenduaren 11ko 2/2009 Lege Organikoak, Espainian dauden atzerritarrek dituzten eskubide eta askatasunei eta horien gizarteratzeari buruzkoak, aldatu zuen.

Protokoloak honetan parte hartzen duten erakunde guztiak koordinatu eta jarduteko zirkuitu bat ezartzen du, salerosketaren biktimak birritan biktima ez bihurtzeko, eta Sexu-esplotaziorako Salerosketaren Biktimei Laguntzeko eta Arreta Osoa Emateko Errekurtso batek bete behar dituen baldintzak jasotzen ditu, biktimak sendatzeko arreta espezializatua jaso dezan eta bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko denbora izan dezan inguru seguru batean. Herrizaingo Sailaren eta Askabide elkartearen arteko lankidetza-hitzarmenak 97.000 euroko diru-laguntza zuzena izango du, eta lankidetza egokia ezartzea izango du helburu, polizia txostenetik bideratuta, sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima izan diren emakumeei arreta osoa emateko.
 

 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

LARRIALDIEN IV. ESKOLA-LEHIAKETA

Agindua. Honen bidez, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako larrialdi kolektibo eta ebakuazioaren / konfinamenduaren gaineko IV. eskola-lehiaketarako deia egiten da

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan gerta daitezkeen larrialdi kolektiboen, ebakuazioen eta konfinamenduen IV. eskola-lehiaketa deitzen duen agindua.

35.000 euroko zenbateko globaleko sariak izango dituen lehiaketa bat deitzea du agindu honek helburu, ikastetxeetan gerta daitezkeen larrialdi kolektiboei, ebakuazioei eta konfinamenduei lotutako lanak egiteko.

2010/11 ikasturte honetan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan matrikulatuta dauden ikasleek hartu ahal izango dute lehiaketa honetan parte, banaka edo taldeka (gehienez ere 5 lagun).

 

100.614 EUROKO DIRULAGUNTZA IKASTETXEENTZAT HITZARTUTAKO UNITATEAK MURRIZTEAK ERAGINDAKO KALTEAK ARINTZEKO

Erabakia, 2009-2010 eta 2010-2011 ikasturteetan hitzartutako unitateak gutxitzeak ukitutako ikastetxeei diru-laguntza zuzenak emateari buruzkoa, Administrazioa, Euskadiko Irakaskuntza Pribatuko Enpresarien Elkarte eta Erakunde Sindikalen arteko 1997ko ekainaren 5eko Akordioa betetzeko.

EAEko Administrazioaren eta Irakaskuntza Pribatuko erakunde patronalen eta sindikatuen artean 1997ko ekainaren 5ean hartutako Akordioa aplikatuz - 2009/2010 eta 2010/2011 ikasturteetan hitzartutako unitateak murrizteak eragindako ikastetxeei buruzkoa, alegia- Gobernu Batzordeak ikastetxeei 100.614 euroko dirulaguntza ematea erabaki du gaur.

 

BATXILERGOKO APARTEKO SARIAK

Dekretua, Batxilergoko Ezohiko Sariak arautu eta esleitzeko baldintzak ezartzeari buruzkoa

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Batxilergoko aparteko sariak arautu eta beroriek emateko baldintzak zehazten dituen agindua.

Urteko deialdiaren ikasturtean Batxilergoko bigarren kurtsoan matrikulatuta dauden mila ikasleko eman ahal izango da Batxilergoko aparteko sari bat.

Urtero deituko den proba espezifikoaren emaitzen arabera emango dira sariak.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatuetan Batxiler-titulua lortu duten ikasleek, Batxilergoko edozein modalitatetako bi kurtsoen kalifikazioetan 8,75 puntuko edo hortik gorako batezbesteko nota lortu badute, izango dute sari horietara aurkezteko aukera.

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

ONARTU DA 2009KO ETXEBIZITZA-POLITIKEN EBALUAZIO-TXOSTENA ETA 2006-2009KO PLAN ZUZENTZAILEA

Erabakia, Etxebizitza politiken ebaluazio txostena 2009 eta Etxebizitzaren Plan Zuzentzailearen 2006-2009 ondorio-txostena onartzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Etxebizitza Politiken Ebaluazioari buruzko 2009ko Txostenari eta Etxebizitzaren Plan Zuzentzailearen 2006-2009 Ondorio-Txostenari.

Hasitakoen kopuru osoari dagokionean (22.098 etxebizitza), lauhilekoaren betetze-maila %82an kokatu da.

Baina, tipologia ezberdinak kontuan hartuta, planifikatutako helburuak ez dira bete. Hain zuzen, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza helburura hurbildu da, %94ko betetze-maila lortu baita. Gainerako tipologiei dagokienean, finkatutako helburuak urruti geratu dira.

Hasita dauden 1.920 etxebizitza sozialak finkatutako helburuaren %56 baino ez dira. Era berean, eraikitako zuzkidura-bizitokien kopurua (589), ezarritako helburuaren %37 baino ez da. Dena dela, epe honetan burututako esperientziak oso balorazio positiboa jaso dute formula honetan parte hartu duten eragileengandik. Sailak, beraz, praktika hau beste udalerri batzuetara hedatzeko tresnak bilatu beharko ditu.

Bestalde, nahiz eta Etxebizitzaren Plan Zuzentzaileak ez zituen lurraldekako helburuak finkatu, emaitzak ikusita, argi geratzen da desoreka handia dagoela babes publikoko etxebizitzen sustapenean. Desberdintasun hori zuzendu egin behar du 2010-2013ko Plan Zuzentzaileak, babes publikoko etxebizitzak hasteko helburuek eta EAEko etxebizitza premien lurraldekako banaketa bat etor daitezen.

Etxebizitzaren Plan Zuzentzailearen bigarren ildo estrategikoak "babestutako etxebizitzen sustapenetan alokairuak lehentasuna izatea” planteatzen zuen. Hasitako etxebizitzetatik %32 alokairukoak izatea planteatzen zuen, hau da, 8.500 etxebizitza.

Emaitzak ikusita, esan beharra dago alokairuko araubideak ez duela lortu Etxebizitza Sailak itxaroten zuen presentzia. Dagokigun epealdian, 4.936 etxebizitza hasi dira alokairu araubidean, guztira hasitakoen %22, alegia. Kopuru hori, ezarritako helburuaren %58ari dagokio.

Alokairu araubidean sustatutako etxebizitzak Sailak berak, Visesak eta zenbait toki-entitatek sustatu ditu. Ekimen pribatuek, ordea, apenas lagundu dute orain arte alokairuko etxebizitza-parkea osatzen.

Ildo horretatik, Etxebizitza Sailak beharrezkotzat jotzen du ekimen pribatua inplikatzea alokairuko etxebizitzen eraikingintzan, etxebizitza-politikako helburuetan harekin bat eginda.

Erosketa-araubidea, ordea, betetze-maila altuetara iritsi da. Hasita dauden 17.222 etxebizitzak finkatutako helburuaren %93 dira.

2006-2009ko Planaren beste jarduketa-ildo nagusietako bat zen EAEko etxebizitza hutsak mobilizatzea eta alokairura bideratzea. Planaren arabera, 5.000 etxebizitza merkaturatzeko helburua zegoen finkatuta. Horretarako tresna gisa Bizigune programa zegoen aurreikusita.

2009. amaieran erabilitako 4.557 etxebizitza zegoen Bizigunen, partikularrek Etxebideko babestutako etxebizitza eskatzaileei alokatuta, hain zuzen.

Programa hori aztertu ondoren, hura mantentzea komenigarritzat jotzen da, baina bitartekaritza formula berriak aztertuta. Kostuak murriztea, alokairu-merkatua errazago mobilizatzea eta jabeei zein errentariei bermeak eskaintzea da helburua.

Birgaitze-politikei dagokienean, gauzatutako jardueren arrakasta azpimarratu behar da, Plan Zuzentzailean ezarritako helburuak nabarmen gainditu direlarik. 2009ko ekainean, Eusko Jaurlaritzak Birgaitzeko Laguntzen Aparteko Plana jarri zuen martxan, birgaitzerako laguntzen kopurua asko hasi zelarik urteko aurrekontuetan. Epealdi osorako aurreikusitako 41.500 jardueretatik 51.250era pasatu ginen.

Epigrafe honetan, Planaren betetze-maila %113 da.

Babestutako etxebizitzak eraikitzeko lurzoru berriak eskuratzeari dagokionean, betetze-maila %69an kokatu da. 16.500 etxebizitza eraikitzeko lurzorua eskuratu da, lau urtekorako helburua 24.000tan ezarrita zegoelarik. Orain arte aztertutako Etxebizitza Plan ezberdinetan gai honek lortu du asebetetze-mailarik baxuena.

Azkenik, nabarmentzekoa da Etxebizitza Sailaren ikuskaritza eta iruzurraren aurkako azken urteotako lana, babestutako etxebizitzen parkeak duen funtzio sozialaren garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko asmoarekin.

Egoera ekonomikoa

Aspaldian bizi izan dugun egoera ekonomiko txarrena pairatu izan dugu, oro har, azken bi urte hauetan.

Higiezinen merkatuari dagokionez, 2009. urteak izan ditu aspaldi ezagutu diren erregistrorik eskasenak, adierazle ekonomikoetan zein finantzieroetan.

Hasitako etxebizitzen maila azken hogei urte hauetako baxuena izan da. Etxebizitzen salerosketa izugarri murriztu da, zer gertatu zain gelditutako demandagatik. Hipotekak lortzeko zailtasunek eta enpleguak galtzeak ez dute lagundu gora egin ezinik dagoen merkatua mobilizatzen.

Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak lortu egin du hasitako guztien artean babestutako etxebizitzen kuota %45ean mantentzea eta birgaitzeko aparteko laguntzen plana bezalako neurriak jarri ditu martxan.Horrela lortu da eraikuntzaren sektorea mobilizatzea, batetik, eta euren etxebizitzetan birgaitze-lanak egiteko aukera izan duten familien kopurua handitzea, bestetik.

Hiriak birgaitzea eta berroneratzea dira gaur egungo etxebizitza-politikaren lehentasunak. Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itunaren eta 2010-2013 Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailearen helburuen artean dago hazkunde iraunkorragoa bultzatzea, hiri-espazioak berritu eta berroneratzea, egungo etxebizitza-parkeari balioa emanez eta hobetuz. Horrela, birgaitzea eraikuntza berriaren alternatiba bezala ikusi behar da, kontuan hartuta, gainera, euskal orografiak lurzorua lortzeko eskaintzen dituen zailtasunak.

2010ean hobera egin dute modu esanguratsuan hasitako babestutako etxebizitzen datuak, babestutakoen sektorekoek bikoiztu egin baitute lehenbizikoz merkatu librekoek, hasitakoak urteko/5000 inguru arte iritsi direlarik.

Akaberak maila berean mantendu dira eta 2010eko birgaitze-programak 2009ko kopuru ikusgarriak mantendu ditu, 20.000 etxebizitza inguru birgaitu baitira.

Era berean, finantza-arloa gora behera, 2010ean mantendu egin da babestutako merkatuko eragiketetarako oinarrizko finantzazioa, kreditu-erakundeekin adostutako finantzazioa 329 milioi eurora iritsi arte.

2011. urtea bereziki konplikatua izango da etxebizitzarentzat. Merkatuko aldagarri klabeen egoera objektiboak okerrera egin dutelarik krisiaren amaiera urruti ikusten da oraindik eta litekeena da sektorearen norabidea aldatu, egokitu eta hobetu beharra etorkizun berria bultzatzeko.

Zailtasunak zailtasun, Jaurlaritzarentzat 2011. urteak ezin du inolaz ere urte galdua izan sektorearentzat etorkizuneko esparru berria sortzeko prozesu horretan.

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAK 33,9 MILIOI EURO JARRIKO DITU LANGILEEI FAMILIA ETA LANA BATERAGARRI EGITEAREN ALDEKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 33,9 milioi euroko partida onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak, langileei familia eta lana bateragarri egiteko diru-laguntzak emateko. Laguntza-programa hori Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakundeen II. Planaren barruan kokatzen da.

Kontziliaziorako laguntzak dekretuz arautzen dira, eta ondoko egoeretan laguntzeko dira:

- Langileek seme-alabak zaintzeko hartutako eszedentzia edo lanaldi murrizketa.

- Mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa.

- Seme-alaba adingabeak zaintzeko langileen kontratazioa.

2010. urtean aldaketa bat izan zen familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko arauan, ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua argitaratu baitzen. Dekretu horrek, zeina 2010eko apirilaren 1etik aurrera garatutako jarduerei aplikatu behar zaien, familia eta lana bateragarri egiteagatik diru sarreretan murrizketak izaten dituztenentzako diru-laguntza zuzenak sendotu, hobetu eta handitu ditu Eusko Jaurlaritzak, baina lehendik zeuden jardun-ildoei eutsiz.

Arau horrek iaz ekarri zituen berritasunen artean, ondokoak nabarmendu litezke:

- Seme-alabak edo mendetasun-egoeran nahiz osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murrizteko laguntzei dagokienez, aurreko arauak gizonen alde ezartzen zuen diskriminazio positiboa ezabatu egin da

- Diru-laguntzen zenbatekoak igo egin dira, bai eszedentziagatik bai lanaldi-murrizketagatik. Igoera handiagoa da eskatzailea emakumea bada, laguntzaren eskatzailea gizona zenean aplikatzen zen diskriminazio positiboa ezabatu egin baita. Horrela, dekretua onartu aurretik emakumeek 2.400 euro jasotzen zituzten urte bateko eszedentziagatik, eta gizonek, berriz, 3.000 euro. Dekretua onartu zenetik, eskatzaileek 3.500 euro jasotzen dituzte eszedentziagatik, eskatzailea gizona zein emakumea izan. Lanaldia % 45 murrizteagatiko urteko laguntza 2.800 eurokoa izango da; lanaldia %40 murrizteagatiko urteko laguntza 2.500 eurokoa, eta lanaldia %33 murrizteagatiko laguntza 2.200 eurokoa, hurrenez hurren.

- Laguntzen eskabideak izapidetzeko kanal elektronikoa zabaldu egin da.

- Seme-alabak zaintzeko eszedentziarako edo lanaldi-murrizketarako laguntzetan eskola-oporraldi laburrak metatzeko aukera ematen da, gutxieneko 59 egunak osatu arte. Lehen, aukera hori erabat baztertuta zegoen, lanaldi-murrizketagatiko 59 eszedentzia-egun baino gehiago modu jarraituan bildu behar zirelako. Iaz onartutako dekretuarekin, denboraldi txikiagoak batu daitezke, 59 eguneko muga horretara etenka iritsi arte.

- Murrizketei dagokienez, laguntzak jasotzeko epea haurrak zortzi urte bete arte luzatzen dira, eta, oro har, orain arteko indarreko araudian neurri horiez baliatzeko ezarritako gehienezko mugak handitu egin dira.

- Senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartzeagatiko edo lanaldia murrizteagatiko laguntzaren kasuan, diru-laguntzak jasotzeko aukerak zabaldu egiten dira, ahaidearen osasun-egoera oso larria ere aintzat hartzen baita.

- Era berean, seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen kasuan, laguntza lortzeko betekizun murriztaileak ezabatu dira; esate baterako, semea edo alaba aurrekontu publikoz finantzatutako haurtzaindegi batean matrikulatuta ez egotea, eta hilean gutxienez 80 orduko kontratua egitea.

Iaz 26.82 milioi euro gastatu ziren guztira familia eta lana bateragarri egiteko programan.

Familia eta lana bateragarri egiteko hiru laguntza-ildoetan aldeko ebazpena jaso duten espedienteen kopuruak eta egindako gastua.

 

  2008 2009 2010 2010 eta 2009ren arteko % aldea
Onartutako espedienteak 27.005 46.816 48.140 %2,83
Emandako kopurua guztira 11.297.255 18.830.063 26.824.179 %42,45

 

 

KULTURA SAILA

3.200.00 EURO FEDERAZIOEN KIROL-JARDUERAK FINANTZATZEKO

Agindua, Euskadiko kirol-federazioen 2009ko kirol-
programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautzen duena.

Gobernu Kontseiluak agindu bat onartu du, Kulturako sailburuaren proposamenez, Euskal kirol federazioek 2011rako antolatutako kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautzen duena. Horretarako aurrekontua 3.200.000 euro da.
Deialdiaren helburu nagusia da kirol-federazioei laguntza ematea beren kirol-programak finantzatzeko. Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen arabera, kirol-federazioak administrazio-egiteko publikoak eskuordetzan burutzen dituzten entitate pribatuak dira eta, kasu honetan, herri-administrazioaren ordezkari laguntzaile gisa aritzen dira.

Horrenbestez, diru-laguntza hauen bitartez euskal federazioen kirol-programetan sartuta dauden kirol jarduera eta lehiaketen ohiko gastuak finantzatuko dira, bai eta egin ohi dituzten egokiteko publiko administratiboak ere.

Alde horretatik, federazio-programak finantzatzeareki batera honako ekintza hauek aurrera eramango dira:

- Euskadiko txapelketa ofizialak antolatzea.

- Lehiaketa ofizialetan parte hartzea.

- Federazio-lizentziak ematea eta tramitatzea.

- Federazioaren esparruan kirol arloko diziplina-ahalmena erabiltzea.

- Federazioaren esparruan erregelamenduak egiteko ahala.

- Kirol-teknifikaziorako programak garatzea.

- Goi-mailako kirolerako programak garatzea.

- Jolas-kirolerako programak garatzea.

Kirol-programetarako finantzaketa publikorik ezean, federazioek ezinezkoa dute jardunik aurrera eramatea zeren eta federazio gehienek beste diru-iturririk ez baitute beren urteko programak finantzatzeko, diru-laguntzen deialdietatik datozenak baino. Iaz 47 eskabide aurkeztu ziren eta, haien proiektuak aztertu ostean, den-denek jaso zuten diru-laguntza.

 

JAURLARITZAK ARTE PLASTIKO ETA IKUSIZKOEN EREMUAN JARDUERAK SUSTATZEKO 400.000 EUROKO DIRULAGUNTZA-PROGRAMA ONARTU DU

Agindua, Arte Plastiko eta Ikusizkoen eremuan
jarduerak sustatzeko eta garatzeko dirulaguntzak emateko erregimena ezarri eta arautzen duena.

Gobernu Kontseiluak arte plastiko eta ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko eta garatzeko dirulaguntzak emateko erregimena ezarri eta arautzen duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Laguntza hauetarako 2011. urtean 400.000 euro erabiliko dira.

Agindu honen xedea da 2011. urtean arte plastiko eta ikusizkoen arloan burutuko diren jarduera zehatzetarako dirulaguntzak emateko baldintzak ezarri eta arautzea. Agindu honen kargura dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte ondoren zerrendatzen diren jarduerak burutzen dituzten eta agindu hau argitaratzean Euskadiko Autonomia Erkidegoan auzotasun administratiboa edo helbidea edo sozietate-egoitza duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuek:

- Prestakuntza arloa: Ikusizko arteekin lotura duten ikastaro, mintegi eta lantegietan parte hartzea, baldin eta artista, kritikari, arte-komisario eta sektoreko profesionalen prestakuntza hobetzeari begira antolatuta badaude. 25.000 euro erabiliko dira.

- Sustapen-zabalkundearen arloa.

a) Arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea eta/edo beraietan parte hartzea (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak...). Horiek guztiak Euskadiko Autonomia Erkidegoan, Estatu Espainiarrean edo nazioartean izango dira, eta Euskal Herrian bizi diren egileen lanak erakutsiko dira, bai eta edozein euskarritan jasotako egileen gaineko dokumentazioa ere (65.000 euro).

b) Euskadiko Autonomia Erkidegoan egiten diren arte garaikidearen gaineko sentsibilizazio-ekimenak (batzarrak, jardunaldiak, kongresuak, lantegiak, hitzaldiak...) eta horiei buruzko edozein euskarritan jasotako dokumentazioa (50.000 euro).

c) Euskarri desberdinak erabiliz egindako publikazioak egitea, beren xedea Euskal Herriko arte garaikidea zabaltzea eta bertako artistak eta haien lana sustatzea bada (90.000 euro).

Ez dira lagunduko ez urteko programazioak, ezta ohiko jarduntzat hartzen direnak ere. Hortaz, erakunde eskatzailearen programan edo jardueran ohiz kanpokotzat jo daitezkeen proiektu edo ekimen zehatzak jasoko dira soil-soilik.

- Sorkuntza-ekoizpenaren arloa: arte-ekoizpenaren eremuan egiten diren jarduerak, eta proiektuak egitea, ardatza baldin bada arte ekoizpena edo ikerketa proiektua lantzea. Horretarako, 5.000 euroko 14 laguntza, 8.000 euroko 8 laguntza, eta 12.000 euroko 3 laguntza emango dira.

Eskaera bakoitzean zein arlotan (prestakuntza, sustapen-zabalkundea, sorkuntza-ekoizpena) eskatzen den laguntza zehaztu behar da, zein modalitatetan (sustapen-zabalkundearen arloa) edo modulua (sorkuntza-ekoizpenaren arloa), eta horiek bakarrak izango dira proiektu bakoitzeko. Edonola ere, sustapen-zabalkundearen arloan Balorazio Batzordeak beste modalitateetara bidera dezake eskaera, proiektua beste modalitate horretara hobeto egokitzen dela ikusten badu.

 

EUSKO JAURLARITZAK PARTE HARTUKO DU MUNDOBASKET 2014 LEHIAKETA BILBON ANTOLATZEKO

Erabakia, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Bilbao Next, S.A. sozietatearekin eta Espainiako Saskibaloi Federazioarekin lankidetza-hitzarmen bat izenpetzeko baimena emateko dena. Hitzarmenaren bidez, Mundobasket 2014 txapelketaren lehen fasea antolatu nahi da, Bilbon.

Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilbao Next SA-ren, Espainiako Saskibaloi Federazioaren eta Jaurlaritzaren beraren arteko hitzarmen bat sinatzea, gizonezkoen senior mailako munduko saskibaloi selekzio nazionalen arteko lehiaketako lehenengo fasea Bilbon antolatzeko.

Erakunde horien arteko elkarlanak hainbat kontu lotuko ditu: Mundubasket 2014rako egoitza Bilbo izendatzeak dakarren kanonaren ordainketa, eta antolamenduari buruzko zenbait puntu, hala nola, sarrera-salmenta, telebista-emanaldiak, parte hartzaileei ostatu ematea eta abar. Hitzarmena finantzatzeko lehenengo diru-partida, 236.000 eurokoa, 2012rako aurrekontuen proiektuan sartuko da.

Kirol-ekitaldiek, adibidez saskibalioko munduko txapelketa honek, Administrazioaren laguntza jaso behar dutela iruditzen zaigu, kirola interes publikoa duen gizarte-jardueratzat hartu behar delako, pertsonak bete-betean prestatzeko eta garatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko eta norbanakoak eta gizartea ondo izateko lagungarria dena. Izan ere, gaur egungo gizartean kirolak garrantzi soziologiko berezia du, bai hezkuntzaren alorrean, osasungintzan eta ekonomian.
Ezin da ahaztu, bestalde, goi-mailako kirolean gero eta emaitza hobeak lortuko badira beharrezkoa dela oinarrizko kirola sustatuko duten kirol ekitaldiak bultzatzea.