2011/03/29 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Herrizaingo sailak aurten 662.500 euro emango ditu biktimak iraintzen dituzten kartelak eta pintadak kentzeko
Alderdi politikoen segurtasunerako diru-laguntzak onartu dira
Donostian ozeano-meteorologiako plataforma bat jartzea onartu dute
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Lanbide Heziketako Irakasleen Etengabeko Prestakuntzako Planean lankidetzan jardun nahi duten erakundeentzako diru-laguntzak
2,3 milioi hornikuntza zientifiko eta teknologikoa eskuratzeko
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
Bizkaiko Hiri Jabetzaren Ganberaren ondare-kitapenean antzemandako gertakariak Fiskaltzara eta Kontuen Epaitegira bidaltzea
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Titulartasun Publikoko Alokabide SA Sozietatea sortu da, etxebizitzen alokairua kudeatzeko
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Eusko Jaurlaritzak 390.625 euro bideratu ditu, energia berriztagarriei loturiko azpiegituren erabilera indartzeko
KULTURA SAILA
Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programaren 2011ko deialdia
HERRIZAINGO SAILA

HERRIZAINGO SAILAK AURTEN 662.500 EURO EMANGO DITU BIKTIMAK IRAINTZEN DITUZTEN KARTELAK ETA PINTADAK KENTZEKO

Agindua: udalei ematen zaizkien diru-laguntzak arautu eta laguntza horiek eskatzeko deialdia egiten duena, terrorismoaren biktimentzat mingarriak edo iraingarriak izan daitezkeen edota terrorismoa goraipatzen duten pintadak ezabatzeko eta pankartak, argazkiak edo kartelak kentzeko.

Udalek 40.000 eurorainoko diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte

662.500 euroko aurrekontu-partida bat terrorismoaren biktimen duintasunaren kontrako pintadak, kartelak, argazkiak edo pankartak kentzeko gastuak ordaintzeko bideratzea onetsi du gaur Eusko Jaurlaritzak, Herrizaingo sailburuak horretarako emandako Agindua onartuz. Bertan, EAEko Udalentzako diru-laguntzak zehazten dira; 40.000 eurorainoko laguntzak izan litezke.

Pintadak, kartelak, pankartak eta abar garbitzeko edo kentzeko diru-laguntzak ematea ezartzen duen urteroko Agindua Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egiteko Legean oinarrituta dago. Izan ere, biktimen duintasunari eraso egiten dioten pintada, kartel, argazki edo pankarten kontra jarduteko eskatzen die lege honek botere publiko guztiei.

Udalek lan horiek egitea errazteko, eta Herrizaingo Sailak eta Eudelek sinatutako konpromisoari helduta, Jaurlaritzak diru-laguntza sorta bat (guztira 662.500 eurokoa) bideratuko du, EAEko kaleetatik halako elementuak kentzeko lanek eragindako gastuak ordaintzeko.

Udaltzaingoak Koordinatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu diru-laguntzak eta udaleko garbiketa zerbitzuaren zuzeneko gastuak zein enpresa edota zerbitzu espezializatuen kontratazioa ordaintzeko baliagarriak izango dira.

Laguntzen kopurua udalerrien tamainaren araberakoa izango da, eskala baten baitan: 5.000 biztanletik beherako udalerriek jaso ditzaketen 10.000 eurotik hasita, 50.000 biztanletik gorako udalerriek eskuratu ahal izango dituzten 40.000 eurora arte.
Aginduak jasotzen dituen diru-laguntzak eskuratu nahi dituzten udalerriek Udaltzaingoak Koordinatzeko Zuzendaritzari helarazi beharko diote eskaera; fakturei, dokumentazio grafikoari, udal-ziurtagiriei eta abarrei buruzko datuak emanda.

Pintada eta kartel gutxiago EAEko kaleetan

2010ean 26 Udalek eskatu zituzten pintaden garbiketa gastuetarako Herrizaingo Sailak eman zituen diru-laguntzak. Kaleetan jarritako pintada, kartel eta abarrekin zerikusia zuten 3.005 kasutan esku hartu zuen guztira Herrizaingo Sailak. Horrek, % 29ko jaitsiera suposatzen du 2009ko kopuruarekin alderatuta; orduan 4.213 izan ziren. Datuok beren kabuz erakusten dute Sailak hartu eta sustatutako neurriek lekuan bertan izan duten eraginkortasuna. Horrek, Ertzaintzaren prebentzio ekimenekin batera, modu erabakigarrian lagunduko du herritarrek gune publikoei berez duten erabilera soilik eman diezaieten lortzeko bidean.

 

ALDERDI POLITIKOEN SEGURTASUNERAKO DIRU-LAGUNTZAK ONARTU DIRA

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politikoei diru-laguntza zuzena ematekoa, 2011an politika eta erakundeetako lanarekin jarraitzeko segurtasun-gastuak ordain ditzaten

Gobernu Kontseiluak akordio proposamen bat onartu du gaur, 2011rako alderdi politikoei, beren segurtasun gastuak ordaintzeko, emango dizkieten diru-laguntzen banaketa zehazteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2011rako Aurrekontu Orokorren Legeak Herrizaingo Sailari bideratutako laguntzen artean alderdi politikoen segurtasun gastuak ordaintzeko 500.000 euroko partida bat jasotzen du. Laguntza hori jasotzeko aukera Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko Lege Organikoan jasota dator, alderdiek euren jarduera politiko eta instituzionaletarako jaso ditzaketen diru-laguntza publikoak zehazten dituen horretan, hain zuzen.

Gaur onartutako proposamenak zehazten duenez, "Autonomia Erkidegoak segurtasunaren eta ordena publikoaren alorretan berezko dituen eskumenak modu arduratsuan gauzatzeak dakarren agindua da mehatxu ez-zilegiak direla eta euren ohiko jarduna oztopatuta duten alderdi politikoei laguntza eta babes egokiena ematea; are gehiago, demokrazian parte hartzeko ohiko bidea alderdi politikoak direla kontuan hartuta".

500.000 euroko partida banatzeko Kontseiluaren proposamenak 2009ko martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako emaitzak kontuan hartzen ditu. Horren arabera, diru-laguntzen banaketa hau jasotzen du:

EAJ-PNV 201.229,52 euro
PSE-EE (PSOE) 162.677,83 euro
PP 78.103,33 euro
Aralar 29.940,10 euro
EA 9.339,30 euro
EB-B 14.470,60 euro
UPyD 4.239,32 euros

 

DONOSTIAN OZEANO-METEOROLOGIAKO PLATAFORMA BAT JARTZEA ONARTU DUTE

Erabakia: Donostiako Udalarekin, Pasaiako Portuko Agintaritzarekin eta Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioarekin lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena emateko dena. Helburua: Donostian plataforma ozeano-meteorologikoa jartzea.

Gobernu Kontseiluak lankidetza hitzarmen bat onartu du gaur Donostian ozeano-meteorologiako plataforma bat jartzeko. Aurki sinatuko dute akordioa Herrizaingo Sailak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzaren bitartez, Donostiako Udalak, Pasaiako Portuko Agintaritzak eta Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioak.

Santa Klara uhartean jarriko den estazio meteorologiko automatiko oso batek eta Donostiako Itsas Jauregian egongo den estazio ozeanografiko batek osatuko dute plataforma.

Donostiako badiako aldagai meteorologiko eta ozeanografikoen hobetzea zehazten du akordioak, beste onura batzuen artean.

Era berean, plataforma berriak kalitatezko datuak eskaini ahalko dizkie bai hiritarrei orokorrean, eta baita instituzio eta enpresei ere.

 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

LANBIDE HEZIKETAKO IRAKASLEEN ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO PLANEAN LANKIDETZAN JARDUN NAHI DUTEN ERAKUNDEENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK

Agindua. Honen bidez, deialdia egiten zaie Lanbide Heziketako Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Plana garatzeko proiektuak aurkeztuz sail honekin lan egin nahi duten erakunde publiko eta pribatuei.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaur agindu bat onartu du, Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten erakunde publiko eta pribatuei Lanbide Heziketako Irakasleen Etengabeko Prestakuntzako Plana garatzeko proiektuak aurkezteko dei egiten dien agindua.

Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoan irakasleak prestatzen diharduten edo jardun nahi duten legez eratutako erakunde publiko eta pribatuei dei egitea da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lankidetza-proiektuak aurkez ditzaten, Lanbide Heziketako Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Plana garatzeko, 2011/2012 ikasturterako 181.100 eurotako kopuruarekin.

 

2,3 MILIOI HORNIKUNTZA ZIENTIFIKO ETA TEKNOLOGIKOA ESKURATZEKO

Akordioa, ikerketa-taldeen laguntzarako hornikuntza zientifiko eta teknologikoa eskuratzeko 2011. urtean Euskal Herriko Unibertsitateari dirulaguntza zuzen bat ematen diona.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du Euskal Herriko Unibertsitateari 2.340.000 euroko dirulaguntza bat emateko erabakia, ikerketa-taldeei laguntza emateko hornikuntza zientifiko eta teknologikoa eskuratzeko.

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

BIZKAIKO HIRI JABETZAREN GANBERAREN ONDARE-KITAPENEAN ANTZEMANDAKO GERTAKARIAK FISKALTZARA ETA KONTUEN EPAITEGIRA BIDALTZEA

Erabakia: EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzari eta Estatuko Kontu-Epaitegiari zenbait jarduera eta gorabehera bidaltzekoa; hain zuzen ere, Bizkaiko Hiri-Jabetzako Ganberaren ondare likidazioari egindako berrazterketa mugatuari buruzkoak.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Bizkaiko Hiri Jabetzaren Ganberaren ondare-kitapenean antzemandako gertakariak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzara eta Kontuen Epaitegira bidaltzea erabaki du.

Urtarrilaren 31ko 15/2006 Dekretuak zuzenbide publikoko korporazio gisa bertan behera utzitako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiri jabetzaren ganbera ofizialen ondarea likidatzeko eta langileak Autonomia Erkidegoko Administrazioan txertatzeko beharrezkoak ziren jardunak finkatu zituen.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzako orduko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak José María Gonzalo izendatu zuen Bizkaiko Ganberarako ordezkari eta honek, bere aldetik, Jon Alonso kontratatu zuen, 2006ko ekainaren 1ean, ganbera haren administrazio-kudeaketa eramateko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak (OCE) agindutako kontu-ikuskaritzak Ogasun Nagusiari egindako kalte ekonomikoa 444.345 eurotan zenbatu du behin-behinean, hartzaile ezezagunari (332.826 euro kopuruagatik) edo justifikatu gabe (111.519 euro) eginiko ordainketei dagozkienak.

Adierazitako kopuruen helburua zehazte aldera Gonzalo eta Alonso jaunei informazio-eskaera bana bidali ondoren, horietako lehenak idazki bat bidali zuen OCEra aurreko otsailaren 16an. Bertan, ordainketa horiek Eusko Jaurlaritzako Berdindu Zerbitzuak ‘Ander’ izeneko gay-ei buruzko fikziozko film luzea egitearekin lotu zituen.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gertakari horiek Fiskaltzari ezagutaraztea erabaki du, horrek zehazteko, hala badagokio, bidegabeko erabilera deskribatzen duten zigor-arloko motetan sartzerik dagoen eta, aldi berean, jarduketa guztiak Estatuko Kontuen Epaitegira bidaltzen dira kontu-irregulartasunak aztertzeko eta erantzukizunak eskatzeko, horrelakorik balego.

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

TITULARTASUN PUBLIKOKO ALOKABIDE SA SOZIETATEA SORTU DA, ETXEBIZITZEN ALOKAIRUA KUDEATZEKO

Dekretua, Alokabide, S.A. sozietatearen partaidetzak erosi, eta sozietate publikoa sortzea erabakitzeko dena.

Alokabide, SA sozietatea, juridikoki, izaera pribatuko erakundea da. Kapitalaren % 50, sortu zenetik, Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, VISESAk du, eta gainerakoa, euskal aurrezki kutxek eta Euskadiko Kutxak. Gaurdaino, etxebizitza-parke publikoaren zati handi baten eta bere ondarekoak direnen errentamenduak kudeatu ditu sozietate horrek.

Une honetan, alokairuko etxebizitza publikoak sustatzea da Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da, eta, hori gauzatzeko, ezinbestekoa da tresna eraginkor eta espezializatu bat edukitzea, kudeaketaren eremu publikoa ongi mugatuko duena. Eusko Jaurlaritzaren ustetan, ez da komeni zeregin hori izaera pribatuko erakunde baten eskuetan uztea.

Horrela bada, Gobernuak une honetan BBK-k, Kutxak, Vital Kutxak, Euskadiko Kutxak eta Visesak sozietate horretan dituzten akzioak erostea erabaki du eta merkataritzako sozietate publiko anonimoa sortzea. Sozio bakarra izango du eratzen denean, hau da, Eusko Jaurlaritza, eta Alokabide SA. izango du izena.

Akzioen salerosketa-prezioa 4,7 milioi eurokoa izango da. Sozietatearen ondare garbia 12,9 milioi eurokoa zen 2010eko abenduaren 31n. Partaidetzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak kapitalaren ehuneko ehun izango du (12 milioi euro).

Ondare-eragiketa honekin, Jaurlaritza izango da sozietatea osatzen zuten alokairu publikora bideratutako 2.487 etxebizitza sozialen jabe bakarra. 2004-2010 aldian, sozietateak ia 88,5 milioi euroko laguntza publikoak jaso zituen Eusko Jaurlaritzatik.

Kopuru horretatik, ia 31,2 laguntza zuzenen bidez , eta 57,3 etxebizitza horiek erosteko kreditu-entitateek emandako maileguen interes-tasetarako subsidioen bitartez.

Jaurlaritzaren Kontseiluak sozietate berriaren estatutuak ere onartu ditu.

Hona sozietate berriaren xedea:

a) Etxebizitzak sustatu eta birgaitzea, hasiera batean behintzat, alokatzeko, baina errentariei edo, halakorik ezean, hirugarrenei eskualdatzeko aukera baztertu gabe.

b) Sustatutako etxebizitzekin lotutako edonolako obra, azterlan, proiektu eta mantentze-lanak esleitu eta kontratatzea.

c) Etxebizitzak eraikitzeko erabiliko diren lursailen urbanizazioarekin edota etxebizitzak eta industriako edo negozioetarako lokalak birgaitzearekin lotutako edonolako obra, azterlan, proiektu eta mantentze-lanak esleitu eta kontratatzea, baldin eta ondoren a) idatz-zatian zehaztutako eran ustiatzekoak badira.

d) Mota orotako ondasun higiezinak erosi eta saltzea, eta horien gainean, aurreko puntuetan zehaztutako helburu eta jardueretarako beharrezko edo egoki dena eraikitzea.

e) Hirugarrenei laguntza teknikorako prestazioak ordaintzea, eta zerbitzu teknikoak, ekonomikoak, industria-arlokoak, merkataritza-arlokoak, komisio-zerbitzuak eta sozietatearen izaerari eta jarduerari lotutako beste guztiak egitea.

f) Alokairu araubideko etxebizitzak kudeatzea.

g) Alokabide, SA sozietate publikoa tresna gisako bitarteko propio eta zerbitzu tekniko da, Jaurlaritzarentzat, kapital sozialaren zati bat duten erakundeentzat, eta erakunde autonomiadun eta haien mendeko gainerako ente publikoentzat.

Sozietatearen kapital guztia publikoa izango da, eta lanaren zati handiena sozietate hori bitarteko propio eta zerbitzu tekniko gisa duten erakundeekin egingo du.

Sailak edo erakunde gomendatzaileak, kudeatzeko gomendioaren bitartez, lanak enkargatzen badizkio sozietateari, haiek ezarritako jarraibideen arabera egin beharko ditu.

Aipatu kudeatzeko gomendioek tresna-izaera dute eta ez kontratuzkoa; beraz, barrukoak, agindupekoak eta menpekoak dira ondorio guztietarako . Sozietateak betebeharrekoak izango dira, eta honelaxe ordainduko dira: tresna propio eta zerbitzu tekniko izango da Sozietatea beste entitate batzuetan, eta entitate horien partaidetzarekin, Jaurlaritzaren zein sailari dagoen atxikia, bada, sail horren arau organikoek zehaztu organoak, –na¬hikotasun ekonomiko eta finantzariorako irizpideaz– finkatutako tarifen arabera, alegia.

Alokabide, SA sozietate publikoa Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari atxikirik geldituko da, eta finantzen kontrola Ekonomia eta Ogasun Sailak egingo du.

Bazkide-eskubideak -bazkide bakar gisa Eusko Jaurlaritzari baitagozkio- Jaurlaritzaren Kontseiluak baliatuko ditu.

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

EUSKO JAURLARITZAK 390.625 EURO BIDERATU DITU, ENERGIA BERRIZTAGARRIEI LOTURIKO AZPIEGITUREN ERABILERA INDARTZEKO

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza edo/eta basogintza arloan energia berriztagarriei lotutako azpiegituretarako inbertsiorako 2011 urterako laguntzen araubidea ezartzen duen ordena onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak. Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Jasangarriaren Programakoak dira laguntza horiek.

Pilar Unzaluren sailak landutako testuaren arabera, 400.000 euro inguru bideratuko dira, biomasarekin edo hondakin organikoekin energia ekoiztea ahalbidetzen duten neurri batzuk bultzatzeko eta nekazaritzako ustiategietan energia aurreztea eta ingurumenaren arloa hobetzea indartzeko.

Diru-laguntzak emango dira, instalazio berritzaileak ezartzeko, nekazaritzako edo/eta basogintzako ustiategietatik ateratako hondakin organikoekin energia ekoizteko. Nekazaritzako EAEko sektoreaz arduratu beharko dira instalazioak, eta honako helburu hauetakoren bat lortzeko balio beharko dute: Nekazaritzako ustiategien energia-kostua aurreztea eta nekazaritzako edo/eta basogintzako ustiategietatik ateratzen den biomasa tratatuta ingurumena hobetzea.

Bideratu den diru-kopurua 390.625 eurokoa da; horietatik 130.208 euro LGENFren kargura izango dira, eta 260.417, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura. Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa inbertsio osoaren % 80 artekoa izango da.

 

KULTURA SAILA

EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN» PROGRAMAREN 2011KO DEIALDIA

Agindua, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako aurtengo deialdia egiteko dena.

Gobernu Kontseiluak «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programaren 2011ko deialdia egiten duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Agindu horren bidez, 20 eta 30 urte bitarteko 100 pertsona (gehienez) hainbat herrialdetara joan ahal izango dira lankidetza-proiektuetan parte hartzera. Hautatutako gazteak eta proiektuak Kulturako sailburuak 2010eko abenduaren 1ean emandako Aginduaren bitartez aukeratu dira (Kulturako sailburuaren 2011ko abenduaren 1eko Agindua, garapen-lankidetzarako entitateei dei egiten diena Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2011ko «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkezteko).

Programaren helburua da Euskadiko gazteen artean elkartasunaren balioa sustatzea eta garapen-lankidetzarako ekintzetan sentsibilizatzea. Hori dela eta, Euskadiko gazteak lankidetzaren kontzeptura hurbiltzeko helburuari eutsiko zaio, bai eta ekintza horiek bertatik bertara ezagutzeko aukerari ere. Esperientzia hori aberasteko eta osatzeko, informazio eta orientazio jardunaldiak antolatuko dira.

Datorren ostegunean, Marta Ares Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak eta Natxo Rodríguez Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak prentsaurreko bat emango dute deialdi honi buruzko argibideak azaltzeko.