2011/04/05 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Trafikok diru-laguntzak emango dizkie udalei higikortasun seguruarekin zerikusia duten ekintza hezitzaileak abiatzeko
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Lanbide heziketarako sarbide-probak
160.000 EURO IKERTZAILEAK KONTRATATZEKO
514.800 euro hizkuntzetako ikastaroak atzerrian egiteko dirulaguntzetarako
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Gobernu-Kontseiluak Lehiaren Euskal Agintaritzaren lege-proiektua onetsi du
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Arreta Soziosanitarioaren Euskal Kontseiluaren funtzionamendua arautuko duen dekretua onartu du jaurlaritzak
KULTURA SAILA
Kale-antzerkia bultzatzeko programa onartu da
LEHENDAKARITZA
Euskal lankide boluntarioentzako laguntzak emateko eta Libian larrialdirako laguntza emateko deialdiak egin dira
HERRIZAINGO SAILA

TRAFIKOK DIRU-LAGUNTZAK EMANGO DIZKIE UDALEI HIGIKORTASUN SEGURUAREKIN ZERIKUSIA DUTEN EKINTZA HEZITZAILEAK ABIATZEKO

Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta bestelako toki erakundeei zuzendutako diru-laguntzak arautu eta horietarako deia egiten duena, mugikortasun segururako hezkuntzako ekintzak 2011an gara ditzaten.

250.000 euro emango ditu ekintza hezitzaileak, ikasmateriala eta adituen prestakuntza ordaintzeko

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 250.000 euro erabiltzea Udalei eta EAEko bestelako erakunde lokalei bideratutako diru-laguntzetarako; hauei esker, higikortasun seguruarekin zerikusia duten heziketa-ekintzak landu ditzaten. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak bide-hezkuntzaren alorrean beste Administrazio lokalekin dituen elkarlan politiken baitan biltzen dira aipatutako diru-laguntzak.

Gaur onartu den Herrizaingo sailburuaren Aginduari esker, Udalek diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte higikortasun seguruarekin zerikusia duten heziketa proiektuak aurrera eramateko. Trafikoarekiko hiritarren segurtasun maila handitzea lortu nahi da ekimen honen bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak ezinbestekotzat jotzen du hiritarrentzako ekintza hezitzaileak abiatzea, pertsonei bideratuak bereziki, gizakia bera baita trafiko istripu gehienen erantzule nagusia.

Diru-laguntza hauetarako bideratu den aurrekontu saila 250.000 eurokoa da eta batez ere, oinezkoei, txirrindulariei, gidariei, garraio publikoaren erabiltzaileei, e.a. zuzenduta dauden heziketa proiektuak egiteko erabili beharko da. Era berean, higikortasun segurua bultzatzeko ikasmaterialak eta hauek erakusteaz arduratuko diren pertsonen heziketa ordaintzeko ere erabiliko dira laguntza hauek.
 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

LANBIDE HEZIKETARAKO SARBIDE-PROBAK

Agindua, 2011-2012 ikasturtean Lanbide Heziketarako sarbide-probak prestatzeko ikastaroak irakasteko laguntzetarako dei egiten duena.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, 2011-2012 ikasturtean Lanbide heziketarako sarbide-probak prestatzeko ikastaroak irakasteko laguntzerako dei egiten duen agindua.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastexe pribatuentzako dirulaguntza, 235.384 euroko zenbatekoa, deialdia egitea Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetarako sarbide probak prestatzeko ikastaroak antolatu eta irakatsi ditzaten 2011-12 ikasturtean. Ikastaroak 18 urtetik gorako herritarrei zuzendurik egongo dira, hain zuzen ere, lanbide hezikatako zikloak Ikasi nahi baina horretarako titulaziorik ez dutenentzat.

 

160.000 EURO IKERTZAILEAK KONTRATATZEKO

Erabakia, non bi dirulaguntza zuzenak bideratzen diren Ikerbasque Fundazioari eta Euskal Herriko Unibertsiateari Ikertzeileen behinbetiko kontrataziorako, Zientzia eta Berrikuntzako Ministeritzaren eta Euskadiko Autonomi Erkidegoko Adminitrazio Orokorraren arteko esparru-hitzarmean i3 programari dagokion protokolo orokorra garatzeko (2009. urteko hitzarmena, 2011ko urtekoa).

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du dirulaguntza zuzen hauek ematea baimentzeko erabakia:

130.000 euro Ikerbasque fundazioari, I. mailako bost ikertzaile, unibertsitate-irakasle titularra edo baliokideren bat mugarik gabe kontratatzeko, I3. programari buruzko protokolo orokorra garatzeko Hezkuntza eta Berriztapen Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-hitzarmenaren esparruan.

30.000 euro Euskal Herriko Unibertsitateari, I. mailako ikertzaile bat, unibertsitate-irakasle titular bat edo baliokideren bat mugarik gabe kontratatzeko, I3. programari buruzko protokolo orokorra garatzeko Hezkuntza eta Berriztapen Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza-hitzarmenaren esparruan.

 

514.800 EURO HIZKUNTZETAKO IKASTAROAK ATZERRIAN EGITEKO DIRULAGUNTZETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, 2011ko udan atzerrian Ingeleseko, Frantseseko edo Alemaneko ikastaroak egiteko, unibertsitate- eta goi mailako beste ikasketa batzuk egiten dituzten ikasleentzako dirulaguntzak deitzen dituen agindu bat.

Agindu honen bidez 286 dirulaguntza deitzen dira, 514.800 euroko zenbateko globalean, atzerrian Ingeleseko, Frantseseko edo Alemaneko ikastaro bat egiteko, unibertsitate- eta goi mailako beste ikasketa batzuk egiten dituzten ikasleentzat, bekadunak badira.

Hizkuntzako ikastaroak, gutxienez, hiru aste iraun beharko du, etenik gabekoak, atean hamabost klase-ordu izan beharko ditu, hizkuntza ofizialtzat ikasi nahi den hizkuntza duen herrialde batean egin behar da eta 2011ko udan egingo da. 2011ko ekainaren 1etik irailaren 15era bitartean iraungo du.

 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

GOBERNU-KONTSEILUAK LEHIAREN EUSKAL AGINTARITZAREN LEGE-PROIEKTUA ONETSI DU

Gobernu Kontseiluak Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko lege-proiektua onetsi du. Horren bitartez, orain arte hurrenez hurren Lehiaren Euskal Zerbitzuari eta Lehiaren Euskal Auzitegiari zegozkien instrukzio- eta ebazpen-lanak bateratzen dituen administrazio izaerako erakunde autonomoa sortu da.

Aurkezpenean, Carlos Aguirre Ekonomiako sailburuak adierazi du “legeak lehia defendatzeko ardura duen erakundearen lehia-maila eta segurtasun juridikoa handitzen dituela, bai eta administrazio publikoekiko eta eragile ekonomikoekiko independentzia ere”.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko legeak lehia defendatzeko egitura indartzen du, lau organo sortuz: Lehendakaria, Lehiaren Euskal Kontseilua, Ikerketa Zuzendaritza eta Idazkaritza Nagusia.

Eredu berriak adostasun eta koherentzia handiagoa du Europar Batasunaren eremuan daudenekin, eta instrukzio- eta ebazpen-eginkizunen arteko efizientzia eta koordinazioa hobetzen du.

Honako eginkizun hauek garatuko ditu Lehiaren Euskal Agintaritzak: lehia askearen baldintzak defendatzea, lehiaren aurkako jokabideak zehatzea, lehia sustatzea eta lehia askearen alderdiak betetzen ez dituzten EAEko Administrazio Orokorraren, Foru Administrazioaren eta Toki Administrazioaren egintzak eta legea baino beheragoko xedapen orokorrak aurkatzeko aukera.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduerarekin, merkatuen funtzionamendu eraginkorragoa bultzatuko da, eta enpresa eta kontsumitzaileek prezio merkeagoak, hautatzeko aukera gehiago eta bezeroekiko arreta hobea izatea bermatuko da.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardueraren gardentasuna beren-beregi azaldu da Legearen III. kapituluko artikuluetan.

Gobernu Kontseiluak Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko lege-proiektua onetsi du gaur, eta berezko nortasun juridikoa duen administrazioko erakunde autonomoa izango da hori. Legeak bermatu egiten du erakunde berria independentea izango dela administrazio publikoekiko eta eragile ekonomikoekiko, erakunde- eta funtzio-autonomia izango dituelako.

Gaur egun EAEk Lehiaren Euskal Auzitegiaren eta Lehiaren Euskal Zerbitzuaren esku ditu erabaki- eta kontsulta-eginkizunak, eta instrukzio-eginkizunak, hurrenez hurren. Lege-proiektu honekin erakunde bakar batean bateratu dira instrukzio- eta erabaki-eginkizunak, nahiz eta zehapen-prozeduraren ebazpen- eta instrukzio-faseak bereizten jarraitzen duen. Sistema hau hobeto dator bat administrazioko erakundeen jardueran nagusitu behar diren ekonomia eta efizientzia printzipioekin.

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak adierazi du legeak “lehia defendatzeko ardura duen erakundearen lehia-maila eta segurtasun juridikoa indartzen dituela”. Orain arte dekretuen bitartez arautu izan da Lehiaren Euskal Auzitegiaren funtzionamendua, eta orain Eusko Legebiltzarrak zehaztuko du erakundearen arau-eremua.

Carlos Aguirreren iritziz, “lehiaren defentsa garapen ekonomikoaren oinarrizko printzipioa da, ondare eta zerbitzuen prezio eta kalitatea hobetzen ditu, eta funtsezko suspergarria da gizarteak aurrera egiteko. Halaber, lehia askearen inguruneak kontsumitzaile eta erabiltzaileen ongizatea eragiten du, eta enpresak babesten ditu, horiexei egiten baitiete kalte handiena lehiaren aurkako jardunbideek”.

Orain arte Lehiaren Zerbitzuak eta Auzitegiak osatutako binakako ereduarekin alderatuz funtzionalki indar handiagoa izateko asmoz pentsatu da Lehiaren Euskal Agintaritzaren egitura berria. Lege honekin lau organoko egitura berria ezarri da: Lehendakaria —Sailburuordetzaren maila izango duena—, Lehiaren Euskal Kontseilua, Ikerketa Zuzendaritza eta Idazkaritza Nagusia. Eredu berriak adostasun eta koherentzia handiagoa izango du Europar Batasuneko hainbat herrialdetako eremuetako diseinuarekin.

Lehendakaria kide bakarreko organoa izango da, eta Lehiaren Euskal Agintaritza zuzendu eta ordezkatzea izango da bere lana. Lehiaren Euskal Kontseilua sustapen, ebazpen eta irizpenerako kide anitzeko organoa izango da; lehendakariak, bi kontseilukidek eta idazkari nagusiak osatuko dute, eta laguntza material, administratibo eta teknikoa emateko organoa izango da, baita aholkularitza juridikokoa ere. Azkenik, Ikerketa Zuzendaritzak instrukzioa egiteko eginkizunak izango ditu.

Kontseilukideek ez dute arduraldi esklusiborik izan beharko eta, horrela, errazagoa izango da izen eta prestakuntza handiko profesionalak kontratatzea, bestela ezin izango bailitzateke. Azken batean, aldaketa hau eginda Lehiaren Euskal Agintaritzaren egitura indartsuagoa da gaur egun indarrean dagoen ereduarekin alderatuz. Beraz, berrikuntzei esker, Agintaritzaren gaitasuna handituko da, efizientzia hobetuko da (koordinatuta lan egiten delako) eta instrukzioaren eta ebazpenaren arteko independentzia bermatuko da.

Jaurlaritzak izendatuko ditu lehendakaria, kontseilukideak eta Ikerketa Zuzendaritzako kideak. 6 urteko agintaldia izango dute eta, beraz, karguaren indarraldia eta legegintzaldia ez dira bat etorriko.

Eginkizun hauek garatuko ditu Lehiaren Euskal Agintaritzak: lehia askearen baldintzak defendatu, bermatu eta hobetzea, eta merkatuan gardentasuna ezartzea. Halaber, lehiaren aurkako jokabideak, nagusitasunezko egoeraren abusu-egoerak eta lehia desleialeko egintzatzat jotzen direnak ere zehatuko ditu. Lehiaren Euskal Agintaritzak ahalmena izango du administrazio-zuzenbideari loturik dauden EAEko Administrazio Orokorraren, Foru Administrazioaren eta Toki Administrazioaren egintzak eta legea baino beheragoko xedapenak aurkatzeko, horien bidez merkatuetako lehia mantentzeko oztopoak eragiten badira.

Sektore eta merkatuen ikerketa orokor eta berariazkoa eta lehiaren arloan duten funtzionamendua ere Lehiaren Euskal Agintaritzak landu beharreko atalak izango dira.

Helburu horiek lortzeko, ikerketa-ahalmena izango du Agintaritzak. Agintaritzako kideak agintaritzaren agenteak izango dira, eta enpresetako langileen etxeetan ere egin ahal izango dituzte ikuskapenak, baimen judiziala badute. Pertsona fisiko eta juridiko guztiek izango dute agintaritzarekin lankidetzan aritzeko beharra.

Legearen III. kapituluan bereziki aipatzen da Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardueren gardentasuna. Ebazpen guztiak eta jarduera-memoria erakundearen web gunean argitaratuko dira, eta aldian-aldian Eusko Legebiltzarrean agertu beharko da, bere jardueraren oinarrizko ildoak aurkezteko.

Legeak dioenez, Legea onetsi eta gehienez sei hilabeteko epean hasiko da Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera, funtzionamendu-erregelamendua arautuko duen estatutua indarrean sartzean. Momentu horretan iraungita geratuko dira Lehiaren Euskal Auzitegia eta Zerbitzua, eta Lehiaren Euskal Agintaritzak hartuko ditu horien espediente, eskubide eta betebeharrak.

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

ARRETA SOZIOSANITARIOAREN EUSKAL KONTSEILUAREN FUNTZIONAMENDUA ARAUTUKO DUEN DEKRETUA ONARTU DU JAURLARITZAK

Dekretua, Atentzio Sozio-Sanitarioko EAEko Kontseiluarena.

Arreta Soziosanitarioaren Euskal Kontseiluaren egitekoak, osaera eta oinarrizko funtzionamendua arautuko dituen dekretua onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Organo hori hiru alderdikoa izango da; izan ere, Eusko Jaurlaritzak (Osasun eta Kontsumo Saila eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila) Eudel Euskal Udalen Elkarteak eta hiru foru aldundiek osatuko baitute. Osasun-arazo larriak edo gizarte-bazterkeriako arrisku-mugak direla-eta arreta sanitario eta sozial aldibereko, koordinatu eta egonkorra behar duten pertsonentzako zainketen multzoa biltzen du arreta soziosanitarioak. Helburu nagusia pertsona horien beren etxeetan zaintzea da, haien ingurunetik atera gabe.

Arreta Soziosanitarioaren Euskal Kontseilua 12 kidek osaten dute: Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren sei ordezkarik (gizarte-zerbituen arloko eskumenak dituen Saileko titularra; aldundietako hiru, udaletako 1 eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko 1) eta Euskadiko Osasun Sistemaren beste seik (Osasun Saileko titularra eta sail bereko beste bost ordezkari). Osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailari atxikiko zaio, horren hierarkia-egituran sartu gabe, nahiz eta sail horren bulegoetan izango duen bere egoitza.

Arreta Soziosanitarioaren Euskal Kontseiluaren lehendakaritza Gizarte Zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak eta Osasunaren arloan eskumena duen sailburuak gauzatuko dute, urtebeteko aldietan eta txandaka. Lehenengo urtean Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua izango da presidentea.

Kontseiluaren berariazko eginkizunak ondokoak dira:

a) Arreta soziosanitarioaren oinarrizko politikak definitzeko proposamenean parte hartzea.

b) Arreta soziosanitarioaren funtzionamendurako arau eta irizpide orokorrak ezartzeko adostasuna orientatzea.

c) Arautze juridiko espezifikoa behar duten arreta soziosanitarioarekin lotutako gaiak jakitea eta eztabaidatzea, horri buruz galdetzen diotenerako.

d) Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu aurretik, Arreta Soziosanitarioko laurteko Plan Estrategikoa ezagutzera ematea, eta, horren indarraldia amaitu ondoren, bertan txertatutako neurrien egikaritze- eta ezarpen-maila ebaluatzea.

e) Hala badagokio, ondokoetan parte-hartzea: zerbitzuen eta prestazioen katalogoa eta/edo kartera bateratua definitzeko proposamenean edo baliabideak egokitzen direla eta arreta egokia dela bermatzera bideratutako beste formula edo tresna batzuk definitzeko proposamenean.

f) Autonomia Erkidegoan aplika daitezkeen lankidetzako eta koordinazioko tresnen eta protokolo bateratuen diseinua eta onarpena orientatzea.

g) Antolamendu-ekimenak edo zerbitzu esperimentalak martxan jar daitezen sustatzea, proiektu pilotu gisa, bi jardun-eremuen artean koordinazio hobea lor dezaketen formula berriak probatzera zuzenduak.

h) Arreta soziosanitarioaren ereduaren ezarpenerako behar diren finantza-baliabide publikoak aurreikustea.

i) Esparru soziosanitarioan lan egiten duten erakundeei eta profesionalen eta erabiltzaileen elkarteei informazioa emateko mekanismoak ezartzea.

 

KULTURA SAILA

KALE-ANTZERKIA BULTZATZEKO PROGRAMA ONARTU DA

Agindua "Kale antzerkia bultzatuz" progra¬mari zuzendutako diru-laguntzen deialdia arautzen duena.

Gobernu Kontseiluak toki-entitateek antolaturiko kale-antzerkia bultzatzea helburua duen "Kale antzerkia bultzatuz" programari zuzendutako 2011ko diru-laguntzen deialdia arautzen duen Kulturako sailburuaren agindua onartu du.

Oraingo krisi ekonomikoa gogor jotzen ari da arte eszenikoen alorreko kultur programazioa, eta horrek kalte egiten dio euskal antzerkigintzaren enpresa-egituraren jasangarritasunari. Alderdi horretatik arreta txikiena jasotzen duen sektorea da kale-antzerkiarena. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, egoera honen aurrean kezkatuta eta jakitun udalek ahalegin ekonomiko handia egiten dutela, uste du beharrezkoa dela aire zabaleko arte eszenikoen programazioak “Kale Antzerkia bultzatuz” programaren bitartez sustatzea. Agindu honen helburua da 2011. urtean aire zabaleko gune publikoetan euskal antzerki-konpainiek egiten dituzten ikuskizunen programak garatzeko gastuak partez ordaintzeko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.

Laguntza hauek eskatu ahal izateko, udalek, koadrillek eta mankomunitateek edo haien udal erakunde autonomoek nahitaezkoa izango dute baldintza hauek betetzea: antzezleku egokiak izatea, seinaleztatuak eta mugatuak, indarreko legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak beteko dituztenak, bai eta programatzen diren ikuskizunetarako erantzukizun zibileko asegurua eta artisten gela eta aldagela moduan erabiltzeko moduko lokalak ere; programaren alderdi tekniko guztiak koordinatuko dituen pertsona arduradun bat izatea; dagokion aurrekontu-partida izatea konpainia edo artista parte-hartzaileak kontratatzeko gastuei aurre egiteko, bai eta ikuskizunek sortzen dituzten ekoizpen-gastuei aurre egiteko ere.

Dirulaguntza horietarako, guztira, 90.000 euro erabiliko dira. Hartzaileak izango dira 20.000 biztanletik gorako herriak (25.000 euro), 20.000tik 10.001era biztanleko herriak (25.000 euro), 10.000tik 5.000ra biztanleko herriak (20.000 euro) eta 5.000 biztanletik beherako herriak (20.000 euro). Iaz, programa abian jarri zen urtean, udalek aurkeztutako 23 proiektu lagundu ziren, eta 73.000 euro pasatxo erabili ziren.
 

LEHENDAKARITZA

EUSKAL LANKIDE BOLUNTARIOENTZAKO LAGUNTZAK EMATEKO ETA LIBIAN LARRIALDIRAKO LAGUNTZA EMATEKO DEIALDIAK EGIN DIRA

Ebazpena, euskal lankideentzako laguntzak 2011. urterako iragartzen dituena.

Jaurlaritzak oniritzia eman dio euskal lankide boluntarioentzako laguntzak emateko deialdia jasotzen duen dekretuari. Guztira 400.000 euroko dirulaguntzak onartu dira eta bi urtetan zehar banatuko dira: 250.000 euro aurten eta gelditzen dena, 150.000 euro, 2012rako.

Dirulaguntza horiek Garapena eta Lankidetza sustatzeko Fondoaren kontura ematen dira eta euskal lankide boluntarioen egoera tokian hobetzeko dira. Eskaerak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian aurkezteko epea ireki da. Euskadiko GGKEk hilabeteko epea dute lankide boluntarioentzako laguntza eskaerak aurkezteko.

Era berean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak martxoaren 30ean egin zuen Artezkaritza Batzordean onartu zuen larrialdietarako ekintza humanitarioetarako etenik gabeko laguntzen artean 125.000€uroko dirulaguntza ematea ACNUR-i.

Dirulaguntza hori Libiako larrialdi proiektu batetarako da, Tunisiarekin muga egiten duen Ras ADjira joan diren talde ahulei laguntza emateko. Proiektua garbitasunerako artikuluez, mantez eta elikagaiez hornitzeko da.