2011/04/12 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Ertzainen aparteko segurtasuna finantzatzeko dekretua onartu dute
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Ikastetxeen arteko binakako loturak (Ikabil) sustatzeko dirulaguntzen deialdia onartuta
203.319 euro lanbide heziketako irakasleen prestakuntzarako
2011ko musikaldi
181,395 milioi euro hezkuntza-itunetarako
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren mendeko merkataritza-eragiketetan ordaintzeko epeei Buruzko Akordioa
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Jaurlaritzak Lucio Hernando izendatu du Pasaiako Portuko agintaritzaren Lehendakari
Urretxuko Udalarekin Hitzarmena Etxebideren Erregistroa Erabiltzeko
Gobernuak parte hartuko du Aparkabisaren kapital-gehikuntzan
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5,3 milioi euroko eurrekontu bat onartu da, 2011n nekazaritza eta abeltzaintzan laguntzak emateko
Ibaiko arrantzaren lizentziak autonomia-erkidegoen artean onartzeko hitzarmenari atxiki zaio Euskal Autonomia Erkidegoa
Eusko Jaurlaritzak 1.333.318 euro bideratu ditu arrantza, nekazaritza eta elikagaien sektoreko elkarteentzako Laguntzetara
KULTURA SAILA
Kexaako eraikin-multzoa babesteko dekretuak modu bateratuan jasoko ditu bertako ondasun hirigarriak
Euskadi literatura-sarien deialdia
LEHENDAKARITZA
Jaurlaritzak 600.000 ¿ zuzenduko ditu Euskadiren eta Akitaniaren arteko lankidetza-proiektuak bultzatzeko
HERRIZAINGO SAILA

ERTZAINEN APARTEKO SEGURTASUNA FINANTZATZEKO DEKRETUA ONARTU DUTE

Dekretua, dekretu honen bidez neurri ekonomiko batzuk ezarri dira Ertzaintzako funtzionarioek euren zerbitzuko eginkizunetan seguruago jardun dezaten.

 Lau milioi euro ertzainak lan-orduetatik kanpo mobilizatzeak dakarren gastua ordaintzeko

Ertzainak lan-ordutegi ofizialetik kanpo mobilizatzearen gastua konpentsatzeko 2011rako aurrekontu-partida jasotzen duen urteroko Dekretua onartu du Gobernu Kontseiluak gaurko bileran. Ertzaintzako sindikatuekin batera adostu da Dekretuaren edukia eta agenteen segurtasuna sendotzea du helburu, polizia-lanari aurre egiteko baliabide gehiago izatea ahalbidetuko baitu. Aurtengo ekitaldirako onartutako aurrekontua lau milioi eurokoa da.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu duten Dekretua Herrizaingo Sailak eta Ertzaintzaren negoziazio-mahaiko sindikatuen artean adostutako akordioen emaitza da. Helburua da polizia-patruila gehiago izatea eskura une bereziki larrietarako, adibidez, kale-borrokaren edo terrorismoaren kontrako operazioetarako, antolatutako delinkuentziaren kontrako operazioetarako, ordena publikoa zaindu behar denerako, trafikoko operazio berezietarako eta halakoetarako.

Aurreneko dekretua duela bederatzi urte sinatu zen, eta harrezkero, urte hauetan guztietan, aldatuz joan da, Ertzaintzaren Hitzarmenak bere garaian ezarri zituen aldaketetara moldatzeko. Dekretuak berak aurreikusten zituen hobekuntza batzuk jasotzen eta iraunkor egiten zituen hitzarmenak. Era berean, iaztik aurrera Miñoien Sekzioko kide guztientzat hedagarria da. Hala eta guztiz ere, 2011rako Dekretuko testuak zehazten du “lan-ordu ofizialetatik kanpo Ertzaintzako funtzionarioek eskaintzen dituzten zerbitzuengatik ematen diren aparteko ordainketen sistema bere horretan mantentzea ezinbestekoa dela”.

Lau milioi euro

Gobernu Kontseiluak gaur onetsitako araua 2011ko urte osoan egongo da indarrean. Arau honen baitan, lau milioi euroko funtsa osatuko da, aparteko orduetan lan egitearen trukean ertzainei ordainsaria emateko. Horrez gain, ondo zehaztuta utzi du zer-nolako baldintzetan luzatu behar diren lan-orduak, konpentsazio-sari hori jasotzeko eskubidea izateko. Era berean, testuak maila ezberdinak finkatu ditu diru-saria ordaintzeko, aparteko ordu horiek lan-jardun arruntetan, gauez edo jai-egunetan egingo diren kontuan hartuta.

Bestalde, terrorismoaren kontrako borrokarako operazioen ordaineko aparteko sariak emateko partida bat ere sortu du Dekretuak.

Balen aurkako jakak

 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

IKASTETXEEN ARTEKO BINAKAKO LOTURAK (IKABIL) SUSTATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA ONARTUTA

Agindua, ikaste¬txeen arteko binakako loturak (Ikabil) sustatzeko laguntza-deialdia eginez.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Agindu bat onartu du ikastetxeen arteko binakako loturak sustatzeko laguntzetarako (IKABIL) deia egiteko, 2011-2012 ikasurterako.

16.600 euroko deialdi honetan Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeek -A, B eta D eredukoek- har dezakete parte, eta helburua hizkuntza-eremu edo gizarte giro desberdinetako eskola taldeen arteko elkartrukea bultzatzea da, alde batetik, euskararen erabileran erraztasun handiagoa lortzeko, eta bestetik, kulturaren aldetik elkar aberasteko.

 

203.319 EURO LANBIDE HEZIKETAKO IRAKASLEEN PRESTAKUNTZARAKO

 Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, onartu du Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatu itunpekoei eman beharreko dirulaguntzak deitzen dituen agindua, 2011/2012 ikasturtean prestakuntza-jarduerak egiteko.

Horretarako, 203.319 euro erabiliko dira.
 

2011KO MUSIKALDI

Erabakia, Vitoria-Gasteizko Luis Aramburu Udal Musika Eskolari zuzeneko diru-laguntza emateko 2011ko Musikaldirekin lankidetza gisa.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Gasteizeko “Luis Aramburu” Udal Musika Eskolari dirulaguntza zuzen bat emateko erabakia, 2011ko Musikaldiri laguntza ematen diola aditzera emateko.

EAEko musika-eskola guztietako ikasle eta irakasleen arteko jai-topaketa finantzatzen laguntzea du 23.363 euroko zenbateko globaleko dirulaguntza honek helburu. Jai-topaketa horri Musikaldi esaten zaio, aurten Gasteizen izango da maiatzaren 21ean eta “Luis Aramburu”Musika Eskola antolaketaz arduratuko da.
 

 

181,395 MILIOI EURO HEZKUNTZA-ITUNETARAKO

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzeari buruzkoa, ikastetxe pribatuen Hezkuntza Itunak finantzatzeko, 2011/12 ikasturteko 2011ko iraila-abendua aldirako.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, 2011/2012 ikasturterako itundu beharreko gela kopurua zehazteko eskatzeko inprimakiak onartu eta argitara ematen duen agindua. Halaber, eskaerak aurkezteko epea onartu eta argitara ematen da.

Ikastetxe pribatuetako hezkuntza-itunek 181,395 milioi euroko aurrekontua du 2012/11 ikasturteko 2011ko irailetik abendura arteko aldirako.

 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN MENDEKO MERKATARITZA-ERAGIKETETAN ORDAINTZEKO EPEEI BURUZKO AKORDIOA

Dekretua, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak irizpena eman behar dien ondare-erantzukizuneko gaietako gutxieneko zenbatekoa aldatzekoa.

Jaurlaritzak gaur onetsi duen akordioaren bitartez, EAEko Administrazio Orokorraren mendeko sektore publikoak gehienez 30 eguneko epean egin beharko ditu ordainketak.

Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomo, partzuergo, ente, sozietate eta fundazio publikoetako adjudikatzeko ahalek 2012ko urtarriletik aurrera egindako merkataritza-eragiketa guztiei eragiten die akordioak.

Akordioak urtebete aurreratu du Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legean ezartzen den hasiera-data, eta 50 egunetik 40 egunera murriztu du 2011ko bigarren seihilekoan egingo diren eragiketetarako aurreikusitako epea.

Osakidetza salbuespena izango da akordio horietan, Europako 2011/7 Zuzentarauak ezarritako epea aplikatuko baitu. Xedapen horren bitartez 60 egunera luzatu dira osasun-laguntzaren zerbitzua ematen duten erakunde publikoen gehienezko ordainketa-epeak.

Neurri horiei esker, sistemaren finantza-egoera arintzen da, eta murriztu egiten da enpresa hornitzaileen finantzaketa-kostua. Hartu diren erabakiek ondasun eta zerbitzuak erosteko prezio hobeak eskuratzen lagunduko dute, hornitzaileen finantzaketa-kostua murriztuko delako.

Sektore publikoan epeak betetzeari buruzko hiru hilez behingo informazio-sistema ezarriko du Kontrol Ekonomikoko Bulegoak. Erakunde bakoitzaren batezbesteko ordainketa-epeak eta epeak bete ez direlako ezarritako berandutza-interesak jakinaraziko dira.

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

JAURLARITZAK LUCIO HERNANDO IZENDATU DU PASAIAKO PORTUKO AGINTARITZAREN LEHENDAKARI

Dekretua, Pasaiako Portuko Agintaritzako lehendakaria kargutik kendu eta beste bat izendatzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseilua gaur onartutako dekretu baten bidez, Miguel Buen Lacambra Pasaiako Portuko Agintaritzaren lehendakari kargutik kendu du, berak hala eskatuta, eta Lucio Hernando Albístegui izendatu du haren ordez.

Lucio Hernando Miramongo teknologia-parkeko zuzendari nagusi da gaur egun, eta Sprik azpiegituretarako Gipuzkoan duen ordezkaria.

 

URRETXUKO UDALAREKIN HITZARMENA ETXEBIDEREN ERREGISTROA ERABILTZEKO

Erabakia, Urretxuko Udalarekin lankidetza-hitzarmen baimenzen duena, aipatutako udalak sustatzen dituen etxebizitzak esleitzeko Etxebideren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroa erabiltzea.

Jaurlaritzaren Kontseiluak baiezkoa eman dio Urretxuko Udalaren eta Etxebizitza Sailaren arteko lankidetza-hitzarmenari, Urretxuko Udalak Etxebideko etxebizitza eskatzaileen erregistroa erabili ahal izateko.

Urretxuko Udalak sustatutako babes ofizialeko etxebizitzen zozketetan, esleipendunen hautaketa zozketa bidez egingo da Etxebiden dauden datuen arabera.

Horrela, baliabide instituzionaletarako sarbidea ahalbidetu eta erraztu egiten zaie herritarrei, etxebizitza-arloko zerbitzuen prestazioan disfuntzioak eta bikoiztasunak saihestuta.

Etxebizitza-eskaerak, haiekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak edota eskaeretan gerora egindako aldaketak, Urretxuko Udaletxeko bulegoetan edo Etxebiden aurkeztu, ondorio berberak izango dituzte. Eskaerak eta gainontzeko dokumentuak Etxebideren Erregistrora igorriko dira izapidetzeko.
 

GOBERNUAK PARTE HARTUKO DU APARKABISAREN KAPITAL-GEHIKUNTZAN

Dekretua, ¿Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. ¿ Centro de Transportes de Bizkaia, A.B.¿ sozietatearen kapital-gehikuntzan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak parte hartzeko baimenari buruzkoa.

Gobernuak 350.029 € jarriko ditu "Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea, A.B. – Centro de Transportes de Bizkaia, A.B.” sozietatearen kapital-gehikuntzarako, eta hortaz, orain duen % 19,96ko partaidetzari eutsiko dio.

Aparkabisa sozietatearen xedea da Bizkaian salgaien zentral integralak sustatu, prestatu eta ustiatzea eta ibilgailu astunentzat aparkalekuak eskaintzea.

Sozietateak 47,6 milioi euroko kapitala zeukan orain arte. Eta Jaurlaritzak 9,5 milioiko partaidetza zeukan, hau da, kapitalaren % 19,96.

Europar Batasuneko herrialdeen arteko merkataritzako harremanak ugaritu, eta garraioaren sektoreak ekonomian gero eta pisu handiagoa hartu ahala, hainbat zentro sortu dira Europan garraio-eskaintza eta -eskaria leku berean biltzeko, eta intermodalitatea koordinatu ahal izateko, horrek asko errazten baitu garraio-enpresen antolaketa, kudeaketa eta koordinazioa.

Horrela bada, eta garraioko zentro horiek sustatzen jarraitu ahal izateko, sozietatearen kapitala handitzea erabaki da. Horiek horrela, sozietatearen kapitalari milioi bat zazpiehun eta berrogeita bederatzi mila seiehun eta hirurogeita zazpi (1.749.667) euro gehituko zaizkio, laurehun eta laurogei euro eta laurogeita bat zentimoko (480,81 €) balio nominala izango duten hiru mila seiehun eta hogeita hemeretzi (3.639) akzio izendunetan banatuta.
 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

5,3 MILIOI EUROKO EURREKONTU BAT ONARTU DA, 2011N NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZAN LAGUNTZAK EMATEKO

Dekretua: 7111 Programan ¿Nekazaritza, Landaren eta Itsasertzaren Garapena¿ 5.302.845,24 euroko kredituak gaitzen dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak 2011. urterako duen Aurrekontuan, 9311 Programan ¿Europar Batasunarekiko finantza-harremanak¿ lortutako sarrerak direla medio.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurrekontuan guztira 5.302.845 euro gaitzea 2011 ekitaldirako, eta, erakunde ordaintzailea den aldetik, nekazaritzako eta landaren eta itsasertzaren garapeneko jardueretan banatuko da. Kopuru hori Europako Batasunak jarriko du osorik, LGENF laguntza-programaren bitartez.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, horrela, Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak eta Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak izenpetutako agindua betearazi du; agindu horretan, inbertsio erako ekintzei laguntzeko 2011rako 5,3 milioi euro gaitzea proposatzen zen, nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko, teknologia berriak eta berrikuntzak sartuz ekonomia-etekina handitzeko eta ustiategietako lanaren kalitatea, higienea eta animalien ongizatea hobetzeko.

2011rako 5,3 milioi euroren laguntza horiek 2007-2013 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapeneko Programakoak dira, eta hasierako gehieneko ekarpena 78 milioi euroko Europako LGENF funtsaren kontura egingo da. Ordainketa horiek erakunde ordaintzailearen bitartez egingo dira –kasu honetan, Nekazaritza eta Arrantza Zuzendaritza da–, eta Europako Batasunak egingo ditu osorik, Ingurumen, Landa Ingurune eta Itsas Ingurune Ministerioaren bidez.

 

IBAIKO ARRANTZAREN LIZENTZIAK AUTONOMIA-ERKIDEGOEN ARTEAN ONARTZEKO HITZARMENARI ATXIKI ZAIO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA

Erabakia: Autonomia Erkidegoen artean lankidetza-hitzarmena izenpetu da, ehiza eta barne uretako kirol-arrantzako lizentziak elkarri aitortzeko. Bada, hitzarmen horri partez atxikitzeko baimena ematen da, hain zuzen ere, ibai eta aintziretako arrantzarako lizentziak aitortzeari dagokionez.

Autonomia erkidegoen artean ibaiko arrantzaren lizentziak onartzeko lankidetza-hitzarmenari atxikitzea onartu du gaurko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Horrela, Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Euskal Autonomia Erkidegoa hitzarmen horri zati batean atxikitzeari; dagoeneko izenpetua dute Kataluniak, Galiziak, Errioxak, Aragoik, Andaluziak, Gaztela eta Leónek, Gaztela-Mantxak, Madrilek, Balearrek eta Valentziako Erkidegoak.

Egun, ehizatzeko eta ibaian arrantzan aritzeko, ehiza edo ibaiko arrantzarako lizentzia bat eduki behar da autonomia-erkidego bakoitzean. Euskal Autonomia Erkidegoa hitzarmen horri atxikitzea, oraingoz, barruko uretan jolas-arrantzan jarduteko lizentziak onartzeko bakarrik izango da.

Hitzarmen horrekin bitartekoak jarri nahi dira, arrantzaleak administrazio-izapide guztiak errepikatzen ibiltzea saihesteko eta ez dezaten egiaztatu behar izan eskatutako baldintzak betetzen dituztela, autonomia-erkidego bakoitzean beren eskubidea erabili ahal izateko lizentzia behar duten aldi bakoitzean.

Euskal Autonomia Erkidegoak, hitzarmena izenpetuta, konpromisoa hartzen du barruko uretan arrantzan aritzeko erkidego arteko lizentziak ematearen inguruko informazioa gainerako erkidegoei emateko neurri egokiak hartzeko eta informazioa eta komunikazioa erregistratzeko sistemen bidez interes komuneko komunikazioak trukatzeko.

 

EUSKO JAURLARITZAK 1.333.318 EURO BIDERATU DITU ARRANTZA, NEKAZARITZA ETA ELIKAGAIEN SEKTOREKO ELKARTEENTZAKO LAGUNTZETARA

Agindua, irailaren 30eko 229/2003 Dekretuan ezarritako esparruaren barruan Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresaburuenei zuzendutako laguntzen deialdia, 2011eko ekitaldikoa, argitara ematen duena («El¬karteak» Programa).

‘Elkarteak’ programara 2010ean guztira 1.333.318 euro bideratzea onartu du gaurko bileran Jaurlaritzaren Kontseiluak; Euskal Autonomia Erkidegoko landa-garapeneko eta mendi-nekazaritzako elkarte eta federazioei nahiz nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzen programa da.

Horrela, Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aginduari; agindu horrekin, nekazaritza, arrantza eta elikagaien sektoreko taldeen funtzionamendua sustatzeko ‘Elkarteak’ programako laguntzen deialdia egiten da.

‘Elkarteak’ programako laguntzen kopuru osotik, nekazaritzako sektoreko elkarteetara 772.600 euro bideratuko dira eta elikagaien sektorekoetara guztira 336.700 euro, eta arrantzaren sektorekoek 224.018 euro jasoko dituzte.

 

KULTURA SAILA

KEXAAKO ERAIKIN-MULTZOA BABESTEKO DEKRETUAK MODU BATERATUAN JASOKO DITU BERTAKO ONDASUN HIRIGARRIAK

Dekretua, Aiarako Kexaako eraikin-multzoa (Araba), monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratu zuen Dekretuaren aldaketa onartzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Aiarako Kexaako eraikin-multzoa (Araba), monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratu zuen otsailaren 26ko 53/2002 Dekretuaren aldaketa onartu du, multzotik ezin bananduzkotzat jotzen diren ondasun higigarriak bertan sartzeko. Beraz, babes-araubide horretan agindutakoa dekretu berrian zerrendatutako eta deskribatutako ondasun higigarri guztiei aplikatuko zaie.

Kexaako Monumentu Multzoko Ondasun Higigarrien Deskribaketa
1. Adatseko Ama Birjinaren erlikia-ontzi originala
Kokapena: Kexaako museoa.
XIV. mendearen lehen erdialdeko erlikia-ontzia. Urre eta zilar urreztatuz eta xehetasun handiz egina, piramide zulatuan errematatutako kapera itxi bat da, eta zabaldutakoan Ama Birjinaren eskulturatxoa agertzen da, buruan erlikia-ontzi bat daramala. Bere inguruan sortu zen Adatseko Ama Birjinaren kapera, eta estu-estu dago lotua Komentuaren historiarekin.

2. Ayala kantzelariaren (Pedro Lopez Ayala) eta Leonor Guzman anderearen hilobia
Kokapena: Adatseko Ama Birjinaren Kaperaren nabea (Kantzelariaren Dorrea). Erdialdea.
Hilobi bikoitza, gotikoa, alabastrozkoa, XIV. mendearen bukaera eta XV.aren hasierakoa. Lau hostoz eta hamabi lehoiz apaindutako basamentua du, eta haren gainean Kantzelariaren eta bere emaztearen irudiak daude, oinetan zakur etzanak dituztela. Kantzelariak militar-jantziak daramatza, haien gainean botoiz lotutako aljuba, eta esku-babesek estalitako eskuez eusten dio ezpatari. Emazteak, gaztelar mantua eta gona nasaia soinean, ilea buru-estalki batek ezkutatuta darama, eta ezkerreko eskuaz otoitz-orduen liburu bati eusten dio. Antza, Toledoko Ferrand Gonzalesen tailerrak egindako lana da.

3. Fernan Perez de Ayala jaunaren estatua etzana (Kantzelariaren aita)
Kokapena: Adatseko Ama Birjinaren kapera (Kantzelariaren Dorrea). Kaperaren ezkerraldeko horma-hilobia.
Mukulu gotiko etzana, alabastrozkoa, XIV. mendearen bukaera eta XV.aren hasierakoa. Tunika luzea darama, eskularruak jantzitako eskuek ezpatari eusten diote, eta oinetan zakur bat agertzen da, etzanda. Antza, Toledoko Ferrand Gonzalesen tailerrak egindako lana da. Estatua hau, bere emaztearenarekin batera, komentuaren kapera nagusian zegoen hilobi bikoitz bakar baten parte zen, eta XVIII. mendean ekarri zuten kapera honetara.

4. Elvira de Ceballos anderearen eskultura etzana (Kantzelariaren ama)
Kokapena: Adatseko Ama Birjinaren kapera (Kantzelariaren Dorrea). Kaperaren eskuinaldeko horma-hilobia.
Mukulu gotiko etzana, alabastrozkoa, XIV. mendearen bukaera eta XV.aren hasierakoa. Mantu luzea darama, ezkerreko eskuan otoitz-liburua eta eskuinekoan lepokoa. Oinetan idazkun bat dago, letra gotikoez egina. Antza, Toledoko Ferrand Gonzalesen tailerrak egindako lana da. Estatua hau, bere senarrarenarekin batera, komentuaren kapera nagusian zegoen hilobi bikoitz bakar baten parte zen, eta XVIII. mendean ekarri zuten kapera honetara.

5. Adatseko Ama Birjinaren erretaularen eta aurrealdearen kopia
Kokapena: Adatseko Ama Birjinaren kaperako nabea (Kantzelariaren dorrea). Kaperaren burualdea.
Originalaren kopia, Cristobal y Gonzalez de Quesadak 1959an egina. Originala, XIV. mendeko gotiko linealaren adibide bikaina, 1913an saldu zen eta Chicagoko Arte Museoan dago.
Pedro Lopez de Ayalak agindu zuen erretaula egiteko, Adatseko Ama Birjinaren erlikia-ontzia markoztatzearren. Pinturak arkutxo gotikoen barruko eszenetan daude, bi zerrendatan ordenaturik. Erdialdean, Kristo Gurutziltzatua dago, eta behealdean izarrez eta aingeruz errematatutako marko arkitektonikoa, garai batean Adatseko Ama Birjinaren erlikia-ontziaren hondoa zena. Antzeko ezaugarriak dituen Aurrealdean, antzeko ezaugarrian dituenean, Artzainen Deikundea, Jaiotza eta Erregeen Gurtzea ageri dira.

6. Kapera eraiki izanaren oroitarria
Kokapena: Adatseko Ama Birjinaren kapera (Kantzelariaren Dorrea). Kaperaren oinetan, koruaren azpian.
Alabastrozko oroitarria idazkun gotikoaz, Pedro Lopez Ayala jaunak eta Leonor Guzman andereak 1399an kapera sortu zutela oroitzeko.

7. Fernan Perez Ayala jaunaren estatua etzana (Kantzelariaren semea)
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Nabearen eskuinaldeko horma-hilobia.
XV. mendearen lehen erdialdeko hilobi gotikoa. Mahuka irekiko mantu zabal bat darama, lepoko fina eta durbante moriskoa. Basamentua apaindurik dago Ayalatarren eta Sarmientotarren armarriekin. Oheak idazkun bat darama. Eskultura honek, emaztearenarekin batera, hilobi bakar bat osatzen zuen, eta elizaren beheko korutik hurbil zegoen.

8. Maria Sarmiento anderearen eskultura etzana (Fernan Perez Ayala jaunaren emaztea)
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Nabearen ezkerraldeko horma-hilobia.
XV. mendearen lehen erdialdeko hilobi gotikoa. Fintasun handiz landutako jantzi aberatsak daramatza damak. Basamentua apaindurik dago Ayalatarren eta Sarmientotarren armarriekin. Oheak idazkun bat darama. Eskultura honek, senarrenarekin batera, hilobi bakar bat osatzen zuen, eta elizaren beheko korutik hurbil zegoen.

9. San Juan Bataiatzailearen parrokiako ondasun higigarriak
9.1 Erretaula Nagusia
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Elizaren Presbiterioan.
XVII. mendearen bukaerako oskol-erretaula barrokoa. Bankua, gorputza eta oskola ditu, eta hiru kaletan banatzen da. Bankuan, erdiko kalean, sagrario-ekisaindua dago. Alboetako kaleetan, Andre Mariaren erliebeak ageri dira. Erretaularen gorputzean, erdiko kalean, San Juanen taila dago, eta alboetan, San Antonioren eta San Vicente Ferrerren irudiak. Oskolaren erdialdean idibegi irekia dago, eta, alboetan, landare-motibo, erroleo eta abarren apaingarri ugari. Euskarriak zutabe salomondarrak dira, oso apainduak. Mazoneria guztia ongi urreztatuta dago.
9.2 Arrosarioko Andre Mariaren erretaula
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Nabean, ezkerraldean.
XVII. mendearen bukaerako erretaula barrokoa. Bankua, gorputza eta atikoa ditu. Zutabe salomondarrez markoztatutako erdiko hobian Arrosarioko Andre Mariaren irudia dago, Madrildik ekarria 1740an.
9.3. Santa Katalina Sienakoaren erretaula
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Nabean, eskuinaldean.
XVIII. mendearen erdialdeko erretaula errokokoa, bankua, gorputza eta atikoa dituena eta hiru kaletan banaturik. Erdiko hobian Santa Katalinaren taila dago, eta atikoan Kristo Gurutziltzatuaren irudi errenazentista. Euskarriak zutabeak dira, ertzetan arrokaiaz eta pilastraz apaindurik.
9.4 Santo Domingo de Guzmanen erretaula
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Nabean, eskuinaldean.
XVII. mendearen bukaerako erretaula barrokoa, Arrosarioko Andra Mariaren antzekoa, banku, gorputz eta atikoa dituena. Zutabe salomondarrez markoztatutako erdiko hobian Santo Domingoren irudia dago, Madrildik ekarria 1739an.
9.5. San Joseren erretaula
Kokapena: Nabean, eskuinaldean.
XVII. mendearen bukaera eta XVIII.aren hasierako erretaula, 1725ean amaitua, banku, gorputz eta atikoa dituena. Hobian, lau zutabe salomondarren artean, San Joseren irudia dago. Lau zutabe salomondarren arteko hobian dago San Joseren irudia.
9.6. Pulpitua eta bere sabaia
Kokapena: Nabean, ezkerraldean.
Pulpitu barrokoa, burdina forjatuzkoa, kopa batez errematatutako sabaia duena, eta haren gainean San Vicente Ferrerren irudia.
9.7. Kristo Gurutziltzatua
Kokapena: Goiko korua.
Kristo Gurutziltzatuaren taila, XVI. mendekoa, tamaina naturalekoa, ongi egindako anatomia duena. Garbitasun-oihal urreztatua du, izur horizontal finekin eta ezkerrean korapiloarekin.

10. Kexaako Monasterioaren artxibo dokumentala
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen komentua.
Kexaako Monasterioarekin zerikusia duten dokumentu-multzoa. Artxibo dokumental hau ezinbestekoa da Monumentu Multzoa aztertu eta ikertzeko.

11. San Juan Bataiatzailearen taila
Kokapena: Kexaako museoa.
San Juan Bataiatzailearen irudia, gotiko berantiarrekoa, gamelu-larruz jantzia eta ezkerreko eskuan ardiaren medailoia duela. Hasiera batean elizaren burualdean zegoen.

12. Kristo Gurutziltzatuaren taila: ‘Kristo marinela’
Kokapena: Kexaako museoa.
XIV. mendeko eskultura, hiru iltzeduna, anatomia nabarmenekoa eta garbitasun-oihala alde banatan zintzilik duela.

13. Veneziar kopoia
Kokapena: Kexaako museoa.
XIV. edo XV. mendeko kopa, zilar urreztatuz egina, oktogonala eta piramide formako taparekin. Oina lobulu askokoa da, eta lau aldeetan lau ebanjelistak ditu, bizantziar ikonografiak. Begian sei medailoi ditu eta dekorazio ugari, edalontzian eta estalkian agatazko xaflak, perlak, beriloak, kornalinak, granateak eta turkesak.

14. Beste elementu batzuk
14.1. Gurutzea, nakarrezko inkrustazioak dituena.
Kokapena: Kexaako museoa.
Gurutzea oinazpikoarekin eta nakarrezko inkrustazioekin, XVII. mendekoa. Kristo Gurutziltzatua, San Frantzisko, San Antonio Paduakoa, Oinazetako Ama eta Epifania ageri dira.
14.2. Epifania
Kokapena: Kexaako museoa.
XVI. mendeko taula-pintura. Eragin flamenkoa du, Ama Birjina agertzen da, Haurra besoetan, eta haren atzean San Jose eta hiru erregeak: Meltxor belauniko eta Gaspar eta Baltasar, opariak eskuan, hurbiltzen. Harkaitzarte bat da ikusten da hondoan.
14.3. Ama Birjinaren bi irudi, marfilezkoak
Kokapena: Kexaako museoa.
Ama Birjinaren bi iruditxo barroko, ziur asko ekialdekoak (eskola hispano-filipinarra). Bietan Ama Birjinak ilea solte darama, eta oinetan ilargia. Haurrak munduaren esfera dauka eskuetan.

 

EUSKADI LITERATURA-SARIEN DEIALDIA

Agindua, 2011 Euskadi literatura-sariak arautu eta horietarako dei egiten duena

Kulturako saiolburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskadi literatura-sariak arautu eta haien deialdia egiten duen Agindua onartu du. Euskadi literatura sariak 18.000 euro gordinez hornituta daude modalitate bakoitzeko. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko “Liburu Nabigatzaile” izeneko eskulturaren ale zenbatua jasoko dute. Horrez gain, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro euro gordin ere jasoko dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean.

Euskadi literatura-sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta aurreko urtean argitaratutako literatura lanen kalitatea saritzen dute, horrela literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzeko. Kultura Sailak urtero egiten du sari hauetarako deialdia, asmo bikoitzarekin: saritutako lanak zabaltzea eta egileak berak eta egin dituzten lanak ezagutaraztea.

Euskadi literatura-sarietan zortzi modalitate daude: euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura, euskarazko haur eta gazteentzako literatura, gaztelaniazko haur eta gazteentzako literatura, euskararako literatura-itzulpena, literatura-lanaren ilustrazioa, euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera. Edozein pertsona fisikok zein juridikok, bai publikoak bai pribatuak, aurkeztu ahal izango ditu sarirako hautagaiak, baita lanaren egileak berak ere. Edonola ere, hautagaiak aurkezteko baino lehen lanaren egilearen aldez aurretiko onespen dokumentatua beharko da.

Sarirako hautagaiak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta 2011ko maiatzaren 31n amaituko.

 

LEHENDAKARITZA

JAURLARITZAK 600.000 ¿ ZUZENDUKO DITU EUSKADIREN ETA AKITANIAREN ARTEKO LANKIDETZA-PROIEKTUAK BULTZATZEKO

Ebazpena, Akitania-Euskadiren arteko ankidetzarako Funts Erkidearen kontura 2011eko ekitaldiko dirulaguntzak emateko deia egiten duena.

Eusko Jaurlaritzak 600.000 euro zuzenduko ditu aurten Euskadiren eta Akitaniaren artean mugaz gaindiko lankidetza-proiektuak bultzatzeko. Laguntzak Kanpo Harremanetarako Idazkaritzaren ebazpen bidez deitu dira. Ebazpena gaur onartu da Jaurlaritzaren Kontseiluaren bileran.

Hain zuzen ere, laguntzak Akitania-Euskadiren arteko Lankidetzarako Funts Erkidearen kontura emango dira eta elkarlan proiektuetarako izango dira. Elkarlan proiektu horiek enplegua eta ekintzak sortzeko helburua izango dute eta bi eskualdeetako ekonomia- eta gizarte-eragileek burutu beharko dituzte.

Lankidetza-proiektuak goi mailako irakaskuntza eta teknologia zentroen esparruan, ekonomia-ekintzaren eta teknologia-berrikuntzaren esparruan eta prestakuntzaren eta kulturaren esparruan garatu beharko dira.

Dirulaguntza hauetan interesa dutenek hilabeteko epea izango dute, EHAAn argitaratzen direnetik, eskabideak Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian aurkezteko.