2011/05/03 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Jaurlaritzak trafiko informazioa jasotzeko telefono zenbaki berriaren marka onartu du
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Lanbide heziketako heziketa-zikloak eskaintza partziala
25 milioi euro Musikene goi mailako musika ikastegi berrirako
485.032 euro atzerrian espezializazio ikasketak egiteko
Guraso Elkarteen Federazio eta Konfederazioak
10,187 milioi musika rakaskuntzako ikastetxeetarako
2011: Kimikaren Nazioarteko Urtea
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Jaurlaritzak Euskadiko Lan Segurtasun eta Osasuneko II. Plana onartu du
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Bermeoko IGI-k eskaintzen duen nautika eta arrantza heziketa Itsasmendikoik bere gain hartzeko dekretua onartu da
KULTURA SAILA
Guggenheim Museoaren Sozietate Edukitzailearen kapitala handitzea onartu da
Jaurlaritzak 150.600 euro jarriko ditu gidoiak sortzeko
HERRIZAINGO SAILA

JAURLARITZAK TRAFIKO INFORMAZIOA JASOTZEKO TELEFONO ZENBAKI BERRIAREN MARKA ONARTU DU

Erabakia, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak emandako trafikoari buruzko informaziorako identifikazio-marka berezi bat erabiltzeko baimena emateari buruzkoa. Identifikazio-marka hori, hain zuzen ere, ¿011 trafikoa¿ irudia duen logoa izango da

 Ekainean sartuko da indarrean Euskadin 011 zenbakia


Gobernu Kontseiluak gaurko bileran ontzat eman du “011 trafikoa” marka, herritarrei trafikoaren inguruko informazio orokorra emateko balioko duena. Zenbaki berria, Estatu osorako telefono zenbaki bakar gisa bultzatutakoa, ekainean sartuko da indarrean Euskadin, 902 112 088 egungo zenbakiaren ordez.

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen marka trafikoaren inguruko informazioa jasotzeko telefono zenbakia, 011, jendaurrean ezagutzera emateko asmoz sortu da, hori izango baita Estatu osoan zerbitzu publiko hori emateko bultzatuko duten telefono zenbaki bakarra. Euskadin, telefono zenbaki berria Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak kudeatuko du eta ekainean bertan sartuko da indarrean, 902 112 088 egungo zenbakia orduan ordezkatzea aurreikusi baita. Hilabete batzuetan, biak izango dira erabilgarri. Euskal Autonomia Erkidegoa izango da hiru zifrako zenbakiarekin zerbitzua ematen hasiko den lehen erkidegoa.

011 horren bidez, euskal errepide saretik doazenek zirkulazioaren eta errepideen egoeraren berri jasotzeko aukera izango dute uneoro. Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko egoeraren berri jaso ahalko dute, baina baita inguruko erkidegoetakoarena ere, Legealdiaren hasieran Lankidetza Hitzarmena sinatu baitzuten EAEko eta Estatuko Trafiko Zuzendaritzetako ordezkariek.

011 zenbakira egindako deien kostua tokiko deienaren antzekoa izango da erabiltzailearentzat, etengabe izango da erabilgarri, eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroko operadoreek eskainiko dute laguntza hori. Zerbitzua indartu egingo dute joan-etorri handieneko egunetan, trafiko operazio berezietan edo, eguraldi bereziki txarra dela eta (neguko elurteak direla eta, esaterako), errepideetan arazoak sortzen direnean.

Gaur onartu duten “011 trafikoa” marka, publizitatezko mezuetan eta trafikoarekin lotutako albiste eta iragarkietan erabiliko da EAEn, eta telefono zenbaki berria ezagutzera emateko eta gidariek errazago gogoratzeko balioko du.
 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

LANBIDE HEZIKETAKO HEZIKETA-ZIKLOAK ESKAINTZA PARTZIALA

Ebazpena, EAEko itunpeko ikastetxe pribatuei Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialaren bidez irakasteko 2011-2012 ikasturterako aurreikusitako diru-laguntzen kopuru osoa aldatzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, agindu bat onartu du gaur izandako bileran, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei 2011-12 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialean irakasteko baimena eska dezaten eta horian finantzaketa arautzen duena.

25 MILIOI EURO MUSIKENE GOI MAILAKO MUSIKA IKASTEGI BERRIRAKO

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako aurrekontuko obra-kontratua izenpetzeko baimena ematekoa, Donostian, "Musikene" goi-mailako musika ikastegi berria eraikitzeko obrak burutzeko. (EXP. 2011/00327)

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, hartu du, Musikene Goi Mailako Musika Ikastegi berria Donostian eraikitzeko, 24.985.256 euroko kontratu bat izenpetzea baimentzeko akordioa.

485.032 EURO ATZERRIAN ESPEZIALIZAZIO IKASKETAK EGITEKO

Agindua, atzerrian EAErako interesgarriak diren gaietako espezializazio-ikasketak egiteko beken 2011-2012rako deialdiari buruzkoa.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran onartu duen aginduak beketarako deia egiten du 2011/2012 ikasturtean EAErako interesgarriak diren gaiei buruz atzerrian espezializazio ikasketak egiteko.

485.032 euroko kopuru osoa duten laguntza hauen programaren helburua unibertsitateko goi mailako tituludunen espezializazioa erraztea da, batez ere, Lehikortasuna, Ingurumena eta Energia, Informazio-Gizartea, Bizi-Kalitateaa eta Baliabide-Biziak, horretarako atzerrian espezializazio ikastaroak eginez, beti ere irakaskuntza arautuko programa baten barruan.

 

GURASO ELKARTEEN FEDERAZIO ETA KONFEDERAZIOAK

Agindua, unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako guraso-elkarteen federazioentzako eta Konfederazioentzako laguntzetarako deia egiten duena.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleen gurasoen elkarteen federazio eta konfederazioentzako dirulaguntzak deitzen dituen agindu bat.

Ikasleen guraso elkarteen federazio eta konfederazioei emango zaizkie dirulaguntza horiek, 450.000 euroko zenbateko globalean, funtzionatzeko behar diren azpiegituren gastuetan, guraso elkarteei laguntza eta aholkularitza emateko jardueren gastuetan eta gurasoen prestakuntzarako eta elkarte horiek osatzen dituzten ikastetxeetako ikasleentzako jardueretarako gastuetan laguntzeko.

 

10,187 MILIOI MUSIKA RAKASKUNTZAKO IKASTETXEETARAKO

Agindua. Honen bidez, toki-administrazio publikoen finantziazioa duten musika-ikastegiei diru-laguntzak emateko deialdia egiten da. Toki-administrazio publikoek euren gastu arruntaren % 25 edo gehiago finantza­tzen dute.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran agindu bat onartu du. Agindu horien bidez, musika irakaskuntzako ikastetxeetarako dirulaguntzen deialdia egiten da.

Deialdiaren bidez guztira 10.186.711 euro emango dira, eta dirulaguntza horiek jasoko dituztenak finantzaketarako herri administrazio publikoen %25eko edo gehiagoko finantziazioa duten musika irakaskuntzako ikastetxeak dira. Helburua ikastetxe horien gastu arrunta finantzatzen laguntzea da.

 

Esleipenerako irizpideak ikastetxeak emandako irakastorduen kopuruan oinarrituko dira.
 

2011: KIMIKAREN NAZIOARTEKO URTEA

Erabakia, dirulaguntza zuzen bat bideratzen da Euskal Herriko Unibertsitateari, 2011. urteko Kimikaren Nazioarteko Urteko ospakizuna sostengatzeko.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, hartu du Euskal Herriko Unibertsitateari 25.460 euroko dirulaguntza zuzen bat ematea baimentzeko akordioa, Kimikaren Nazioarteko Urtea, 2011, ospatzeko.

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

JAURLARITZAK EUSKADIKO LAN SEGURTASUN ETA OSASUNEKO II. PLANA ONARTU DU

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Segurtasun eta Osasunerako II. Plan Estrategikoa (2011-2014) onartzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskadiko Lan Segurtasun eta Osasuneko II. Plana (2011-2014) onartu du gaurko bileran. Plan horren helburu nagusietako bat lanbide-gaixotasunen detekzio goiztiarra da. Horretarako, osasunaren zaintzaren inguruko estrategiak sustatzea aurreikusten dute Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak.

Plana 2014. urtera arte egongo da indarrean, eta, jasotzen dituen neurrien artean, mediku- eta lan-historia herritarraren historia kliniko pertsonalean txertatzea aipatu daiteke. Mediku- eta lan-historia lan-istripuen mutualitateei dagokie, eta historia kliniko pertsonala Osakidetzari. Horiek bateratuz langileen osasuna hobetu ahal izango da, eta lan-arriskuak prebenitu, lanbide-gaixotasunetan arreta berezia jarriz.

Lan Osasun eta Segurtasuneko II. Planak hamabi jarduera-ildo jasotzen ditu, kontzientzia eta sentsibilizaziotik hasi eta segurtasun eta osasunean inplikatutako eragileen arteko partaidetza eta lankidetzaraino. Zehazkiago, planaren estrategiak ondoko ardatzetan egituratzen dira:

1. Prebentzioaren kultura indartzea gizartean.
2. Prebentzioan inplikaturiko eragileen arteko mekanismo egonkorrak ezarri eta sendotzea, publikoak nahiz pribatuak.
3. Euskadiko Administrazio publikoaren konpromisoa laneko segurtasun eta osasunarekiko, eta lankidetza sistematikoa administrazio eta erakunde publikoen artean.
4. Prebentzio-araudiaren betearazpena ikuskatzea eta kontrolatzea lantokietan.
5. Intzidentzia berezia lan-baldintzetan eragina duten faktoreen gainean (instalazioak, ekipoak, prozedurak, etab.)
6. Arriskuen prebentzioa txertatzea enpresen kudeaketan, horren benetako aplikazio eraginkorra sendotzeko, ETEei laguntza tekniko berezia emanez.
7. Enpresetan arriskuen prebentzioa egin ahal izateko ezinbesteko prestakuntza.
8. Lehentasuna ematea langileen osasunaren zaintzari, arrisku-faktoreak garaiz detektatzeko eta prebentziozko moduan jarduteko aukera emanez.
9. Kalitateak arriskuen prebentzioaren arloko jardunak estaltzea.
10. Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko jakintzak sortu eta partekatzea.
11. Datu-iturrien integrazioan eta informazio-sistemen interoperabilitatean oinarritutako informazio-sistema bat ezartzea.
12. Segurtasun eta osasuneko estrategia gauzatzeaz arduratutako pertsonen inplikazioa jardunetan.

Planaren testua idazterakoan Jaurlaritzak kontuan hartu ditu gizarte elkarrizketaren mahaian dauden CCOO, UGT eta Confebask eragile soziolaboralen ekarpenak.
 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

BERMEOKO IGI-K ESKAINTZEN DUEN NAUTIKA ETA ARRANTZA HEZIKETA ITSASMENDIKOIK BERE GAIN HARTZEKO DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Itsasoko Gizarte Institutuak Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Ikastegian eskaintzen duen nautika eta arrantzako prestakuntza-zerbitzuaren kudeaketa Itsasmendikoi SA sozietate publikoari esleitzeari buruzkoa.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu duen dekretuarekin, Itsasoko Gizarte Institutuak hezkuntza, enplegu eta lanbide heziketa arloetan Bermeoko Nautika-arrantzako Lanbide Eskolan gauzatzen dituen zereginak eta zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Itsasmendikoi sozietate publikoren esku geratzen dira.

Dekretu hori onartzea iazko urriaren 28an Batzorde Mistoaren osoko bilkuran adostutako eskumenak eskualdatzearen ondorioa da. Zeregin horiek bete daitezen, Bermeoko Nautika-arrantzako Lanbide Eskola ere eskualdatu egin da.

Nautika eta arrantzaren heziketa Arrantza eta Elikagaien Industriako Sailburuordetzari esleitutako eskumena da, eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio nautika eta arrantzaren arloko prestakuntza antolatu eta kudeatzea, eta jolaserako nautikaren titulazioak eta irakaskuntza antolatu eta kudeatzea.

Pilar Unzaluk zuzentzen duen sailari atxikitako Itsasmendikoi sozietate publikoa landa-eremuko prestakuntza, sustapen eta garapenerako zentro integrala da. Sozietate horrek, egun, nautika eta arrantzako prestakuntza eskaintzen du, azaroaren 28ko 249/2006 Dekretuaren arabera, Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxe Politeknikoan.

 

KULTURA SAILA

GUGGENHEIM MUSEOAREN SOZIETATE EDUKITZAILEAREN KAPITALA HANDITZEA ONARTU DA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao SL erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena emateko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari ‘Bilboko Arte Moderno eta Garaikidea sozietate edukitzailea, S.L.’ sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen dion Dekretua. Handitzea 1.399.752,29 eurokoa izango da.
‘Bilboko Arte Moderno eta Garaikidea sozietate edukitzailea, S.L.’ sozietatearen Ezohiko Batzar Orokorrak 2011ko otsailaren 21eko bilkuran onartu egin zuen, besteak beste, 2011ko urtealdian bere bilduma propiorako lanak eskuratzeko programari ekiteko behar dituen baliabideak lortzeko kapitala handitzea. Proposamen horren arabera, alegia sozietateak duen parte hartzearen ehunekoei eutsita, Eusko Jaurlaritzak 2.329 partaidetza berri sinatuko ditu, 1.399.752,29 euroko balioan.
Horrenbestez, Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran erabaki du baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari ‘Bilboko Arte Moderno eta Garaikidea sozietate edukitzailea, S.L.’ sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, 1.399.752,29 euroan, sozietatearen Batzat nagusiak erabakitzen duen guztizkoaren gainetik. Horretarako, 601,01 euroko balio nominalak duten 2.329 partaidetza eskuratuko ditu ordainketa bakar baten bidez. Bazkideek 2011ko maiatzaren 15a baino lehen ordainduko dute bereganatutako partaidetza sozialen guztizko balio nominala, dirutan (europar moneta komuna).
Handitzearen ondoren, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren parte hartzea sozietate horren kapital sozialean 55.160.096,79 euro izango da, 91.779 partaidetzaren bitartez ordezkatua. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren parte hartzea ‘Bilboko Arte Moderno eta Garaikidea sozietate edukitzailea, S.L.’ sozietatean kapital sozialaren %50 izango da; beste %50a Bizkaiko Foru Aldundiarena izango da.
Gogoan izan behar da sozietate honen xedea dela edozein motatako arte-lan eta  sorkuntza eskuratzea, bai eta arte-erakusketak antolatzea ere.

 

JAURLARITZAK 150.600 EURO JARRIKO DITU GIDOIAK SORTZEKO

Agindua, gidoien sorkuntzarako laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten due¬na.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gidoien sorkuntzarako laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako diru-kopurua 150.600 euro da.
Gaurko bilkuran, Gobernu Kontseiluak 2011. urteko urtealdiari begira gidoien sorkuntzarako laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du, alegia, edozein formatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitako zinema nahiz telebistarako fikziozkoak, animaziozkoak edota dokumentalak diren gidoiak sortzeko laguntzak emateko araubidea eta deialdia. Laguntza horiek bi modalitateen artean banatuko dira:
- Lehenengo modalitatea –hamahiru mila eta hirurehun euroko (13.300,00) bederatzi laguntza–, 30 urtez gorako gidoilarientzat izango da (baldintza hori eskabideak aurkezteko azken egunean egiaztatu behar da) edo 30 urtez azpiko gidoilari gazteentzat (baldintza hori eskabideak aurkezteko azken egunean egiaztatu behar da), betiere gidoilari moduan agertzen badira zinema-aretoetan emateko sailkapena duten film luzeren batean. Lau laguntza, gutxienez, euskaraz idatzitako gidoietarako izango dira, eta beste lau gaztelaniaz idatzitako gidoietarako.
- Bigarren modalitatea –hamar mila eta hirurehun euroko (10.300,00) hiru laguntza–, zinema-aretoetan emateko sailkapena duten film luzeetan gidoilari moduan agertzen ez diren gidoilari gazteek (eskabideak aurkezteko epearen azken egunean 30 urte baino gutxiago dutenak) idatzitako gidoietarako izango da. Hiru gidoietatik batek, gutxienez, euskaraz idatzita egon beharko du, eta beste batek, gutxienez, gaztelaniaz.
Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.