2011/05/24 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
367.000 euro Euskara sustatzeko
Ahozko adierazmena indartzeko diru-languntzak
130.471 euro arte plastikoetako eta diseinuko ikastetxeetarako
1¿164 milioi euro bizitzan zeharko ikasketarako
Praktika onak saritzea lanbide heziketako gela eta tailerretan
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari buruz indarrean dauden xedapenen testu bategina onesten duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen Legegintza-dekretua
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Klima aldaketaren Euskal Legearen Proiektua aurkeztu da
Jaurlaritzak 17 milioi euroko dirulaguntza onartu du Arrantza eta Akuikultura Produktuak Transformatzeko
Atunontzien segurtasun pribatuaren kostuaren % 25 finantzatzeko 1.500.000 euroko kreditua onartu du Jaurlaritzak
KULTURA SAILA
1.920.000 euro onartu dira Ikus-Entzunezkoen Sektorerako
Jaurlaritzak 288.000 euro bideratuko ditu Kultura 2.0 Programarako
837.000 euroko diru-partida bat onartu da, Liburutegi-Funtsetarako
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

367.000 EURO EUSKARA SUSTATZEKO

Agindua; ikasgelaz kanpoko ekintzetan (IKE) euskararen erabilera sustatzeko 2011-2012 ikasturterako laguntza eta dotazio deialdia egiten duena.

Agindua, zeinen bidez deialdia egiten baita 2011-2012 ikasturterako Euskal Girotze Egonaldien (EGE) laguntza eta dotazioetarako.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaur egin duen bilkuran euskara sustzatzeko hiru agindu onartu ditu.

Lehen aginduaren bidez guztira 184.000 euroko diru kopurua duten laguntzetarako deialdia egiten da, eskolaz eta ikasgelaz kanpoko ekintzetan (IKE) euskararen erabilera sustatzeko.

Bigarren aginduaren bidez guztira 183.000 euroko diru kopurua duten laguntzetarako deialdia egiten da Euskal Girotze Egonaldietarako (EGE). Egonaldi horien helburua Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, normaltasunez erabiltzeko gaitasuna bultzatzea da.
 

AHOZKO ADIERAZMENA INDARTZEKO DIRU-LANGUNTZAK

Agindua; ikastetxeetako giroa euskalduntzeko 2011-2012 ikasturtean zehar eskolan ahozko adierazmena indartzeko laguntza eta dotazio deialdia zabaltzen duena.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Ikastetxeetako giroa euskalduntzeko 2011-2012 ikasturtean zehar eskolan adierazmena indartzeko laguntza eta dotazio deialdia zabaltzen duen agindua.

Ahozko adierazmena lantzeko eta indartzeko ikastetxeek egin ditzaten saioak bultzatzea eta babestea du helburu diru-laguntza honek. Eskola-umeek arlo hauek jorratzea eta emanaldiak eskaintzea lagundu nahia da.

Helburu honetarakoa 262.000euro izango dira, honela banatuta: 82.000 euro Eskola Pribatuetarako eta 180.000 euro Eskola Publikoetarako.

 

130.471 EURO ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO IKASTETXEETARAKO

Agindua, Lanbide-irakaskuntzako Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten duena.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran agindu bat onartu du. Agindu horien bidez, Plastikoetako eta Diseinuko ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.

Agindu honek, 130.471 euroko zenbateko globala hartzen duena, araubide bereziko irakaskuntzen barruko Arte Platikoetako eta Diseinuko ikastetxe baimenduentzako laguntza ekonomikoak ematea du helburu, betiere, 2010-2011 ikasturtean diru-laguntzarik ez badute jaso Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetik.

 

1¿164 MILIOI EURO BIZITZAN ZEHARKO IKASKETARAKO

Agindua, 17ko 298/2002 Dekretuan zehaztutako diru-laguntzen 2011ko deialdia egiteko dena. Dekretu horren bitartez, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzarako jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak arautu ziren.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak proposatuta, Gobernu Bilerak bizitza zeharko ikasketei buruzko jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak arautzen dituen Dekretuan aurreikusita dirulaguntzak 2011ko deialdia arautzen duen Agindua onartu du gaur.

1.164.000 euroko laguntza honen helburua, ezagutzaren edozein esparrutan eta bizitza zeharko prestakuntzaren alorrean abian jarritako ikasketa erabilgarriari buruzko jarduerak diruz laguntzea da, 25 urte gorako pertsonen lanbide-kualifikazioa, konpetentzia, trebetasuna areagotzearen bitartez, hiritartasun aktiboa sustatzeko.

Erakunde arteko jardueraren objektu izan daitezkeen etengabeko prestakuntza-proiektuak bi eratakoak izan daitezke: batetik, interesatuek bakarka burututako ikasketei buruzko ekimen, ekintza edota jarduera zehatzak eta, bestetik, udal edo eskualde mailan, ikasketeei buruzko ekimen, ekintza edo jarduerak sustatu eta garatzen dituztenak.
 

 

PRAKTIKA ONAK SARITZEA LANBIDE HEZIKETAKO GELA ETA TAILERRETAN

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, 2011ko Lanbide Heziketako gela eta tailerretan egiten diren praktika onei eman beharreko sariren deialdia egiten duen agindua, ondo egiteari eta etengabeko hobekuntzari lotutako jarrera eta baloreak ikasleengan bultzatzeko eta irakaskuntza-praktika, multimedia sistemak erabiltzearen bidez, sustatzeko.

Urtero deitzen dira Lanbide Heziketako gela eta tailerretan egiten diren praktika onei eman beharreko sariak eta Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan klasea ematen duten EAEko irakasleek jaso ahal izanten dituzte sari horiek.

Praktika egokien identifikazioa eta sailkapena honako kontzeptuen zioz emango dira: Ikasketa autonomoan eta lankidetza-ikasketan oinarritutako portaera eta jarrerekin erlazionatuko gaitasunak bereganatzeko ikasleen ikasketa-jarduerak. Informazioaren eta komunikazioaren teknología berriak (IKTak) erabiltzea eta ikasketa-metodo eta -prozesuak eguneratzean horiek aplikatzea. Informazioaren eta komunikazioaren teknología berriak (IKTak) erabiltzea eta horiek aplikatzea Lanbide Heziketako ikastetxeeen kudeaketa hobetzeko. Eta Lanbide Heziketako ikastetxeeen kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko jarduerak eta metodoak.
 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREKONTU-ARAUBIDEARI BURUZ INDARREAN DAUDEN XEDAPENEN TESTU BATEGINA ONESTEN DUEN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO FUNDAZIO ETA PARTZUERGOEI APLIKATU BEHARREKO AURREKONTU-ARAUBIDEA ARAUTZEN DUEN LEGEGINTZA-DEKRETUA

Legegintzako Dekretua, Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bategina onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena arautzeko dena.

Gobernu Kontseiluak onetsitako legegintza-dekretuak testu bakar batean bateratzen ditu aurrekontu-araubideari buruz indarrean dauden xedapenak, testuak erregularizatu, argitu eta harmonizatzearren.

Testu bateginaren dekretua legegintza-egutegiaren barruan dago, eta Aurrekontuen Araubideari buruzko legea onetsi aurreko urrats osagarria da.

Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoen aurrekontuak sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan. Horrela, gaur egun administrazioko erakunde autonomoei eta sozietate publikoei hurrenez hurren aplikatzen zaien aurrekontu-araubide bera ematen zaie partzuergoei eta fundazioei.

Fundazio eta partzuergoak aurrekontu-araubide orokorrean sartzeak ez du inolako kostu ekonomikorik eragiten, eta aurrekontu horien gardentasuna handitzen du, orain Eusko Legebiltzarrak onetsi beharko dituelako.
Honako hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten fundazio eta partzuergoak:

- Musikene - Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegirako fundazio pribatua
- Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa BIO
- Kalitatea fundazioa
- AZTI fundazioa
- Elika - Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa
- Euskadi Kirola Fundazioa
- Euskal Herriko Gazte Orkestra fundazioa
- Trenbidearen Euskal Museoa fundazioa
- Haurreskolak partzuergoa

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

KLIMA ALDAKETAREN EUSKAL LEGEAREN PROIEKTUA AURKEZTU DA

Lege-proiektua, Klima Aldaketari buruzkoa.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Klima Aldaketaren Euskal legearen aurreproiektua onartu du. Espainia mailan aitzindaria den dokumentu horrek administrazio publikoek ingurumen eta klima aldagarriak euren sektore arteko Planetan sartu ditzaten printzipio eta orientazioak biltzen ditu.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburua den Pilar Unzaluk aurkeztu duen aurreproiektua, klimaren inguruan Espainian dagoen lehen dokumentu arauemaile da; Europan berriz, Eskoziakoa da ezagutzen den esperientzia bakarra.

Dokumentu xume eta laburra da, 35 artikulukoa, eta bide berriak zabaltzen dituen ardatzak jasotzen ditu: CO2 isurketen Gutxitzea eta Klima aldaketaren ondorioetara Egokitzea.

Administrazio publikoek -enpresa pribatuak dagoeneko egiten ari diren moduan- euren sektore plan guztietan klimaren eta ingurumenaren aldagarriak kontuan har ditzaten printzipio eta orientazioak finkatzen ditu aurreproiektuak, garraioan, etxebizitzan, ingurumenean, industrian, hezkuntzan, berrikuntzan, lurralde planifikazioan edo urbanistikoetan, etabar.

Aldagarri klimatikoa, administrazioaren egunerokoan kontuan har dadin da helburua, karbono gutxiko teknologien erabilera bultzatu, formakuntza handitu eta klima aldaketaren inguruko kontzientziazioa handitu dadin. Finean, kontsumorako ohiturak aldatu daitezen nahi da.

Aurreproiektua, ikertzaileek eta adituek CO2 isurketak gutxitu daitezen eta horren kontrako neurriak har daitezen egin dituzten aldarrikapenen nazioarteko testuinguruan jaio da. Zehatz mehatz, Europako Kontseiluak 2007an hartu zuen erabakiaren arabera, 1990. urtean baino %20 gutxiago isurtzea zen helburua, baita ere, energia eraginkortasuna %20 handitzea; hori guztia 2020. urtea jomuga izanik.

1990 erreferentziazko urtearekin alderatuz, Euskadiko egungo egoerak, %6 besterik ez ditu gainditzen gehienezko isurketa baloreak; azpimarratuz 2009.ean isurketak %10 jaitsi zirela aurreko urtearekin alderatuz; jaitsiera handia, kontuan hartzen badugu urte horretan barne produktu gordinak (BPG) 3,8 bakarrik egin zuela behera.

Datu horiek guztiek zera adierazten dute, Euskadin banaketa joera garbi bat ematen ari dela, 2002 urtetik hazkunde ekonomikoa ez datorrelako energia kontsumoaren bateraturik.

Klima aldaketaren inguruan hartu beharreko erabakien eta neurrien %70 –bere aurka borrokatzeko edota ondorioak leuntzeko- udal zein erregioetan hartu beharrekoak direnez, Euskal Autonomi Erkidegoak lidergoa izaten jarraitu nahi du. Horregatik, instituzio zein biztanleria eta industriaren ardura partekatuan oinarriturik dagoen araudi berritzaile horren onartzea. Bide hori garatuz gero, besteak beste, enpresak gero eta jasangarriagoak izango dira baita lehiakorragoak ere petrolioaren prezioa zein den ikusita.

Ekimenen xehetasun zehatzagoak Klima Aldaketaren Euskal Planean eta beste hainbat araudietan finkatuko dira baina, beti ere, Gobernuaren beste hainbat departamentuek, Foru Aldundiek, udalerriek eta unibertsitateko, zientzia, teknologia eta gizarte munduko ordezkariek parte hartu eta garatu duten dokumentu hori oinarri izanik.

Aurreproiektuak, besteak beste, planteamendu hauek egiten ditu:

- Karbono aurrekontuak: Administrazio publikoek, gure konpetentzien barruan, gure industriaren gehiengoak egin duen bide berbera egin behar dute isurketen gutxitzea lortzeko. Horretarako administrazio guztietarako “Karbono aurrekontua” deitzen dena ezartzen da. Kontzeptu berri horrek, Euskadiko ekonomiak isuri dezakeen CO2 kopurua neurtzen du –gure kasuan, 2020. urtera arte- eta muga horiek ez gainditzeko neurriak ezartzen dira.

- Administrazio eta erakunde publikoek berotegi-efektuko gasen gutxitze programak garatu behar dituzte eta horien barruan, eraginkortasun energetikoa, berriztatzaileen erabilera, mugikortasun jasangarria, administrazioaren erosketa berdearen neurrien bultzatzea.

- Eraikuntzak eta Birgaitzeak energia aurrezpena eta karbono gutxiko iturri energetikoen erabilera bultzatu beharko dituzte.

- Hiriaren ingurunearen eta uholde eta lehorte aurreikuspenetarako edota klima aldaketarako irizpideen hobekuntza.

- Jarraipen txostenak idatziko dira.

- Kontratazio Publiko berdearen bultzatzea, Euskadin BPGren %16, kontratu publikoak emateko prozeduretan ingurumen irizpideak ezarriz.

- Udaletxeak argi kutsaduraren prebentziorako plana garatzera deitzea.

Dokumentuaren helburua, erakunde arteko akordio zabalari esker, Euskal Autonomi Erkidegoan egiteko beste modu batzuk finkatzea da, aberastasuna garatzeko eta lanpostuak sortzeko beste bide bat garatu, horrela, lehiakorragoak izateko eta ingurumen aldagarriak erabiltzen dituzten enpresei etorkizun oparoagoa zabaltzeko.

Gobernuaren barne koordinazioa, Klima Aldaketarako Euskal Bulegotik egingo da; beste erakundeekiko koordinazioa, indarrean dagoen Euskadiko Ingurumen Komisiotik; eta gizarte zibilaren partehartzea, Ingurumen Aholku-Batzordearen bitartez bideratuko da.
 

JAURLARITZAK 17 MILIOI EUROKO DIRULAGUNTZA ONARTU DU ARRANTZA ETA AKUIKULTURA PRODUKTUAK TRANSFORMATZEKO

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza- eta akuikultura-sektorerako 2011ko diru-laguntzetarako deialdia finantzatzea.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran 17.125.000 euroko diru-laguntza onartu du arrantza eta akuikultura produktuak transformatzeko eta merkaturatzeko.

Pilar Unzalu buru duen Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailaren aginduz, Eusko Jaurlaritzak 2011-2012rako diru-laguntza horien deialdia egiten duen agindua onartu du; zeinetarako 17.125.000 euroko gehienezko aurrekontua izango duten. Aurrekontu oso horretatik Eusko Jaurlaritzak 10.311.437 euro jarriko ditu eta gainontzeko 6.813.563 euroak Arrantzaren Europako funtsaren kontura.

Biurtekoaren diru banaketari dagokionez, 2011. urtean, gehienez, 9.125.000 euro banatuko dira eta 2012. urtean, 8.000.000 euro.

Laguntzok, itsasontzietan aldaketak eta berrikuntzak egingo dituztenen artean banatuko dira, baita, behin betiko eta behin behineko arrantza jarduerak uzten dituenentzat, eskuzko kostako arrantzarentzat eta merkatu berriak garatu eta promozio kanpainak egiten dituztenentzat.

Halaber, deialdi honen onuradun izan daitezke arrantzako eta akuikulturako produktuak landu, kontserbatu eta merkaturatzeko inbertsioak egiten dituzten enpresentzat dira, alegia: manipulazio katerako, tratamendurako, produkziorako eta transformaziorako, baita saldu arteko merkaturatzeko ere.

 

ATUNONTZIEN SEGURTASUN PRIBATUAREN KOSTUAREN % 25 FINANTZATZEKO 1.500.000 EUROKO KREDITUA ONARTU DU JAURLARITZAK

Erabakia, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren kreditu-beharrei erantzuteko orotariko kredituaz baliatzekoa 1.493.946,50 euro. Helburua: EAEn portu basea duten atunketari izozkailuen segurtasuna finantzatzea.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 1.493.946 euroko kreditu gehigarri bat onartu du gaurko bileran, Indiako Ozeanoan aritzen diren atunontzi izoztaileetako eskifaia-kideen segurtasun pribatuaren finantziazioan parte hartzeko.

Horrela, Pilar Unzaluk zuzentzen duen Ingurumen, Lurralde Plangintza, Arrantza eta Nekazaritza departamentuak 2010eko urtean sinatu zuen hitzarmena berretsi du. Hitzarmen horren arabera, segurtasun-neurrien kostuaren ehuneko 25 ordainduko du Eusko Jaurlaritzak.

2011. urteko kanpainari begira, Indiako uretan aritzen diren barkuetako armadoreek 5.975.786 euroko aurrekontua aurkeztu dute babes-neurrien kostuari aurre egiteko (10 atunontzi eta 2 itsasontzi laguntzaile). Horietatik Eusko Jaurlaritzak 1.493.946 euro ordainduko ditu.

Hitzarmen hori onartzeak, ‘Alakrana’ bahitu baino lehen Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa berresten du: atunontzietan jarri diren segurtasun-neurrien kostuaren laurden bat ordaintzekoa.

 

KULTURA SAILA

1.920.000 EURO ONARTU DIRA IKUS-ENTZUNEZKOEN SEKTORERAKO

Jaurlaritzaren Kontseiluak ikus-entzunezkoen arloan sorrera, garapen eta produkzioaren aldeko diru-laguntzetarako deialdia egiten duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Horretarako, 1.920.000 euro erabiliko dira.

Kontuan hartuta ikus-entzunezkoen arloa egungo gizartean gero eta garrantzitsuagoa dela eta horren garapenak Euskal Autonomia Erkidegoko kultura eta ekonomia aberasten dituela, beste deialdi bat egin da, ikus-entzunezkoen sektorean aurkeztutako proiektuetan zentratuko dena. Deialdi honen bidez, besteak beste, honakoak sustatuko dira: gidoiak sortzea, proiektuak garatzea (fikziozkoak, animaziozkoak, dokumentalak nahiz multimediakoak) eta ikus-entzunezko lanak ekoiztea (zinema edota telebistarako fikziozko film luzeak, zinemarako animaziozko film luzeak, sortze-dokumentalak eta zinemarako fikzio nahiz animaziozko film laburrak). Deialdi honen helburu nagusia kulturaren ikuspegitik gure lurraldean hain garrantzitsu eta beharrezkoa den ikus-entzunezko azpiegitura finka dadin sustatu eta laguntzea da.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako diru-kopurua 1.920.000 euro da, honako modalitate hauetan banatuta:

1.- Proiektuen garapenerako laguntzak

200.000,00) euro, zinemarako, telebistarako eta multimediarako proiektuak garatzeko. Hautatuak izateko, proiektuek honako generoetako batean sailkatuta egon behar dute eta horien guztizko iraupenak ezingo du adierazten dena baino gutxiago izan:

- Zinema edota telebistarako lanak:

a) Fikziozkoak (banakako proiektuak eta sailak): 50 minutu.
b) Animaziozkoak (banakako proiektuak eta sailak): 25 minutu.
c) Sortze-dokumentalak (banakako proiektuak eta sailak): 25 minutu.

- Multimedia-lanak: eduki artistiko eta kulturaleko proiektuak. Proiektu mota honek ez du gutxieneko iraupenik.

2.- Ikus-entzunezkoen produkziorako laguntzak

Laguntza hauetarako 1.720.000 euro erabiliko dira, honako modaliatate hauetan banatuta:

a) Zinemarako diren fikziozko film luzeak ekoizteko laguntzak.
b) Telebistarako diren film luzeak (TV moviak) ekoizteko laguntzak
c) Zinemarako animaziozko film luzeak ekoizteko laguntzak.
d) Sortze-dokumentalen produkziorako laguntzak.
e) Film laburren produkziorako laguntzak.

Ez dute laguntza hauek jasotzeko aukera izango 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen estreinatutako lanek.

 

JAURLARITZAK 288.000 EURO BIDERATUKO DITU KULTURA 2.0 PROGRAMARAKO

Agindua, Kulturako sailburuarena, kultura-industrien berrikuntza teknologikorako eta kultura-eduki
berriak euskarri berrietan sortzeko eta ekoizteko Kultura 2.0 programarako diru-laguntzak arautzekoa eta
deialdia egitekoa

Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak Kultura 2.0 programarako diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du. Programa horren helburuak dira kultura-industrien berrikuntza teknologikoa eta euskarri berrietako kultur eduki berrien sorrera eta ekoizpena. Deialdi honetako laguntzetara bideratutako diru-kopurua, guztira, 288.000 euro da.

Deialdi honen bitartez araututako laguntzen xedea da, alde batetik, kultura-industrien berrikuntza teknologikorako Kultura 2.0 programa garatzea. Arlo digitalean Euskadiko Autonomia Erkidegoko kultura-enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduketak dira, 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 30era bitartean egin beharrekoak. Horretarako, laguntza pertsonalizatuaren bidezko hainbat ekintza erabiliko dira, bai eta ingurune digital berrian kokagune lehiakorrago bat bilatzen duten proiektuak exekutatzeko erraztasunak emango dituzten jarduketak ere, lehiakortasunaren hobekuntza ekintza espezifikoen bitartez, berrikuntza eta nazioartekotzearen bidez, eta merkatu berrien dibertsifikazioaren eta bilaketaren bidez. Laguntzen beste arloa datza kultura-eduki berriak euskarri berrietan sortzeko eta ekoizteko proiektuetan, non eta eduki horiek hainbat bide eta kanal teknologikoren bitartez transmititu, birtransmititu, garraiatu eta banatu ahal diren.

Horretarako, honako modalitate hauek ezarriko dira:

a) A modalitatea: 138.000 euro, kultura-industrien berrikuntza teknologikorako banakako proiektuak.

b) B modalitatea: 100.000 euro, kultura-industrien berrikuntza teknologikorako lankidetzako proiektuak.

c) C modalitatea: 50.000 euro, euskarri berrietako kultur eduki berrien sorrera eta ekoizpena. Hamar laguntza izango dira, eta lagundutako proiektu bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu gehienez.

 

837.000 EUROKO DIRU-PARTIDA BAT ONARTU DA, LIBURUTEGI-FUNTSETARAKO

Agindua, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu eta/edo handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaurko bilkuran, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Deialdian aurreikusitako diru-kopurua 837.000 euro dira.

Deialdi honen helburua da 2011n Euskal Autonomia Erkidegoko udalei beren titulartasunpeko Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea. Onuradunak izan daitezke, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegi publikoak kudeatzeko eskudun diren toki-erakundeak.

Diru-laguntzak dirutan emango dira, alegia, bai liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu sortak eskuratzeko, bai eta lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko. Bi kasuotan, eskuratzen diren lanen artean nahitaezkoa izango da euskaraz nahiz gaztelaniaz editatutako lanak egotea, EAEko bi hizkuntza ofizialetan irakurtzen duten irakurleen eskubidea bermatzeko. Horrekin batera, diru-laguntzaren %10, gutxienez, EAEn argitaratutako obrak erosteko erabili behar da nahitaez.

Laguntza hauetarako, gehienez, 837.000 euro erabiliko dira, honela banatuta:

a) 83.700 euro, gehienez, liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu-sortetarako.

b) 753.300 euro, lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko. Liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu sortarako zenbatekoa erabiltzen edo agortzen ez bada, diru hori edo soberakina lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko erabiliko da.