2011/06/28 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Terrorismoaren biktimei laguntzeko elkarteentzako diru-laguntzen aginduak terrorismoaren biktimen partaidetzarako Euskal Kontseiluaren Irizpideak Jasotzen ditu
Herrizaingo sailak Osoko Segurtasun Sisteman eta Segurtasun Publikoko Legearen eta Poliziaren Lege Berriaren Koordinazioan sakondu du
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2,678 milioi euro unibertsitate-beketarako
2011/2012 Gabonetako Haur-parkea
150.000 eskola hartu-emateak eta kide askotako topaketak gauzatzeko
Udalei dirulaguntzak, Ikastetxeetan hobekuntzak egiteko
(udalaguntza-2011)
Milioi euro Ikerketa Sustatzeko
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren parte-hartzea duten edo nagusiki arlo publikoak finantzatzen dituen erakundeei buruzko Lege-proiektua onetsi du Jaurlaritzak
Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. Urterako aurrekontu orokorrak egiteko jarraibide ekonomikoak
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikaren Legea aldatzeko Lege-aurreproiektua onartu da
LEHENDAKARITZA
Eskualdatutako Eskumen Berriei buruzko Dekretuak onartu ditu Jaurlaritzak
HERRIZAINGO SAILA

TERRORISMOAREN BIKTIMEI LAGUNTZEKO ELKARTEENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN AGINDUAK TERRORISMOAREN BIKTIMEN PARTAIDETZARAKO EUSKAL KONTSEILUAREN IRIZPIDEAK JASOTZEN DITU

 Eusko Jaurlaritzak lehentasuna emango die Autonomia Erkidegoan garatzen diren jarduera-proposamenei


Terrorismoaren biktimentzako atentzioa, elkartasuna eta bermea sustatzen duten organizazio eta elkarteentzako laguntzak aurreikusten dituen Agindua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Aurrekontuko partida (2011ko Aurrekontuetan 400.000 eurorekin esleituta) honen bidez, ekintza terroristen biktimentzako atentzio eta berme prestazioak sustatzen dituzten elkarteentzako diru-laguntzak emango dira.

Laguntza hauen deialdiak Herrizaingo sailburuaren Agindu baten bidez nobedade bat aurkeztuko du aurten Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak eskatuta: Euskal Autonomia Erkidegoan elkarteek garatzen dituzten jarduerei emango zaie lehentasuna.

Terrorismo biktimen edo Giza Eskubideen alorrean euren jarduera ohikoa garatzen duten elkarte eta organizazioei emango zaizkie laguntzak.

Honako hauek jaso ahal izango dituzte laguntzak: Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratutako terrorismo biktimen elkarteak; euren bazkideen artean Euskal Autonomia Erkidegoan ekintza terroristen biktima izan diren pertsonak dituzten Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo helbideratutako terrorismo biktimen elkarteak; eta izaera pribatuko eta irabazi-asmorik gabeko beste pertsona juridikoak. Azken hauen helburua Euskal Autonomia Erkidegoan emandako ekintza terroristen biktimen atentzioa edo bakea eta Giza Eskubideak bermatzeko hezkuntza (programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira) izan behar da.

 

HERRIZAINGO SAILAK OSOKO SEGURTASUN SISTEMAN ETA SEGURTASUN PUBLIKOKO LEGEAREN ETA POLIZIAREN LEGE BERRIAREN KOORDINAZIOAN SAKONDU DU

 Bigarren jarduera eta emakumeak polizia kidegoetan sartzeko ekimen positiboak arautzen ditu


Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema antolatzeko Legearen eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen hirugarren Aldaketa Legearen Aurreproiektuak onartu ditu gaurko bileran.

Jaurlaritzaren legegintza-egutegian aurrikusita zeuden bi testuek, segurtasun sistema koordinatu eta eraginkorrago bat garatzeko lagungarriak izango dira, segurtasun publikoaren ikuspuntu osatuago bat erakutsiz. Gainera, hainbat erakunderen onespena izan dute.

Dagoeneko elkartuta dauden eta, amankomuneko irizpideak dituzten alorretako gaiak koordinatzea da Segurtasun Publikoko Legearen xede nagusia. Lege berriak, politika eta segurtasun publiko, larrialdi eta babes zibileko zerbitzuak garatzeko esparru bateratu bat zehazten du. Horrez gain, bestelako ekimen administratiboak ere biltzen ditu aipatutako esparruan: trafikoa, bide-segurtasuna, joko eta ikuskizunen araudiak eta segurtasun pribatuari dagozkionak, hain zuzen.

Segurtasun Publikoko Lege proiektuan zehazten da, Arkautiko Ikastegia, EAEko Poliziarena eta Larrialdiena izango dela. Erakunde autonomo bat izaten jarraituko du, baina izena aldatu egingo diote segurtasun publikoari dagozkion zerbitzuetako (Ertzaintza, Udaltzaingoak, Babes-Zibila, Suhiltzaileak...) heziketarako zentroa izatera pasako delako.

Hezitzaile lanetan ez dira Ikastegiko bertako ikasleak soilik arituko; beste zerbitzu batzuetako langileak, ikertzaileak eta unibertsitateetako irakasleak ere arduratuko dira horretaz.

Horrez gain, Udaltzaingoen erregistroa arautzen du eta profesionalen txartel bat jaulkitzea eta Polizia Zerbitzuetarako Datuak Lantzeko Zentroa sortzea ere aurrikusten da legean. Komisio Batzordeen betebeharrak gehitu egingo dira; Ertzaintza eta Udaltzaingoen artean bitartekotza lanak egingo dituzte. Era berean, elkarlan hitzarmenak arautu dira udalerrietan Ertzaintzak eta Udaltzaingoek eskainiko dituzten zerbitzuak zehazte aldera. Gainera, polizia zerbitzuak bateratuta eskaintzea adosten duten udalen elkarlanerako akordioak ere araututa geratuko dira. Horrek, polizia kidego elkartuak sortzea ahalbidetuko du.

 

Poliziaren Legearen aldaketa

Polizia Legea Aldatzeko Lege proiektuak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek osatzen duten Polizia bateratu eta hurbileko baten garapenean sakontzen du.

Testuan zehar agente mota berriak aipatzen dira: Udaleko zaindariak, polizien laguntzaileak eta mugikortasuneko agenteak. Azken hauek Udaletan agertu diren betebehar berriez arduratuko lirateke.

Hautaketa eta onarpen faseei dagokienez, neurri positiboak hartuko dira emakumeak polizia erkidegoetan sartzea sustatu eta egun dagoen kopuru eskasa igotzeko. Emakumeak guztizkoen % 33 baino gutxiago diren kidego, eskala eta kategorietan hartuko dira halako neurriak. Onartze-deialdian zehaztuta dator zenbat postu izan beharko liratekeen emakumeentzat; ehuneko honek ezin du % 40a gainditu.

Bigarren jarduera arautu da beste behin baina oraingoan, izatez den moduan. Bi modalitate ditu: bata adinaren araberakoa da eta bestea, lana behar bezala egiteko beharrezkoak diren gaitasunak galtzea dakarten ezintasunen araberakoa. Argi utzi behar da, egoera honek ez duela esan nahi langileak, lana utzi eta, noizbehinka lanerako deituko badute ere, erretiroa hartu arte ordain-sari minimo batzuk jasotzen egongo denik. Guztiz kontrakoa da aurrikusi dena: polizia lanak edo beste postu batekoak egiteko gaitasunak galdu izanda ere, langileari, orain dituekin bat datorren lan bat aurkitu edo moldatzea, hain zuzen

 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

2,678 MILIOI EURO UNIBERTSITATE-BEKETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran agindu bat onartu du. 2011-2012 ikasturtean unibertsitate eta goi-mailako ikasketak egiteko beketarako deia egiten duena, izaera orokorreko beketarako, eguneroko garraio-gastuak ordaintzeko eta minusbailotasunen bat duten ikasleak garraiatzeko diru-laguntzarako, hain zuzen.

Beken deialdi hau, 26,678 milioi euroko zenbateko globalean, Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza duten ikasleentzat da, 2011/2012 ikasturtean Autonomia Erkidego honetan edo Estatuaren gainontzeko tokietan kokatuta dagoen edozein tokitan ondorengo ikasketak egin behar badituzte:

Graduko unibertsitate-titulu ofiziala, unibertsitate-masterraren titulu ofiziala eta unibertsitate-diplomatuaren, arkitekto teknikoaren, ingeniari teknikoaren, lizentziatuaren, arkitektoaren eta ingeniariaren titulu ofizialak lortzera bideratuak; egokitzapen-ikastaroak eta unibertsitate-ikasketen bigarren ziklo batera iristeko behar diren prestakuntza-osagarriak; 25 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko unibertsitate publiko ez presentzialek ematen duten prestakuntza-ikastaroa; goi mailako arte-irakaskuntzak eta akademikoki unibertsitate-lizentziatuaren edo diplomatuaren baliokideak diren titulu ofizialak lortzera bideratutako goi mailako beste ikasketa batzuk.

 

2011/2012 GABONETAKO HAUR-PARKEA

Agindua, ikastetxeetarako laguntzen deialdia egiten duena Gabonetako Haur Parkean jarduera artistikoak egiteko.

Gobernu Batzordeak, gaur izandako bilkuran eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak proposatuta, ikastetxeei diru-laguntzak emateko deialdia egiten duen Agindua onartu du. Diru hori Ikastetxeek Gabonetako Haur-Parkean arte-jarduerak gauzatzeko erabiliko da.

19.800 eurotako diru-laguntza hauen helburua honako hau da: Bilbao Exibition Center-ean ospatzen den Gabonetako Haur-Parkean arte-jarduerak (antzezlanak, musika, txontxogiloak, bertsolaritza, dantza, etab.) garatzen dituzten Lehen Mailako edota Haur Hezkuntzako Ikastetxeei diru-laguntzak ematea.

Gabonetako Haur-Parkea 2011ko abenduaren 17tik 2012ko urtarrilaren 8ra arte, 11tik 20ra, izango da.

 

150.000 ESKOLA HARTU-EMATEAK ETA KIDE ASKOTAKO TOPAKETAK GAUZATZEKO

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuaren proposamenez, Gobernu Bilerak Agindu bat onartu du, unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxeen eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe ez dauden ikastetxe publikoen eta Europar Batasuneko estatuetako ikastetxeen arteko eskola-trukeak eta aldeanitzetako topaketak egitea errazteko dotazio eta diru-laguntzetarako deia egiten duena.

150.000 eurotako zuzkidura duen ekimen honen hurrengo helburuak ditu:

- Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzea.

- Nazioz haraindiko lankidetza bultzatzea, hezkuntza metodo eta materialen kalitate global hobea lortzeko eta ezagutzaren gizartearen erronka berriei aurre egin ahal izateko.

- Europarako identitatearen sentimendua indartzea, Europako hizkuntza eta kultura-aniztasunarekin harremanetan jarriz.

- Euskal kultura Europako eskoletan ezagutzera eman eta zabaltzea.

 

UDALEI DIRULAGUNTZAK, IKASTETXEETAN HOBEKUNTZAK EGITEKO
(UDALAGUNTZA-2011)

Erabaki-proposamena, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Helburua: hezkuntza administrazioaren menpeko ikastetxeak hartzen dituzten udal jabetzako eraikinetan obrek eragindako gastuen finantzaketa (Udalaguntza 2011).

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeek funtzionatzen duten udal jabegoko eraikinetan obrak egitera bideratutako gastuen finantziazioa arautzen duen agindua, (UDALAGUNTZA-201) .

Agindu honen bidez finantzatu ahal diren obrek 2010eko urtarrilaren 1ª eta 2011ko abenduaren 31 bitartean hasi behar dira eta 2012ko baino lehenago bukatuak egon behar dute.

Dirulaguntza horiek, 12.728.067 euroko zenbateko globalean, horrela banatuko dira: 2.037.491 Arabari, 6.491.314 Bizkaiari eta 4.200.262 Gipuzkoari.

 

MILIOI EURO IKERKETA SUSTATZEKO

Erabakia, doktoreen kontratazioa sustatuz ikerketa-taldeei laguntzeko asmoz bi dirulaguntza zuzen bat ematea baimentzen duena.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du jarraian aipatzen diren dirulaguntza zuzenak ematea baimentzeko erabakia:

2.850.000 euro Euskal Herriko Unibertsitateari, ikerketari laguntzeko doktoreak kontratatzeko.

150.000 euro Deustuko Unibertsitateari, ikerketari laguntzeko doktoreak kontratatzeko.

 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ARLO PUBLIKOAREN PARTE-HARTZEA DUTEN EDO NAGUSIKI ARLO PUBLIKOAK FINANTZATZEN DITUEN ERAKUNDEEI BURUZKO LEGE-PROIEKTUA ONETSI DU JAURLARITZAK

Lege-proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontrol Ekonomikoko eta Kontabilitateko Legea eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiaren Legea aldatzeko dena, gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak partaidetutako edo finantzatutako erakundeak arautzeko.

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren parte-hartzea duten edo nagusiki arlo publikoak finantzatzen dituen erakundeei buruzko lege-proiektua onetsi du gaur, eta hemendik aurrera sozietate publikoek eta organismo autonomoek duten ekonomia eta finantzarako kontrol-araubide berbera izango dute.

Horrela, handitu egin da Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrolen irizpena, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindakoena ere, nagusiki funts publikoekin finantzatzen diren erakunde guztiak hartzeko. Horri esker, jarduera ekonomikoaren gardentasuna eta segimendua handituko dira orain arte behar bezala araututa ez zeuden eremu publiko batzuetan.

Lege-proiektuak aldatu egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legea eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko Legea.

Lege berriak ekarritako berrikuntzekin, nagusiki administrazio ezberdinen partaidetza duten eta EAEko arlo publikokoak diren erakundeen ekonomia- eta finantza-erregimena arautu ahal zango da. Halaber, horrelako erakundeetan parte hartzeko aplikatu beharreko betekizun eta prozedurak ere ezarri ahal izango dira. Erakundeen artean, merkataritza-sozietateez eta partzuergoez gain, fundazioak ere sartu dira, praktikan asko erabili ohi den irudi juridikoa delako eta horiek sartu ezean murritzagoa izango litzatekeelako arau berriaren eremua.

Lege-proiektuan adierazitakoaren arabera, administrazio publikoen parte-hartzea duten edo nagusiki administrazio publikoek finantzatzen dituzten erakundeen ekonomia- eta finantza-araubidea parte hartzen duten administrazioek sinatutako hitzarmenen bitartez arautuko da. EAEko arlo publikoaren partaidetza edo finantzaketa parte hartzen duten gainerako administrazio bakoitzaren berdina edo handiagoa izanez gero, hitzarmen hori ezinbesteko baldintza izango da aipatutako erakundeetan parte hartu edo finantzatzeko. Fundazioen kasuan, kontabilitateko eta barne-kontroleko erregimena gaur egun sozietate publikoetarako indarrean dagoenaren berbera izango da, eta partzuergoen kasuan administrazioko organismo autonomoei dagokiena aplikatuko da.

Erreforma ez litzateke erabatekoa izango Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako kanpo-kontrolaren eremua antzera zabalduko ez balitz, bere funtzio eta eskumenak handitu egin baitira, ezabatu egiten delako aurretik zegoen muga, hau da: laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituztenen fiskalizazioa ez da mugatuko laguntza behar bezala bideratu eta erabili den zaintzera soilik.

Labur esanda, lege berriaren ondorioz, nagusiki finantzaketa publikoa dagoenean, ekonomia- eta finantza-kontrolak ez du izango laguntza eta diru-laguntzak behar bezala bideratu eta erabili diren zaintzera aztertzeko mugarik. Aldiz, arlo publikoko erakunde guztiei egiten zaiena bezain zorrotza izango da, jarduerako edozein alderdiri buruzko legezkotasuna, kudeaketa edo prozedura aztertzeko ikuskaritzak egin ahal izango direla.
 

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO 2012. URTERAKO AURREKONTU OROKORRAK EGITEKO JARRAIBIDE EKONOMIKOAK

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak onartzen dira, eta sail guztietako titularrei agintzen zaie sail hauei atxikitako erakundeei horren berri eta Ekonomia eta Ogasun Sailak prestatutako Jarraibide Teknikoen berri eman diezaietela

Aurrekontu-araubideari buruzko legearen testu bateginak 58. artikuluan dio Jaurlaritzak hurrengo ekitaldiko aurrekontuak egiteko jarraibide ekonomikoak onartu eta jakinaraziko dizkiela sailei, horiek zentro kudeatzaileei eta beren mendeko diren erakundeei helaraz diezazkieten. Jarraibideen helburua, lehenik eta behin, Jaurlaritzak gauzatu beharko duen aurrekontu-politika baldintzatuko duen ekonomia- eta gizarte-egoeraren ikuspegia eskaintzea da, horri aurre egin ahal izateko. Bigarren helburua, finantza publikoen egoera aztertu ondoren, aurrekontu-egonkortasunaren helburua bete ostean Jaurlaritzak izan ditzakeen baliabide ekonomiko guztien zenbatespenaren berri ematea da. Eta, azkenik, hirugarren helburua, Jaurlaritzak ezarri duen gastuaren helburu eta lehentasunak adieraztea da, sailek kontuan har ditzaten euren memoria eta aurrekontu-aurreproiektuak egiten dituztenean.

Aurrekontuaren testuinguru ekonomikoa eta 2012rako aurreikuspenak

Euskadi, 2011n, 2008ko amaieran hasi zen atzeraldi ekonomikotik ateratzen dabil. Neurri handi batean, krisiaren kontra egiteko politika irmoaren ondorioz izan da hori, eta geure eremuan Eusko Jaurlaritza izan da politika irmo horren buru. Politika ekonomiko horri esker, geure enpresek produktibitate eta lehiakortasun handiagoa dute, eta gastu publikoaren eraginkortasuna hobetu da, zerbitzu berberak ematen direlako kostu txikiagoarekin, baina krisiaren ondorio larrienak jasaten dituztenei laguntzak emateari utzi gabe.

Guztion ahalegin horri esker, 2010ean euskal ekonomiak hazkunde txiki batekin itxi zuen urtea (BPGd-ren % 0,3), atzeralditik irten dela berretsiz. Ekonomiaren susperraldiak bide egokia darama, kanpo-eskarian baitago oinarrituta, gure lehiakortasuna handitu egin delako nazioarteko merkatuetan. Barne-eskariaren ekarpena negatiboa izan da 2010. urtean ere, kontsumitzaileen konfiantza hobetzearen ondoriozko barne-kontsumoaren hazkundeak ez baitzuen lortu eraikuntzak eragindako kapital-eratze gordinaren beherakada, nahiz eta igoera bat ikusi den ekipo-ondasunen inbertsioan.

Berehalako etorkizunari begira, ziurgabetasun handia dago aurreikuspen ekonomikoei dagokienez. Batetik, mundu-mailako ekonomia sendo haziko da, eta hedapen horrek euroaren eremuko herrialdeei eragingo die (esaterako Alemania eta Frantziari), horiexek direla geure kanpo-merkatu nagusiak. Hau da, euskal ekonomiaren hazkundeari kanpotik egindako ekarpenak positiboa izaten jarrai dezake. Hala ere, eragin larria ekar dezaketen mehatxuak ere badira, esaterako zor subiranoaren krisiak eragindako ezegonkortasuna, geure ekonomiaren finantzaketa-kostua garestitzen duena, edo higiezinen merkatuko krisia ebazteko moteltasuna, geure finantza-erakundeen balantzeei eragiten diena eta kreditua hedatzea eragozten duena, edo, azkenik, lehengaien prezioak (bereziki petrolioaren prezioa) garestitzeak eragindako inflazio-arriskua.

Testuingurua hori dela, euskal ekonomiak hazkunde-tasa bizkortzen jarraituko duela aurreikusi da, 2011rako aurreikusi den % 1,4tik % 2,0ra igotzeko 2012an. Hazkunde nominala % 3,6koa izango litzateke. Ehuneko horiek bat datoz euroaren eremuko hazkundearekin, nahiz eta tasa horiek oraindik urrun dauden krisiaren aurreko urteetan euskal ekonomiak zituen hazkunde-erritmoetatik.

Jardueraren hazkunde horrekin, lehenengoz 2008tik, enplegu garbia sortzen hasiko da 2011. urtean, azkenean, nahiz eta apala izan (% 0,2). 2012an enplegu sorkuntza bizkortzea aurreikusi da, % 0,7ko tasa lortuko dela, alegia. Hazkunde-erritmo horiek oso ahulak dira, eta langabezia-tasa ez litzateke nabarmen murriztuko; ondorioz, 2012an biztanleria aktiboaren % 10 ingurukoa izaten jarraituko duela aurreikusi da. Langabeen kopurua hain handia izatek dakarren arazo sozialaren larritasunak hor dirau, eta aurreikusitako hazkunde ekonomikoak nekez zuzentzen du.


2010-2012ko koadro makroekonomikoa
(Urte arteko aldaketa-tasak)

2010 2011 2012
BPGd 0,3 1,4 2,0
Azken kontsumoa 0,9 1,2 1,5
Kontsumo pribatua 0,8 1,2 1,6
Kontsumo publikoa 1,3 1,2 1,3
Kapital-eratze gordina -5,9 -1,3 1,4
Barne-eskaria -0,7 0,6 1,5
Barne-eskariaren ekarpena -0,8 0,5 1,4
Kanpo-saldoaren ekarpena 1,0 0,9 0,7
BPGd deflatorea 1,7 1,3 1,6
Enplegua -0,8 0,2 0,7
Langabezia-tasa 9,2 10,6 10,0


Krisi ekonomikoak 2010eko kontuetan duen eragina eta 2011ko aurrekontua.

Krisiaren lehenengo momentuetako zerga-ekonomiaren politika ekonomikoa —antzekoa G20ko herrialde guztietan— nabarmen aldatu zen 2010ean. 2009an sortu ziren defizit publiko handien aurrean, Egonkortasun eta Hazkunderako Itunetik eratorritako aurrekontu-egonkortasunaren Europako konpromisoen ondorioz zerga-doikuntza zorrotza ezarri zitzaien Espainiako administrazio guztiei, 2010erako aurrekontuak egitean ere, Eusko Jaurlaritzak, esaterako, hasierako zenbatekoa murriztu zuela aurreko urtearekin alderatuz. Doikuntza-ahalegina berriro biziagotu zen apirilaren 23an Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010-2012rako berrorekarako ekonomia- eta finantza-plana onetsi zenean. Izan ere, plan horrek beherantz zuzendu zuen hasierako aurrekontua, eta hamarren batean murriztu zuen ekitaldirako aurreikusitako defizita.

Hala eta guztiz ere, aurrekontuak doitzeko hasierako neurri horiek ez ziren nahikoak izan finantza-merkatuek EBko herrialde batzuetako (besteak beste Espainiako) kontu publikoen iraunkortasunean zuten konfiantza berreskuratzeko eta, horrenbestez, Espainiaren eta bertako autonomia-erkidegoen zor subiranoaren arrisku-prima eta finantzaketa-kostua handitu ziren. Egoera hori benetan larria izan zen maiatzean, Ekonomia eta Finantzen Kontseiluak Grezia erreskatatzea erabaki eta Espainiari egitura erreformatzeko eta gastu publikoa doitzeko beste neurri batzuk eskatu zizkionean. Gobernuak 8/2010 Errege Lege Dekretuan islatu zuen eskaera hori, eta autonomia-erkidegoek ere izan zuten eragina.

Eusko Jaurlaritzak ere zegokion zatia onartu zuen eta, 3/2010 Legearen bitartez, aurrekontuak doitzeko neurriak hartu zituen: soldata-masa % 5ean murriztu zuen 2010eko gainerako hiletarako; 30 milioi euroko murrizketak egin zituen zenbait funtzionamendu-gastutan eta diru-laguntzetan, eta 34 milioi euro inguruko murrizketak farmazia-gastuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010-2012rako berrorekarako ekonomia- eta finantza-planaren berrikuspen berrian azaldutako neurri berriekin 160 milioi euro inguruan murriztu nahi zen defizit publikoa, BPGd-ren % 2,3ko helburuan utziz, eta, ondorioz, finantzaketa bila merkatuetara joateko beharra txikiagoa izatea lortuz.

Neurriak eraginkorrak izan ziren, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan 2010erako erabaki zen egonkortasun-helburua bete egin da, % 2,28ko defizitarekin.

Hala ere, zerga-sendotzeko aurrekontu-politikaren zorroztasuna indartu egin da 2011ko aurrekontuetan. Lehenengo eta behin, 2011rako adostutako egonkortasun-helburua askoz zorrotzagoa delako, eta Eusko Jaurlaritzak izan dezakeen defizita murrizten duelako, 2010ean zuen BPGd-ren % 2,4tik 2011n duen % 1,3ra arte. BPGd-ren 1,1 puntu horiek 740 milioi euro inguru dira. Bigarrenik, Kupoaren 2011ko likidazioa aurreko urtekoa baino garestiagoa zelako. Bi ondorio horiez gain, Rover kasuaren inguruko epai negatiboa ere izan behar da kontuan. Itzulketa horren ondorioz, 305 milioi euro gutxiagokoak izango dira ekarpenak.

Gastua doitzea lortzearen, hainbat neurri hartu dira 2011rako aurrekontuetan, esaterako soldatak dauden horretan mantentzea, eta diru-laguntzen eta funtzionamendu-gastuen doikuntza, 2010ean egindakoaren ildotik. Doitzeko politika horien sendotzeko, defizitari eusteko aurrekontu izaerako jarraibideak ematen dituen agindua egin da ekainean, eta kredituak atxiki dira aurrekontuko hainbat partidatan.


Aurrekontu-politikaren orientabideak 2012an

2012ko aurrekontu-politikak hiru helburu hauek lortu nahi ditu:

- Aurrekontu-egonkortasunaren helburua betetzea

Lehenengo eta behin, Euskadik, 2012an, aurrekontu-egonkortasunarekin dituen konpromisoak betetzen jarraitu behar du eta, ondorioz, Europako gobernu ekonomiko berriaren eremuan, EAEko finantza publikoak iraunkorrak izateko beharrezko zerga-sendotze eta doikuntzaren politikarekin jarraituko da. Gaur egun EAEko herritarrek dituzten gizarte-zerbitzuak edo gure produkzio-oinarria modernizatzeko erabiltzen ditugun baliabideak etorkizunean mantentzeko, nahitaezkoa izango da metatzen gabiltzan zorraren interesen etorkizuneko ordainketak ez ditzala kendu gizarte- eta produkzio-gasturako aurrekontu-partidetako ezinbesteko baliabideak. Horrela bada, ezinbestean bete behar da defizitaren helburu hori. Bete ezean, aparteko garestitzea izango luke finantzaketak, eta Jaurlaritzaren kreditu-kaudimenarenganako konfiantza urrituko litzateke. Hori dela eta, gastuen austeritate-politikan eragiten jarraitu behar da.

Gainera, kontuan izan behar dugu epe ertainerako helburua ez dela defizitaren bidea betetzea bakarrik, baizik eta haratago doala. Zerga-sendotzeko Europako egoeran, defizitik gabeko kontu publikoak lortzea da helburua, ongizatearen estatuaren zerbitzu publikoen epe luzerako iraunkortasuna bermatzearren.

“Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010-2012rako berrorekarako ekonomia- eta finantza-planak” urte anitzeko aurrekontu-agertokiak ezartzen ditu EAEko Administrazio Orokorraren 2012ko urteko aurrekontuak kokatzeko. Agertoki horretan aurreikusitakoaren arabera, euskal ekonomiak % 3,6ko hazkunde nominala izango du 2012an, eta 9.032 milioi euroko diru-sarrera ez finantzarioak.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegorako 2012ko egonkortasun-helburuak BPGd-ren % 1,3an ezartzen du egin litekeen defizita, hau da, 932 milioi eurotan. Zenbateko biak batuta, gastu ez finantzarioaren gehienezko muga 9.964 milioi eurokoa izango da 2012an.

Eskuragarri dauden baliabide horiek gastu-politika ezberdinen artean esleitzeko, lehentasuna izan beharko dute, alde batetik, enplegua sortzeko gaitasuna izango duen ekonomia produktiboago baten oinarriak ezartzen eta, bestetik, krisiaren eragin larrienak jaso dituzten herritarrei laguntzeko aukera handiena ematen duten elkartasun-mekanismoak sendotzen hobeto lagunduko duten politikek.

- Enplegua sortzeko gaitasuna izango duen ekonomia produktiboagoa lortzea

Krisitik irteteko fase geldoa dugu hau. Jaurlaritzaren helburu berehalakoena euskal ekonomiaren gaur egungo hazkunde-erritmoa bizkortzea da, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko ezinbesteko baldintza gisa. Baina epe laburrerako helburu horrek ez du epe ertain eta luzerako helburua ilundu behar, hau da: hazkunde iraunkorra egoteko aukera emango duen produkzio-eredu berria. Gobernu honek, Europa 2010 estrategiak bezala, hiru alderditan ikusten du iraunkortasuna: ekonomian, gizartean eta ingurumenean. Aurreko hazkunde-ereduaren akatsak saihestuko dituzten eta hazkunde ekonomiko egoki eta sendoagorako oinarriak ezartzeko balioko duten sustapen-politikek izango dute lehentasuna. Hazkundearen iturriak jakintza eta berrikuntza izango dituen produkzio-eredu berria lortu nahi da. Produktibitatea eta lehiakortasuna handitzean oinarritutako hazkundea, azken helburua enplegua sortzea eta herritarren oparotasuna handitzea izango duena.

- Euskal gizarte solidarioago eta kohesionatuagoa lortzea, enpleguaren eta hezkuntzaren bitartez

Egoera ekonomiko berriarekin ez dugu ahaztu behar asimetria handiak daudela atzeralditik irteteko moduan. Hori dela eta, enplegu-politika aktibo eta pasiboak gauzatzeko Jaurlaritza bultzatzen dabilen artikulazio berriaren xedea, enplegua eta hazkunde ekonomikoa handitzeaz gain, krisiaren eragin larrienak jasaten dituzten pertsonak gizarteratzea ere bada. Hala ere, gizarteratzeko eta epe luzean gizartean aurrera egiteko mekanismorik izugarriena hezkuntza da. Hezkuntza-sistema, hazkunde ekonomikoa eta giza kapitala prestatzen laguntzen duen tresna izateaz gain, tresnarik onena da herritar guztien aukera-berdintasuna lortzeko, eta horrexegatik da gizarte-kohesiorako mekanismorik eraginkorrena. Testuingurua hori dela, Jaurlaritzaren ekintzak lehentasuna eman behar dio bizi osoko hezkuntza eta prestakuntzari, gure gizarteko arlo eta ikuspegi guztietan jakintza sortu eta eskualdatzeko oinarrizko ardatza baita.

Aurrekontu-jarraibideak

Produktiboago eta solidarioagoa izango den, enplegua sortzeko gaitasuna izango duen eta zerga-sendotzeko prozesuarekin bateragarria izango den ekonomia lortzeko aurrekontu-politiken orientabideek, gastua doitzen ari den une honetan, lehentasunak ezarri behar dituzte aurrekontu publikoaren bitartez finantzatutako politika, proiektu eta programen artean. Baliabide publikoak zuzkitzean ahalik eta eraginkortasun handiena bermatzeko gai izan behar dugu, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegirik eraginkorren izango diren lekuetan aplikatuz. Hori dela eta, lehentasun nagusiek eta sailek ezarriko dituzten lehentasunek hiru helburu izan beharko dituzte:

Ongizatearen estatua bermatzen duten oinarrizko zerbitzu publikoen eskaintza mantentzea.
Produkzio-tresna babestea, aberastasuna eta enplegua sortzeko formula gisa.
Sektore publiko osoan gastuaren austeritatea ezartzeko eta produktibitatea hobetzeko mekanismoak ezartzea.

Horrenbestez, honako jarraibide hauek ezarri dira:

LEHENENGOA: Langileria-gastuak

2012ko aurrekontuetarako langile-gastua Ekonomia eta Ogasun Sailak kalkulatuko du, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko lege-proiektuan gai honi buruz adierazitakotik ondorioztatutako jarraibideak kontuan hartuta, oinarrizko araudia delako eta, ondorioz, autonomia-erkidegoko Administrazioaren zerbitzuko langileei aplikatu behar zaielako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, organismo autonomoetako eta sektore publikoko gainerako erakundeetako langileen ordainsariak ezin izango dira handitu Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak urterako ezarriko duena baino gehiago.

Euskal Autonomia Erkidegoko sailek, organismo autonomoek eta sektore publikoko gainerako erakundeek kudeaketa- eta antolaketa-neurriak hartuko dituzte langile-gastuari eusteko, edo gastua gutxitzeko, murrizketa-irizpideak eta kontrol-mekanismoak ezarriz, bai eta lanpostuak betetzeko modua, ordezpenak eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko prozedurak ere.

Aurrekontu-plantilla ez da handituko, 2011ko abenduaren 31n dauden lanpostuen guztizko agregatuarekin alderatuz.

BIGARRENA: Funtzionamendu-gastuak eta transferentzia arruntak

II. eta IV. kapituluetako gastuek —Administrazio instituzionaleko erakundeei egindako transferentziek eta aurrekontuen inguruko urteko legeetan araututako finantzaketa duten beste batzuek izan ezik— % 5eko murrizketa izango dute defizit publikoari eusteko jarraibideak ematen dituen Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2011ko ekainaren 7ko Aginduan azaldutako doikuntza-neurriek 2011ko hasierako aurrekontuan izango duten eragina kontuan hartu ostean.

Sektore Publikoko erakundeei egin beharreko transferentziak kalkulatzeko, alde batetik, langile-gastuak hartuko dira kontuan, aurreko atalean ezarritako jarraibideei jarraituz. Beste alde batetik, gastu arruntek % 5eko murrizketa izan beharko dute 2011ko aurrekontuaren likidazio-aurreikuspenaren gainean, defizit publikoari eusteko 2011ko ekainaren 7ko Aginduan azaldutako doikuntza-neurriek 2011ko hasierako aurrekontuan izango duten eragina kontuan hartu ostean.

Gastu arrunta murriztea lortzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko sailek, organismo autonomoek eta sektore publikoko gainerako erakundeek zorrotz aztertuko dituzte kapitulu horietako egungo zuzkidurak, guztiz beharrezkotzat hartzen ez direnak kentzeko.

Diru-laguntzei buruzko aurrekontuak egiteko, diru-laguntzen gastuen aurrekontuko egozpenari buruz bosgarren jarraibidean ezarritako betekizunei jarraituko zaie.

HIRUGARRENA: Inbertsio publikoa

Lehenengo eta behin, 2012rako konprometitutako kredituak ordaintzeko zenbatekoak zuzkituko dira.

Gainera, irizpide orokor gisa, VI., VII. eta VIII. kapituluen egikaritzea 2011ko hasierako aurrekontuan aurreikusitako erritmoekin eta urte anitzeko programazioarekin bat mantenduko da, defizit publikoari eusteko ekainaren 7ko Aginduan azaldutako doikuntza-neurriak kuantifikatu ostean.

Inbertsio publikoan egindako gastua “arrazionalizatu” behar da eta, ondorioz, gogor murriztuko da kapitulu horietan konpromiso berriak hartzeko aukera. Nolanahi ere, kapital-gastuak aurrekontuaren azken egokitzea eta bat-etortzea egiteko erabiliko dira; azken egokitze hori aurrekontu-egonkortasunaren arloko gure konpromisoetatik eratortzen diren azken defizit-aurreikuspenek zehaztuko dute.

Inbertsioei buruzko aurrekontuak egiteko, diru-laguntzen gastuen aurrekontuko egozpenari buruz bosgarren jarraibidean ezarritako betekizunei jarraituko zaie.

LAUGARRENA: Finantza-gastuak eta Finantza-pasiboen txikiagotzea

Zor Publikoaren interesen eta amortizazioaren aurrekontua zenbatetsitako kostu errealaren arabera egingo da.

BOSGARRENA. Diru-laguntzen gastuen aurrekontuko egozpena

Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruzko legearen testu bateginaren 111.5 artikuluak honakoa dio diru-laguntzen gastuei dagokienez: “kasuan kasuko diru-laguntzak edo laguntzak ematen direnean bertan sortuko da ordainketa egin beharra. Diru-laguntzak emateko kasu bakoitzean ezarriko diren arauen araberakoa izango da ordainketa egin beharraren eskakizuna. Ildo horretan, bete behar diren ordainketak burutzeko egokiagoa den diru-izendapena, hau da, ordainketetarakoa edo konpromisozkoa, izango da jarraibide gastuei ezarri behar zaien aurrekontu-erregimena aukeratzeko, halaber, hautatzen den aurrekontu-erregimenak, batetik, lagundu behar du diru-laguntzen baldintzak bene-benetan bete daitezen, eta bestetik, bat izan behar du Ekonomi eta Ogasun Sailak aurrekontuak egiteko -lege honen 58.2 artikuluaren arabera emango dituen jarraibide teknikoekin”.

Arauketa horrekin bat etorrita, honako hauek dira IV. eta VII. kapituluei egozteko moduko gastuei dagokienez 2012ko aurrekontuak egin eta gauzatzeko jarraitu beharreko gidalerroak:

1) Oro har, ordainketa-kredituekin bakarrik azalduko dira aurrekontuan eta 2012ko ekitaldiari egotziko zaizkie kontabilitateari dagokionez jarraian azaldutako betekizunak betetzen dituzten diru-laguntzak. Hona hemen betekizunak:

a) Diruz lagunduko den jarduera guztia 2012ko ekitaldian egitea.

b) Justifikatzeko beharra 2013ko otsailaren 28rako aurreikustea gehienez eta ordainketa jarraian egitea.

2) Gainerako diru-laguntzak, gastuen urte anitzeko sekuentziaren arabera, ordainketa- eta konpromiso-kredituekin azalduko dira aurrekontuan eta kontabilitateko egozpena izango dute, aurreko atalean ezarritako irizpideak aplikatuz.

3) Salbuespen moduan aurretiaz egin behar diren ordainketak egingo diren ekitaldiko aurrekontuan azalduko dira.

4) 2012ko ekitaldian hasiko ez diren jarduerak finantzatzeko diru-laguntzen kredituak inola ere ez dira 2012ko ekitaldiko aurrekontuan azalduko, eta ez zaizkio ekitaldi horri egotziko kontabilitateari dagokionez.

5) 2012ko aurrekontuen lege-proiektua arestian aipatutako gidalerroei egokitzearren, Aurrekontu Zuzendaritzak hala eskatzen duenean, dituzten diru-laguntza programei buruzko datu garrantzitsuei buruzko informazioa bidaliko diote sailek aipatutako zuzendaritza horri, programa horiek ordura arte sortutako itxitako ekitaldietako hondarren bolumena barne.

SEIGARRENA. EAEko sektore publikoko fundazio eta partzuergoen aurrekontuak egitea.

2012rako aurrekontuen lege-proiektuari Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onesten duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen legegintza-dekretuan xedatutakoa aplikatu beharko zaio, bertan ezarritakoaren arabera aipatutako erakundeak Euskadiko aurrekontu-araubidean sartzen baitira eta, ondorioz, Aurrekontu Orokorretako atal izango dira horien aurrekontuak. Gauzak horrela, gogoan izan behar da fundazioetarako aurreikusitako araubidea sozietate publikoetarako indarrean dagoenaren berbera izango dela, eta partzuergoetarako aurreikusitakoa administrazioko organismo autonomoei aplikatu beharrekoa izango dela.

ZAZPIGARRENA. Sektore publikoko erakunde berririk ez sortzea

Ezin izango da organismo autonomo, zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko, fundazio edo partzuergo berririk sortu. Sortzeko erabakia 2011ko abenduaren 31rako onetsita zutenak bakarrik sortuko dira.

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

NEKAZARITZA ETA ELIKAGAIGINTZA POLITIKAREN LEGEA ALDATZEKO LEGE-AURREPROIEKTUA ONARTU DA

Lege-aurreproiektua, Nekazaritza eta Elikagaigintzako Politikari buruzko Legea aldatzeko dena.

Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikaren Legea aldatzeko Lege-aurreproiektua onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran, eta hainbat aldaketa sartu ditu agiri horretan, Europako Batasunaren Zerbitzuen Zuzentarauan ezarritako Batasuneko legeria berrira moldatzeko. Aldaketak egin dira, halaber, kontsumitzaileari egiten zaion iruzurraren inguruan eta artisau ekoizpenaren gainean.

Abenduaren 23ko 17/2008 Legean egin diren aldaketen zergatia hau da: agindu batzuek ez zetozen bat Zerbitzuen Zuzentarauan ezarritako printzipioekin, jarduera gauzatzeko baldintza ezberdinak ezartzen zituztelako eta Batasunean zerbitzuak askatasunez eskaintzeko printzipioa eragotzi.

Horrela, bada, baimena eskatu beharrik gabe Erregistroari komunikazio bat helaraztea ezarri da, lehen kontrol eta ziurtapen erakundeek zuten betebeharraren ordez, hau da, erregistro zehatz batean inskribatuta egotea.

Beste alde batetik, arau-hauste izan daitezkeen jarrerak eta ez-egiteak zehaztu dira: lehen nekazaritzako elikagaien arauen bidez soilik araututa zeudenak. Aldaketarekin, arau-hauste izan eta zigortu daitezkeen jarrera berriak sartu dira: produktuen etiketetan akatsak egoteagatik edo publizitate engainagarriagatik kontsumitzaileari iruzur egiteari lotuago daudenak.

Azkenik, zabaldu egin da artisau-ekoizpenaren kontzeptua, eta horrela, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenari loturiko ekoizpena ez ezik, beharrezkotzat jo da beste errealitate batzuk sartzea, hala nola, produktuen artisau lanketa. Horiek, hautatutako lehengaietatik abiatuta artisauek ongi egiten dakiten jardueraren lanketa-prozesu berezi baten emaitza dira, eta kalitatearen nahiz jatorriaren ezaugarri batekin bereizi daitezke; bestela, legezko estaldurarik gabe geratuko lirateke.

Proiektu hau lantzeaz bat, legearen arauak garatu egin dira; izan ere, hogei gai inguru atzeman ziren, legearen artikuluetan agertzen zirenak baina arauen geroko garapen bati lotzen zitzaizkionak: hala nola, artisau ekoizpena, higienearen eta nekazaritzaren ohitura onak, ustiategien erregistroa, energia berriztagarriak sustatzea eta parte hartzeko organo eta errolda ugari.

Gutxi gorabehera gai horien erdietarako arauak burutu dira, EHAAn dekretu bana argitaratuta, eta beste erdien izapideak oso aurreratuta daude.

 

LEHENDAKARITZA

ESKUALDATUTAKO ESKUMEN BERRIEI BURUZKO DEKRETUAK ONARTU DITU JAURLARITZAK

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman die Transferentzien Batzorde Mistoak ekainaren 22an izandako bileran onartutakoa berresteko dekretuei. Bilera horretan beste 11 eskumen Euskadiri eskualdatzea erabaki zen.

Gaur onartu diren dekretuak eskualdatutako gai bakoitzari buruzkoak dira eta Gobernu Zentralak aurreko ostiralean izandako Ministro Kontseiluan onartutako termino berberetan onartu dira.

Dekretu horien bitartez, euskal administrazioari eskualdatutako zerbitzuak eta egitekoak ezarri dira, baita horretarako behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak ere.