2011/07/12 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Literatura Ibilbideak
157.541 euro DEMAI Programarako
Eskola Ibiltariak
Pirineos Mugikortasuna
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Gobernu-Kontseiluak Euskadiko Aurrezki-Kutxen Lege-Proiektua onetsi du
Gobernu kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa eta ELKARGI eta OINARRI S.G.R. en arteko berfinkatze hitzarmena onartu du
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Irailaren 1ean jaioko da Kontsumobide, Eusko Jaurlaritzak oinarrizko bi dekretuak gaur bertan onartu eta gero
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2011-2014 aldirako Ingurumenaren III. Esparru Programa onartu dute
702.500 euro landaguneen eta nekazaritza-sektorearen arrail digitalari aurre egiteko
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

LITERATURA IBILBIDEAK

Erabakia, Literatura Ibilbideak programa garatzeko Hezkuntza Ministerioarekin 2009. urtean izenpetutako hitzarmenarenaren 2011. urteko eranskin ekonomikoa izenpetzeko baimena emateko.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Hezkuntza Ministerioaren arteko hitzarmenaren 2011rako eranskin ekonomikoa, 14.160 euroko gehienezko zenbatekoan, izenpetzeko baimena eman dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuari, Literatura ibilbideen programa dela eta.

 

157.541 EURO DEMAI PROGRAMARAKO

Erabakia, CPES Diocesanas BHIP-i zuzeneko diru-laguntza bat emateko dena. Diru-laguntza horren bidez, DEMAI programa garatu nahi da, Mercedes Benz España SA enpresako Lanbide Heziketako tituludunen gaitasunak bultzatzeko den programa.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du Diocesanas BHAIPri 157.541 euroko dirulaguntza zuzen bat emateko erabakia, Mercedes enpresako LHko titulatuen gaitasunak bultzatzeko DEMAI programa aurrera eramateko.

DEMAI prestakuntza-programa nazioz haraindiko Lanbide Heziketako ziklo ondorengo bat da (prestakuntza-jarduera Landerreko Merkataritza Ganbararekin homologatzen da, Alemanian garatutako azken kalifikazio baliokidearekin).

 

ESKOLA IBILTARIAK

Erabakia, Eskola Ibiltarien Programari buruz 1990. urtean Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin izenpetutako hitzarmenari 2011. urtean gehitzeko eranskin ekonomikoa izenpetzea baimentzen duena.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Arabako Foru Aldundiko Gaztediaren Foru Erakundearen arteko hitzarmenen 2011rako eranskin ekonomikoak, 46.637 euroko gehienezko zenbatekoan, izenpetzeko baimena eman dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuari, Eskola Ibiltarien programa dela eta.

 

PIRINEOS MUGIKORTASUNA

Erabakia, "Pirineos Movilidad Proiektua", 2007-2013ko Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko lurralde-lankidetzarako programaren barruan (POCTEFA), egiteko Kataluniako Generalitatekin, Aragoiko Gobernuarekin, Nafarroako Gobernuarekin, Conseil Régional d¿Aquitainerekin, Conseil Régional Languedoc-Rousillonekin eta Conseil Regionla Midi-Pyrenés-ekin hitzarmen bat izenpetzeko baimena ematen dena.

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, hartu du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari Kataluniako Generalitatekin, Aragoiko Gobernuarekin, Nafarroako Gobernuarekin, Conseil Regional Midi-Pyrénees-ekin, Conseil Regional d´Aquitaine-rekin eta Conseil Regional Languedoc-Rousillon-ekin hitzarmen bat izenpetzeko baimena emateko erabakia, 2007-2013ko Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko Lurralde Lankidetzarako Programaren barruan (POCTEFA).

 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

GOBERNU-KONTSEILUAK EUSKADIKO AURREZKI-KUTXEN LEGE-PROIEKTUA ONETSI DU

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxen Lege-Proiektua

Gobernu Kontseiluak onetsi egin du EAEko kutxei duten kapitala indartzeko, bai eta efizientzia eta gobernu egokia indartzeko ere, aukera emango dien lege-proiektua.

Lege berriarekin % 40ra murriztuko da administrazio publikoen ordezkaritza, eta hautetsi politikoek ezin izango dituzte gobernu-organoetako karguak eduki, ez eta sektore publikoko mendeko erakunde edo administrazioren bateko goi-kargudunek ere.

Lege-proiektuak gobernu-organoetan ordezkaritza duten talde eta erakundeen kopurua handitu du, eta Eusko Legebiltzarrari eta Batzar Nagusiei dagokienez, ospe eta profesionaltasun handikoak izan beharko dira kideak.

Hirurogeita hamalau artikulu ditu arau-testuak, eta egoitza soziala Euskadin daukaten aurrezki-kutxen araubidea ezartzen da bertan, baita egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo duten aurrezki-kutxek EAEn egiten dituzten jardueren araubidea ere.

Legea indarrean jartzen denetik aurrera, aurrezki-kutxek bi hilabeteko epea izango dute estatutuak eta erregelamenduak legean jasota datozen xedapenetara egokitzeko. Gero, Eusko Jaurlaritzara bidali beharko dituzte, eta han hilabete izango dute, onartzeko. Ondoren Batzar Orokorra eta gainerako gobernu-organoak eratu beharko dira, hurrengo bi hilabeteetan.

Berritasun garrantzitsuenak 2010eko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege-dekretuan ezarritako erreformaren babespean sortutako figuren erregulaziotik eratorri dira. Horrek, alde batetik, gobernu-organoen profesionalizazioa bultzatzen laguntzen du eta, bestetik, kategoria goreneko baliabideen bitartezko kapitalizazioa lortzen, gainerako finantza-erakundeen baldintza berberekin. Halaber, etorkizuneko legeak beste irizpide batzuk ezarri ditu aurrezki-kutxetako gobernu-organoetako ordezkaritza sektorialaren inguruan.

Araudi berriak aukera ematen du aurrezki-kutxek kreditu-erakunde gisa dagozkien eginkizunak banketxe baten bidez garatzeko, finantza-negozio guztia banketxe horren esku uztearen bitartez, aktibo ez finantzario batzuk edo guztiak eskualdatu ahal izango dituztela gainera.
Araudiaren arabera, Babes Sistema Instituzionala izango litzateke funtsean honako baldintza hauek betetzen badira:

1. Negozio-politikak eta -estrategiak izaera loteslearekin zehazten dituen erakunde nagusi bat egotea.

2. Erakunde zentrala Babes Sistema Instituzionala osatzen duten erakundeetako bat izatea, edo guztien partaidetza duen eta sistemaren atal den beste kreditu-erakunde bat izatea.

3. Babes Sistema Instituzionala eratzen duen kontratu-akordioak kaudimen eta likideziari buruzko elkarrekiko konpromisoa izatea sistema osatzen duten erakundeen artean.

4. Babes Sistema Instituzionala osatzen duten erakundeek batera ipintzea euren emaitzen zati garrantzitsu bat.

5. Erakundeak sisteman gutxienez 10 urtez egon beharko direla ezartzea kontratu-akordioan.

Gobernu-organoak

Aurrezki-kutxek jarduera zuzenean garatzen dutenean, honakoak dira horien gobernu-organoak: Batzar Orokorra, Administrazio Kontseilua eta Kontrol Batzordea. Honako hauek ere izango dira kutxen organoak: Zuzendaritza Nagusia, Inbertsio Batzordea, Ordainketa eta Izendapen Batzordea, eta Gizarte-ekintzako Batzordea.

Aurrezki-kutxek jarduera zeharbidez garatzen dutenean, Batzar Orokorra, Administrazio Kontseilua eta Kontrol Batzordea bakarrik izango dira gobernu-organoak.

Banku-erakundearen Administrazio Kontseiluko ordezkariak izendatzeko, taldeek Administrazio Kontseiluan duten proportzioa hartuko da kontuan.

Gobernu-organoak guztiz berrituz gero, banku-erakundearen Administrazio Kontseilukoan dituzten ordezkariak ere berritu beharko dira.

Kutxak jarduera zuzenbidez nahiz zeharbidez eman, Batzar Orokorreko kideek ezin izango dute dietez gainerako beste ordainsaririk jaso. Aldiz, Administrazio Kontseiluko eta Kontrol Batzordeko kideen jarduera ordaindu ahal izango da, arduraldi esklusiboa badute.

Araudi-eskemaren arabera, Batzar Orokorrak izendatuko ditu Administrazio Kontseilua, Gizarte-ekintzako Batzordea eta Kontrol Batzordea. Batzarra ordezkatzen duen talde bakoitzak, bere kabuz, Administrazio Kontseiluan eta Kontrol Batzordean dagozkion kideak proposatuko ditu izendatzeko, eta Batzar Orokorrak izendatuko ditu (ezin izango da leku bitako kide izan aldi berean, eta Kontrol Batzordeko kideak Batzar Orokorrak izendatuko ditu, kontseilari nagusien artetik).

Administrazio Kontseiluak bere baitan eratuko ditu Inbertsio Batzordea eta Ordainketa eta Izendapen Batzordea. Inbertsio Batzordeko kideak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, eta Ordainketa eta Izendapen Batzordeko kideak Batzar Orokorrak. Gainera, Administrazio Kontseiluak Batzorde Betearazlea eratu ahal izango du bere kide batzuk elkartuz, eta eskuordetzeen bitartez jardungo du batzorde horrek.

Batzar Orokorra

Kontseilari nagusiak lau urterako izendatuko dira, eta berriz ere aukeratu ahal izango dira, baina agintaldiaren epea hamabi urtekoa izango da gehienez. Aldi bakoitzean Batzarreko kide erdiak berrituko dira.

Jarraian azaldutako taldeak ordezkatzen dituzten kontseilari nagusiek eratuko dute Batzar Orokorra, zehaztutako ehunekoekin:

Ezarleak (% 47)
Bulegoak dituzten toki-korporazioak (% 17)
Erakunde fundatzaileak (% 12)
Kutxetako langileak (% 7)
Interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeak (% 6)
Egoitza duen lurralde historikoa (% 6)
Euskal Autonomia Erkidegoa (% 5)

Ezarleak: Autonomia-erkidego bakoitzeko ezarleen ordezkariak esleitzeko, pertsona fisikoen gordailuak hartuko dira kontuan. Konpromisarioek aukeratuko dituzte, zozketa publikoan izendatuta, eta zerrenda bakarra aurkeztuko da erkidego bakoitzeko. Babes-sistema instituzionalen edo zeharkako jardunaren kasuetan, prozedura bera jarraitu beharko da, baina kutxak eta banku-erakundeak hartutako gordailuak hartuko dira kontuan.

Toki-korporazioak: Haiek aukeratuko dituzte beren ordezkariak, arautegi erregulatzailearekin bat etorriz, eta talde politiko bakoitzak udalbatzan duen proportzionaltasuna kontuan hartuta. Ordezkariak autonomia-erkidegoen arabera esleitzeko, pertsona fisikoen gordailuen saldoa hartuko da kontuan, eta babes-sistema instituzionalen edo zeharkako jardunaren kasuetan, kutxak eta banku-erakundeak hartutako gordailuak hartuko dira kontuan.

Erakunde fundatzaileak: oro har, zuzenean izendatuko dituzte ordezkariak. Bereziki, Udalbatzak badira, zuzenean aukeratuko dituzte euren ordezkariak, beren arautegi erregulatzailearekin bat etorriz, eta talde politiko bakoitzak udalbatzan duen proportzionaltasuna kontuan hartuta.

Euskal Autonomia Erkidegoa: Eusko Legebiltzarrak izendatuko ditu. Osoko bilkurak aukeratuko ditu, Legebiltzarra osatzen duten taldeek duten legebiltzarkide-kopuruari dagokion proportzioan.

Lurralde historikoak: Batzar Nagusiek izendatuko dituzte ordezkariak. Osoko bilkuretan aukeratuko dituzte, Batzarkide-talde bakoitzak duen kide-kopuruari dagokion proportzioan.

Kutxetako langileak: Sistema proportzionalaren bidez aukeratuko dituzte euren ordezkariak enplegatuen legezko ordezkariek.

Interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeak: Jarraian azaldutako erakundeek izendatuko dituzte ordezkariak, zehaztutako ehunekoekin, eta dagozkien arau erregulatzaileekin bat etorrita. Hona hemen: :

- Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean ordezkatutako sindikatuak eta sindikatu-konfederazioak (% 1)
- Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean ordezkatutako enpresaburuen elkarteak (% 1)
- Merkataritza-ganberak (% 1)
- Kontsumitzaile Elkarteen Federazioa (% 1)
- Gizarte-ekintzako hirugarren sektorean jarduten duten erakundeak eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluan ordezkatutako gizarte-zerbitzuen eremuan lan egiten duten profesionalak (% 2).

Administrazio Kontseilua

Administrazio Kontseiluko kideak izendatzean, Batzar Orokorreko talde guztietako ordezkariak egongo direla ziurtatu beharko da, eta Batzar Orokorrerako ezarritako antzeko proportzionaltasuna bete beharko da.

Proposamen bat baino gehiago egotekotan, ordezkari-talde bakoitzak, bere kabuz, dagozkion kideak proposatuko ditu izendatzeko, eta horien aldeko botoa emango du. Batzar Orokorrak izendatu beharko ditu.

Kideen gehiengoak bere eginkizunak betetzeko berariazko ezagutzak eta esperientzia izan beharko ditu. Gainera, eginkizun betearazleak dituzten kideek, Zuzendaritza Nagusirako aurreikusitako prestakuntza tekniko eta esperientzia bera izan beharko dute (gutxienez bost urteko esperientzia finantza-erakundeetan goi-administrazioko, zuzendaritzako, kontroleko edo aholkularitzako lanak egin, edo pareko garrantzi eta tamainako beste erakunde publiko nahiz pribaturen batean antzeko ardura duten lanak egiten).

Administrazio Kontseiluko kideen agintaldiaren iraunaldia eta berrikuntzari dagokienez, Batzar Orokorreko kide diren kontseilari nagusientzat ezarritako baldintza berberak izango dituzte.

Kontseiluko lehendakari, lehendakariorde eta idazkariaren karguetarako izendapenak Administrazio Kontseiluak berak egingo ditu, bere kideetatik aukeratuta. Lehendakariak eta lehendakariordeak, erakundean ez ezik, Batzar Orokorrean ere izango dute kargu hori.

Batzorde Betearazle bat sortu ahal izango da Administrazio Kontseiluko kideen artean, kutxaren zenbait arlo jakin kudeatu eta administratzeko. Hala eginez gero, Kontseilua eratzen duten talde guztiek egon behar dute ordezkatuta.

Inbertsio Batzordea eratuko da Administrazio Kontseiluaren baitan, eta Administrazio Kontseiluak berak izendatuko ditu bertako kideak, bere kideetatik aukeratuta.

Administrazio Kontseiluak, era berean, Ordainketa eta Izendapen Batzordea ere eratuko du, eta Batzar Orokorrak aukeratuko ditu bertako kideak, Administrazio Kontseiluko kiden artetik.

Kontrol Batzordea Batzarrak delegatuta daukan organoa da, eta Administrazio Kontseiluaren eta Batzorde Betearazlearen jarduna ikuskatzea eta gainbegiratzea da bere zeregina. Administrazio Kontseilua osatzen duten talde berdinetako ordezkariek egon behar dute, proportzionaltasun-irizpideei jarraituz. Bertako kideak izendatzeko prozedurari dagokionez, Administrazio Kontseilurako erabilitako berbera izango da.

Batzar Orokorrak izendatuko ditu bertako ordezkariak kontseilari nagusien artetik, betiere kontseilari horiek jakintza eta esperientzia egokiak biltzen badituzte, eta ez badira Administrazio Kontseiluko kide.

 

GOBERNU KONTSEILUAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOA ETA ELKARGI ETA OINARRI S.G.R. EN ARTEKO BERFINKATZE HITZARMENA ONARTU DU

Gobernu Kontseiluak EAEko Administrazioa eta Elkargi eta Oinarri Elkarrekiko Berme Baltzuen arteko 2011. urterako berfinkatze hitzarmena onartu du. Hitzarmen honek euskal autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei finantzaketarako sarbidea erraztea du helburu. Halaber, hitzarmenean bide gehigarria uzten zaie txiki edo ertainak ez diren enpresei.

Hitzarmenak, enpresa-inbertsioen proiektuak gauzatzea sustatuko du, edota, beharrizan garrantzitsuena zirkulatzailea finantzatzea denan, euskal enpresen jardunaren jarraipena ere sustatuko du.

Hitzarmenak bermeak ematean oinarritzen diren diru-laguntzak ditu bere baitan. Diru-laguntza horiek hiru hitzarmenetan banatzen ziren aurreko urtera arte: oinarrizkoa, osagarria eta zirkulatzailearena. Hitzarmena, autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek finantzazioa eskura dezaten EAEko Administrazioak martxan jarritako tresnen jarraipena da. Hitzarmen hauek, 2009tik hona, 850 milioi euro suposatu dituzten 3.696 eragiketa gauzatzea ahalbidetu dute.

Berfinkatze hitzarmen hau sinatzeak, inbertsio proiektu berriei zein euskal enpresen zirkulatzaileari finantzazio bideak zabalik mantentzea du helburu nagusi, enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak aintzat hartuz. Hitzarmenak finantzaketa erraztu gura du, egungoa bezalako testuinguru batean, zeinetan bankuen finantzaketa zail dagoen. 600.000 euro arteko zirkulatzaile-eragiketak finantzatzea ahalbidetzen du eta, 1.5 milioi euroko artekoak inbertsio-eragiketen kasuan. Muga hori handitu daiteke 2.5 milioi euro arte talde bereko enpresentzat, betiere, jardun berekoak ez badira.

Arestiko zenbatekoak nahikotzat jotzen dira euskal enpresa gehienen inbertsio beharrizanak eta zirkulatzailearenak asetzeko. Bestalde, programa, agente txiki eta ertainei bideratuta dago. Izan ere, hauek dira finantzaketarako zailtasun gehien dituztenak egungo testuinguru finantzarioan. Halaber, EUSKO JAURLARITZAk partzialki estali ahal izango du OINARRI eta ELKARGI EBBek 250-500 langile eta 75 milioi eurotik beherako aktibo finkoa dituzten enpresa bazkideekin bereganatutako arriskua.

Hitzarmenak honako hau ezartzen du: Eusko Jaurlaritzak estaliko ditu partzialki Elkargik eta Oinarrik hartutako arriskuen huts-egindakoak eurok euron bazkide parte-hartzaileei emandako bermeen arabera, ekitaldi honen hasieratik izandako berme finantziarioaren eragiketa guztietan, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten enpresei emandako bermeak badira.
Gainera, zirkulatzailearen eragiketen finantzaketari emandako bultzada bereziaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak emandako berme osagarria ezartzen da. Berme hau Diru Fondoa da EBBek estali ahal izateko huts-egindakoak eta euron ustiatze kontua kaltetu barik dotazioak egin ahal izateko.

Eusko Jaurlaritza jakitun da oso, ekoizpen sistemaren likidezia bermatzeko programa finantziarioak egiteko beharrizanaz. Izan ere, bideragarriak diren proiektuak ez dira bertan behera geratu finantzaziorik ezagatik ezelan ere. Horretarako, zenbait lan-ildo eta ekimen jarri da martxan, ekoizpen sistemaren likidezia bermatze aldera, autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei berezko arreta eskaini zaiela; edota, gure ekonomia eta enplegurako proiektu estrategikoak dituzten enpresei baita sektore berritzaileei ere.

Gauzak horrela, azkeneko urte bitan, Eusko Jaurlaritzak abala igo die Elkarrekiko Berme Baltzuei.

Baldintza hauek ezin hobeak dira inplikatutako alde guztientzat. Alde batetik, enpresa eta autonomoentzat, azkeneko ekitaldietako indarrean egon diren hitzarmenei esker zein orain sinatu den hitzarmen berri honi esker finantzaketa lortzen baitute, prezio onean; lehen ezinezkoa zitzaiena. Beste alde batetik, Elkarrekiko Berme Baltzuentzat hitzarmenok euron jarduna areagotzea ekarri dute. Izan ere, inbertsio faltagatik eta bazkide berriak areagotzeagatik gainbehera zihoan jardun hori.

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

IRAILAREN 1EAN JAIOKO DA KONTSUMOBIDE, EUSKO JAURLARITZAK OINARRIZKO BI DEKRETUAK GAUR BERTAN ONARTU ETA GERO

Dekretua, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua egituratu eta antolatzeko dena.

Euskal kontsumitzaileen eskubideen babesa bermatzea xede duen Kontsumobide institutua datorren irailaren 1ean abiatuko da, Eusko Jaurlaritzak erakunde hau eratzeko oinarrizkoak diren bi dekretuak gaur bertan onartu eta gero.

Asmoa, gero eta zorrotzagoak diren gizarte-beharrei modu eraginkorragoan erantzutea da, bereziki kontsumoaren arloaren berezko zeharkakotasuna kontuan izanda.

Gobernu Batzordeak onartutako dekretuei dagokienez, batak Kontsumobideren egitura eta antolaketa arautzen du; besteak, berriz, gizabaliabideen nahiz bitarteko materialen esleipenaren baldintzak finkatzen ditu.

Egungo Kontsumo Zuzendaritzaren desagerpena dakar, berez, Kontsumobideren sorrerak. Hala, Institutu berria erakunde autonomo gisa eratzen da, Osasun eta Kontsumo Sailari atxikituta baina bere helburuak lortzeko berezko nortasun juridikoa eta gaitasun osoa dituelarik.

Horretarako, lurralde-egoitzak izango ditu eta, bestalde, 4 administrazio-gunetan banatuko da, alegia: Planifikazioa, Ikerketa, Informazioa eta Heziketa; Erreklamazioak, Bitartekaritza eta Arbitraje; Ikuskaritza eta Merkatuaren controla; eta Zerbitzu Orokorrak.

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

2011-2014 ALDIRAKO INGURUMENAREN III. ESPARRU PROGRAMA ONARTU DUTE

Erabakia, "2011-2014 aldirako III. Ingurumeneko Esparru Programa" onesten duena.

Programa onartu du gaurko bileran. Programa Pilar Unzaluk zuzentzen duen sailak prestatu du, eta Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-alorreko jarduna antolatuko du.

Ingurumenaren III. Esparru Programa Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumen-eragina duten planak egituratzen dituen erreminta da, eta oraindik orain onartutako EcoEuskadi 2020 estrategiarekin lotura estua du.

Dokumentuaren ikuspegi estrategikoa egungo eta etorkizuneko bizitza-kalitateari eustea da; horretarako, klima-aldaketaren kontra egingo da, sistema ekologikoen bioaniztasuna eta funtzionalitatea babestuko dira, sortutako hondakinak egoki kudeatuko dira, inguru garbi eta osasungarriak bermatuko dira eta natur baliabideen kontsumo arduratsua sustatuko da.

Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoek, foru-aldundiek eta udalerriek parte hartu dute Ingurumenaren III. Esparru Programa prestatzen, baita enpresek, ikerketa-erakundeek, unibertsitateek eta gizarte zibileko ordezkariek ere. Era berean, herritarrek ere egin ahal izan dituzte ekarpenak, hainbat komunikazio-kanalen bitartez; esaterako, webgunearen edota sare sozialen bitartez.

 

702.500 EURO LANDAGUNEEN ETA NEKAZARITZA-SEKTOREAREN ARRAIL DIGITALARI AURRE EGITEKO

Erabakia, ¿MENDINET¿ Landa Garapenaren Aurrerapenerako Elkarteari eta IZKI, BEHEMENDI eta DEBA GARAIA landa-garapenerako elkarteei zuzeneko diru-laguntza emateko dena, informazioko teknologia berriekin eta landa-eremuko komunikazioarekin zerikusia duten proiektuak egiteko

Jaurlaritzaren Kontseiluak diru-laguntzatan 702.500 euro bideratzea erabaki du gaur, landa-garapenerako elkarteek euskal landaguneetan eta nekazaritza-sektorean Internet ezartzen laguntzeko proiektuak susta ditzaten.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, horrenbestez, baiezkoa eman dio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzaluk egindako proposamenari; diru-laguntza zuzen horiek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak landaguneetan ezartzeko proposamenari, hain zuzen. Horri esker, inguru sozioekonomiko horietako bizitza-kalitatea eta lehiakortasuna hobetuko dira.

Arrail digitala ez da landaguneen arazoa bakarrik, lehendabiziko sektore osoarena baizik; hori dela-eta emango dituzte laguntzok. Eustaten arabera, lehen sektorean ordenagailuen ekipamendua % 14,8 baino ez da; posta elektronikoarena % 11,8, eta Internet erabiltzekoa, berriz, % 13,6.

Pilar Unzaluk gidatzen duen sailaren helburua arrail digitalaren auziari heltzea da, zerbitzu eta gaitasun digital egokiak zein diren identifikatuta eta, ondoren, aktibatuta. Hala, sektore horretako profesionalek modu eraginkorrean baliatu ahal izango dituzte zerbitzu digital aurreratuak, eta lana kudeatzen eta aplikatu beharreko araudia betetzen lagunduko diete (ustiategien kudeaketa teknikoa eta ekonomikoa, merkataritza elektronikoa, elikagaien balio-katearen integrazioa, etab.). Guztia ere Nekazaritzako Agenda Digitalean jasoko dute.

Bai IKT Dinamiza proiektua (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak dinamizatzeko), bai Nekazaritzako Agenda Digitala, Mendinet Landa Garapenaren Aurrerapeneko Elkarteak (500.000 euro), Izki Landa Garapenerako Elkarteak (90.000), Behemendik (56.250) eta Deba Garaiak (56.250) mamituko dituzte.