2011/09/13 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
1,5 milioi euro, Sare Pribatuan Hirueletasuna sustatzeko
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Euskal Ekonomia 2011ko Bigarren Hiruhilekoan
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Jaurlaritzak igo egingo ditu babestutako etxebizitzak eskuratzeko diru-sarreren mugak
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo sailak 2.667.110 euro emateko diru-laguntza deialdia egiten du 2011ko ekitaldian prebentzioko udal lantalde teknikoak mantentzeko eta drogamendekotasunen arloko programak eta proiektuak garatzeko
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Normalizatutako Geografia-informazioa eskuratu eta erabiltzeko Azpiegitura ezartzea onartu da
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

1,5 MILIOI EURO, SARE PRIBATUAN HIRUELETASUNA SUSTATZEKO

Erabakia, 2011-2012 ikasturtean itunpeko sare pribatuan hirueletasunaren sustapenerako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuekin estatutu- edo arauzko harremanak dituzten federazio eta elkarteei dirulaguntza zuzen bat emateko.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuekin estatutu- edo arauzko harremanak dituzten federazioei eta elkarteei dirulaguntza zuzen bat emateko erabakia, 2011-2012 ikasturtean itunpeko sare pribatuan hirueletasuna sustatzeko.

Dirulaguntzak, 1.513.983 euroko zenbateko globalekoak, ondorengo eremuetan jarduera espezifikoak egitea du helburu: Oinarrizko Irakaskuntzako eta Batxilergoko irakasleen prestakuntza, 799.997 euro emango dira eremu horretarako, eta hezkuntza hirueledunaren markoaren esperimentazioa, 731.986 euro emango dira eremu horretarako.

 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

EUSKAL EKONOMIA 2011KO BIGARREN HIRUHILEKOAN

- Euskal ekonomiak moteldu du bere hazkundea bigarren hiruhilekoan bi hamarren igo dituelarik. Gauzak horrela, urte arteko tasa %0,8an geratzen da.

- Industria izan da ostera ere sektorerik dinamikoena %1,2 hazi delarik, aurreko hiruhilekoan baino sei hamarren gehiago.

- Zerbitzu Sektoreak hobetu du bilakaera positiboa aurreko hiruhilekoen aldean. Orain urte bi baino gehiagoko hazkunde erritmoei eusten die eta enplegu-tasarik altuena dauka (657.060), 3.250 lanpostu gehiago sortu direla hiruhilekoan.

- Eraikuntzak negatiboan segitzen du. Izan ere, Eustatek nahiko okertu du bere bilakaera 2009. eta 2010. urteetan zehar.

- Eskaeraren ikuspegitik, bere gainbehera (-%1) moteldu duen inbertsioa nabarmendu daiteke, azkeneko hiru urteetako emaitzarik onena lortzen du. Bitartean, kanpoko sektorearen ekarpen positiboa eta barne eskera mantentzen dira.

- Enpleguari dagokionez, Eustatek hiruhilekoan 1.410 lanpostuko hazkundea izatea aurreikusten du. Zerbitzuek eta era apalagoan Industriak orekatu dituzte Eraikuntzaren eta lehenengo sektorearen galerak.


2011ko bigarren hiruhilekoan euskal ekonomiak moteldu du bere hazkunde erritmoa ekonomiarik nagusienen itzelezko moteltzearen ondorioz. Eustat, Estatistikako Euskal Institutuaren Kontu Ekonomikoen arabera, Euskadiko BPGa %0,2 hazi da aurreko hiruhilekoaren aldean eta, %0,8 aurreko urtearen aldean. Guztira, badira zazpi hiruhileko jarraian hiruhileko arteko hazkundearekin eta beste bost urte arteko tasa positiboekin.

Eskaintzaren aldetik, Industriaren bizkortzea nabarmentzen da %1,3ko hazkundea izan duela hiruhileko artekoan. Aurrekoaren aldean sei hamarren gehiago, urte artekoaren hazkundea %3,3an jartzen duela. Zerbitzu Sektorean ere, bilakaera positiboa izan da eta aurreko hiruhilekoa baino hobexeagoa, azkeneko urte bietako balorerik onena lortu zuelarik. Oraingo honetan, urte arteko tasari dagokionez %1 hazi da, urteko lehenengo hiruhilekoan baino bi hamarren gehiago. Hiruhilekoan artekoari dagokionez, bere bilakaera positiboa izan da %0,4an, aurreko hiruhilekoan hiru hamarren hazi zelarik. Aitzitik, Eraikuntzak negatiboan segitzen du. Izan ere, Eustatek nahiko okertu du bere bilakaera 2009. eta 2010. urteetan zehar. (-%3,6 eta -%5,9 jaistetik, -%7,4 eta -%9,8 jaistera igaro dira).

Eskaeraren ikuspegitik, bere gainbehera (-%1) moteldu duen inbertsioa nabarmendu daiteke (Kapitalaren Formazio Gordina), azkeneko hiru urteetako emaitzarik onena lortzen du. Barne eskaerak urte arteko %0,2ko hazkundea izan du eta kanpoko sektoreak bere ekarpen positiboari eusten dio BGParen bilakaerako. Edozelan ere, hazkundeak txikiagoak izan dira: %3,2 esportazioetan eta %2,3 inportazioetan. Aurreko hau, inguruko ekonomien moteltze testuinguru batean kokatu behar da, zeintzuekin euskal komertzioa harremanetan dagoen.

Enpleguari dagokionez, Eustatek, lanpostu kopurua apiriletik ekainera 1.410 enplegutan igo zela baieztatzen du. Eraikuntzak eta Lehenengo Sektoreak enplegua galtzen jarraitu dute. Alabaina, Zerbitzu Sektoreak 3.250 lanpostu sortu ditu Eustateko serie-historikoaren enplegu-tasa bolumenik handiena erdietsi duelarik, 657.060 lanpostu guztira.

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

JAURLARITZAK IGO EGINGO DITU BABESTUTAKO ETXEBIZITZAK ESKURATZEKO DIRU-SARREREN MUGAK

Jaurlaritzaren Kontseiluari gaur eman zaio aditzera Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak onartu berri duela babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eta, hortaz, Etxebideren etxebizitza-eskatzaileen erregistroan sartzeko urteko diru-sarrera haztatuen mugak aldatzen dituen Agindua.

Agindua indarrean jartzen denetik aurrera, honakook izango dira diru-sarreren mugak:
• Erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen alokairurako: 3.000 eta 25.000 euro bitartean (orain arte gehienez ere, 22.000 euro)
• Erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen erosketarako: 9.000 eta 25.000 euro bitartean (orain arte, gehienez ere 22.000 euro)
• Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen eta zuzkidura-bizilekuen alokairurako: 3.000 euro eta 39.000 euro bitartean. Orain arte, gehienez ere 35.000 euro.
• Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen erosketarako: 9.000 eurotik 39.000 eurora (orain arte 35.000)
• Etxebizitza tasatu autonomikoen erosketa eta alokairurako: 12.000 eta 50.000 euro bitartean. (orain arte erosteko gehieneko muga 45.500 euro zen)

Jaurlaritzak uste du prezioak eguneratu beharra dagoela eskariaren egiturara eta tipologiara moldatzeko. Babestutako merkatua da herritar gehienentzat etxebizitza eskuratzeko baldintzarik onenak eskaintzen dituena, eta horregatik, neurri honekin babestutako etxebizitzaren eskaintzak ahalik eta pertsona gehienengana iristea lortu nahi da.

Agindua indarrean jartzen denetik, diru-sarrera haztatu horiek babestutako etxebizitza ofizialen esleipendun eta eskatzaile guztientzat hartuko dira kontuan, lehendik hasita dauden hautaketa-prozeduren ondorioz esleitzen diren etxebizitzen kasuan izan ezik.

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

EUSKO JAURLARITZAREN OSASUN ETA KONTSUMO SAILAK 2.667.110 EURO EMATEKO DIRU-LAGUNTZA DEIALDIA EGITEN DU 2011KO EKITALDIAN PREBENTZIOKO UDAL LANTALDE TEKNIKOAK MANTENTZEKO ETA DROGAMENDEKOTASUNEN ARLOKO PROGRAMAK ETA PROIEKTUAK GARATZEKO

Osasun eta Kontsumo Sailak 2.667.110 euro emango ditu diru-laguntza gisa, 2011n drogamendekotasunen arloarekin erlazionatutako programak eta proiektuak egiteko.

Diru-laguntza hauen onuradun izango dira, batetik, toki-erakundeak (Udalak, Mankomunitateak, Partzuergoak edo Foru Aldundiak), prebentzioko udal lantalde teknikoei eusteko, eta drogramendekotasunen tokiko plana onetsita izanik edo egite-fasean, bestela, drogamendekotasunen prebentzio komunitarioko programak garatzeko. Eta, bestetik, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeak, drogamendekotasunarekin erlazionatutako prebentzio- eta arriskuak eta kalteak gutxitzeko proiektuak egiteko.

Laguntza-eskabideak bertaratuta nahiz elektronikoki aurkeztu daitezke. Hilabeteko epea izango da horretarako, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

NORMALIZATUTAKO GEOGRAFIA-INFORMAZIOA ESKURATU ETA ERABILTZEKO AZPIEGITURA EZARTZEA ONARTU DA

Erabakia: Euskadiko Datu Berezein Azpiegitura martxan jartzeko antolaketa-egitura onartzeko dena

Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Espazioko Datuen Azpiegitura abian jartzea onartu du gaurko bileran (Euskal Autonomia Erkidegoko EDA). Xedea da informazio geografikoa modu errazean eta eraginkorrean eskura daitekeela eta berrerabili egiten dela bermatzea, bai eta elkarreragingarritasuneko zerbitzuak erabiltzea ere araututako espezifikazio jakin batzuen arabera.

Xede horiek lortzeko, teknologia garrantzitsua da, baina, batez ere, funtsezkoa da erakundeen arteko lankidetza sustatzea informazioa partekatzeko, zabaltzeko eta berrerabiltzeko, eta horien koordinazioa bermatzea informazio geografikoa ekoizterakoan eta bateratzerakoan.

EDA diziplina anitzeko proiektua da eta lankidetzan oinarritutakoa; ezinbesteko osagai dira bateratutako kalitate datuak, tresna informatikoak eta teknologia, eta prestakuntza eta informazio-zabalkundea.

Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzak zuzendu behar du, Kartografia Zerbitzuaren bidez, Euskadiko DEA, erakunde hori baita lan horretarako egokiena lotura zuzena duelako kartografiarekin, informazio geografikoarekin eta horren tresnekin.

Ezinbestekotzat jotzen da erakunde horren lankidetza; ez soilik Oinarrizko Kartografia eta Ortoargazkiak lantzen dituelako, baita espazio-informazioarekin lotutako tresnak eta funtzionaltasunak ezagutzen dituelako ere. Beraz, horri dagokio kartografia-arloko arauak ematea informazio-iturri guztiak koordinatzeko eta bateratzeko.

Gainera, erakunde hori jartzen da harremanetan Geografia Kontseilu Gorenarekin informazio geografikoko azpiegiturak eta zerbitzuak ezartzeko arauak zehazteko, eta horrek bermatu behar du Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura Informazio Geografikoko Azpiegitura Nazionalean integratuta dagoela eskualde-lotura gisa.

EDAk Zuzendaritza Batzordea izango du, proposatutako xedeak betetzeaz bereziki arduratzen diren zuzendaritzak biltzen dituena, eta Sail Arteko Informazio Batzordea, gobernuko sail eta erakunde autonomo bakoitzeko ordezkari banaz osatutakoa.