2011/09/27 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Arkautik, ehurekin Lankidetzan, Segurtasun eta Larrialdietarako Graduatuaren Unibertsitate Titulua bultzatu du aurten
Ertzaintzak hogei ibilgailu emango dizkio saharako poliziari
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Hezkuntzarako Programa Osagarriak
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Lan Arriskuen Prebentzioaren arloko diru-laguntzak
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategietako Erregistro orokorraren funtzionamendua arautzen duen Dekretua onartuta
LEHENDAKARITZA
Lehendakariak Politika Orokorraren Eztabaidan Egindako Hitzaldiaren Laburpena. 2011ko irailaren 29an
HERRIZAINGO SAILA

ARKAUTIK, EHUREKIN LANKIDETZAN, SEGURTASUN ETA LARRIALDIETARAKO GRADUATUAREN UNIBERTSITATE TITULUA BULTZATU DU AURTEN

Erabakia: Segurtasuna eta Larrialdien Kudeaketan Graduatuaren Titulua lortzera bideratutako ikasketak garatzeko, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimentzeko dena.

 Unibertsitate mailako titulu batekin, euren formazio maila hobetzeko aukera eskaintzen die poliziei eta segurtasun eta larrialdietarako profesionalei

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Segurtasun eta Larrialdietarako Akademiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea onartu du gaurko bileran, datozen hiru urteetan Segurtasunaren eta Larrialdien Kudeaketa Graduko Unibertsitate Titulua emateko. Titulua esperientzia berria da segurtasun alorreko prestakuntza-zentroetarako, eta segurtasun publikoaren alor ezberdinetan lan egiten dutenen lanbide-trebakuntza hobetzea du helburu, esparru horren inguruko unibertsitate mailako titulu espezifiko bat lortzeko aukera eskainita.
Segurtasunaren eta Larrialdien Kudeaketa Graduko Titulua lortzeko, hiru ikasturte beharko dira guztira. Lehenengo ikasturtea gaindituz gero, gainera, Segurtasun Zuzendaria eta Segurtasun Aholkularia tituluak lortzeko aukera emango du, baita laneko arriskuen prebentzioaren gaineko oinarrizko titulazio ofiziala ere. Lehen ikasturte komuna gainditutakoan, hurrengo bietan formazioa bi alorretako batean espezializatuko da: Segurtasuna edo Larrialdiak. Hiru ikasturte horietako bakoitza gainditzeak 60 kreditu lortzea ekarriko du; titulu osoa lortzeko 180 beharko dira.
Tituluaren helburua segurtasunaren profesionalei (ertzain, udaltzain zein segurtasun pribatuko langile) eta, oro har, larrialdien sektorekoei euren lanbide-trebakuntza hobetzeko aukera eskaintzea da, lanpostu tekniko eta ardura handiko plazak betetzeko aukera emango dieten unibertsitate mailako titulu baten bidez.
Arkautiko Akademia, ekimen honen sustatzailea, Tituluaren Batzorde Akademikoaren parte izango da. Klaseak Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan emango dituzte, eta ez da eskola guztietara bertaratu beharrik izango; horrela, lanean dauden profesionalentzako eskuragarria izango da. Ostiral eta larunbatetan joan beharko dute ikasleek ikasgeletara, eta ikasturtearen gainerako ordu guztiak urrunetik jarraitu ahalko dituzte, EHUren Campus Birtualaren bidez. Guztira, EHUk eta Arkautiko Akademiak maila altuko 64 irakasleko talde bat prestatu dute ikasketa horiek emateko; ia erdiak, unibertsitate doktoreak dira.

 

ERTZAINTZAK HOGEI IBILGAILU EMANGO DIZKIO SAHARAKO POLIZIARI

Erabakia: "R.A.S.D.-BIZKAIA" Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren Lagunen Elkartearen esku eta doan honako hauek lagatzea baimentzeko dena: polizia zereginetarako 20 ibilgailu.

 Zerbitzutik erretiratutako autoak dira baina polizia-lanak egiteko oraindik balio dute


Ertzaintzan erabili izan diren hogei bat ibilgailu Saharako poliziari ematea onartu du Gobernu Kontseiluak gaurko bileran. Besteak beste, furgonetak eta autoak dira, dagoeneko zerbitzutik kenduta daudenak. Dena den, AEDS-ko polizientzat oraindik baliagarriak izan litezke. Lagapen akordioak zehazten duenez, polizia-lanetarako erabili beharko dituzte soilik.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararreko Gobernuak 2005ean sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren baitan dago hogei ibilgailu hauen lagapena. Orduan, bi sailek adostu zuten, besteak beste, elkarrekin lan egingo zutela Saharako agenteen heziketan, hango poliziako buruek beharrezko prestakuntza jasoko zutela Arkautin eta Ertzaintzak ibilgailuak emango zizkietela errefuxiatu-esparruetan lan egitea ahalbidetzeko. Horrela, azken urteotan hainbat ibilgailu sorta bidali ditu Ertzaintzak Afrikako iparraldera Saharako poliziek erabil zitzaten.

Gaur Gobernu Kontseiluak onartutako sorta berria bederatzi furgonetek, zortzi autok, lur-orotarako ibilgailu batek eta bi kamioik osatzen dute. Ertzaintzak erabili izan dituen ibilgailuak dira guztiak baina dagoeneko berriagoengatik ordezkatuak izan direnak. Nolanahi ere, oraindik erabiltzeko moduan daude eta Saharako poliziarentzat baliagarriak izango dira. Hala ere, bidali aurretik, Ertzaintzako ibilgailuetako adituek aztertu eta prestatuko dituzte.

Aurretiaz egin izan den bezala, AEDS-ko Lagunen Erakundeko boluntarioek eramango dituzte ibilgailuak Mediterraneoko portu bateraino eta ontziz bidaliko dituzte Aljeriara. Bertan, lurrez egingo dute bidaiaren azken txanpa, Tindufeko kanpamenturaino.

 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

HEZKUNTZARAKO PROGRAMA OSAGARRIAK

Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2011-2012 ikasturtean Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko diru-laguntzetarako deia egiten duena.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaurko bileran Agindu bat onartu du diru-laguntzetarako deia egiteko, 2011-2012 ikasturterako hezkuntzako programa osagarriak garatzeko.

Aldi batean hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleentzako eskolatze-programa osagarriak martxan jartzeak sortarazten dituen gastuak ordaintzea da Hitzarmen horien helburua. Beharrizan horiek kontrako gizarte- edo kultura-egoerarekin lotuta egoten dira, eta egoera horiek pairatzen dituzten ikasleei laguntza eta hezkuntza-arreta berezia eman behar izaten zaie, eskolara eta gizartera egokitzeko jokabide-arazo larriak izaten baitituzte.

2011/2012 ikasturtean zehar programa hauek garatzeko zenbatekoa guztira 1.320.120 eurotakoa izango da, proiektu bakoitzak gehienez 69.480 euro jaso dezakeelarik.

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

LAN ARRISKUEN PREBENTZIOAREN ARLOKO DIRU-LAGUNTZAK

Lan Arriskuen Prebentzioaren arloko ikerketa-proiektuetarako OSALANek ematen dituen diru-laguntzei buruzko 2011ko araua onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Laguntza horien kopurua 265.000 eurokoa izango dira, eta proiektuak aurkezteko azken eguna 2011ko urriaren 23a da.

Horrez gain, Laneko Arriskuen Prebentzioko kudeaketa-sistemak ezartzeko OHSAS 18001 ziurtagiria lortu edo berritzeko diru-laguntzak ematea erabaki du Jaurlaritzak.

Ebazpenaren helburua OSALANek Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa pribatuei edo enpresa-elkarteei 2011. urtean emango dizkien diru-laguntzak arautzea da, OHSAS 18001 baldintzen arabera ziurtagiria lortu eta berritzeko ekintzak gauzatu ditzaten.

Laguntza horietarako 400.000 euroko kopurua dago.

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO NEKAZARITZA USTIATEGIETAKO ERREGISTRO OROKORRAREN FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DUEN DEKRETUA ONARTUTA

Dekretua: EAEko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Nagusiari buruzkoa

Gaurko bileran, Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza ustiategietako erregistro orokorraren funtzionamendua arautzen duen dekretua onartu du, zeinaren bidez, nekazaritzaren sektorearen garapen, plangintza eta antolakuntzarako informazio guztia etengabe eta modu integratuan eguneratu ahal izango baita.

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio dekretu horri, eta erregistro baten funtzionamendua arautu behar da. Izan ere, erregistroa 1993an sortu bazen ere, ez zuen egitura juridikorik foru aldundiek kudeatutako datuak batu ahal izateko.

Orain arte, foru erakundeek kudeatutako erregistroak baino ez zeuden. Nekazaritza Politikaren Legea 2008an onartu izana dela-eta araudia aldatu beharra zegoen eta beraz aukera aprobetxatu nahi izan da erregistroaren funtzionamendua arautzeko, lurralde historiko guztien datuak batze aldera.

Erregistro hori martxan jartzeari esker, foru aldundiek informazioa trukatuko dute –ustiategi batzuk lurralde batean baino gehiagotan daude-, dokumentazioa homologatzea erraztuko da, administratuaren izapideak erraztuko dira eta arestiko nobedadeak batuko dira, esaterako, ustiategi baten partekatutako titulartasuna agerrarazteko aukera.

Tresna berri horri eskerrak, ustiategi baten erregistro informazio guztia erregistro horretatik eskuratu ahal izango da, informazio hori edozein administrazio publikoren esku egonda ere.

Antolakuntzari dagokionez, erregistroak ondokoak bereiziko ditu: ustiategi profesionalak, autokontsumorako ustiategiak eta nekazaritza produkzioa nagusia ez izan arren, arau sektorialak direla eta erregistratu behar diren bestelakoak, behin-behinekoak edo behin betikoak.

Foru aldundiak dagokien erregistroa artatzeko eta erregistroetako datu eguneratuak Erregistro Orokorrera batzeko arduradunak izango dira.

 

LEHENDAKARITZA

LEHENDAKARIAK POLITIKA OROKORRAREN EZTABAIDAN EGINDAKO HITZALDIAREN LABURPENA. 2011KO IRAILAREN 29AN

Datorren ostegunean, irailaren 29an egingo den Politika Orokorraren Eztabaidan egingo dudan hitzaldian, Euskadik gaur egun duen egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala aztertuko dut eta nire Gobernuak gizarte gisa dauzkagun erronkei erantzuteko egiten dituen ekintzak eta proposamenak azalduko ditut.

Ereduaren krisia

Nazioartean dugun egoeraren azterketa labur bat eginez hasiko naiz; Lehman Brothers-ek porrot egin zuenetik hiru urte joan ondoren, mendebaldeko ekonomien hazkunde-itxaropenak geldialdi batean aurkitzen dira oraindik, eta ez gara gai izan krisiak zalantzan jarri duen ereduaren ordez balioko duen eta etorkizunean horrelako astinaldiak izatea saihestuko duen gobernantza-sistema berri bat eraikitzeko. Nolanahi dela ere, hemendik aurrera ezer ez da izango 2008 baino lehen bizi genuen egoeran bezalakoa.
Euskadi egoera honek dituen zalantzak eta larritasunak sufritzen ari da, euroaren eremuko gainerako herrialdeak bezala; Euskadi, hala ere, askoz egoera hobean dago, langabeziari eta kontu publikoen egoerari dagokionez, Espainiako gainerako lurraldeak baino.

Zailtasunak gorabehera, Euskadi hobeto dago

Langileek eta enpresek beren gain hartu dituzten sakrifizioengatik gertatzen da hori, batez ere, eta agente guztiek gure ekonomiaren egitura eta egitura horren modernizazioa babesteko egin duten apustu deliberatuarengatik, orobat.

Ekonomiaren dezelerazio-sintomak gorabehera, enpleguari dagozkion datuek erakusten dutenez, lanpostuen suntsitzea gelditu egin da, eta badira bizitasun pixka bat erakusten duten zenbait sektore, turismoarena adibidez, dagoeneko 26 hilabete daramatzana etengabe haziz.

Eusko Jaurlaritzak azkeneko urte honetan egin duen kudeaketaren laburpen bat egingo dut, gure agintaldiaren hasieran zehaztu genituen hiru helburu nagusietan zentratuz:

-Bizikidetasun demokratikoa berreskuratzea, terrorismoa eta bortxakeria gure bizitzetatik uxatuz.
-Krisiari aurre egitea, garrantzirik handiena enpleguari eta produkzio-jarduerari eusteari emanez.
-Zerbitzu publikoak mantentzea, aldi berean gure Ongizatezko Estatuan, etorkizuna bermatzeko, egin behar diren erreformak eginez.

Alor horietan egindako aurreramenduak aztertuko ditut; zenbait Sailetan izan diren ekintzarik nabarmenenak azpimarratuko ditut: azpiegituren eta garraioaren, hezkuntzaren, osasunaren, enpleguaren eta gizarte-zerbitzuen, kulturaren eta industria-politikaren eremuetan egin direnak, besteak beste.
Aurrekontuetan egin behar izan diren murrizteak eta gastu publikoan ezarri behar izan den zorroztasuna gorabehera, zenbait ekimen estrategiko aurrera eraman dira, hala nola, hezkuntzako marko hirueleduna, osasunaren erreforma gaixo kronikoen arreta bideratzeko, gizarte-laguntzak Lanbideren bitartez formakuntzari eta enpleguari lotzea, edo ekoizpen-prozesuen berrikuntza bultzatzea.

Euskadi
Aldi honetan Euskal Herriak herritarren erabateko askatasuna lortzeko eta izumen-aldiaren bukaera ikustatzeko urrats handiak egin dituela ere azpimarratuko dut. Eskubideko Estatuaren eta bere instituzioen irmotasunak bere proiektu totalitarioa bortxaren bidez ezarri nahi izatea baztertzera behartu du ETA, eta estrategia hori bultzatu edo toleratu zutenak politikan denok behartzen gaituzten arauak eta legezko baldintzak betez parte hartzera behartu ditu.

Berrogei urtetan lehendabiziko aldiz askatasunerako irabazitako eremu publikoetan, terroristen mehatxuaren eta estortsioaren ezin eramanezko pisurik gabe nola bizi daitekeen probatu ahal izan du euskal gizarteak. Baina oraindik ez gara libratu bortxakeria matxista den kriminalkeriaren beste adierazpen hortaz.

Orain arte hainbeste banandu gaituzten nortasunari buruzko eztabaida zaharrak baztertzen jarraitu dugu, eta horri esker bideratu ahal izan da nire Gobernuak bultzatu nahi duen herritar askez osatutako Euskadi solidario, iraunkor eta lehiakor hori baldintzatzen duten gaiei ekiteko behar zen indarra.
Horregatik, bada, Eusko Jaurlaritzak oinarrizko hainbat eremutan abiarazi behar dituen neurriak eta ekimenak azalduko ditut:

-Enplegua eta ekonomia berritzailea.
Ezin daiteke pentsatu ere egin guk nahiko genukeen Euskadi moderno eta kohesionatu hori, lan egiteko adinean dagoen biztanleriaren hamarren batek lanik egin ezin badu. Horregatik, bada, gure ekonomiak gaur egun behar bezala erantzuten ez zaion enplegu-eskaerari, hogeita hamar urtetik beherako gazteenari batez ere, erantzungo dion behar besteko jarduera sor dezan lortzeari eman behar zaio lehentasuna. Xede horretara bideratuko da lehentasunez Gobernu honen ekimena, berari dagozkion zenbait alorretan. Horretarako, ordea, behar-beharrezkoa izango da sektore pribatua eta agente sozialak ahalegin koordinatu batean konprometitzea.

-Zerbitzu publikoak eta Ongizatearen Estatua indartzea.
Krisi ekonomikoa aitzakia bezala ari dira erabiltzen talde neoliberalak, Europako gizarte-ereduaren ezaugarrizkoak diren eta gure gizartearen kohesioa bermatzen duten oinarrizko zerbitzu publikoak mantendu beharra zalantzan jartzeko. Eredu hori, herritar guztiei aukera-berdintasuna eskainiko dien derrigorrezko eta doako hezkuntza batek, erabiltzailearen erosmena kontuan hartzen ez duen osasunaren arreta unibertsal batek eta babesik gabe inor uzten ez duten gizarte-zerbitzu batzuek osatzen dutena, ezin egon daiteke merkatuaren erabaki soilaren mende.
Sistema horri eutsiko bazaio, ordea, erreformak eta egokitzeak egin beharko dira. Asmo horretan egokitzen da proposatzen dugun Administrazioaren modernizazioa eta haren eraginkortasuna hobetzea, eta asmo horretan kokatu behar da, orobat, uztailean Ahaldun Nagusiei igorri nien fiskalitateari buruzko proposamena ere. Krisi honek eragingarri bat gehiago izan behar du zerbitzu publikoak finantzatzeko erabiltzen ditugun zergetan zuzentasuna, eraginkortasuna eta progresibotasuna berreskuratzeko. Lan horri apriorismorik eta aldez aurretik betorik jarri gabe heltzea proposatzen dut, koordinaturik, behar den bezala, eta iruzurraren eta fiskalitatea saihestearen kontra hobeto jardunez.

-Terrorismoaren zikloa amaitzea.
Inoiz baino hurbilago gaude odolustu eta alde guztietatik pobretu gaituen bortxakeria kriminalezko berrogei urteko aldiaren amaiera ikustetik. Terrorismoaren zikloa amaitu beharra dago, behin betiko. Baina egoera honetara demokraziak eta legeak totalitaristei beren proiektua odolez eta garrez inposatzen utzi ez dielako iritsi garen bezala, ezinbestekoa da askatasun osoko eta bizikidetzazko aro berria sendotzeko bidea ere oinarri demokratikoetan oinarritzea.