2011/10/07 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Herrizaingo sailak diruz lagundu du terrorismoari, biktimei eta biktimen justiziari buruzko Euskal Kriminologia Institutuaren ikerketa bat
Berdinsarearen garapenerako hitzarmena berritu dute Herrizaingo sailak, Eudelek eta Emakundek
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapenako goi teknikaria
300.000 eurok euskarazko curriculum-materialak prestatzeko
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Biztanleriaren Mugimendu Naturalari buruzko lankidetza-hitzarmena INE eta EUSTATen artean
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Eusko Jaurlaritzak "Sasoiko langileen arreta osorako 2008-2012ko II. Planaren" 2010eko kudeaketa txostena onartu du
Nekazarien sindikatuak gizarte solaskide gisa aritzeko dirulaguntzen deialdia
KULTURA SAILA
Eusko Jaurlaritzak 31.441.000 euro izendatu ditu euskaltegiak eta autoikaskuntzako zentro homologatuak finantzatzeko, ematen dituzten euskara-ikastaroak direla-eta
Gazteriaren Euskal Legearen aurreproiektua onartu du Gobernu Kontseiluak
HERRIZAINGO SAILA

HERRIZAINGO SAILAK DIRUZ LAGUNDU DU TERRORISMOARI, BIKTIMEI ETA BIKTIMEN JUSTIZIARI BURUZKO EUSKAL KRIMINOLOGIA INSTITUTUAREN IKERKETA BAT

Erabakia: terrorismoaz, biktimez eta biktimentzako justiziaz azterlan bat egiteko, KREI Kriminologiaren Euskal Institutuari zuzeneko diru-laguntza bat emateko dena.

Gobernu Kontseiluak 50.000 euroko zuzeneko dirulaguntza onartu du gaur Euskal Kriminologia Institutuarentzat terrorismoari, biktimei eta biktimen justiziari buruzko ikerketa bat egin dezan. Ikerketa honen bitartez, biktimen justiziaren kontzeptuan sakondu nahi dute Zigor Zuzenbidearen baruan, baita terrorismoko biktimen trataeran eta arretan ere. Era berean, biktimak babesteko erantzun penal berriak sustatu nahi dituzte.

Terrorismoko biktimei buruz nazioartean egin diren saioetatik abiatuko da egitasmoa, bai Nazio Batuen zein beste nazioarteko erakundeen Ebazpenak eta Gomendioak aztertuz, bai Europako Legebiltzarreko esperientzietan oinarrituz: Europako Kontseilua eta Europar Batasuna. Hau guztia gaiari buruzko Zuzenbide Konparatuko informazioekin osatuko da.

Era berean, biktimen justiziaren kontzeptuan sakonduko da, Zigor Zuzenbidearen barruan, biktimen babeserako printzipioaren garrantzia eta ondorioak aztertuz arlo prozesalean nahiz zehazki haren funtsaren ikuspegitik, baita terrorismoko biktimen trataerari eta arretari dagokienez ere.

Biktimak “zigor penalen muinean” berriz kokatzea izango da azterketa honen erronka nabarmenena. Zentzu honetan, beharrezkoa litzateke ez bakarrik zigor penalen prozesuetan biktimen baldintzei pisu handiagoa ematea, azken hau dagoeneko kontuan hartzen hasi dela, batez ere, terrorismoko biktimen kasuan. Biktimak babesteko erantzun penal berriak sustatu nahi dituzte gerorako biktimizazio prozesuak eragozteko neurrien bitartez, hala nola, desgaikuntza bereziak familia arloan; bizilekua izateko, hurbiltzeko eta komunikatzeko debekuak; edo biktimarioa programa jakin batzuk betetzera behartuz, besteak beste, prestakuntzakoak, kulturalak, hezitzaileak, profesionalak, sexu-hezkuntzakoak, eta abar). Exekuzioaren arloa kontuan hartuko da ere, non biktimaren justiziaren inplikazioek banan-banako trataera merezi duten.

Azken alde hauek, terrorismoko biktimen kasuan, justizia leheneratzailearen benetako aukeretara hurreratzen lagunduko digute.
 

BERDINSAREAREN GARAPENERAKO HITZARMENA BERRITU DUTE HERRIZAINGO SAILAK, EUDELEK ETA EMAKUNDEK

Erabakia, EUDEL ¿ Euskal Udalerrien Elkartearen eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena baimentzeko dena. Helburua: Emakumeen aurkako indarkeriaren aurka eta berdintasunaren alde egiteko Euskal Udalerrien Sarea ¿ Berdinsarea garatzea.

Berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako biolentziaren aurkako Administrazio lokalen programak eta zerbitzuak sustatzeko

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Berdinsarearen garapenerako kolaborazio hitzarmen berri bat izenpetzea Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen eta Emakunde Emakumearen Euskal Erankudearen artean. Hitzarmen honen bitartez berdintasunaren alde eta emakumeen kontrako biolentziaren aurkako lana bultzatu nahi da. Gaur sinatutako hitzarmenak 2005ekoa luzatzeko balio du.

2002ko azaroan abiatutako tratu txarren biktima diren emakumeen Segurtasun Planak aurreikusi zuen, besteak beste, Berdinsarearen sorrera, alegia, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Euskadiko Udalen Sarea. Ekimenak indarkeri mota honi aurre egiteko programen eta ekintzen ezarpena eta biktimak laguntzeko, esperientzien hartu-emana eta koordinazioa bultzatu nahi ditu. Plan horrek Eudel eta Emakunde inplikatzen zituen. Ondorioz, erakunde biek kolaborazio hitzarmena sinatu zuten 2005eko otsailean, hurrengo lau urtetan luzatu zena.

2009ko maiatzan egindako berrantolaketaren ondorioz, hitzarmen hori Eusko Jaurlaritzaren egitura eta eginkizun berrietara egokitze aldera, Eudelek, Emakundek eta Herrizaingo Sailak 2010eko irailean hitzarmen berri bat sinatu zuten.

Hitzarmenaren edukia

Berdinsarearen helburua da berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurka administrazio lokalek kudeatutako programa eta zerbitzuak indartzea, koordinatzea eta ebaluatzea. Sare honen bitartez, gai honi buruzko erantzun lokala hobetu nahi da, administrazio hauen eta udalez gaindiko erakundeen arteko lokarri gisa jardun dezan.

Bere aldetik, Herrizaingo Sailera atxikitako Genero Indarkeriako Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren eginkizun desberdinen artean dago genero biolentziaren biktimen prebentziorako eta arretarako programa integralak sustatzea eta koordinatzea erakunde eta administrazio publiko desberdinen artean, baita Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren baitan programak eta egitasmoak gainbegiratzea eta haien segimendua egitea.

Azkenik, Emakunde Emakumearen Euskal Erankudearen eginkizuna da EAEko arlo politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean arauak lantzea emakumezkoen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortze aldera. Era berean, euskal botere publiko desberdinek arau hauek aplika dezaten gainbegiratu behar du, baita programen arteko koordinazio neurriak ezarri emakumezkoen egoerarengan eta emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunarengan eragina dutenen artean.

Hori guztia dela eta, Berdinsareak arlo lokalean berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko programen eta ekintzen garrantzia kontuan izanik, Gobernuak gaurko bileran baimendu du hitzarmen berriaren izenpetzea. Elkarlana honako arlo hauetan gauzatuko da: aholkularitza teknikoaren ondorioz sortutako gastuen finantziazioan eta garapenaren laguntza tekniko zuzena eskainiz.
 

 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

PLATAFORMA ANITZEKO APLIKAZIOEN GARAPENAKO GOI TEKNIKARIA

Dekretua: Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapenean goi mailako Teknikariaren Tituluari doakion curriculuma finkatzeko dena

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapenako goi teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapenako goi teknikariaren tituluari, Informatika eta komunikazioak lanbide-arloan, dagozkion goi mailako Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita modulu profesionalen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta, oso inportantea dena, irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.

 

300.000 EUROK EUSKARAZKO CURRICULUM-MATERIALAK PRESTATZEKO

Agindua, Unibertsitate aurreko irakasmailetako sorkuntzarako eta egokitzapenerako euskarazko ikasmaterialak prestatzeko laguntzetara dei egiten duena (EIMA IV)

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenari jarraituz, gaurko Gobernu Kontseiluak onartu du euskarazko curricululm-materialak prestatzeko laguntzetara dei egiten duen agindua (EIMA IV).

Agindua honen jasotako 300.000 euroko laguntzaren bidez, euskarazko curriculum-materialak prestakuntza sustatu nahi da, gero EAEko irakasleek erabil dezaten materiala.

 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

BIZTANLERIAREN MUGIMENDU NATURALARI BURUZKO LANKIDETZA-HITZARMENA INE ETA EUSTATEN ARTEAN

Erabakia: Estatistikako Institutu Nazionalak eta Euskal Estatistika Erakundeak, lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimentzeko. Guztia ere, helburu honekin: biztanlegoaren mugimendu naturalen eta heriotzen (kausen arabera) estatistikak egiteko.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Biztanleriaren Mugimendu Naturalari buruzko EUSTATen (Euskal Estatistika Erakundea) eta INEren (Estatistikako Institutu Nazionala) arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du.

Biztanleriaren Mugimendu Naturalean jaiotza, ezkontza eta heriotzei buruzko estatistikak jasotzen dira. Bada, estatistika lantzen duten erakunde bi horien ohiko jarduera da, eta lankidetza-hitzarmen berri honek 1996tik indarrean zegoena ordezten du, hori ere 1986ko hasierako hitzarmena eguneratzeko egin zela.

Biztanleriaren Mugimendu Naturalari (BMN) eta Heriotzei (heriotza-kausaren arabera) buruzko estatistikak 2009-2012ko Estatistika Plan Nazionaleko eragiketak dira (urriaren 17ko 1663/2008 Errege Dekretuaren bitartez onetsi zen plan hori). Horrenbestez, Estatistikako Funtzio Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legeak ezarritakoaren arabera, estatu-helburuetarako estatistikak dira, eta Estatistikako Institutu Nazionalaren erantzukizuna da estatistika horiek lurralde nazional guztian egitea.

Bestalde, jaiotzen estatistika, ezkontzen estatistika eta heriotzen estatistika Euskal Autonomia Erkidegoaren interesekoak dira bere lurralde-eremuan, egun indarrean dagoen urriaren 21eko 4/2010 Legeak onetsi zuen 2010-2012 Euskal Estatistika Planak dioen bezala. Bertan ezarritakoaren arabera EUSTAT da horien inguruko erantzukizuna duen erakundea, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko berariazko estatistika-organoak heriotzen estatistiketarako informazioa bildu eta ustiatzeko faseetan parte hartzen du.

Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak interes bera dute estatistika horiei dagokienez eta, beraz, Estatuaren eta autonomiaren jarduerak koordinatzea komeni da. Izan ere, Estatuak eskumen esklusiboa du estatu-helburuetarako estatistiketan (Konstituzioaren 149.1.31 artikuluan ezarritakoaren arabera), eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du bere helburu eta eskumenetarako Euskal Herriko estatistiketan (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onetsi zuen Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.37 artikuluan ezarritakoaren arabera).

Interes bera dutenez, ondoz ondoko lankidetza-hitzarmenak egin izan dira INE eta EUSTATen artean, erakunde bien ahaleginak bateratzearren, eta bikoiztasunak eta beharrezkoak ez diren eragozpenak saihestearren bai informazioa ematen dutenei —azken batean Erregistro Zibilei— bai eta informazioa erabiltzen dutenei ere, kalitateari buruzko berme handiagoa eskaintzen zaiela.

Hitzarmen honetako estatistikak egiteko erabili izan diren prozedurak nabarmen aldatu dira, aurreko hitzarmena sinatu zenetik (1996) teknologia berriak garatu baitira. Hori dela eta, aurreko hitzarmeneko klausula ugari zaharkituta geratu dira eta EUSTATeko eta INEko arduradunek beste bertsio bat aurkeztu behar izan dute

Nolanahi ere, hitzarmenaren oinarriak INEren eta EUSTATen arteko konfiantza, kasuan kasu aplikatu beharreko estatistika-metodologiei buruzko akordioa, eta erakunde bakoitzak egindako lanen inguruko errespetua dira. Horrela, batek egindako lana ez da beste erakundean errepikatu behar izango, eta nabaria izango da denbora eta baliabideak aurreztu egingo direla.
 

 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

EUSKO JAURLARITZAK "SASOIKO LANGILEEN ARRETA OSORAKO 2008-2012KO II. PLANAREN" 2010EKO KUDEAKETA TXOSTENA ONARTU DU

Erabakia: 2008-2012 Sasoiko Lanaren Arretarako Plan Integralari dagokionez, 2010. urteko Kudeaketa eta Jardueraren gaineko urteko txostena onartzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Sasoiko langileen arreta osorako 2008-2012ko II. Planaren 2010eko ebaluazio-txostena onartu du, zeini esker, Euskal Autonomi Erkidegoan lan egin duten milaka sasoiko langile jatorrian kontratatuak izan diren eta beraiek eta euren familiek arreta soziosanitarioa eta haurren eskolaratze zerbitzuak erabili ahal izan dituzten.

Pilar Unzaluren departamentuak, parte diren beste administrazio eta nekazaritza sindikatuekin batera, programa hori martxan jartzea erabaki zuten; beti ere, kontuan hartuz, Euskadin ditugun sasoiko langileak, Araban batez ere, patata eta mahats bilketarako milaka eta milaka direla Hori horrela, kontratazio baldintza hobeagoak lortzen dira, behin-behineko bizitokiak egokiagoak dira, sasoiko langileekin etortzen diren haurren eskolaratzea bultzatzen da eta kanpotik datozenen integrazioa eta sentsibilizazioa hobesten da.

Zehatz-mehatz, 2010.urtean zehar eginiko ekintzen artean, azpimarratzekoak dira haurren eskolaratze datuak, guztira ehun inguru.

Krisi ekonomikoak ere zeresan handia izan du, batez ere, jatorriankontratatutako langile kopuruan, guztira 739, eta egoitzak eta bizitokiak hobetzeko laguntzen eskaera publikoen kopuru jaistean ere, 2 2009an, 2 2010ean eta 0 2011ean.

Era berean, administrazio ezberdinen elkarlanari esker, hainbat hobetzeko esparru ezagutu ahal izan dira; bizitoki batzuetako baldintza eskaxak, urik, argirik eta komunik gabeak; etxebizitza horiek hobetzeko dirulaguntza publikoen eskaera eza; lanaren prekariotasuna eta Lan Ikuskaritzaren paper garrantzitsua eta, UAGAk kontrataziorako jarritako lan baldintza altuei ezin eutsi izana sektorea jasaten ari den krisia dela eta.

Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu duen txosten horrek ere zera azpimarratzen du, behin “Sasoiko langileen arreta osorako 2008-2012ko II. Plan” hori bukatuta eta egin beharreko balorazio guztiak egin ondoren, antzeko Plan bati jarraipena emateko beharra, abian jarritako aurreko ekintzei jarraipena emanez, beste batzuk indarrean jarriz eta berriak gehituz.
 

 

 

NEKAZARIEN SINDIKATUAK GIZARTE SOLASKIDE GISA ARITZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2011eko ekitaldirako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako erakunde profesionalaren izaerako sindikatuentzako dirulaguntzen 2011erako deialdia. Guztira, 234.282 euroko dirulaguntzak eskainiko dira.

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluren aginduari, zeinaren bidez, nekazarien sindikatuak gizarte solaskide aritzeko dirulaguntzen deialdia egin baita.

Dirulaguntzon xedea, administrazioarekiko harremanetan nekazarien sindikatuak gizarte solaskideak izatea errazteaz gain, ekoizle txikiak taldeka antola eta babes ditzaketen erakunde handiagoen funtzionamendua indartzea da.
 

 

 

KULTURA SAILA

EUSKO JAURLARITZAK 31.441.000 EURO IZENDATU DITU EUSKALTEGIAK ETA AUTOIKASKUNTZAKO ZENTRO HOMOLOGATUAK FINANTZATZEKO, EMATEN DITUZTEN EUSKARA-IKASTAROAK DIRELA-ETA

Ebazpena, HABEren zuzendari nagusiarena, euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei, 2011/2012 ikasturteko euskara-ikastaroengatik, esleituko zaizkien dirulaguntzak arautzen dituena.

Gobernu Kontseiluak HABEko zuzendari nagusiaren bi ebazpen onartu ditu; horien bidez, euskaltegi publiko eta pribatuei eta autoikaskuntzako zentro homologatuei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dira, 2011/2012 ikasturteari dagozkion euskara-ikastaroak direla-eta. Horretarako, 31.441.000 euro izendatu dira.

Alde batetik, ebazpenetako baten xedea da euskaltegi pribatuek eta autoikaskuntzako zentro homologatuek 2011/2012 ikasturtean (2011ko urritik 2012ko irailera) euskara-ikastaroak emateagatik jasoko dituzten diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea. Diru-laguntza horien kariaz ematen diren zenbatekoak HABEko aurrekontuetan horretarako jasotako zuzkiduren kontura finantzatuko dira; guztira, 20.730.000 euro. Zenbateko hori honela dago banatuta:

a) 17.245.000 euro, euskaltegien ekimenez antolatutako aurrez aurreko ikastaroetako jarduera laguntzeko.

b) 1.145.000 euro, euskaltegien eta autoikaskuntzako zentro homologatuen ekimenez antolatutako autoikaskuntzako ikastaroetako jarduera laguntzeko.

c.1) 1.200.000 euro, ikasturte osorako eta hitzarmenaren pean taldeak hartzen dituzten euskaltegien jarduera laguntzeko.

c.2) 450.000 euro, ikasturte erdirako eta hitzarmenaren pean taldeak hartzen dituzten euskaltegien jarduera laguntzeko.

d) 690.000 euro, barnetegien jarduera laguntzeko.

Diru-laguntzok euskaltegi pribatuek eta euskararen autoikaskuntzako zentro homologatuek eskatu ahalko dituzte, bakoitzari berariaz eskatzen zaizkion baldintzak betetzen badituzte. Ebazpen honek 28.000 ikasle euskalduntzea eta 1.200 langileren soldaten kostua finantzatzea ahalbidetuko du.

Gaur onartutako beste ebazpenak udal-euskaltegiei edo udalen mendeko erakundeei atxikita dauden euskaltegiei, hots, udal-titulartasuneko euskaltegi publikoei, diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen ditu, 2011/2012 ikasturterako, euskaltegi horietan 2011ko urritik abendura eta 2012ko urtarriletik irailera emandako euskara-ikastaroak direla-eta.

Diru-laguntza horien kariaz ematen diren zenbatekoak HABEko aurrekontuetan horretarako jasotako zuzkiduren kontura finantzatuko dira; guztira, 10.711.000 euro. Ebazpen honen bidez egiten den deialdiko diru-laguntzen onuradunak HABEren Erregistroan izena emanda dauden udal-titulartasuneko euskaltegi publikoak izango dira.
 

 

GAZTERIAREN EUSKAL LEGEAREN AURREPROIEKTUA ONARTU DU GOBERNU KONTSEILUAK

Gazteriari buruzko Euskal Legea

Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Gazteriaren Euskal Legearen proiektua, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteria Zuzendaritzak egindakoa. Lege-proiektuak ikuspuntu berri batetik planteatu nahi ditu gazteen inguruko politika globalak, betiere gaurko gizartean gazteek bizi dituzten aldaketei egokituak.

Horrela, herri-administrazioek gazte-politika integrala bultzatzeko dituzten eskumenak eta eginkizunak arautzeko premiari erantzuten dio Gazteriaren Euskal Legeak. Politika horrek, batetik, gazteak emantzipatzea eta gizarteratzea posible egingo duten neurriak hartzen ditu barne, gazteriaren arloko zeharkako politikak planifikatuta, egikarituta eta ebaluatuta. Bestetik, gazteriaren sustapena hartzen du barne; berariaz gazteei zuzendutako jarduerak, zerbitzuak eta ekipamenduak eskainita, eta, betiere, gazteen euren partaidetza sustatuko duten prozesuak eta bideak erabilita, helburua gazteek herritar gisa dituzten eskubide eta askatasunak baliatuko dituztela bermatzea izan behar delarik.
 

Gazteriaren politikaren kontzeptua zabaltzerekin bat, azken urteotan, Gazteriaren Euskal Legearen hiru helburu handiak definitu dira:

-Gazteen autonomia eta emantzipazioa erraztea, zeharkako politikak sendotuz eta sailak eta erakundeak euren artean koordinatuz.

-Berariaz gazteria sustatzera bideratuta dauden zerbitzu eta ekipamenduetan gutxieneko kalitate-baldintzak bermatzea.

-Euskadiko gazteek parte hartzeko eta solaskide izateko bideak zabaltzea, tokiko eremuan ere bide egonkorrak sortuta, eta, era berean, bide horietan elkarteetako gazteak zein elkarteetatik kanpoko gazteak aintzat hartuta.

Hona, bada, gazteriaren politikak eduki behar duen helburu argi eta agerikoetako bat: gazteek –nagusiki 25 eta 29 urte bitartekoek– jatorrizko etxetik irteteko eta beren familia-gunea osatzea zailtzen edo eragozten dituzten oztopoak kentzea.

Zentzu horretan, lege honek gazte gisa garatzen eta helduarora iragaiten lagunduko dieten lanabesez hornitu behar ditu gazteak. Hori dela eta, gazteen autonomia pertsonal eta ekonomikoa sustatuko du, emantzipazioari begira. Horretarako planteamendu babesleegiak saihestu beharko dira, gazteen emantzipazioa eta partaidetza soziala atzera eta oztopa baititzakete.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak kudeaketa-mekanismoak behar ditu, bere eskumenak eraginkortasunez gauzatzen direla bermatzeko eta eskatzen zaizkion eginbeharrak azkartzeko.

Ildo horretatik, lege honek Gazteriaren Euskal Erakundearen sorrera jasotzen du, gazte-gaietan eskuduna den sailari atxikitako erakunde autonomiadun gisa. Jarduteko autonomia izango du legeak ezartzen dituen helburuak erdiesteko eta erakunde eta sail arteko koordinazio egokia garatzeko, betiere gazteei eragingo dieten neurrien zeharkakotasuna bermatuta eta sendotuta.

Gazteriaren Euskal Erakundearen helburua izango da gazte-politika integrala eta gazteen autonomiaren eta emantzipazioaren aldeko ekintza positiboko neurriak planifikatu, programatu, koordinatu, betearazi eta ebaluatzea, eta beste horrenbeste egingo du gaztetasuna sustatzeko neurriekin.

Orobat, legeak Gazteriaren Euskal Sistema sortzen du, hau da, erantzukizun publikoko eta gizarte-partaidetzako zenbait jarduera eta egitura antolatu eta egonkor, zeharkako esku-hartzeak eta gazteentzako jarduera, zerbitzu eta ekipamendu espezifikoak barne hartzen dituztenak. Helburua da, hain zuzen, egonkortasunez eta era jarraituaz laguntzea ume, nerabe eta gazteei, pertsona gisa gara daitezen eta haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa goza dezaten, betiere bizitzaren aro horiek duten alde bikoitzari onura aterata: hau da, berez balio eta esanahia duten bizitzaren garaiak diren aldetik, zeinetan pertsona bakoitza bere bizitzaren jabe den, herritar-eskubideen subjektua eta gizarte-sareko ezinbesteko parte; eta, beste alde batetik, apurka-apurka emantzipatzea ahalbidetzen duen aldia den aldetik, zeinetan norberaren gaitasunak eta sareko loturak osatuz, ikasiz eta sendotuz, helduarora arrakastaz eta atseginez igaro baitaiteke; izan ere, bizitzaren fase horretan lortu behar baita autonomia handiagoa erabakiak hartzeko eta norberaren bizi-proiektua gauzatzeko.