2012/01/10 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
Gobernu Kontseiluak aurrekontuen Legean aurreikusitako enplegu publikoko neurri osagarriak onartu ditu
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Transexualen eskubideak onartzeko lege proiektua onartu du Jaurlaritzak
KULTURA SAILA
Donejakue Bidearekin zerikusia duten 700 ondasun sailkatu babestuko dituen Dekretua onartu da
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

GOBERNU KONTSEILUAK AURREKONTUEN LEGEAN AURREIKUSITAKO ENPLEGU PUBLIKOKO NEURRI OSAGARRIAK ONARTU DITU

Erabakia, aurreikusitako enplegatu publikoentzako neurri osagarriak onartu dira

Gobernu Kontseiluak, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, Euskal AEko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean aurreikusitako enplegatu publikoentzako neurri osagarriak onartu ditu gaurko bileran.

Neurri horiek honako hauen aldi baterako etendura ekarriko dute (2012. urtean):

  - Borondatez erretiratzeagatiko primak.

  - Txanda-kontratuak egiteari buruzko konpromisoak. Horrelako kontratuak izapidetzea salbuespenezko kasu batzuetan baino ez da baimenduko.

  - Adinagatik orduak hartzeko ematen diren baimenak, haiek lanaldia aldatu baina ordainsarietan murrizketarik ekartzen ez duten kasuetan.

  - 65 urte betetzen dituzten funtzionarioek zerbitzu aktiboan luzapena eskatzeko aukera.

  Kontseiluak, era berean, gaixotasunagatiko bajei lotutako osagarrien taula onartu du.

Gertakizun arruntek eragindako aldi baterako ezintasunagatik ordaintzen den enpresa-osagarria, hasiera-datatik Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 128. artikuluan aurreikusitako gehienezko epea agortu arte, hartzekoen % 100 arte osatuko da, gertakizunaren zioa honako kasu hauetakoren batek eragiten duenean:

  - Amatasuna

  - Aitatasuna

  - Haurdunaldiagatiko arriskua

  - Arriskua edoskitzaro naturalean

  - Ospitaleratzea

  - Ebakuntza kirurgikoa

  - Laneko gertakizunak

  Gaixotasun arruntagatiko nahiz lanetik kanpo izandako istripuagatiko ABEen kasuetan, osagarria honako arau hauen arabera kalkulatuko da:

   a. Bajako lehenengo egunetik bajako hirugarren eguna arte, ordainsarien % 50 ordainduko da, ekitaldiko lehenengo baja denean, eta % 40, bigarren bajan. Ondorengo bajetarako, osagarria laugarren egunetik aurrera ordainduko da.

   b. Bajako laugarren egunetik hogeigarren eguna arte, osagarri bat ordainduko ordainsarien % 75 iritsi arte.

   c. Hogeita batgarren egunetik berrogeita laugarren eguna arte, osagarri bat ordainduko da, ordainsarien % 85 iritsi arte.

   d. Bajako berrogeita bosgarren egunetik aurrera, osagarri bat ordainduko da, ordainsarien % 100 iritsi arte.

Eusko Jaurlaritzak irmo eusten die bere konpromisoei: enplegu publikoko egonkortasunaren babesa, administrazio publikoaren zerbitzuko langileen prestakuntza, eta lana eta familia-bizitza uztartzeko neurri berrien garapena; gainera, bere enplegatu publiko guztien profesionaltasuna aitortzen du berariaz.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

TRANSEXUALEN ESKUBIDEAK ONARTZEKO LEGE PROIEKTUA ONARTU DU JAURLARITZAK

Lege-proiektua, genero-nortasun arrazoiengatik bereizkeriarik ez egitearen eta pertsona transexualen eskubideak aitortzearen alde egiteko dena

Jaurlaritzaren Kontseiluak genero-identitate arrazoiengatik ez diskriminatzeko eta transexualen eskubideak onartzeko lege-aurreproiektua onartu du; aurreproiektu hori Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak landu du.

Aurreproiektu hori Nafarroako Foru Erkidegokoaren ondoren Estatuan izapidetzen den ezaugarri horietako bigarrena da, eta bere xedea, transexualitate-izaera definitzeaz gain, sexuaren erregistro-marka eta izena aldatzeko beharrezkoak diren betekizunak arautzen dituen martxoaren 15eko 3/2007 estatuko legea zabaltzea da. Lege horren arabera, erregistro zibilean sexuaren aipamena zuzendu duena edo zuzentzen ari dena da transexuala.

Sexu jakin batekoa izatea bere kanpo-organo genitalen antzemate bisual soila baina zerbait gehiago dela onartzea abiapuntutzat hartuz, Eusko Jaurlaritzaren proiektuak onarpen hori zabaldu egiten du, eta honako hauek barne hartzen ditu: “sexu biologikoaren eta berezkotzat sentitzen duen genero-identitatearen artean gutxienez 6 hilabetez disonantzia egonkorra eta iraunkorra mediku- edo psikologo-txosten baten bitartez egiaztatzen duena”. Era berean, “adierazten duen eta onartzeko eskatzen duen genero-identitateari dagokionez oker egotera bultzatzen duen nortasun-nahasmendurik ez duen pertsona, horri lotuta borondate egonkorra, zalantzarik gabekoa eta iraunkorra azalduz”.

Erregulazio berriarekin, Jaurlaritzak araudia egungo gizarte-errealitatera egokitu nahi du, legerian transexualen baldintza edo egoera pertsonal edo sozialaren ondorioz dirauten diskriminazio guztiak gainditzen lagunduz. Ildo horretan, proiektu horren helburua transexualek EAEko herri-administrazioengandik beren premia mediko, psikologiko, juridiko eta bestelakoentzako arreta osokoa eta egokia jasotzea da, aukera-berdintasunean gainerako herritarrekin alderatuta. Era berean, transexualen askatasuna gizarte-bizitzaren esparru guztietan oro har, eta bereziki zerbitzu publiko guztietan egikarituko dutela babesten du.

Eusko Jaurlaritzaren aurreproiektuak, besteak beste, bermatuko du Berdindu zerbitzuak, hau da, transexualentzako, haien familiartekoentzako eta hurbilekoentzako informazio-, orientazio- eta aholkularitza-zerbitzuak bere horretan jarraituko duela.

Testuak, era berean, transexualek sanitate-eremuan dituzten eskubideak biltzen ditu, non Osakidetzak dagoeneko baduen transexualitatearen alorreko erreferentziazko unitate bat, arreta mediko, erizaintzako, psikologiko, psikoterapeutiko eta sexologikoan profesionalak diren langileez osatua. Lege bidez araututa egoteak zerbitzu medikoaren presentzia indartzea ekarriko du.

Era berean, lan- eta hezkuntza-munduarekin erlazionatutako hainbat neurri barne hartzen ditu. Horien artean, ekintza positiboko plan egokiak landu eta aplikatzea euskal herri-administrazioetan transexualen kontratazioa eta enplegua bultzatzeko; eta, hezkuntza-esparruan transexualitatearen alorreko jardunak garatzea
 

 

KULTURA SAILA

DONEJAKUE BIDEAREKIN ZERIKUSIA DUTEN 700 ONDASUN SAILKATU BABESTUKO DITUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa

Kulturako sailburuaren proposamenez, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzeko Dekretua onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak. Horren bitartez, bideari loturiko ia 700 elementu babestuko dira.

Donejakue Bidea 1962. urtean multzo historiko-artistikoa deklaratu zen, eta 2000.ean kultura-ondasun, monumentu-multzoaren kategoriarekin, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den zatian. Harrez gero, hainbat lan egin dira beraren trazadura mugarriztatzeko. Ildo horretatik, ondoren egin diren azterlanek bertatik ibiltzeko moduko ibilbide erreala eta fisikoa finkatzea hartu izan dute helburu; ibilbide etenik gabea eta segurua behar zuen erromesentzat, eta lehentasuna ematen diena leku historiko eta publikoei; baina leku edo gune gogoangarrien segida hutsa izan beharrean, gehienetan, bide historiko edo galtzada publikoez lotu dira leku gogoangarriok, ahal izan den heinean, alde batera utziz errepideak eta bide arriskutsuak.

Horrenbestez, XXI. mendeko ibilbidea finkatu da, historiaren joanean moldatua, eta zeharkatzen dituen lekuetako kultur ondarea agerian jartzen duena; erakutsiz ibilbidean zehar han-hemen agertzen diren mugarriak garapen historikoaren eragile eta eragin direla, aldi berean. Ibilbide kulturala, denboran joanean gertatutako elkartruke kultural, sozial eta ekonomikoen isla egiten duena. Zehaztapen hau guztia sartuta, atzean utzi dugu kultur ondasunei buruzko ikuspegi estatiko eta isolatua; orain, ibilbidea elementu dinamiko eta bizia da, bidea sortu zuten herrien eta heredatu duten herrien bizitza sozialaren funtsezko osagaia.

 

Donejakue Bidea Euskadin

Euskadiko Donejakue Bideak bi ibilbide ditu: bata, ekialdetik mendebaldera doa, Gipuzkoa eta Bizkaia zeharkatuz, eta, bestea, iparraldetik hegoaldera, Gipuzkoatik eta Arabatik igaroz. Ibilbideetan zehar, Donejakue Bidea lehen mailako ondare-multzoekin eta -elementuekin dago lotuta; horiek guztiak, hain zuzen, zeharkatzen dituen lekuen eta guneen adierazpen dira.

 

Kostaldeko Bidea

Ramon Menendez Pidal historialariaren hitzetan, Kostaldeko Bidea Santiago Konpostelakora erromesaldian iristeko lehenengo bideetako bat da, gerora benetako bidetzat hartu izan diren zenbait baino lehenagokoa; bide hori, hasiera batean, Bizkaiko golkoaren paralelo iragaten zen, Bizkaiko mendebaldeko mugetara arte.

 Donejakue Bidearekiko debozioaren lehenengo hamarkadetan (IX. eta X. mendeetan), ibilbide hori aukeratu zuten erromesak aurki ditzakegu; horiek, hain zuzen, antzinatik finkatutako galtzadak erabiltzen zituzten. Compostelako tradizioaren hastapenetan, Pirinioak gurutzatzen zituzten erromesek zeharkatu beharreko Nafarroako bideak musulmanen mehatxupean zeuden; Kostaldeko Bidea, beraz, seguruagoa zen. XIII. mendetik aurrera, Gipuzkoa Gaztelaren barruan sartzearen ondorioz bideetan egin ziren hobekuntzak direla-eta, San Adriango tuneletik igarotzen zen bidea garrantzia hartzen hasi zen; Kostaldeko Donejakue Bideak ongi eutsi zion lehiari, eta indartuz jarraitu zuen, hura aukeratzen zuten erromesei eta, urruneko herrialdeetatik etorrita, Gipuzkoako edo Bizkaiko edozein portutan lehorreratzen ziren bisitariei esker.

Aurkitzen zuten Gipuzkoako lehenengo zatia, ordea, ez zen inola ere ibilbide erosoa. Bidasoaren ibai-ahotik Bizkaiko mugaraino, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaiek hautsi egiten dute itsasora heltzean Gipuzkoako kostaldearen jarraitutasuna, eta horrek zaildu egiten zuen bertatik oinez ibiltzea. Zenbait bidaiariri zirrara handia eragin zion ibilbide horrek «lekuaren laztasuna, biztanleen basatikeria eta nonahi aurki daitezkeen Ozeanoaren itsasadarren indar harrotua» zirela-eta. Horiek izan ziren, esaterako, Hugo de Oporto Portugalgo apezpikuak 1120an egindako bidaian egin zituen adierazpenak.

Zailtasun horiek, Gipuzkoako kosta malkartsua zeharkatzearen ondorio izan daitezkeenak, desagertu egiten dira Markina-Xemeindik barna Bizkaian sartu eta Lea-Artibai eskualdeko haran lasaietan barna ibili orduko.

Europako erdialdetik nahiz iparraldetik abiatuta eta Baionatik igaro eta gero, egun Rue de Santiago izena duen lekura iristen ziren erromesak (Hendaia); han zegoen eraikita Zuberoako Abadia, eta, bertan, prioreak hartzen zituen, ondoan zegoen ospitale batean (hala agertzen da 1355 inguruko dokumentuetan).

Kostaldeko Bidea Hendaiatik sartzen zen penintsulara; txalupan zeharkatzen zen Kanetako portutik Hondarribira iritsi arte, eta lehorreratu, berriz, Santa Engrazian nahiz Santa Maria Magdalenan lehorreratzen zen. Izan ere, leku hori askoz ere seguruagoa zen itsasora irekiago zeuden eta Bidasoaren barra arriskutsua eta aldakorra zeharkatzen zuten eremuetan egindako beste kokalekuak baino; horietan, alferrikako arriskua izaten zen.

1200. urtean, jada, Hondarribia gotorlekutzat agertzen zen, eta egun, oraindik, garai hartako harresien zati bat eta Karlos V.aren gaztelua aurki daitezke. Donejakue Bideak hiribilduaren alde zaharra alderik alde pasatzen zuen, Kaizarra kaitik hasi eta Santa Engrazia baselizara arte, eta, egun, oraindik, hala egiten du; baselizaren ingurutik Jaizkibel mendirako igoera hasten da. Igoera horretan, Santiagotxo baselizan, Irundik sartzea erabaki zutenen bide-adarrarekin egiten du bat, eta handik Guadalupeko Andre Mariaren santutegirako igoera hasten da.

Bideak aurrerantz jarraitzen du gailurreko lerroa zeharkatzen duen bidezidorretik barna, eta, gorantz eginez, antzinako Erramuz eta Santa Barbara dorretzarrak lotzen ditu; hala, Jaizkibelgo gailurrera iristen gara, eta, han, San Enrikeren gaztelua aurki daiteke. Poliki-poliki beherantz egiten da, eta, beste bi dorreren ondotik igaroz, Lezoko alde zaharrera jaisten da. Lezoko udalerria zeharkatuz Bideak Pasai Donibane ondoko herrirantz jarraitzen du; han, umildegiaren alboan, motordun txalupan sartu behar da, portuko bokalea zeharkatu eta Pasai San Pedrora iristeko. Azken udalerri horretan, Zilarrezko Itsasargiraino iristen da, hilerriaren ondotik pasatuz.

Itsasargitik abiatuta kostaldeko bidetik jarraitzen du Bideak, eta, Ulia mendia zeharkatuz, Donostia-San Sebastianera iristen da. Kostaldeko lerroari jarraituz, sartzen da hiriburuan; beraz, Kursaalaren, Bulebarraren eta Kontxako pasealekuaren aurretik igarotzen den ibilbidea egin behar da, Ondarretako lorategietara iritsi arte. Handik, Igeldo mendira igotzen da. Bidearen zati honetan, Gipuzkoako hiriburuko landa-guneko zenbait baserriren ondotik igarotzen da, Irangure eta Egiluze baserrien hondotik, esaterako.

Donejakue Bidea Orion sartzen da, eta, bertan, alde zaharrera jaitsi aurretik, Lusarbe, Munioeta eta Aganduru baserrien eta San Martin baselizaren ondotik igarotzen da. Itsasadarra igaro eta Altxerri ubidea gurutzatuz, Aiako udalerrira iristen gara. Donejakue Bidea San Pablo baselizaren eta Oribazar hondartzaren ondotik igarotzen da, eta, handik, txakolina egiteko mahastiak dauden gune batera zuzentzen da, Torretxo eta Oribar baserriak atzean utzita.

Ibilbidearen hurrengo udalerria Zarautz da. Alde zaharrean sartu aurretik, Agirrebekoa baserriaren ondotik igarotzen da, bai eta frantziskotarren komentuaren atzetik ere. Udalerriaren erditik pasaz, Aldapeta aldapan gora egiten du, Zarautz eta Getaria lotzen zituen galtzada zaharretik; bidean Santa Barbarako baselizaren gertutik igarotzen da, eta, galtzada atzean utzita, Getariarantz jarraitzen du.

Getariako herrigunetik Askizuko galtzadatik barna irteten da, eta Gaintza eta Akerregi Txiki baserrietara iristen da; handik, Azti pasealekurantz egiten du, eta, zuzenean, Askizu auzora igotzen den bidea hartzen du. Han San Martin eliza dago. Inguru horretan, Zumaiara iritsi aurretik, Arano baserriaren aurretik pasatzen da. Zumaiarantz jaisteko bidea zuhaizti batetik igarotzen da, eta, gero, pasealeku batetik jarraitzen du, Zuloaga Museora eta Santiago baselizara iritsi arte; hala, Urola ibaiaren gaineko oinezkoentzako zubi batera iristen da. Bertatik, Narrondo ubidea igarotzen da, oinezkoentzako beste zubi bat zeharkatuz, eta Zumaiako herrigunera igotzen da.

Donejakue Bidea Zumaiatik irteten da Sorazu eta Arritokieta kaleetatik gora eginez, eta izen bereko baselizara eta hilerrira iristen da. Behin Deban sartuta, Elorriaga herriguena zeharkatzen dugu, eta han San Sebastian baseliza dago. Landa-gune batetik jarraitzen du, eta, han, Mardari auzoko baserriak aurkitzen ditugu, Deba udalerrian; besteak beste, Zubeltzuzar baserria eta Santuaran benta azpimarratu behar dira, Mardariko landa-gunetik urrun samar daudenak. Usabaratza baserria igarota, Itziarko gainera iristen gara; han, Andre Mariaren eliza nabarmendu behar da. Bideak San Roke baselizatik barna jarraitzen du, Debako alde zaharrera iritsi arte.

Donejakue Bideak Deba atzean uzten du Sasiolako ospitalera eta komentura doan bidetik, Mutrikuko Astigarribiko San Andres elizara iritsi aurretik.

Beste ibilbide bat ere badago, Kalbariokoa, alegia. Debatik irteten da Mutrikuko zubitik barna. Laranga auzoa zeharkatzen du. Gero, aurrera jarraitzen du Maiako Kalbarioa baselizara iritsi arte, eta, bertatik, Aparainera jotzen du; aurrez, ordea, Eizagirre baserriaren ondotik pasatzen da. Ibilbide horrek bat egiten du Bidearekin Aparain lepoan, izen bereko estelatik gertu, eta, gero, Olatzerantz jarraitzen du Donejakue Bidea.

San Isidro baseliza atzean utzita, bidegurutze batera iristen gara, eta, han, mendi-bide bat hartzen da, Gorostolamendi muinorantz; horrek, hain zuzen, Bizkaia eta Gipuzkoa banatzen ditu. Donejakue Bideak Jangoikomendi inguratuko du, eta, gero, beherantz egingo da, honako baserri hauen ondotik pasatuz: Damukorta, Arnoate eta Sakoneta. Aurrera jarraitzen da, eta, Amulategi baserria igaro eta gero, jaitsiera gogorra dago, Markinako plazara iritsi arte; gune horretako eraikin esanguratsuenetakoak dira Barroeta dorrea eta Arretxinagako San Migel baseliza. Gernika alderantz jotzen du, Erdotzako Andre Mariaren baseliza eta umildegia atzean utzita. Ibaia Kareaga zubiaren bidez gurutzatu, eta errekaren paralelo jarraitzen du, Iruzubietako gune txikira iritsi arte.

Bolibarrerantz abiatzen da mendi-bide batetik, Altzaga auzoa osatzen duten baserrietara iritsi arte. Bideak aurrera jarraitzen du, eta, Simon Bolibarren Museoaren ondotik pasaz, plazaraino iristen da. Gero, Ziortzako kolegiatarantz egiten du, eta, han, erromesentzako ostatu bat ikus daiteke. Kolegiata atzean utzita, Gerrikaitzerako bideari ekiten dio; bidean, Gorontzugara muinoa eta Uriona auzoa zeharkatzen ditu.

Andra Mari elizak antzinako Gerrikaitz hiribilduaren sarrera adierazten du. Errepidean behera egiten da Munitibar aldera, eta, han, plaza zeharkatuko da, San Bizente Martiriren elizara iristeko. Gernikara bidean, elementu nabarmen batzuen ondotik pasatzen da; besteak beste, Urnatei, Bekoerrota eta Bolukua baserriak Munitibarren, eta Berriondo eta Zarra Mendatan. Zarra auzoan, San Pedro baseliza dago, bai eta Montalban dorrerako bidea ere.Bideak aurrera jarraitzen du mendi-mazelatik barna, antzinako galtzadaren bide-zati batera iritsi arte; berreskuratutako bide-zati horrek Zarra auzoa eta Arrantzuko elizatea lotzen zituen. Urdaibaiko hariztirik ederrena pasa eta gero, Artzubi zubira iristen da; hortik gora eginez, Elexalde gunera heltzen da, Arratzun.

Arratzuko Santo Tomas elizan, gurutze-bidea hartuko da, Golako ibaiaren ertzera arte; hortxe dago Olazarrako antzinako burdinola. Golako ibaia gurutzatuz, Marmiz auzora igotzen da. Ugari dira ibilbidea gurutzatzen duten baso-bideak, Ajangizko gunera iritsi aurretik. Hortik Gernika-Lumora jaisten da, Errenteriako antzinako portua izan zen lekura daraman errepidetik. Gernika-Lumoko monumentu-gunea zeharkatuz, Donejakue Bideak Zearretik jarraitzen du Lurgorri auzora arte; tartean, Mestikabaso izeneko lekutik pasatzen da.

Santa Luzia baselizatik abiatzen da Donejakue Bidea Errigoitirantz. Errigoitiko Pozueta auzoan dauden hainbat baserriren ondotik pasatzen da, eta, bertatik, Larrabetzura doan errepidea gurutzatzen du, Gerekizko San Esteban baselizara iristeko. Bertan, Eskerikara daraman bidea hartu behar da, eta Landotz eta Pepiena baserriak igaroko dira, hurrenez hurren; gero, Larrabetzurantz jarraituko du, Barrenetxe auzora iritsi arte. Han, auzo-bidetik jarraitu behar da, Erkinkotik pasatuta, Goikoelexaldera iritsi arte.

San Emeterio eta San Zeledonen eliza eta gurutzea atzean utzita, Larrabetzuraino jarraitzen du, eta, handik, Lezamarako bidea hartzen du. Kristo Gurutziltzatuaren baselizaren ondotik pasatuz, Zamudioko San Martin elizara iristen da. Elizatik gorantz egiten du Donejakue Bideak; autobiaren gainetik pasa, eta bide zahar bat hartzen du, Gaztanazabalaga baserriaren hondarrak dauden lekura eramaten duena. Iturritxualde (Avril) mendira iritsi aurretik, Zamudiotarren Bidearen arrastoak daude; hortxe hasten da, zehazki, Bilborako jaitsiera.

Donejakue Bidea Arabella auzotik sartzen da Bizkaiko hiriburura; bertatik Begoñara jaisten da, Mallonako galtzadatik, eta, hala, Bizkaiko hiriburuko Santiago katedralera iristen da. Dendarikale kaletik jarraituz, itsasadarra zeharkatzen du San Anton Zubitik igaroz. Ibilbideak aurrera egiten du San Frantzisko eta Autonomia kaleetan barna, eta, Kobeta mendia igaro eta gero, Kadagua ibaiaren gaineko Deabruaren Zubiarekin egiten du bat; hori da, hain zuzen, Bilbo eta Barakaldoren arteko muga naturala.

Urgozo auzoan, errepide txiki bat hartu behar da; hura hartu eta berehala, Santa Ageda baselizara doan Erdi Aroko galtzada ikus daiteke. Hortik Gurutzeta auzora jaisten hasten da, eta, azken horretatik, Erretuerto auzora. San Bizente auzora arte jarraitzen du bideak, Galindo ibaiaren ertzera arte, eta hura oinezkoentzako zubi baten bidez gurutzatzen du. Donejakue Bidea Urbinagako gunera arte iristen da, eta Sestao zeharkatuz udaletxera heltzen da; han bira egin eta gero, Portugaleteko Santa Maria elizarantz abiatzen da.

Portugaleten, Donejakue Bideak Urtuellarantz egiten du, eta, handik, La Arena hondartzara jarraitzen du. Bide-zati hori garai batean trenak zuen bidetik igarotzen da; trenbidea inguruko meatzeetatik ateratako minerala garraiatzeko erabiltzen zuten. Behin Zierbenara iritsita, Donejakue Bidea Barbadun ibaiaren gaineko metalezko zubira arte iristen da; zubi horretatik ibaia zeharkatu daiteke, Pobeñara arte. Laguntzako Andre Mariaren baselizaren ondotik pasatzen da, eta eskailera batzuetatik gora igotzen da meategiko trenaren antzinako bidetik; La Arenako zamatzeko tokian amaitzen da. Egun, ibilbide hori «bide berdea» bihurtu da, eta Cobaronen amaitzen da, Euskadiko Donejakue Bidearen amaieran. Leku horretatik aurrera jarraituz, Kantabriako lurretan sartzen da, Onton kostaldeko udalerritik barna.

Kostaldeko Donejakue Bideak adar bat du; hain zuzen, Kadagua ibaiari jarraituz, Bilbo Bizkaiko hiriburua Frantziako Donejakue Bidearekin lotzen du, Burgosko probintzian, zehazki.

Donejakue Bidearen ibilbide horrek Urgozo auzoan (Barakaldo) agurtzen du Kostaldeko Donejakue Bidea, Deabruaren Zubitik barna Kadagua ibaia zeharkatu eta gero. Hortik Irauregi auzorantz abiatzen da (Alonsotegi), eta, berriro, Kadagua ibaia gurutzatuz (Gidako Ama Birjinaren baselizara arte), Güeñesko La Cuadra auzora iritsiko da. Gero, Soduperantz egiten du, eta Iturriagako San Martin baselizara iritsiko da; bideari jarraituz, Güeñesko udaletxera eta Santa Maria elizara helduko da. Aranguren auzora arte jarraitzen du, eta hortik Zallako herrigunera. Zariketeko San Pedro baselizarako bidea albo batera utziz, Bolunburuko burdinolaren ingurura jotzen du. Balmasedara doan bidea hartzen du, Kadagua ibaiaren paralelo, Herrerako garai bateko eskoletara iritsi arte, eta, azkenean, Balmasedako udalerrian sartzen da, Madalena auzotik; han, galtzada zaharraren hondarrak aurki daitezke. Berehala sartzen da Balmasedako alde zaharrean; hiribildua atzean uzten da Zubi Zaharra gurutzatuz, Bizkaia eta Gaztela arteko pasabide zaharra, hain zuzen. Hala, Burgoserako bidea hartzen du, eta, han, Mena Harana zeharkatu eta gero, Frantziako Donejakue Bidearekin egiten du bat.

 

San Adriango tunelaren bidea

Barnealdeko Donejakue Bideak Euskadin duen pasabidea Iberiar penintsularen iparraldeko komunikazio-ardatz nagusietako bat izan da erromatar garaitik. Galtzadaren hondarrak eta antzina artzaintzarako erabiltzen zituzten bideen aztarnek frogatzen dute oso garrantzitsuak zirela Santiagora egiten zituzten erromesaldietan; bertatik ezinbestean pasa behar zuten, Irundik barna Frantziako Donejakue Bidearekin bat egiteko (bai Errioxan, bai Burgosen).

Hasierako trazadura hura, Hernanitik igaro eta gero, leku garaietatik pasatzen zen, muinoz muino. XIII. mendearen hasieran, Alfontso VIII.a errege zela, Gipuzkoa Gaztelaren mende geratu zen, eta, orduan, hiribildu gotortuak eraiki zituzten Oria haranean (esaterako, Tolosa, Ordizia eta Segura); hiribildu horiek udalerrien alde zaharrak dira egun. Beraz, ibilbide honek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen, Kostaldeko Bidearen kaltetan. Oriaren arrotik igarotzen den bide hori errazagoa zen, eta leku garaiak eta muinoak saihesten zituen; hala ere, derrigorrean egin behar zen San Adriango pasabidera igotzeko ahalegina. Bide-zati hori laburra zen, baina baita bihurria ere; Arabako Lautadako bide gozoetara iritsi aurretik gainditu beharreko azken proba.

Bidaiari batzuen lekukotasunek ez dute zalantzarik sortzen. Agian, Manierrek errealitate puztuko zuen San Adrian «munduko mendi garaienetako bat da» adierazi zuenean bere «Voyage a St. Jacques de Compostelle» liburuan (1730); hala ere, ezin da ukatu haitzean zulatutako pasabide horrek bidaiariei zirrara sortzen ziela.

Ibilbidea Bidasoa ibaiaren gaineko zubian hasten da, Santiago zubian. Donejakue Bideak Irunen duen trazadura hainbat ondare-elementuren ondotik pasatzen da; besteak beste, Junkaleko Andre Mariaren eliza, San Juan Harria plaza eta udaletxea nabarmendu behar dira. Adar batek Kostaldeko Bidearekin lotzen du ibilbide hori, Hondarribian, zehazki; leku horretara, halaber, Behobian hasten den ibilbidea iristen da.

Barnealdeko ibilbidea Oiartzunerantz abiatzen da, udalerriko gune nagusira, Elizaldera, zehazki; handik, Iturriotz auzorako bidea hartzen du. Ibilbideak aurrera jarraitzen du, Sorozarreta, Oiartzabal eta Frantzesillagaberri baserrien ondotik pasatuz, eta, gero, Astigarragako Benten errepidera igotzen da; han idien probaleku zahar bat dago. Segidan, Manesenea baserrirako bidea hartzen du; inguru horretatik Santiagomendiko baselizara igotzen da, Donejakue Bidearen erreferentzia garrantzitsua muinoaren goialdean. Bertatik, Artola eta Arraspiñe baserrietara iristen da. Oinezkoentzako bide bat abiatzen da hortik, eta, Agustindarren komentu ondotik pasatuta, Argiñeta bidera jaisten da; Santio Zaharreko bidean amaitzen da, Astigarragaraino eramango gaituen bidean.

Hernani/Donostia-San Sebastian tranbiaren ibilbide zaharretik jarraitzen du Oialumeko bidera eta Zinkoenea plazara arte; jada, Hernaniko alde zaharrean, udalerriko udaletxera iristen da.

Udaletxeko arkutik igaroz, Donejakue Bideak Hernaniko alde zaharra utzi eta Gurutze Santuaren Umildegirantz jarraitzen du; handik, Urnietako herrigunerako bidea hartzen du. Gero, Plazaolako tren zaharraren trazadura erabiltzen du, eta bertatik jarraitzen du Andoaingo herrigunera iritsi arte. Hiribildu horretan, udaletxerantz eta San Martin de Toursen elizarantz abiatzen da. Ibilbideak Andoaindik jarraitzen du, eta Leitzaran ibaia zeharkatzen du, Oria ibairaino iritsi baino metro batzuk lehenago; hala, Gurutze Santuaren baselizara iristen da. Andoaindik irteten da Izturitzagatorrearen aurretik pasatuz, eta Villabonarako bidea hartzen du.

Ibilbidea Apakintza eta Artolaenea baserrien ondotik pasatzen da, Adunaranzko norabidean. Aurrerago, Galarraga baserria igarota, Adunako gunera iristen da, eta, bertatik, Iparragirre baserria eta Gurutze Deunaren baseliza pasa eta gero, Villabona udalerrian sartzen da. Hurrengo kilometroetan, ibilbidea trenbidearen paralelo doa, Oria ibaiaren ertzean dauden baratzeen eta zelaien artetik; gero, Anoetatik eta Hernialdetik barna jarraitzen du, Tolosako Triangulo plazara (lehen, Foruen Plaza) iritsi arte.

Tolosako alde zaharra atzean utziz Oria ibaia gurutzatuko du, eta, haran sakonetik jarraituz eta Kristo Santuaren baselizaren aurretik pasatuz, Alegiaranzko bidea hartuko du.

Alegiako alde zaharra zeharkatu eta gero, Ikaztegietara abiatuko da, Pilar baseliza zeharkatuz. Legorreta da hurrengo herria, eta, bertara, Oria gaineko zubitik sartzen da, Torreko Zubitik. Herrigunea igaroz, Itsasondora iritsiko gara. San Juan baseliza pasa eta metro gutxira, izen bereko auzora joateko bidea hartzen du. Zabale bidean barrena, Foruen pasealekuraino iritsiko da, Ordiziara. Alde zaharra atzean utziz, hurrengo herrira abiatzen da, Beasainera. Donejakue Bidea udalerri horretako herrigunetik pasatzen da, Igartzako monumentu-multzora heldu arte. Olaberriako herrigune txikira iritsi aurretik, Altamira eta Garitain baserrien ondotik pasatzen da.

Olaberriatik Idiazabalera bidean, hainbat baserri igarotzen ditu, Aldasoro, Oiarbide eta Nafarragasti, besteak beste; halaber, Artsugarats galtzadatik barna, Gurutzetako baselizaren ondotik pasako da. Idiazabalen, Donejakue Bidea Gurutze Deunaren umildegitik igarotzen da, eta, aurrerago, Urrutikoetxea baserriaren ondotik; bertan hasten da Erdi Aroko Segura hiribildurantz eramango gaituen beheranzko bidea. Bidea Seguran sartuko da Beheko Portaletik, eta Kale Nagusitik barna jarraituko du; Zegamaranzko bidean, Saiatzeko bide-adarrarekin egingo du bat.

Adar hori Hernanin hasten da, eta Donejakueren bide interesgarria da, Gipuzkoako probintziaren erdialdea zeharkatzen duena. Hernaniko alde zaharretik irtenez, Donejakue Bidea Santa Barbara auzora iristen da. Hortik gora igota, Agirre baserrira iritsiko gara; gero, Lasarte-Oriako hilerritik igaroko da, eta, Zabaleta auzoa atzean utzita, Lasarte-Oriara jaisten da. San Pedro elizatik Zubietako gunerantz abiatzen da; han, Santiago eliza dago. Zubietako alde zaharra pasa eta gero, Letabide bidetik gora egiten du Olaikogainara arte, eta, handik, Zarate Benta zaharrerako bidea hartzen du (egun zaharberrituta dago). Saskarate baserriaren ondotik pasatzen den bideari jarraituz, Iturriotzeko bentara iristen da, eta, metro batzuk behera eginez, San Juan baselizara; inguru horretan, izen bereko iturria dago.

Baselizaren ondotik abiatzen da Zelatungo lepora igotzeko bidezidorra; hori Ernioren gailurraren ondoan dago. Bide zahar batek beherantz egiten du, haran sakonera, Bidaniko herriguneraino; handik Albizturko Argisain auzorantz jarraitzen du, Santutxoko Bentaren ondotik pasatuz.

Elizaren aurretik abiatzen da Larrañaga baserrira daraman bidea, eta, hortik, Domiko mugarria dagoen muinora iritsiko gara; mugarri horrek mugatzen ditu Bidegoian, Beizama, Beasain eta Itsasondo udalerrien mugak. Bideak Arrapaitz iturriaren ondotik jarraitzen du, eta, segidan, Larrarteko muinora jaisten da. Laster batean, Otegi baserrirantz eta San Gregorio baselizarantz egiten du, eta, gero, jaitsi egiten da, Mandubiko bentara eta muinora.

Ezkio-Itsason, Mandubizar baserriaren aurretik pasatzen da, eta Kizkitzako Andre Mari baselizara arte iristen da (marinel-deboziokoa). Hortik behera egiten du Arteaga eta Aranaga baserrien aurretik igaroz, eta, azkenik, Ormaiztegiko kaleetara iristen da. San Andres elizaren atzeko aldetik itzalpeko plazara heltzen da, Zumalakarregi Museoaren aurrean. Ibilbidea Iparraldeko Trenbidearen geltokirantz abiatzen da, eta, han, meategiko trenaren antzinako bidea hartzen du, Lierniko Andre Mari baselizara iritsi arte. Antzinako bide batetik jaisten da Andramaiztegi baserriraino, eta, hala, Mutiloko herrigunera iristen da. Herrigunetik gora egiten du errepide batetik, eta Zeraingo plazara iristen da; han, antzinako galtzada hartuta, Seguraraino heltzen da. Seguran, Oriaren haranetik barna gora doan ibilbidearekin egiten du bat.

Ibilbideak Zegamarantz doan errepidearen paralelo jarraitzen du. Herrigunea zeharkatu eta gero, Donejakue Bidea Gurutze Santuaren baselizarantz abiatzen da; handik hasten du San Adriango pasabidera iristeko igoera. Hainbat bidegurutze pasa eta gero, Iruetxeta baseliza eta Buenavista baserria igaroko ditugu, eta, aurrera jarraituz, Sancti Spiritus baselizara iritsiko gara.

Galtzadan aurrera, Altzaniako partzuergora iristen da bidea; handik San Adriango Tunela ikusten da, urrunean. Tunelaren barruan izen bereko baseliza dago. Txukun gorde den Erdi Aroko galtzadatik Eskaratzako ingurura heltzen da, eta, iturri bat ezkerrean utziz, behe-ibar batean sartzen da; handik, Portugainako lepora igotzen da, Gipuzkoa eta Araba arteko mugara.

Lepotik beheranzko bideari ekiten zaio, eta Aistrako San Julian eta Santa Basilisa baselizara heltzen da; eskuinetara, gurutze-bide bat dago, Zalduondora eramaten duena. Udalerri horren irteeran, Lazarragatarren armarria duen gurutze polit bat eta zubi bat ikus daitezke. Hurrengo udalerrira iritsi aurretik, Done Milian baseliza dago.

Bideak Erdoñana zeharkatzen du, Igokunde Andre Mariaren eliza goialdean duela. Agurainera iritsi baino lehen, beste hainbat lekuren aurretik pasatzen da: San Lazaro eta Madalenaren ospitale zaharra (egun, etxe pribatua), Bentaberriko edo Andre Mariako gurutzea eta, aurrerago, Zadorra gaineko zubia.

Aguraingo hiribildu harresitura iparraldetik heltzen da, eta, bertan, herrixka harresi artean babesten duten bi eliza gotortuetako bat ikus daiteke: Andre Maria eliza; udalerria mendixka baten gainean dago. Donejakue Bideak hiribildua utziko du arkupedun San Juan plazatik eta Erregearen Ataritik irtenda, eta Gazeorantz joko du. Gazeon San Martin eliza ikus daiteke, bere margolan interesgarriekin; udalerria alderik alde pasa eta gero, zelai arteko bide asfaltatu batetik irteten da, Ezkerekotxara heldu arte.

Ibilbideko hurrengo erreferentzia-gunea mendixka gainean dagoen irudi zuta da, Henaioko Gaztelua; Burdin Aroko herrixka zen, Alegría-Dulantzi oinean zuela. Erromatarren bidetik jarraitzen du, Aiarako Andre Mariaren baselizara heldu arte. Bideak Alegria ibaiaren paralelo jarraitzen du, antzinako eremu batera heldu arte; tenplu erromatar baten arrastoak daude oraindik, eta egun Arraraineko San Juan baseliza dago. Bertatik Burgelura jaisten da.

Burgeluko udalerria zeharkatzen du, Villafrancara bidean. Aurrera jarraituz, Argandoñara iristen da. Udalerri txiki hori utziz, Donejakue Bidearen ibilbide horrek Mendiluzko bidearekin egiten du bat, eta Askartzarantz jarraitzen du, Arkaiara daraman bidera atera arte; Arkaian elizaren aurretik pasatzen da. Behin Arkaia zeharkatuz gero, burdinbidearen azpitik pasatuta, Elgorriagarantz abiatzen da Bidea, Vitoria-Gasteizko Udalak seinaleztatutako ibilbidearekin lotzeko.

Andre Mari Zuriaren plazako gune garrantzitsuenera iristean, Erdi Aroko hirigunera eta Santa Mariaren katedral zaharrera igoko da. Bideak Vitoria-Gasteiz inguratuko du Armentiara iritsi arte. Udalerri horretatik irtetean, erromesak Gometxarantz eramango ditu Bideak, eta, behin parrokia-eliza igarota, Subilla-Gasteizera iritsiko da; han Simon de Anda Salazar landa-jauregia dago, eta, ondoan, gotorleku bat.

Bidea pinudi eta erkametzi artetik igarotzen da, San Migeleko atakaraino, eta, azkenean, Villanueva de la Ocara iritsiko da. Udalerria alderik alde pasatuz, La Puebla de Arganzonerako bidean jarraitzen du; azken hori, hain zuzen, Trebiñoko konderriaren baitan sartzen da (Burgosko probintzia, Gaztela eta Leon). Ospitale zaharra eta baseliza atzean utziz, udalerri horretatik irteten da, eta Auritzera abiatzen da. Herria zeharkatu eta gero, erromatarren eta erromesen bide zaharra hartzen du; bertan, iturri zahar bat eta garbitegia ikus daitezke, Estavillo udalerriaren atarian. Leku horretan, Donejakue Bideak bi ibilbide egiteko aukera ematen du: bata, Errioxara gerturatzen dena, eta, bestea, Burgoserantz abiatzen dena.

Errioxako lurretara iristeko, Donejakue Bideak Estavillo Berantevillarrekin batze du, Lezamako gainetik. Ez da hirigunetik pasatzen; hau da, inguratu egiten du, eta hilerriaren aurretik igarotzen da. Aurrera jarraituz, Zanbranaranzko bidea hartzen du; han, Santa Luzia parrokia-eliza ikus daiteke. Atzean, gurutze polit bat utzi eta Errekako Benta zaharraren hondarretara iristen da. Aurrerago sartuko da Arabako Errioxako lehenengo udalerrian, Gatzaga Buradonen; hala ere, ez da harresien bidez ondo babestuta dagoen alde zaharreraino sartuko. La Loberako antzinako ibilbidetik jarraitzen du, Conchas de Haroko pasabide mehar eta arriskutsua saihestuz. La Loberako mendatera iristean, beheranzko bidea hartzen du, Briñasera arte. Donejakue Bidearen ibilbidean sartzen den «La Picota» elementu arkitektoniko eta jurisdikzional politaren aurretik pasatzen da; elementu horrek, zehazki, Euskadiko eta Errioxako autonomia-erkidegoen muga adierazten du. Briñas Errioxako udalerrian, Frantziako ibilbidearekin egiten du bat, eta, 24 kilometro eginez, Santo Domingo de la Calzadara iristen da.

Beste ibilbideak, La Puebla de Arganzonetik abiatzen denak, Miranda de Ebrora darama. Bide laburra da, eta, mendebalderanzko ibilbidean, Arabako bi ibai garrantzitsuenetakoak zeharkatzen ditu, bi zubi ederren bidez: Zadorra eta Baias.

Estavillo inguratu eta gero, Armiñonerantz jarraitzen du; han, San Andres eliza eta Montoya-Urbina jauregia daude. Etxe arteko paisaia meharrak Erdi Aroko zubi batera darama; bidean hainbat bazterbide daude. Leku horretatik Rivabellosara jaisten da, eta, udalerritik irtetean, Baias ibaiaren gaineko zubira iristen da; egitura sendoa eta gogorra da, eta, goraxeago, errotako presaren horma lodiak babesten du. Ibilbideak Araba eta Burgos arteko mugara arte jarraitzen du, Miranda de Ebroren inguruetan; hain zuzen, bertan ematen zaio amaiera Donejakue Bideari, zehazki Gipuzkoako eta Arabako lurrak zeharkatzen dituen San Adriango Tunelaren ibilbideari. Frantziako bideari ekin nahi izanez gero, Burgosera joan behar da, 83 bat kilometroko distantziara, gutxi gorabehera.