2012/02/14 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Jaurlaritzak berrogeita hamar milioi euroko abala eman dio Luzaro, EFC, S.A.ri, E.T.E.entzako maileguak sustatzeko
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Eusko Jaurlaritzak bat egin du ¿Zahartze aktiboaren eta belaunaldi arteko elkartasunaren europako urtearen¿ aldarrikapenarekin
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

JAURLARITZAK BERROGEITA HAMAR MILIOI EUROKO ABALA EMAN DIO LUZARO, EFC, S.A.RI, E.T.E.ENTZAKO MAILEGUAK SUSTATZEKO

Erabakia, Europako Inbertsioen Bankuarekin hitzartu beharreko mailegu bat bermatzeko Luzaro EFC SAri abal bat emateko dena

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Luzaro, EFC, S.A.ri berrogeita hamar milioi euroko abala emateko, erakunde horrek Europako Inbertsio Bankuarekin hitzartuko duen maileguaren berme gisa. Abal horren helburua da inbertsio-proiektuen finantzaketa sustatzea Luzarok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin sinatutako hitzarmenen eremuan.

Luzaro finantza-erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetza du (% 17,65) eta bere helburu nagusia EAEko enpresa txiki eta ertainei (ETE) partaidetza-maileguak ematea da.

Luzarok partaidetzakoak ez diren beste mailegu-modalitate batzuekin dibertsifikatu du bere eskaintza, esaterako mikrokredituekin edo aurrerakin itzulgarriekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo EAEko Administrazioaren parte-hartzea duten sozietateekin (esaterako SPRI Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuarekin) sinatutako beste hitzarmen batzuen babesean. Era berean, “sendotze finatzariorako maileguak” izeneko lerroa ere ezarri du, maniobrarako funts nahikoa ez duten ETEentzako.

Luzarok bazkide dituen finantza-erakundeek emandako finantzaketatik edo sozietatearen beraren funtsetatik lortu ohi izan du maileguak emateko beharrezko finantzaketa. Hala ere, gero eta jarduera gehiago dituenez, beste finantzaketa-bide batzuk bilatu behar izan ditu. Horrela, 2005eko eta 2009ko ekitaldietan, Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) kredituak formalizatu zituen, berrogeita hamar milioi eurokoak ekitaldi bakoitzean, eta eragiketa horiek ere Eusko Jaurlaritzaren abala izan zuten. Sozietateak azken ekitaldietan izan duen jardueraren ondorioz, funts horiek erabili behar izan dira, baita ohiko finantzaketa-iturrietatik etorritako beste batzuk ere, ETEei maileguak emateko.

Hain zuzen ere, partaidetza-maileguak izenekoen formula erabili du Luzarok, honakoak direla formula horren ezaugarri nagusiak: dirua itzultzeko epe luzea, denboran luzatutako amortizazio gabealdia eta ETE onuradunak mailegua indarrean egon bitartean eskuratutako mozkinei zati batean lotutako kostu aldakorra.

Eusko Jaurlaritzaren abalarekin, EIBek eragiketa ematea errazteaz gain, finantzaketa-baldintza hobeak lortzen dira, eragiketari emandako abal publikoak dakarren kaudimen osagarriaren ondorioz.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

EUSKO JAURLARITZAK BAT EGIN DU ¿ZAHARTZE AKTIBOAREN ETA BELAUNALDI ARTEKO ELKARTASUNAREN EUROPAKO URTEAREN¿ ALDARRIKAPENAREKIN

Erabakia, Eusko Jaurlaritza Europar Batasuneko Legebiltzarraren eta Kontseiluaren adierazpen batekin bat datorrela adierazteko dena. Adierazpen horrek 2012. urtea "Zahartze aktiboaren eta belaunaldien arteko elkartasunaren Europako Urtea¿ izendatzen du

2012. urtea “Zahartze aktiboaren eta belaunaldi arteko elkartasunaren urtea” izateko Europar Batasunak egindako aldarrikapenari atxikitzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.

Aldarrikapen horrek berekin dakar ongizatearen Europako gizartea eraikitzeko eta mantentzeko adinekoek gizartearen eta ekonomiaren alorrean duten garrantzia onartzea. Ildo horretan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila zahartze aktiboari lotutako hainbat proiektu bultzatzen ari da aspalditxotik, ikuspegi berri bat adinekoei bideratutako politiken plangintzan, non kolektibo horren autonomiaren sustapena, kolektibo horrek dituen lehentasunekiko errespetua eta konpromiso soziala biltzen diren. Politika horien artean Berrikuntza soziosanitarioko zentro bat sortzea dago, baita arreta etxean emateko Etxean Ondo esperientzia pilotua eta BetiON telelaguntza aurreratuko zerbitzua ere.

Sail honen beste ekimen berritzaile bat kohesio soziala, erantzunkidetasuna eta belaunaldi arteko elkartasuna sustatzera bideratuta dago. “Adinekoen ongizatean eta tratu onean aurrera egiteko ehun proposamen” deituriko dokumentuan proposatzen da gizarte- eta osasun-zerbitzuek ez ezik, hezkuntzak, garraioak, hirigintzak, kulturak, turismoak edo merkataritzak ere bideratu behar dituztela beren zerbitzuak pertsona guztien premietara, pertsona horien adina eta gaitasun funtzionala kontuan izan gabe.

Ideia horiek dira Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatzen duen “inguru egokiak” ekimena gorpuzten dutenak. Plan horrek hiriei laguntzen die handitzen ari den urbanizazioaren eta biztanleriaren zahartze azkarrerako prestatzen; horretarako, adinekoen ikuspegia txertatzen du hirigintza-plangintzan, ingurunean, etxebizitzen eraikuntzan, hiriko espazioetako irisgarritasunean eta mugikortasunean, beste ezaugarri batzuen artean.

Euskadiko hainbat hirik (Donostia eta Bilbo, esaterako) bat egin dute dagoeneko ekimen horrekin, hau da, hiriak egokitzea helburutzat duen ekimenarekin, hiriek beren biztanle guztiei bizi-kalitatearen eta segurtasunaren mailak eskaintzeko.

Joan den astean Bilbon jardunaldi bat egin zen “ingurune egokiak” deituriko proiektu horren gainean, eta 200 aditu baino gehiago bildu ziren. Jardunaldi horretan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak berretsi egin zuen zahartze aktiboa sustatzeko eta “atseginak diren hiriak” deituriko ideia Euskadiko lurralde guztietara hedatzeko hartutako konpromisoa.