2012/02/21 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Eskola-Elkarbizitzaren Behatokia
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretu berria
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Eusko Jaurlaritzak 390.000 euro bideratu ditu, energia berriztagarriei loturiko azpiegituren erabilera indartzeko
Jaurlaritzak 1,3 milioi bideratu ditu kalitatearen programetan ekoizleen sustapena eta parte-hartzea bultzatzeko
Arrantza zonaldetarako dibertsifikazio ekonomikorako 3,1 milioiko dirulaguntza dekretua onartu da
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

ESKOLA-ELKARBIZITZAREN BEHATOKIA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokia sortuko duena

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Behatokia sortzen duen dekretua onartu du.

Behatoki hau Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailera atxikitako kide anitzeko aholkularitza-organo gisa sortzen da eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen eremuan jardungo du.

Eskola Elkarbizitzaren Behatokiak, besteak beste, helburu hau izango du: EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan eskola-elkarbizitzaren ikerketa, azterketa, balorazio eta jarraipena egitea.

Begirune eta elkarrizketan oinarritutako elkarbizitza bat sustatuko da ikastetxeetan. Elkarbizitza horretan gatazka giza harremanen berezko osagarritzat joko da eta gatazka hori etikoki eta era sortzaile batean eraldatzea hezkuntza-prozesuaren barruan egongo da.

Ikastetxeetan prebentzio-jarduerak egin eta elkarbizitza hobea izan dadin neurriak hartzeko proposamenak egingo dira, baita emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko, ez diskriminatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria ez gertatzeko ere.
 

 

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOARI BURUZKO DEKRETU BERRIA

Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa

Jaurlaritzaren Kontseiluak Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretu berria onartu du. Dekretu hau Eusko Jaurlaritzak administrazio elektronikoaren arloan duen estrategiaren barruan dago, hori baita iaz onartutako Berrikuntza Publikoaren Planaren (PiP) ardatz estrategikoetako bat. Azken honen helburua da Eusko Jaurlaritzak ematen dituen zerbitzuen % 100 Interneten bidez herritarren eskura jartzea eta, aldi berean, herritarrek eta enpresek jasaten dituzten administrazio-kargak % 30 murriztea.

Gaur onartzen dugun dekretu honen helburu zehatzak honako hauek dira:

  • Euskal Autonomia Erkidegoa Administrazio Elektronikoaren eta Berrikuntzaren erreferentzia bihurtzea.
  •  Administrazio-izapideetan, baliabide elektronikoen erabilpena sustatzea.
  • Administrazioen arteko lankidetza eta elkarreragingarritasuna bultzatzea.
  • Herritarrek Administrazio Publikoarekin dituzten harremanetan, haien eskubideak bermatu eta zorrotz errespetatzea.

EAEko administrazio orokorrean baita erakunde publikoan eta alor publikoko gainontzeko erakundeetan ere aplikagarria den dekretu honek, testu-arauemaile bakar batean biltzen ditu Administrazio Elektronikoa funtzionatzeko beharrezkoak diren tresnen araudia eta herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean, eta honen ondorengo garapenean, ezarritako oinarri juridikoak garatu egiten ditu.

Aurreko dekretu batek, 2007. urtekoak, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen zuen, baina ez zien heltzen arau honetan orain sartzen diren funtsezko gaiei, hala nola: egoitza elektronikoa, ohar-taula elektronikoa, ordezkarien erregistroa, dokumentu elektronikoa edo artxibo elektronikoa. Dekretu honek duen beste berrikuntza bat herritarren jarduerak identifikatu eta kautotzeko sinadura-sistemak malgutzen dituela da.

Dekretu honek indarrean sartzen denetik, herritarrek ez dituzte aurkeztu behar izango datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez kontsultatu daitezkeen datuak eta dokumentuak. Hau da, NANa, erroldatze-ziurtagiria, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzaren ordainketetan egunean egotearen ziurtagiriak.

Gainera, beharrezkoak diren baliabideak dituzten erregistro-bulegoek aurkeztutako dokumentuen kopia elektronikoa egin beharko dute eta jatorrizkoak itzuli. Hau da konpultsa elektronikoa deritzoguna.

Era berean, prozedura eta zerbitzu guztiak egokituko dira, herritarrek beraien izapideak baliabide elektronikoen bitartez egiteko aukera eduki dezaten. Egokitze-egutegia egoitza elektronikoan argitaratuko da eta bertan egongo da eguneratuta. Dena den, dekretua indarrean sartzen den unetik, kontuan hartu beharko da laguntzen eta hautaketa-prozesuen deialdietan baita Herri Administrazioaren kontratazioan ere.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

EUSKO JAURLARITZAK 390.000 EURO BIDERATU DITU, ENERGIA BERRIZTAGARRIEI LOTURIKO AZPIEGITUREN ERABILERA INDARTZEKO

Agindua, energia berriztagarrien azpiegituretan inbertsioak egiteko diru-laguntzetarako 2012ko ekitaldiko deialdia egiteko dena; laguntza horiek azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuaren bidez arautzen dira

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza edo/eta basogintza arloan energia berriztagarriei lotutako azpiegituretarako inbertsiorako 2012 urterako laguntzen araubidea ezartzen duen ordena onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak. Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Jasangarriaren Programakoak dira laguntza horiek.

Pilar Unzaluren sailak landutako testuaren arabera, 390.000 euro bideratuko dira, biomasarekin edo hondakin organikoekin energia ekoiztea ahalbidetzen duten neurri batzuk bultzatzeko eta nekazaritzako ustiategietan energia aurreztea eta ingurumenaren arloa hobetzea indartzeko.

Diru-laguntzak emango dira, instalazio berritzaileak ezartzeko, nekazaritzako edo/eta basogintzako ustiategietatik ateratako hondakin organikoekin energia ekoizteko. Nekazaritzako EAEko sektoreaz arduratu beharko dira instalazioak, eta honako helburu hauetakoren bat lortzeko balio beharko dute: Nekazaritzako ustiategien energia-kostua aurreztea eta nekazaritzako edo/eta basogintzako ustiategietatik ateratzen den biomasa tratatuta ingurumena hobetzea.

Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa inbertsio osoaren % 80 artekoa izango da.
 

 

JAURLARITZAK 1,3 MILIOI BIDERATU DITU KALITATEAREN PROGRAMETAN EKOIZLEEN SUSTAPENA ETA PARTE-HARTZEA BULTZATZEKO

Agindua, abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren babesean elikagaien kalitate-programak sustatzeko eta haietan parte hartzeko ekintzetarako laguntzak (Bikain programa) 2012ko ekitaldirako deitzen dituena

Elikagaien kalitatearen Bikain programan sustapena eta parte-hartzea bultzatzeko diru-laguntzen deialdia gaur onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak; ekoizleei ematen zaizkien diru-laguntza horietan 1.328.125 euro erabiliko dira 2012an.

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du laguntza horien deialdia egiteko Agindua; laguntza horiek, kalitatearen programetan ekoizleak sartzeko eta kalitatezko produktuak sustatu eta merkatuetan sartzeko aukerak areagotzeko dira.

2012ko deialdian 1.328.125 euro erabiliko kopurua onartu da –horietatik 478.123€ LGENF erkidegoko funtsen kontura finantzatuko dira, eta 850.000€ EAEko aurrekontu orokorren kontura–, merkatuan hazteko aukera handiena duten kalitate-programei laguntzeko, programa horietan ekoizle berriak sartzea errazteko eta programa horietan parte hartzeak ustiapenei ekartzen dizkien gain-kostuak murrizteko.

Horrela, diruz lagunduko zaie ekoizleei kalitatea kontrolatu eta ziurtatzeko sistemak diseinatu eta ezartzen, ohiko ikuskapenak egiten, laginak bildu eta aztertzen, koordinazio eta zuzendaritza teknikoan, administrazio-lanetan edo ezarri beharreko ekintza zuzentzaileak ikertzen.
 

 

ARRANTZA ZONALDETARAKO DIBERTSIFIKAZIO EKONOMIKORAKO 3,1 MILIOIKO DIRULAGUNTZA DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eskualdeak sustatu eta garatzeko laguntzei buruzkoa (ITSASPEN Programa)

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du Itsasaldeko eremuak sustatu eta garatzeko laguntzen Dekretua, Ekonomi jardueren dibertsifikazioa eta arrantzatik bizi ohi diren eremuen bizi kalitatea hobetzea du helburu. 3.102.615 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusten da

Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsi du Pilar Unzalu sailburuak aurkeztutako dokumentua, eta bat dator Arrantzaren Europako Funtsak markatutako irizpideekin (2007-2013), eta arrantzatik bizi diren eremuak hobetzeko, biziberritzeko eta birbizitzeko Itsaspen programan daude jasota.

Helburua ez da bakarrik Arrantza-politika Bateratuaren ondoreak eta baliabideak desagertzeak ekar ditzaketen ekonomi, gizarte eta ingurumen eraginak epe motzera jorratzea, baizik eta proposamena da arrantza erkidegoei eta eremuei laguntza ematea diru-sarrera jasangarriak sor ditzaten eta bizi kalitatea hobe dezaten; horretarako, tokiko erkidegoen arazoak eta nahiak ondoen ezagutzen dituztenei konponbideak benetako beharrizanei egokitzeko tresnak emanez.

Ondoko laguntzak batu dira dekretu honetara: itsasaldeko ekonomia eta gizartearentzako oinarrizko zerbitzuak ezartzeko laguntzak; itsasaldeko ondarea artatu eta hobetzekoak; itsasoari lotutako ekimen turistikoak sortu eta modu jasangarrian garatzekoak; itsasoarekin edo arrantzarekin lotutako enpresak sortu, handitu eta modernizatzekoak.

Halaber, Arantxa sektoreko ekonomi jarduera bestelako jardueretara dibertsifikatzeko laguntzak arautzen dira; alegia, produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko lankidetza sustatzeko eta autoenplegurako laguntzak.

Dekretu hau lantzeko, Arraina Merkaturatzeko Federazioarekin, Kontserben, Sasikontserben eta Gazitzeen Ekoizleen Elkartearekin, CEBEKekin , Norpesco kontserbagileen elkartearekin, Eudel-ekin edo Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantzale kofradien federazioekin, besteak beste, aritu da lankidetzan.