2012/03/13 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Gobernuak ostalaritza establezimenduen ordutegiak aldatu eta udalen atribuzioak handitu ditu
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Pazienteek zein osasun-langileek dokumentazio klinikoari dagokionez dituzten eskubide eta betebeharrei nahiz Historia Klinikoari buruzko Dekretua
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Zallobenta eta Peña Forua harrobiei 19 milioiko kalte-ordainak ematea ez da onartu
KULTURA SAILA
Gure Artea Sarien deialdia onartu da
HERRIZAINGO SAILA

GOBERNUAK OSTALARITZA ESTABLEZIMENDUEN ORDUTEGIAK ALDATU ETA UDALEN ATRIBUZIOAK HANDITU DITU

Dekretua, Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzen dituen Dekretua bigarrenez aldatzen duena

Dekretu berriaren arabera, lanegunetan ordu erdi beranduago itxi ahal izango dute eta ostiraletan, larunbatetan eta bezpera-egunetan ordubete beranduago

Kaleko ikuskizunen eta dibertimenduzko ekintzen ordutegia arautzen dituen Dekretuaren aldaketa onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak, ordutegiak eguneratzeko eta gai horrekin erlazioa dituzten Udalen atribuzioak handitzeko, gizartearen eskaerak eta egoera ekonomikoa kontutan hartuz.

Abenduaren 16ko 296/1997 dekretutik, uztailaren 28ko 210/1998 dekretuz aldatua, ia hamarkada bat igaro da. Nahiz eta erreminta erabilgarria izan herritarren aisia eta enpresarien eskubideak, eta gainontzeko herritarren atsedena eta lasaitasuna bermatzeko, aro berrietara egokitu behar zen.

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako arauaren arabera, ostalaritza establezimenduek lanegunetan ordu erdi beranduago itxi ahal izango dute eta ostiraletan, larunbatetan eta bezpera-egunetan ordubete beranduago. Euskal Autonomi Erkidego osoan ezarriko da araua, baina udalerri bakoitzak euren beharretara erabiliko du dekretu berriak,

Dekretu berriak ostalaritza establezimenduen ixteko ordutegia luzatuko du EAE osoan, hala ere, jaiak eta turismoarekin erlazioa duten ekintzak kasu bereziak izango dira.

Herriko jaietan, Inauterietan (ostegunetik asteartera), Gabonetan (abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra) eta Aste Santuan (ostegunetik astelehenera) bi ordu beranduago ixtearen baimena ematea erabaki ahal izango dute Udalek, baita beste jaietan ere, urtero 15 egun gehienez.

Bestalde, udalerrien gune edo auzo zehatzetara mugatu ahal dute ordutegiaren luzapena, programazioaren arabera.

Horrez gainera, beste 15 egunetan luzatu ahal izango dute ordutegia, aurreko dekretuarekin baino 5 egun gehiagotan, jai edota ekintza ezberdinak ospatzen direnean.

Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza euskal udalekin, talde politikoekin, ostalaritza sektorearen ordezkariekin eta auzo-elkarteekin harremanetan jarri da azken hilabeteotan, euren iritsiak eta proposamenak entzuteko. Batez ere, hainbat udalerriek eta enpresariek ordutegien luzapena eskatu dutelako.

Ordutegien Dekretuko aldaketaren helburu nagusia biztanleen ohituretara egokitzea da, baita ostalaritza bultzatzea ere. Bestalde, neurri berriak gaueko tabernen irteera tartekatzen lagundu dezake, ordu berean kale zehatz batean elkartzen diren lagun kopurua murriztuz.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

PAZIENTEEK ZEIN OSASUN-LANGILEEK DOKUMENTAZIO KLINIKOARI DAGOKIONEZ DITUZTEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARREI NAHIZ HISTORIA KLINIKOARI BURUZKO DEKRETUA

Dekretua, historia klinikoari alorreko pazienteen eta osasun-profesionalen eskubide et betebeharrei buruzkoa

Gobernu Batzak Historia Klinikoa arautzen duen dokumentazio klinikoari dagokionez pazienteen zein osasun-profesionalen eskubide nahiz betebeharrei buruzko Historia Klinikoari buruzko Dekretua onartu du. Historia Klinikoa osasun-langileen funtsezko tresna dela iritzita, osasun-zerbitzuen paziente eta erabiltzaile bakoitzarentzat bere osasunari dagokionez euskarri bakarra edukitzeko xedea dugu. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zentro eta -zerbitzu publiko nahiz pribatu guztietan ipiniko da.

Honako Dekretu honek historia klinikoaren edukia eta erabilera arautzen ditu eta hainbat berrikuntza dakar hurrengo alderdiei dagokienez:

- Erabiliko den eremua: Lehen Mailako Atentzioko, Atentzio Espezializatuko eta Ospitaleko Atentzioko historiak koordinatuko direla aurreikusi du.

- Euskarria: Historia edozein euskarri dokumentaletan prestatu daiteke eta formatu elektronikoa lehenetsiko da.

- Txosten-ereduak: Osasun Sistema Nazionalean daudenekin bateragarriak diren txosten-ereduak daude.

- Erabilera: informazioa asistentzian inplikatutako osasun-langileek soilik ikusi ahal izango dute.

- Dokumentazioa gordetzea: dokumentazio klinikoa garbitzeko prozesua aurreikusteaz gain, pertsona baten heriotzatik 10 urte igaro eta gero, bere informazio klinikoaren zati bat suntsitzea ezarri da araudi honetan. Halaber, Historia Klinikoak 15 urtetan aldaketarik eduki ezean, Dekretuan bertan ezarritakoari jarraituz ezabatu ahal izango da.

Azkenik, Dekretu honetan pazienteen eskubideen zein betebeharren azalpen zehatza eman da.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

ZALLOBENTA ETA PEÑA FORUA HARROBIEI 19 MILIOIKO KALTE-ORDAINAK EMATEA EZ DA ONARTU

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ondarezko erantzukizunaren erreklamazio bat ezesteko dena. Erreklamazioa Cantera Peña Forua, S.A merkataritza-sozietateak aurkeztu zuen, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzen duen martxoaren 11ko 1/2010 Legeak onesteak eragindako kalte eta galerengatik.

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ondarezko erantzukizunaren erreklamazio bat ezesteko dena. Erreklamazioa Canteras y Hormigones Zalloventa SA merkataritza-sozietateak aurkeztu zuen, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzen duen martxoaren 11ko 1/2010 Legeak onesteak eragindako kalte eta galerengatik.

 

Jaurlaritzaren Kontseiluaren bilkuran, Zallobenta eta Peña Forua harrobiak ustiatzen dituzten sozietateek egindako ondare-erantzukizunaren erreklamazioak ez onartzea erabaki da; guztira, 19.037.128 euroko kalte-ordainak eskatzen zituzten, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzen duen martxoaren 11ko 1/2010 Legea onartzeak beren iritziz eragin zizkien kalteengatik eta galerengatik, jarduera egiteko aukerak mugatzen zizkiela eta.

Horrela, erreklamazio horiek ez onartzeko akordioa onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak. Canteras y Hormigones Zalloventa, S. A. enpresaren kasuan, 4.835.530,42 eurokoa zen; eta Cantera Peña Forua, S. A. enpresak eskatzen zuen kalte-ordaina, berriz, 14.201.598,18 eurokoa zen.

Peña Foruaren kasuan, ez da uste erreklamazioa egin duen enpresak kalterik izan duenik Euskal Herriko Natura Babesteko Lege hori onartzeagatik; izan ere, aipatutako 1/2010 Legea onartu zen egunean ez zeukan onartuta harrobia lurpean ustiatzeko proiekturik, eta hori zioen enpresak.

Hori dela eta, errealitatean ezdeusak ziren etorkizunean lur azpia ustiatzeko baimenak lortzeko aukerak, kontuan izanik botere publikoek nolako lehentasuna eman dioten ingurumenaren babesari Peña Forua meatokia dagoen natura-ingurunean –hain zuzen ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserban–.

Legerik ez dela hausten are nabarmenagoa da, kontuan hartzen bada 1/2010 Legeak ez duela eragozten enpresak ustiapen-proiektuaren arabera harrobia ustiatzen jarraitzea; Industria Saileko Energia eta Meategien zuzendariaren 2007ko azaroaren 16ko ustiatzeko zuzeneko emakidaren ebazpena betez eman zitzaion proiektu hori enpresari.

Zallobentari dagokionez, hura ustiatzen duen enpresari 9.237.153 euroko kalte-ordaina eman zion Eusko Jaurlaritzak iaz, Urkiolako natura-parkearen Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana berrikustearen ondorioz lortu ez zituen irabaziengatik; 2006an onartu zen berrikuspena, eta mugatu egiten zuen ustiapenaren eremua. Orain, enpresak ez zeukala erreklamazioa egiteko beharrezko ustiapen-baimenik uste da, eta negozio-itxaropen hutsa zuela.

Enpresak erreklamazioa aurkeztu zuen unean -2009ko martxoaren 29a- meatzaritzako baliabideak ustiatzeko izan zituen ondoz ondoko baimenak -1974ko apirilaren 10ekoa, 1998eko martxoaren 16koa eta 2004ko otsailaren 24koa- behar bezala baliogabetuta zeuden.

Beraz, ondare-erantzukizunaren erreklamazioa aurkeztu zen egunean enpresak ez zeukan administrazioaren legezko titulurik Zallobenta harrobiko meatokiak ustiatu ahal izateko.

Hori dela eta, une horretara arte ez zeukan ondarearen arloko eskubide subjektiborik, zegozkion baimenak ez edukitzeagatik. Ondorioz, hondatu den bakarra itxaropen hutsa izan da: ezin dena ez ondare bihurtu eta ez diruz ordaindu. Eusko Jaurlaritzako lege-zerbitzuek atera duten ondorioa, kasu honetan, hau izan da: lursailen jabeari kendu zaiona itxaropena izan dela eta ez finkatutako eskubide bat.

Bi ezespen-erabaki horien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzari, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.
 

 

KULTURA SAILA

GURE ARTEA SARIEN DEIALDIA ONARTU DA

Agindua, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko ¿Gure Artea¿ sariak arautu eta horietarako deialdia egiteko dena.

Kulturako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak arte plastikoak eta ikusizko arteak sustatzea helburu duten Gure Artea Sariak deitu eta arautzen dituen Agindua onartu du. Gure Artea Sariek 65.000 euro banatzen dituzte sarituen artean, eta pertsona horiek euskal arte garaikideari eta kulturari egindako ekarpen garrantzitsua aitortu nahi dute. Batetik, egileak saritzen dituzte, ibilbide profesionalagatik zein azken urteetan egindako lan sortzailearengatik, eta bestetik, hainbat agente saritzen dituzte, arte plastikoetan eta ikusizko arteetan egindako jarduera orokor edo zehatzengatik.

Gaur onartutako Aginduak arte plastikoak eta ikusizko arteak sustatzea helburu duten Gure Artea Sariak deitu eta arautzen ditu. Hiru modalitate daude:

- Ibilbide artistikoa aitortzen duen saria: lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzen du, bere obra osoa eta izandako ibilbidea kontuan hartuta. Horretarako, 25.000 euro erabiliko dira.

- Jarduera sortzailea aitortzen duen saria: jarduera artistiko eta sortzailearengatik eta azken urteetan arte garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzen du. Horretarako, 25.000 euro erabiliko dira.

- Ikusizko arteetan hainbat agentek egindako jarduera aitortzen duen saria: Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastikoetan eta ikusizko arteetan, horiek sustatzeko jardueretan, kulturaren balio-katearen fase guztietan edo bakarren batean (ikerketan, sorkuntza-ekoizpenean, sustapen-hedapenean eta zabalkundean) egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak eta pribatuak, aitortzen ditu. Ibilbide osoa zein azken urteetan egindako programa edo proiektu zehatzak hartu ahalko dira kontuan.. Horretarako, 15.000 euro erabiliko dira.

Ibilbide artistikoa aitortzeko saria eta sorkuntza-lana aitortzeko saria jasotzeko hautagaiak Euskal Autonomia Erkidegoan jaio diren edo administrazio-egoitza duten pertsona fisiko guztiak izango dira, bai eta administrazio-egoitza hori hamar urtetik gora izan dutenak ere. Sorkuntza-lana aitortzeko sarian ezin dira hautagaiak izan aurreko urteetan Gure Artea sariaren irabazle izandakoak. Epaimahaikideek arrazoitutako proposamenen bidez aurkeztuko dituzte hautagai-zerrendak.