2012/03/27 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
185.604 euroko dirulaguntza ikastetxeentzat hitzartutako unitateak murrizteak eragindako kalteak arintzeko
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Eusko Jaurlaritzak abian jarri du alokairuko etxebizitzetarako Bitartekaritza Programa, etxebizitzak merkatu librean baino merkeago alokatzeko
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Nekazaritza eta abeltzaintzarako Ordainketa Bakarrerako eta Europako erkidegoko zuzeneko bestelako laguntzetarako 53.000.000 euroko gastua baimendu da
Euskal Autonomia erkidegoko Arrantzako Aholku Batzordea eratzen duen Dekretua onartu da
85.000 euroko diru-laguntza onartua latxa eta karrantzako ardien hautaketa zentroan berrogeialdi nabe bat eraikitzeko
Nekazaritza eta Elikadura Batzordearen eta Kontseiluaren egikizunak eta funtzionamendua arautzen dituen Dekretua onartu da
KULTURA SAILA
Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programaren 2012ko deialdia
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

185.604 EUROKO DIRULAGUNTZA IKASTETXEENTZAT HITZARTUTAKO UNITATEAK MURRIZTEAK ERAGINDAKO KALTEAK ARINTZEKO

Erabakia, 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetan hitzartutako unitateak gutxitzeak ukitutako ikastetxeei diru-laguntza zuzenak emateari buruzkoa, Administrazioa, Euskadiko Irakaskuntza Pribatuko Enpresarien Elkarte eta Erakunde Sindikalen arteko 1997ko ekainaren 5eko Akordioa betetzeko

EAEko Administrazioaren eta Irakaskuntza Pribatuko erakunde patronalen eta sindikatuen artean 1997ko ekainaren 5ean hartutako Akordioa aplikatuz - 2010/2011 eta 2011/2012 ikasturteetan hitzartutako unitateak murrizteak eragindako ikastetxeei buruzkoa, alegia- Gobernu Batzordeak ikastetxeei 185.604 euroko dirulaguntza ematea erabaki du gaur.

 

  

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

EUSKO JAURLARITZAK ABIAN JARRI DU ALOKAIRUKO ETXEBIZITZETARAKO BITARTEKARITZA PROGRAMA, ETXEBIZITZAK MERKATU LIBREAN BAINO MERKEAGO ALOKATZEKO

Dekretua, Merkatu Libreko Etxebizitzak Alokatzeko Bitartekaritza Programa sortzeko dena (AAP Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa)

Diru sarreren muga 39.000 euro izango da.

Udalerriaren arabera 400 eta 650 euro bitarteko errenta ordainduko da.

Gobernu Kontseiluak onetsi duen dekretu baten bidez etxebizitza libreen alokairuaren merkatuko Bitartekaritza Programa sortu da (ASAP, Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa), etxebizitza pribatuak neurrizko prezioetan alokatu daitezen.

Programa berriaren bitartez aukera eman nahi da etxebizitza pribatuak alokairuen merkatuan sar daitezen, errentarientzat arrazoizkoa izango den prezioan. Horretarako, Etxebizitza Sailak jabeei bermatu egingo die errenta kobratuko dutela, defentsa juridikoa izango dutela eta kalteak konponduko zaizkiela, kontingentzia horiek estaliko dituzten aseguru polizak kontratatuz.

Jabeei eskaintzen dizkien bermeen trukean Eusko Jaurlaritzak alokairuen gehieneko prezioak finkatuko ditu, eta merkatu librekoak baino prezio txikiago eta lehiakorragoak izango dira. Horrela, euren inguruabar sozioekonomikoengatik merkatu libretik kanpo geratzen diren etxebizitza-eskatzaileek alokairuko etxebizitza eskuratzeko aukera gehiago izango dute.

Eusko Jaurlaritzak, programa bideratzeko, agente laguntzaile gisa jardungo duten bitartekari homologatuen sarea sortu du.

Udalerriaren arabera 400 eta 650 euro bitarteko errenta ordaindu beharko da. Urtean 7.000 eta 39.000 euro bitarteko diru sarrera ponderatuak dituzten pertsona guztiek alokatu ahal izango dituzte horrelako etxebizitzak.

 

Maizterrak
Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribaturiko pertsonak Programako eskatzaile bihurtuko dira besterik gabe, alokairuko etxebizitza eskatzen badute eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Errentamendu kontratua egiten den eguna baino bi urte lehenagotik, inongo etxebizitzaren jabetzarik, azalera eskubiderik edo gozamen eskubiderik ez izatea. Alde batera utziko dira babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudiek aurreikusitako salbuespenak

b) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon bera edo, gutxienez, bizikidetza-unitateko kideetako bat.

c) Urtean 7.000 eta 39.000 euro bitarteko diru sarrera haztatuak izatea, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 38/2009 Dekretuaren 23. artikuluak, edota horren ordezko araudian aurreikusitakoarekin bat etorrita.

d) Etxebizitzen errentak ez dezala bere urteko diru-sarrera haztatuen %30 gainditu.

Programan parte hartu nahi duten pertsona fisikoek edo bizikidetza-unitateek izena eman behar dute Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan. Programako etxebizitza bati uko eginez gero, Erregistroko inskripzioa kendu egingo da, erregistroaren arauak diona errespetatuz.

 

Lehentasun irizpideak
Lehentasun irizpide hauek erabiliko dira:
    a) Bizikidetza unitatearen urteko diru sarrera ponderatuak egokiak izatea etxebizitzak duen errentarako.
    b) Zein udalerritako etxebizitza eskatzen den.
    c) Etxebizitzaren ezaugarriak egokiak izatea bizikidetza unitateko kideen kopururako.
    d) Antzinatasuna, hau da, eskatzailea noiztik dagoen inskribatuta Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan.

Etxebizitza Sailak etxebizitza-eskatzaileen zerrenda egingo du lehentasun irizpideen araberako hurrenkeran, eta bide telematikoetatik agente laguntzaileei bidaliko die, euren jardueraren lurralde eremuaren arabera.

 

Etxebizitzen baldintzak
Programan sartu ahal izateko, etxebizitzek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
    a) Inolako babes publikorik ez izatea.
    b) Lehenengoz okupatzeko lizentzia edukitzea.
    c) Egituraren eta eraikuntzaren egokitasunari eta bizitzeko egokitasunari buruzko baldintza orokorrak betetzea.
    d) Txukun eta garbi egotea.
    e) Sukaldea eta bainugelak altzariz hornituta edukitzea. 
    f) Ez egotea lehendik alokatuta, ez okupatuta, eta alokatzea eragotziko lukeen bestelako mugarik ere ez izatea.
    g) Sailaren iritziz alokairuko etxebizitzen eskari nahiko handia dagoen udalerri edo eskualde batean egotea.

 

Jabeen betekizunak

Jabeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, besteak beste:

a) Etxebizitzaren kudeaketa osoa etxebizitzaren ardura hartu duen agente laguntzailearen esku uztea; tartean, errentamendu kontratuetako fidantzak gordailutzeko eta berreskuratzeko kudeaketa.

b) Agente laguntzaileari ordainsaria ematea:

    1) Etxebizitzaren lehenengo errentamendu kontratuko hileko errenta bat. Ordainsari hori kontratua sinatzen den unean bertan sortuko da.
    2) Lehen kontratuaren ostean etxebizitza lehengo maizter berari alokatzeko egiten diren errentamendu kontratuetako bakoitzean, hileko errenta baten erdia. Ordainsari hori ere kontratu bakoitza sinatzen den unean sortuko da.
    3) Lehen kontratuaren ostean etxebizitza beste maizter bati alokatzeko egiten diren errentamendu kontratuetako bakoitzean, hileko errenta bat. Ordainsari hori ere kontratu bakoitza sinatzen den unean sortuko da.
    4) Komisio bat, gehienez ere errentaren ehuneko hiru. Ordainsari hori hilero sortuko da kontratuak indarrean dirauen bitartean.

 

Agente laguntzaileak

Eusko Jaurlaritzaren agente laguntzaileek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte, besteak beste, homologazioa lortzeko:
    a) Higiezinen jabetzako agentea izatea edo, bestela, pertsona fisikoa edo legez eratutako pertsona juridikoa izatea, arlo horretako inolako titulurik ez duena eta inongo elkargo ofizialetako kide ez dena baina Higiezinen eta Garraioaren Sektoreetako Presako Liberalizazio Neurriei buruzko maiatzaren 20ko 10/2003 Legearen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituena higiezinen arloko bitartekotzan aritzeko.

    b) Jarduera horretan gutxienez 5 urte egin direla frogatzea.
    c) Establezimenduren bat edukitzea jendearentzat zabalik, irisgarritasuna bermatzen duena.

    d) Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea jarduerarako, gutxienez urtean 600.000 euroko estaldura duena.

 

Eginkizunak:
Agente laguntzaileek eginkizun hauek izango dituzte, besteak beste:
a) Programari buruzko argibideak ematea jabeei nahiz errentariei, eta Eusko Jaurlaritzak errentamenduaren sustapenerako laguntza publikoen gaineko informazioa emateko antolatzen dituen ekintzetan laguntzea, eta horien tramitazioa erraztea hala behar denean.

b) Jabeen eta errentarien arteko kontratuak sinatzen direnean bitartekari lanak egitea.

c) Errentamendu harreman egokiak ahalbidetzea, eta kontratuaren iraunaldian sortzen diren gatazketan adostasuna bilatzeko bitarteko gisa aritzea, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren lurralde ordezkaritzek eskaintzen dituzten doako zerbitzu publikoak lehentasunez erabiliz.

d) Programarako etxebizitza libreak ekartzea.

e) Etxebizitzak programan sartu ahal izateko egokitze obrak egin daitezela proposatzea eta amaitutakoan obra horiek ikuskatzea.

f) Etxebizitzaren egoeraren inbentario osoa egitea, jabeari egoera berean itzuliko zaiola bermatzeko.

g) Errentamendu kontratuetako fidantzak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren lurralde ordezkaritzetan gordailutzeko eta handik berreskuratzeko kudeaketak egitea errentatzaileen izenean.

h) Programarako ekartzen dituen etxebizitzak kudeatzea, berak bakarrik.

i) Alokairu zikloren bat izan duten etxebizitzen kasuan, berriro okupatu daitezen ahalegintzea.

j) Etxebizitza bakoitza balizko errentariei erakustea, Sailak igorritako zerrendan ezarritako lehentasun hurrenkerari hertsiki jarraituz, harik eta pertsona edo bizikidetza-unitateren batek etxebizitza onartu arte.

 k) Errentamendu kontratuari dagozkion zergen likidazioa tramitatzeko kudeaketak egitea.

l) Kontratua amaitutakoan errentariak etxebizitza borondatez uzten duenean, etxebizitza berreskuratzea.

m) Errentamendu kontratua amaitutakoan etxebizitza ikustera joatea, nola dagoen ebaluatzeko, inbentarioa egiaztatzeko eta kalterik badagoen begiratzeko, eta txostena egin ondoren fidantza osoa itzultzea, errentatzaileak berariaz baimena emanda, edo bestela fidantzaren zati bat itzultzea, kalteak konpontzeko eta inbentarioa lehengoratzeko kostuak deskontatu ondoren, edo fidantza osoa atxikitzea.

 

Aseguru polizak
Sailak behar diren aseguru polizak kontratatuko ditu. Hauek izango dira gutxieneko kapital aseguratuak:

    a) Edukitzailea: 50.000 euro lehen arriskurako

    b) Edukia: 10.000 euro

    c) Erantzukizun zibila: 180.000 euro

Aseguru polizen primak 2012an eta 2013an ordaintzeko 761.094 euroko aurrekontu-kreditua sortu da.

 

Programan onartuko diren gehieneko errentak honakoak dira:

 

Etxebizitza babestuen gehieneko prezioen zonak   Bitartekaritza Programako gehieneko errentak hilean
Donostia            650
Bilbo/Gasteiz            600

Araba: Laudio,

 Bizkaia: Amorebieta, Barakaldo, Basauri, Berango, Bermeo, Bilbo, Durango, Erandio, Ermua, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Leioa, Mungia, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Sopelana.                                                                                                                                                                                              

 Gipuzkoa: Andoain, Arrasate, Astigarraga, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Tolosa eta Zarautz. 

           550

Araba: Agurain, Amurrio, Oion.

Bizkaia: Abadiño, Abanto Zierbena, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Bakio, Balmaseda, Barrika, Berriz, Derio, Elorrio, Etxebarri, Gorliz, Güeñes, Igorre, Iurreta, Larrabetzu, Lekeitio, Lemoa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Markina-Xemein, Muskiz, Ondarroa, Urduña, Ortuella, Plentzia, Sondika, Ugao, Urduliz, Trapagaran, Zaldibar, Zalla, Zamudio, Zaratamo, Zeberio, Zierbena, Ziortza-Bolibar.

Gipuzkoa: Aretxabaleta, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Elgoibar, Eskoriatza, Getaria, Ibarra, Lazkao, Legazpia, Oñati, Ordizia, Orio, Soraluze, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zestoa, Zizurkil, Zumaia, Zumarraga. 

           475
Gainerako udalerriak            400


Egitarau hau 2018ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.


 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZARAKO ORDAINKETA BAKARRERAKO ETA EUROPAKO ERKIDEGOKO ZUZENEKO BESTELAKO LAGUNTZETARAKO 53.000.000 EUROKO GASTUA BAIMENDU DA

Erabakia, nekazaritzari eta arrantzari EBren "ordainketa bakarreko" laguntzen erregimenak eta laguntza zuzenen beste erregimen batzuk finantzatzeko 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 53.000.000 euroko gastua onartu du gaurko bileran 2012an nekazaritza eta abeltzaintzarako ‘Ordainketa bakarreko’ Europako erkidegoko laguntzen erregimena eta zuzeneko bestelako laguntza-erregimenak gauzatzeko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Pilar Unzaluren proposamenari, baimena emanez 2012ko ekitaldian guztira 39.000.000 euro bideratzeko Ordainketa Bakarrera (lotu gabekoa), 8,5 milioi Lotutako Ordainketara, eta 5,5 milioi beste laguntza espezifiko batzuetara.

Laguntza horiek guztiak Nekazaritzaren Europako Berme Funtsaren (NBEF) kargura finantzatzen dira, eta baldintza guztiek betetzen direla egiaztatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak ordainketa egiten du.

Ekitaldi honetarako aurreikuspena da Ordainketa Bakarraren bitartez (loturarik gabe produktu baten produkzio espezifikoarekin) guztira 10.774 nekazari edo abeltzain onuradun izatea, eta guztira 124.816 eskubide ordaintzea; eta, Lotutako Laguntzen bitartez (behi inudea eta azukre-erremolatxa) 7.795 nekazari eta abeltzain onuradun izatea, eta guztira 51.080 Azienda Unitate Larri (AUL) babestu eta 115.029 hektarea onartu izatea.

Bestalde, Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 Erregelamenduaren (EE) 68. artikulua aplikatuz, laguntza espezifikoak ematen dira tabako, azukre, haragi-behi, lekale, behi inude, ardi-ahuntzen edo produkzio sektoreetan eta esnearen sektorean.

Gaurko bileran ere Pilar Unzalu sailburuaren Agindua jakinarazi da, eta horren bitartez 2012ko kanpainarako laguntzen deialdia egiten da eta egokitzen dira, adierazitako zenbatekoarekin.
 

 

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ARRANTZAKO AHOLKU BATZORDEA ERATZEN DUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Arrantza arloko Aholku Batzordea sortzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran Arrantzako Aholku Batzordea eratzen duen Dekretua onartu du, eta organo hori beren jarduera arrantzaren esparruan garatzen duten gizarte-sektore guztien partaidetzarako gune bat da.

Arrantzako Aholku Batzordearen funtzioen artean dago sektorean eragina duten alderdiei buruzko txostenak lantzea; arrantzaren arloko proposamenak eta gomendioak egitea dagokion erakunde, administrazio eta agenteei; eta, hausnarketarako aurkezten diren alderdiei buruz aholkatzea.

Batzordea honako erakunde hauetako ordezkariek osatuko dute: Eusko Jaurlaritza, Hazi, Azti-Tecnalia edo Elika, Euskadiko Kirol Portua SA, Arrantzale Kofradien Federazioak, OPAO, armadoreak, arrain-handizkariak eta txikizkariak, kontserba-enpresak, merkatari eta merkaturatzaileak, sektoreko sindikatu adierazgarriak, saregileak eta neskatilak, edo kontsumitzaileen elkarteak.
 

 

85.000 EUROKO DIRU-LAGUNTZA ONARTUA LATXA ETA KARRANTZAKO ARDIEN HAUTAKETA ZENTROAN BERROGEIALDI NABE BAT ERAIKITZEKO

Erabakia, koarentena-instalazio berri bat eraikitzea finantzatzeko Ardiekin SLri diru-laguntza zuzena emateko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaurko bileran, Latxa eta Karrantza arrazetako ardien intseminazio eta hautaketarako zentroari zuzenean 85.000 euroko laguntza ematea onartu du berrogeialdi-instalazio berri bat eraikitzeko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Pilar Unzalu sailburuaren proposamenari, zuzeneko laguntza hori Adiekin SL hautaketa-zentroari emanez. Euskadiko Latxa arrazako ardien hiru abeltzain-elkarteak (ACOL, AGORALA eta ELE) sozietate horretako bazkide dira.

Batzordearen martxoaren 2ko 176/2010 zenbakiko Erregelamenduak (EE) baldintza batzuk ezartzen dizkie hautaketa- eta intseminazio-zentroei baimen jakin batzuk eta albaitariaren ziurtagiria lortzeko, eta baldintza horien artean biltzen da jarduera garatzen duten lekuan berrogeialdi-instalazio bat izan behar dutela, sartu berri diren arkumeak bakarrik hartzen dituena, osasun-egoera berbera izan dezaten.

Horretaz gain, erregelamendu horrek nahitaezkoa egiten du nabea eraikia edo isolatua egotea, kanpoan dauden abereekin kontaktua guztiz saihestuz, eta, beraz, baimenik gabeko edozein pertsona sartzea eraginkortasunez eragotziz. Era berean, animalien garraiorako kamioientzako sarrera independente bat izan behar du.

Baldintza horiek betetzeko, ezinbestekoa da kokapen berri batean berrogeialdi-instalazio berri batentzako inbertsioa egitea, eta, beraz, premiazkoa da 340 m2ko nabe bat eraikitzea, gaur onartutako zuzeneko laguntzaren xede bakarra hori izanik.

Ardiekin SL enpresaren xedea da hautaketa eta hobekuntza genetikoa eta Latxa eta Karrantza arrazetako ugalketarako ardirik onenak hedatzea, Euskadiko arraza autoktonoak izanik. Esnerako gaitasuna duten arraza horiek eta lortutako esnea gazta egitera bideratzen dira, eta gazta nagusiki Idiazabalgo Jatorri Deiturara bideratzen da.

Arraza horietako ardien hobekuntza genetikorako programa arraza puruko hautaketa-helburu batean oinarritzen da, nagusiki esnearen kantitatea eta kalitatea handitzeko.
 

 

NEKAZARITZA ETA ELIKADURA BATZORDEAREN ETA KONTSEILUAREN EGIKIZUNAK ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluaren eta Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordearen egitekoak eta jarduera-araubidea zehazteko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Kontseiluaren eta Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordearen eginkizunak eta funtzionamendua ezartzen dituen Dekretua onartu du gaurko bileran.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Kontseilua sektore-eragile esanguratsuenekin euskal nekazaritza-administrazioen entzunaldiko, koordinazioko, kontsultako eta aholkularitza teknikoko organo bat da, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikadura-politiken diseinurako.

Kontseiluak sektore horretarako interesgarritzat jotzen diren gai guztiak eztabaidatuko ditu, hala nola Nekazaritzako Politika Bateratuaren (NPB) erreformak, plan estrategikoak eta sektorialak, Batzordetik igortzen zaizkion dokumentuen gainean edo Kontseiluak berak erabaki bat hartu eta bere jarrera ezarri nahi duen bestelako gaien gainean, gero Batzordera igortzeko.

Kontseiluaren presidentea Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzalu andrea izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta Eudelen ordezkariak izango ditu. Era berean, ordezkaritza izango dute nekazaritzako erakunde profesionalek, ekoizleenak, nekazaritza- eta elikadura-industriek, Basogintza Konfederazioak, Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioak, eta nekazaritza-ustiategiei aholkularitzako emateko baimendutako erakundeek.

Bestalde, Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordea Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde arteko organo bat da, nekazaritza- eta elikadura-politikak diseinatuko dituena, eta gai horien inguruko jardun-proposamenak, planak eta programak landuko dira bertan.

Batzordeak azpisektoreko planak eta programak diseinatu, eztabaidatu eta onartzen ditu, baita sustapen-neurriak ere; euskal nekazaritza-administrazioek batera agintzen dizkioten jardunak koordinatzen ditu; bere jarrera adierazten du Nekazaritzako Politika Bateratuan egindakoaren moduko erreformen aurrean; edo, osasunaren, klimaren edo merkatuen krisialdiek eragindako aparteko edo premiazko jardunak diseinatu eta onartzen ditu.

Batzordearen presidentea Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzalu andrea izango da, eta Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundien ordezkariak izango ditu.
 

 

KULTURA SAILA

EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN» PROGRAMAREN 2012KO DEIALDIA

Agindua, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako aurtengo deialdia egiteko dena.

Gobernu Kontseiluak «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programaren 2012ko deialdia egiten duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Agindu horren bidez, 21 eta 30 urte bitarteko 100 pertsona (gehienez) hainbat herrialdetara joan ahal izango dira lankidetza-proiektuetan parte hartzera. Hautatutako gazteak eta proiektuak Kulturako sailburuak 2011ko abenduaren 13an emandako Aginduaren bitartez aukeratu dira (Kulturako sailburuaren 2011ko abenduaren 13ko Agindua, garapen-lankidetzarako entitateei dei egiten diena Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2012ko «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkezteko).

Programaren helburua da Euskadiko gazteen artean elkartasunaren balioa sustatzea eta garapen-lankidetzarako ekintzetan sentsibilizatzea. Hori dela eta, Euskadiko gazteak lankidetzaren kontzeptura hurbiltzeko helburuari eutsiko zaio, bai eta ekintza horiek bertatik bertara ezagutzeko aukerari ere. Esperientzia hori aberasteko eta osatzeko, informazio eta orientazio jardunaldiak antolatuko dira.

Bidaia-gastuetarako eta, hala badagokio, hautatutako pertsonak destinoko herrialdean sartzeko bisaren gastuetarako programa honek 2012ko ekitaldirako guztira duen gehieneko zenbatekoa 155.000 eurokoa da. Zenbateko hori handitu egin ahalko da agindu honen Xedapen Gehigarrian zehaztutakoaren arabera.