2012/05/15 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
225 laguntza bekaren deialdia
290.593 euro ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza-jardueretarako
2012.ko Fisikaren Olinpiada
190,591 milioi euro hezkuntza-itunetarako
175.000 euro ikastetxe pribatuetako irakasleen prestakuntzarako
Klasea atzerriko hizkuntzaz emateko marko bateratu europarraren tituluak ezagutzen dituen dekretua
Pirinioetako Lan Elkartea
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Mugikortasun jasangarriaren lege-proiektua
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Langileen 2013ko jaiegunen egutegi ofiziala onartu da
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egiteko agindua
Akordio-proposamena. Horren bidez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ente publikoak izan ditzakeen lanbide-taldeen araberako egiturazko lanpostuen gehienezko mugak aldatu egiten dira
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
1.269.872 euroko laguntzen deialdia, ingurumen babeserako enpresen inbertsioetarako
Eusko Jaurlaritzak 220.000 euroko diru-laguntza onartu du garapen jasangarrirako euskadiko ingurumen estrategiaren barruan ekimenak egiten dituzten erakundetarako
Baserri-giroko establezimenduetan inbertsioak egiteko 130.435 euroko dirulaguntzen deialdia
KULTURA SAILA
Jaurlaritzak 72.600 euro jarriko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko antzerkietako egoitza-proiektuetarako
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

225 LAGUNTZA BEKAREN DEIALDIA

Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez lankidetza-beketarako deia egiten da 2012-2013 ikasturterako.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaurko egunean agindu bat onartu du. Agindu horren bidez, laguntza bekak izeneko izaera bereziko ikasketetarako beken deialdia egiten da, 2012/2013 ikasturterako.

Dirulaguntzen zenbatekoa guztira 697.500 eurokoa da, eta horren bidez 225 laguntza beka emango zaizkie, hain zuzen, titulu ofizialak lortzeko ikasketetako azken urtea egiten ari diren eta unibertsitateko ikastegietan lagundu nahi duten Euskadiko auzotartasuna duten ikasleei.

Laguntza hauen onuradunek, ikasketak egiteaz gain, egunero hiru orduz lagunduko dute Unibertsitatean dagokien departamentuan. Ikasten ari diren alorrarekin zerikusia duten irakaskuntza edo ikerketa lanetan arituko dira.
 

 

290.593 EURO IKASLE IJITOEI ZUZENDUTAKO HEZKUNTZA-JARDUERETARAKO

Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, zeinen bidez irabazi asmorik gabeko zenbait erakunderi dei egiten baitzaie, hain zuzen ere, eskola esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lankidetzan jarraitu nahi dutenei.


Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran agindu bat onartu du eta agindu horren bidez dirulaguntzak deitzen dira eskolaren esparruan ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza-jarduerak garatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lankidetzan hasi edo jarraitu nahi duten irabazi asmorik gabeko erakundeentzat.

Agindu honek, 290.593 euroko aurrekontu bat duenak, ondorengo helburuak, batez ere, lortzeko urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra 2012. urtean egingo diren jarduerak diruz laguntzea du helburu: ikasle ijitoen eskola-arrakasta areagotzea eta kulturen arteko elkarbizitza hobetzea.
 

 

2012.KO FISIKAREN OLINPIADA

Erabakia, 2012 Fisikaren Olinpiada antolatzeko Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomiari dirulaguntza zuzen bat ematen diona.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du UPV/EHU Euskal Herriko Unibertzitateari dirulaguntza zuzen bat, 25.000 euroko zenbatekoan, ematea baimentzeko erabakia, 2012.ko Fisikaren Olinpiada ospatzeko.

 

   

190,591 MILIOI EURO HEZKUNTZA-ITUNETARAKO

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gasturako baimentzeko 2012/13 ikasturteko 2012ko irailatik abendua bitarteko aldirako ikastetxe pribatuen hezkuntza-itunen finantziatzeko.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasurteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasurterako unitateak zehazteko dei egiten duen agindua.

Ikastetxe pribatuetako hezkuntza-itunek 190,591 milioi euroko aurrekontua du 2013/12 ikasturteko 2012ko irailetik abendura arteko aldirako.
 

 

175.000 EURO IKASTETXE PRIBATUETAKO IRAKASLEEN PRESTAKUNTZARAKO

Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteei diru-laguntzak emateko deialdia egiten da, 2012-2013 ikasturtean ikastetxe horietako langileek prestakuntza-jarduerak egin ditzaten.

Gobernu Bilerak, gaur, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Unibertsitateaz kanpoko Hezkuntzako Zentro Pribatuekin estatutu- edo arauzko harremanak dituzten Federazio eta Elkarteei zuzendutako diru-laguntzetarako deialdia egiteari buruzko Agindua onartu du. Diru-laguntzak hauek, 2012-2013 ikasturtean zehar, aipatutako zentro hauen Irakasleen Prestakuntza burutzearren emango dira.

Deialdia 175.000 eurokoa da eta beraren helburua dira, batetik, Eskola 2.0 programa sustatzeko eta horretan parte hartzeko jarduerak, eta, bestetik, batez ere oinarrizko gaitasunak garatzeko eduki didaktiko edo curricularrak.
 

 

KLASEA ATZERRIKO HIZKUNTZAZ EMATEKO MARKO BATERATU EUROPARRAREN TITULUAK EZAGUTZEN DITUEN DEKRETUA

Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats- arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza- gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena.

Atzerriko hizkuntzaz irakatsi ahal izateko baldintzak arautzen dituen dekretu bat onartu du Gobernu Kontseiluak gaur. Gaur egungo estatu mailako legeriak xedatzen duenez, B2 da beste hizkuntza batzuez irakatsi ahal izateko behar den maila eta, normalean egiten den legeri horren interpretazioaren arabera, titulu hori Hizkuntza Eskola Ofizialak (HEO) eskaintzen dituen titulazioetara mugatzen da. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egin duen araudiak HEO ez diren beste erakunde batzuen baliokidetasunak ezartzen ditu, baita baliokidetasunen ondorioetarako baliagarri izango diren esparru bateratu europarraren erreferentziak ere.

Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematen denean, Cambridge-ko Unibertsitateak eskaintzen dituenak bezalako prestigio ezagutuko tituluak (First, Advance), Frantziako Hezkuntza Ministerioarenak (DELF) edo Goethe Institutuarenak (Goethe-Zertificat) izango dira Matematikak, Fisika edo Gizarte Zientziak bezalako arloak atzerriko hizkuntza horietaz irakasteko baliagarri. “Legeri honekin egoera bidegabe bati ematen zaio amaiera eta, horri esker, irakasleek, berme guztiekin titulazioak badituzte, ez dituzte beste azterketa batzuk egiteko denbora eta dirua galdu behar “, azaldu du Isabel Celaák, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak.

Halaber, atzerriko hizkuntzez irakasteko baliagarri izango diren titulazioen katalogoak bizirik jarraitzeko ibili beharreko bidea zein den markatzen du ere dekretuak. Hezkuntza sailburuak bere gain hartu beharko du onartutako tituluak hartzen dituen araudiaren eranskina gaurkotuta izatearen ardura. Era berean, legezko testuak beste bide alternatibo batzuk ezartzen ditu, hauek esate baterako: Filologian, Filosofia eta Letretan (Filologia atala) eta Itzulpen eta Interpretazioan lizentziatura bat edo gradu baliokidea izatea, Itzulpen eta Interpretazioko diplomatura bat izatea eta, Lehen Hezkuntzaren kasuan, Maisu-Maistra izatea, Atzerriko Hizkuntzaren espezialitatearekin. Kasu guztietan titulazio horien ikasketak klasea eman nahi den hizkuntzan egin beharko dira.
 

 

PIRINIOETAKO LAN ELKARTEA

Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Pirinioetako Lan Elkartearen lankidetza-esparruan ikerketa-sareak eta Teknologia-Ikerketa eta -Garapeneko proiektuak garatzeko laguntzak emateko deialdia egiten duena (2012-2013).

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak aurkeztuta, Gobernu Bilerak, (2012-2013) Pirinioetako Lan-Elkartearen eremuaren barnean Ikerketa-Sareen Garapena eta Ikerketa edota Garapen Teknologikorako Proiektuak sustatzearren, diru-laguntzetarako deia egiten duen Agindua onartu du.

2012 eta 2013 ekitaldietan zehar, diru-laguntza hauen zenbateko osoa 180.000 eurokoa izango da. Diru hori hurrengo alorretan Pirinioez haraindiko lankidetza-programak abian jartzeko izango da, hain zuzen ere: Ikerketa-Sareen Garapenerako eta Ikerketa edota Garapen Teknologikorako Proiektuak.

Lehenik, Ikerketa-Sareen Garapenerako Proiektuaren kasuan, eskualdearteko sare tematikoen jarduerak finantzatuko dira, baldin eta sare horiek, Pirinioetako Lan Elkarteko hiru eskualde ezberdinetako hiru ikerlarik gutxienez osatzen badituzte eta mugaz haraindiko izaera badute.

Azkenik, Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Proiektuen xedea ikerkuntzaren eremuan ekintza bateratuak aurrera eramatea da, bide batez, Pirinioetako Lan Elkarteko eskualde ezberdinetako unibertsitateen, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen eta enpresen arteko lankidetza erraztuz, beti ere, proiektu zientifiko eta teknologiko originalen barruan eta ikerketa eta garapen alorrean egun dauden baliabide desberdinen elkartrukea faboratzea dela medio.
 

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN LEGE-PROIEKTUA

Jaurlaritzaren Kontseiluak mugikortasun jasangarriaren lege-proiektua onartu du. Mugikortasun jasangarriaren legeak euskal administrazio publikoek eta beste eragile publiko nahiz pribatuek burutzen dituzten ahalegin eta ekimen guztien erreferentzia-esparru orokorra izan nahi du.

Testuak helburu bera duten mugikortasunaren inguruko ekintza eta plan guztiak sistematizatu eta bateratu egiten ditu, mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik herri baten ikuspegi partekatu bat sortzeko.

Lege-proiektua mugikortasun jasangarriaren kontzeptu eta irismen zabal batean oinarritzen da. Horrela, bada, jasangarritasunak orain arte izan duen ingurumenari lotutako dimentsioaz aparte, –mugikortasunak inguruan eragin ditzakeen ondorioak arintzea baitzuen helburu nagusi–, lege honek garrantzi handia ematen die jasangarritasun ekonomikoa eta sozialari ere.

Jasangarritasun sozialean arreta berezia jartzen du, mugikortasunak, kohesio soziala bermatu ez ezik, bultzatu ere egin behar duelako, garraio-sistema irisgarrien bidez.

Irisgarritasuna bultzatuz, lortu nahi da, garraiobideak ez bihurtzea desgaitasuna eragiten duten elementuak mugikortasun txikia edo bestelako arazoren bat duten pertsonentzat, eta hori ez izatea garraio publikoak ez erabiltzeko arrazoi.
Era berean, irisgarritasunak esan nahi du garraio publikoak guztiok ordaintzeko modukoak izan behar dutela, eta azkenik, garraiobideek, norberaren bizilekua gorabehera, garraio-sareetarako antzeko irisgarritasun-maila bertsua ahalbidetu behar dute guztiontzat.

Horrekin guztiarekin, mugikortasun jasangarriak lagundu behar du aukera-berdintasuna lortzea herritar guztientzat, inguruabar pertsonal edo sozialak alde batera utzita.

Jasangarritasun ekonomikoaren ikuspuntutik bi helburu ezarri dira. Lehenengo eta behin, mugikortasuna behar bezala bideratu behar da, euskal ekonomia eta lurraldea bera lehiakorragoak egiteko.

Bigarrenik, eta hau berria da, garraio-azpiegitura berrietan eta garraio-zerbitzu berrietan egin beharreko inbertsioak ekonomiaren eta finantzaketaren aldetik bideragarriak diren jakiteko analisi bat egin beharra aurreikusten da, halako moldez non azpiegituren plangintza bat egingo den, arrazionaltasun- eta objektibitate-parametroetan oinarrituta, lehentasuna ratio ekonomiko eta sozial handiagoa duten proiektuei emateko.

 

Orokorra

Mugikortasun jasangarria kontzeptu berria denez, eta ikuspegi juridikotik ez oso zehatza eta nahiko anbiguoa, proiektuan definizio-zerrenda bat sartu da, bai eta hainbat helburu ere, gaia argitzeko, bai operadore juridikoei, bai mugikortasunean diharduten eragileei.

Testua saiatzen da mugikortasun jasangarriko ekimenak onartzeok eduki eta atalase zehatzegiak ez ezartzen, hori ez baita oso egokia luze iraun nahi duen lege batentzat. Aitzitik, mugikortasunaren arloko eragileek beren jarduera kudeatzeko barneratu behar dituzten plangintza-tresnak eta urratsak ezartzen ditu lege-proiektuak.

Plan eta plangintza-tresna horietan txertatu beharko dira mugikortasunaren inguruko eduki eta atalaseak, eta onartzen diren momentuko inguruabarren arabera, edukiak ere aldatuz joango dira.

 

Plangintza-tresnak

Herri administrazio bakoitzaren eskumenak errespetatuta, Euskadiko Mugikortasun Plana onartzea aurreikusita dago lege-proiektuan, gainerako plan guztien plan orokorra izango dena, alegia. Hamar urterako plana da, bi urterik behin berrikusi ahal izango dena.

Erreferentziako epe horretan mugikortasun jasangarriaren alorrean Euskadin lortu behar diren helburuak daude bilduta planean, eta mugikortasun-planen kuantifikazio-eta monitorizazio-tresnak eta hainbat jarraibide aurreikustearen beharra ere. Ildo horretan, beren-beregi adierazten da garraioak sorrarazitako kanpo-kostuak barneratzen joateko helburuak eta jarraibideak finkatu behar direla.

Euskadiko Mugikortasun Planak trenbide-sarearen planifikazioa ere bilduko du. Nahiz eta Plan hau beste guztien gainetik egongo den, lege-proiektuan aurreikusita daude lurralde historikoetako mugikortasun-planak eta hiri planak, 20.000 biztanletik gorako udalerrietan nahitaezkoak izango direnak.

Era berean, hainbat udalerrik hala erabakitzen badute eta euren herrietako mugikortasuna integratua badago, baterako planak egin ahal izango dituzte, partzuergo modura zein beste era bateko erakunde-lankidetza baten bidez.

Azkenik, euskal administrazioen planekin batera, lege-proiektuak jarduera-zentroen mugikortasun-planak ere aurreikusi ditu, hau da, ikastetxeek, aisialdi-zentroek edo lantokiek mugikortasun-plan propioak egin beharko dituzte. Plan horietan, sortzen duten mugikortasuna aztertuko dute eta hori egoki kudeatzeko garraio kolektiboa, auto partekatuak edota telelana ezartzeko neurriak abiaraziko dituzte.

Euskadiko Mugikortasun Plana garatzean zehaztuko da mugikortasun-plan propioak egitera behartuta dauden zentroak, eta, behartuta egon ez arren ere, gainerako jarduera-zentroetan plan horiek egitea bultzatuko da.

Plangintza-tresna guztietan, aurreikusitako neurrien ebaluaziorako eta jarraipenerako tresnak finkatu beharra ezartzen du lege-proiektuak.

 


Mugikortasun-politiken finantzazioa

Lege-proiektuaren arabera, neurriak hartuko dira baliabide publikoak ekonomiaren eta eraginkortasunaren irizpideak oinarri hartuta kudeatzeko.

Horretarako, azpiegiturak finantzatzeko inbertsio-programak egin beharko dira; administrazio bakoitzak egin beharko ditu bakoitzaren ratio ekonomiko-sozialen arabera, aukera batzuk lehenetsiz.

Inbertsio-programekin batera, garraioen zerbitzu-planak ere aurreikusita daude. Horietan, aztertu egin beharko dira, kudeatzeko modua, bideragarritasuna, premia eta beste zerbitzu publiko batzuekin bat egiten duten.

Era berean, higiezin- eta produkzio-proiektuak burutu aurretik, horiek garraio-sisteman edo garraio-sarean txertatzeko proiektu bat egin beharko da, ezarritako mugikortasun-sistemari nola eragingo dion zehaztuko duena. Horrez gain, mugikortasunean duen eraginari konponbidea emateko sustatzaileak zehaztu egin beharko ditu hartuko dituen formulak, mugikortasun-trafiko berriei zerbitzua emateko ezarriko den zerbitzu berria finantzatzea, esaterako.

Administrazioek erabakiak hartu behar dituztenerako eraginkortasun eta arrazionaltasun ekonomikoaren irizpideak txertatzeko bitartekoen artean, 16. artikuluak bideragarritasun-azterlan bat egiteko beharra jasotzen du: azterlan horretan garraio-azpiegitura edo -zerbitzu bat sortu, aldatu edo egokitzeak eragiten dituen aukera-kostua eta eragina ebaluatuko da, ekonomikoki bideragarria den, eskaririk badagoen, eta abar.

Edozein inbertsio egiteko eta beste edozein zerbitzu martxan jartzeko ezinbestekoa izango da bideragarritasun-azterlan bat egitea, eta azterlan horrek erakustea errentagarritasun ekonomikoaren eta sozialen ratioak betetzen direla. Salbuespen gisa, gerta liteke, interes orokorreko arrazoiek inbertsioa justifikatzea, nahiz eta ratio horiek ez bete.

 

Gobernantza kontuak

Lege-proiektuaren bidez, garraio sektorea eta arloko beste eragile pribatu batzuk Euskadiko Garraio Agintaritzan sartuko dira. Agintaritzari gainera, egiteko gehiago emango zaizkio, topagune izan dadin mugikortasunaren inguruan esku hartzen duten alderdi guztientzat: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundi, udal eta mugikortasunarekin oso lotuta dauden eragile pribatuentzat.

Lege-proiektuak Euskadiko Garraio Agintaritzari ematen dio gainerako administrazioek egin beharreko hainbat ekimeni buruzko txosten derrigorrezkoak egiteko ardura, (besteak beste, mugikortasun-planei buruzkoak), eta ardura horrek administrazioen gobernantzarako organorik garrantzitsuena egiten du Garraio Agintaritza, gainerako eragileen ekintzak koordinatu eta adostea egokituko baitzaio.

 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

LANGILEEN 2013KO JAIEGUNEN EGUTEGI OFIZIALA ONARTU DA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2013. urteko jaiegunen egutegia onartzen duena.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2013. urteko jaiegunen egutegi ofiziala onartu du.

Estatuaren legeak aplikatuz, 2013. urtean igande guztiak eta ondoren aipatzen diren egunak jaieguntzat hartuko dira lan ondorioetarako:

   Urtarrilaren 1a, Urteberri Eguna
   Martxoaren 28a, Ostegun Santua
   Martxoaren 29a, Ostiral Santua
   Apirilaren 1a, Pazko Astelehena
   Maiatzaren 1a, Langileen Eguna
   Uztailaren 25a, Santiago Eguna
   Abuztuaren 15a, Andra Mari Eguna
   Urriaren 12a, Espainiako festa nazionala
   Urriaren 25a, Euskadiko Eguna
   Azaroaren 1a, Domu Santu Eguna
   Abenduaren 6a, Espainiako Konstituzioaren Eguna
   Abenduaren 25a, Eguberri Eguna 

Lan ondorioetarako, 2013. urtean, tokian tokiko jaietako bi egun ere jaiegun izango dira, hau da, ordaindu egingo dira eta ez dira berreskuratu beharko. Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko lurralde-ordezkariek zehaztuko dituzte egun horiek, udaletako osoko bilkuren proposamenez. Lurralde historikoko gainerako udalerriekin batera edo aparte hartu ahal izango dira.

Egutegi ofizial hau EHAAn argitaratzen den ondorengo egunetik hasi eta hilabeteko epean egin behar dute proposamena udalek, eta beren lurralde ordezkaritzetara bidali.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

OSASUN-ARLOKO PROFESIONALAK PRESTATZEKO BEKAK ETA LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA EGITEKO AGINDUA

Agindua, osasun-arloko profesionalak prestatzeko beka eta laguntzetarako deia egiten duena.

Osasun eta Kontsumo Sailak osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egin du. Deialdia 172.610 € eurokoa da, eta ezinbesteko baldintza izango da goi-mailako edo erdi-mailako unibertsitate-tituluaren jabe izatea eta, gutxienez, eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenagotik, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea.

Lehiaketak bi modalitate ditu:

-  Atzerriko zentroetan ikastaroak eta egonaldiak egiteko bekak eta laguntzak.
- Ikertzaileen prestakuntza osatzeko eta, hala badagokio, haien jatorrizko zentroetako ikerketa jarduerak bultzatzeko egonaldiak.

Deialdi hau Osasun eta Kontsumo Sailaren politikaren ondorio da, haren helburuen artean baitu osasun-zerbitzuen kalitatea osasun-arloko profesionalen prestakuntzaren bitartez hobetzea. Orobat ikerketa eta berrikuntza Euskadiko osasun-sistemaren garapenean funtsezko osagaitzat hartzen ditu politika horrek.

Bi helburuok epe luzerako estrategia baten barruan kokatzen dira, bai osasun-arloko langileak euren lan-praktikan gaitzeko, bai langileon ikerketako eta berrikuntzako prestakuntza bultzatzeko ere, gerora Euskadiko osasun-sistemaren ikerketa-komunitatean partaide izan daitezen.
 

 

AKORDIO-PROPOSAMENA. HORREN BIDEZ, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA ENTE PUBLIKOAK IZAN DITZAKEEN LANBIDE-TALDEEN ARABERAKO EGITURAZKO LANPOSTUEN GEHIENEZKO MUGAK ALDATU EGITEN DIRA

Erabakia, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoak egiturazko lanpostuetan lanbide-talde bakoitzeko eduki dezakeen pertsonalaren gehienezko kopurua aldatzen dena.

Gobernu Kontseiluak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ente publikoak izan ditzakeen lanbide-taldeen araberako gehienezko lanpostu-kopurua eguneratzea ontsi du. Hala, bederatzi zuzendari-postu gutxiago izango ditu, zerbitzu-erakundeetan egindako berregituraketari esker.

Horrenbestez, Osakidetza 25.825 langile izatetik 25.816 langile izatera pasako da, berregituraketa horri esker.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko Legeak xedatzen du Osakidetzako langile-plantillak Gobernu Kontseiluak onetsitako lanbide-taldeen araberako gehienezko lanpostuak izango dituela. Gobernu Kontseiluak 2011ko irailean onetsi zuen, azken aldiz, lanpostuen muga ezartzeko Akordioa, eta orain eguneratu egin da.

Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluak lanpostuak amortizatzeko eta sortzeko espedientea onetsi du urte honetako otsailean, giza baliabideak egokitzeko, eta horren ondorio izan da Akordio hau.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

1.269.872 EUROKO LAGUNTZEN DEIALDIA, INGURUMEN BABESERAKO ENPRESEN INBERTSIOETARAKO

Agindua, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritako diru-laguntzetara biltzeko 2012ko deia egiten duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran erabaki du 2012an 1.269.872 euro bideratzea ingurumena babesteko inbertsioak egiten dituzten enpresentzako dirulaguntzetara.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailbururen aginduari argi berdea eman dio. Agindu horren bidez, dirulaguntzen deialdia egiten da, enpresek legeak eskatutakoz gaindiko ingurumen babeserako neurriak har ditzaten.

Deialdi honen baitan, laguntzak ondokoetarako emango dira: ingurumen babeserako indarreko neurriak gainditzeko inbertsioei zuzenean lotutako ingurumen azterlanak egiteko; hirugarrenek sortutako hondakinak "puntako teknologia" edo teknologia konbentzionalak modu berritzailean erabili kudeatzeko; eta kutsatutako orubeak saneatzeko, noiz eta kutsaduraren arduraduna ezin denean identifikatu edo ezin zaionean behartu kostua ordaintzera.

Ondokoak ere lagun daitezke diruz: berotegi-efektua eragiten duten gas emisioa gutxitzeko inbertsioak; galdaketako moldatzeko hareei balioa emateko ekipoak; ingurumena babesteko indarreko neurriak gainditzeko inbertsioen aurreko ingurumen bideragarritasuneko azterlanak, Berotegi-efektua eragiten duten gasak sortzeari, lehengaiak kontsumitzeari, hondakinak, isuriak eta emisioak sortzeari dagozkion Eskuragarri dauden Teknikarik Onenak edota inbertsioaren bizitza aztertzeko azterlanak, alegia.

Halaber, ETEentzako laguntzak azaldu dira, ingurumen aholkularitzako kanpoko zerbitzua kontratatzearen ondoriozko kostuak finantzatzeko, hain zuzen, EMAS ingurumena kudeatzeko europar erregistroan inskribatzeko; UNE 150.301 Ekodiseinuaren arauaren ziurtagiria, ekoetiketak (I mota edo III mota), karbono-lorratza edo baso aprobetxamendu jasangarriaren ziurtagiriak ezartzeko; Enpresa Baliabideak Kudeatzeko Sistemak (ERP) Ingurumen Informazioaren Kudeaketa Integralaren Sistemetara, IKS eeM sistemetara, egokitzeko.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK 220.000 EUROKO DIRU-LAGUNTZA ONARTU DU GARAPEN JASANGARRIRAKO EUSKADIKO INGURUMEN ESTRATEGIAREN BARRUAN EKIMENAK EGITEN DITUZTEN ERAKUNDETARAKO

Agindua, irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautzen eta deitzen dituena, ingurumenaren arloko boluntariotza, hezkuntza, partaidetza, prestakuntza eta sentsibilizazioko proiektuak egin ditzaten.

Gobernu Batzordeak gaur egin duen bileran 220.000 euroko dirulaguntza onartu du ingurumen boluntariotza proiektuak bultzatzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundentzat.

Horrela, Pilar Unzaluk, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, emandako aginduari bide ematen zaio. Laguntza horien helburua da irabazi asmorik gabeko erakundeei ematen zaien dirua erregulatzea eta horretara lotu ahal izango dira, 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31era arte, ingurumenaren alde egiteko boluntariotza, hezkuntza, informazio, parte-hartze, formazio eta sentsibilizazio ekimenak bultzatzen eta burutzen dituzten erakundeak eta garapen jasangarrirako Euskadiko ingurumen estrategiaren testuinguruarekin bat datozenak.

Onartu den 220.000 euroko diru-laguntza horrekin lurraldeko ingurumena edota bertako espezieak hobetzeko eragina izan dezaketen proiketuak lagunduko dira. Baita ere, ingurunearen informazioa bildu, zonalderen bati balioa eman, kudeaketa hobea egin edota bertako espezieren baten babeserako ezagutza ekarriko dutenak. Azkenik, hiritarrak inplikatu eta ingurumenaren alde lanean jarriko dituztenak edota ezagutzan, balorazioan, prebentzioan eta ingurumen arazoak ekiditzekotan sakontzen dutenak ere lagunduko dira diruz.
 

 

BASERRI-GIROKO ESTABLEZIMENDUETAN INBERTSIOAK EGITEKO 130.435 EUROKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Agindua: honen bitartez, laguntza deialdia egiten da 2012 ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko landa turismoko establezimenduetan inbertitzeko diru-laguntzak emateko erregimena arautzen duen azaroaren 11ko 184/2008 Dekretuaren babesean.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko baserri giroko establezimenduetan inbertsioak egiteko. Zenbateko osoa 130.435 eurokoa da.

Kontseiluak dirulaguntzen deialdia onartu du; izan ere, 90.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ordainduko dira eta 40.435 euro, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura.

Deialdi honen bidez diruz laguntzeko moduko jarduketak zuzenean egon behar dira lotuta baserria edo baserri giroko establezimendua birgaitu, zabaldu edo hobetzearekin.
 

 

KULTURA SAILA

JAURLARITZAK 72.600 EURO JARRIKO DITU EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ANTZERKIETAKO EGOITZA-PROIEKTUETARAKO

Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko antzerkietan egoitza-proiektuetarako 2012. urtean laguntzak emateko araubidea ezartzen duen Agindua onartu du. Horretarako, 72.600 euro erabiliko dira.

Aginduaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko konpainia egoiliarren eta udal titulartasun publikoa duten harrerako gune eszenikoen arteko lankidetza-programak 2012. urtean garatzeko gastuak partez ordaintzeko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea. Diru-laguntzaren onuradunak dira ekipamendu eszeniko egonkor baten titularrak diren udalak edo udalen mendeko erakundeak.

Diru-laguntza hauetarako, guztira, 72.600 euro erabiliko dira, baina proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da.

Laguntzak zuzenduta daude jarraian aipatzen diren baldintzak bete eta gune eszenikoaren titularrak eta konpainia egoiliarrak batera aurkezten dituzten proiektuetara:

    a) Proiektua bururatzeko behar diren instalazio administratiboak, gune eszenikoa, makinaria eta material eszenikoa eta zerbitzu profesionalak erabiltzeko lagatzea, aurrez hitzartutako baldintzen arabera.
    b) Ekoitzitako ikuskizunaren emanaldia(k) edo ekoizpena egitea harrerako antzokian.
    c) Bere ingurune hurbilean antzerkia sustatzeko programa bat aurkeztea (sentsibilizazioa, ikuslegoa sustatzea, prestakuntza, dinamizatzea…), proposatzen diren helburu, jarduerak eta egutegia zehatz-mehatz azalduko dituena.
    d) Aurreko puntuan adierazitako kontzeptuak eta eskatzen den diru-kopurua jasoko dituen aurrekontu zehatza.