2012/06/05 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Gobernuak Arkauteko Ikastegiaren, Aldundien eta hiru hiriburuetako Udalen arteko lankidetzarako esparru-hitzarmena onartu du, suhiltzaileei prestakuntza emateko
Gobernuak onetsi egin ditu alderdi politikoen ohiko funtzionamendurako diru-laguntzak
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Etxebizitza Lege Aurreproiektuak Etxebizitza izateko eskubide subjektiboa eta etxebizitzaren gizarte funtzioa onartzen ditu
LEHENDAKARITZA
Euskadiren posizionamendua Nazio Batuen Garapen Jasangarriari buruzko Konferentziaren aurrean, Rio+20
HERRIZAINGO SAILA

GOBERNUAK ARKAUTEKO IKASTEGIAREN, ALDUNDIEN ETA HIRU HIRIBURUETAKO UDALEN ARTEKO LANKIDETZARAKO ESPARRU-HITZARMENA ONARTU DU, SUHILTZAILEEI PRESTAKUNTZA EMATEKO

Erabakia, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren eta foru-aldundi eta udalen artean izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua baimentzeko sute- eta salbamendu-zerbitzuetako langileen prestakuntza arloan.

Lehenengo aldiz, euskal suhiltzaileek prestakuntza-sistema koordinatua eta homogeneoa izango dute.

Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren, Foru Aldundien eta hiru hiriburuetako Udalen arteko lankidetzarako esparru-hitzarmena onetsi du, suteak prebenitzeko eta salbamenduko profesionalei prestakuntza emateko. Arkautek erakunde horietako bakoitzarekin sinatuko dituen lankidetza-akordioei esker, suteak itzaltzeko EAEko zerbitzu guztien prestakuntza homogeneo eta koordinatua lortuko da lehen aldiz. Izan ere, euskal suhiltzaile guztiak erakunde horien mendekoak dira.

Gaur egun, ez dago titulazio ofizialekin araututako lanbide-prestakuntzarik euskal suhiltzaile-kidegoak langilez hornitzeko. Beraz, Su-itzaltze, Prebentzio eta Salbamenduko Zerbitzuek euren gain hartzen dute prestakuntza. Zerbitzu bakoitzak prestakuntza ematen du irizpide heterogeneoen arabera, eta, horren eraginez, zaila da eginiko prestakuntza-ikastaroak homologatzea eta lan koordinatua egitea irizpide eta prozedura komunetan oinarrituta.

Eragozpen hori gainditzeko, Gobernuak Esparru Hitzarmena onetsi du gaur. Hitzarmen hori Arkauteko Ikastegiak sinatuko du suhiltzaile-kidego ezberdinen ardura daukaten Administrazioekin, helburu honekin: prestakuntza-prozesu koordinatuak egin ahal izatea, eraginkorragoak eta efizienteagoak. Horien bidez, erakunde ezberdinak beharrezko langileez hornituko dira euren zerbitzuak egin ahal izateko. Gainera, oinarrizko prestakuntza komuna ziurtatuko da, eta hutsik dauden lanpostuak trebatutako eta behar bezala prestatutako langileekin beteko direla bermatuko da.

Maila praktikoan, Hitzarmenak aurrez ikusitakoaren arabera, Ikastegiaren eta erakunde bakoitzaren arteko lankidetza hiru arlotan garatuko da:

       Eguneratzeko eta perfekzionatzeko prestakuntza-ekintzak programatu, antolatu eta ematea.
       Curriculumak aztertzeko orduan lankidetzan aritzea eta programak homologatzea, maila profesional desberdinetan trebakuntzarik onena eta prestakuntza-baliokidetasuna lortzeko.
       Su-itzaltze, prebentzio eta salbamendu zerbitzuetako eskala eta kategoria ezberdinetan sartzeko prestakuntza-ikastaroak egitea.

Suhiltzaile-parkeen ardura duten erakundeetako bakoitzak Ikastegiari eskatu ahal izango dio sartzeko eta igotzeko ikastaroak antolatu eta garatzeko, bai eta azken ebaluazioa egiteko ere. Halaber, Ikastegiak praktika-aldien arautzean eta ebaluazioan parte hartu ahal izango du.

Ikastaroak Ikastegiko instalazioetan zein beste batzuetan (propioak edo itunduak) egin ahal izango dira, bai eta modu deszentralizatuan ere, osorik edo zati batean, suhiltzaile-zerbitzuen euren edo horien erakundeen instalazioetan.

Ikastaroak emateko, Ikastegiak urteko deialdiak egingo ditu, irakasgai desberdinetan esperientzia eta jakintza duten irakasleak lortzeko. Horrela, laguntzaileen koadro bat egingo du, prestakuntza-jarduerak eraginkortasunez egingo direla ziurtatzeko.

Lehenengo esperientziak

Eusko Jaurlaritzak Hitzarmen hori onetsi izanak bermatu eta berretsi egiten du prestakuntza-mailan Arkauteko Ikastegiak duela hilabeteetatik hona foru- eta udal-erakundeekin mantentzen duen lankidetza-politika. Izan ere, EAEko suhiltzaile-kidegoak erakunde horien mendekoak dira. Politika horren barruan, joan zen udan, Arkauten lehenengo oinarrizko prestakuntza-ikastaroa eman zen Vitoria-Gasteizko Udalaren parkerako sartu berriak ziren suhiltzaileentzat. Ikastaro teorikoa eta praktikoa izan zen, 355 ordukoa, eta, horri esker, hamahiru profesional berriri eman zitzaien prestakuntza.

Horrez gain, apiriletik, Arkaute lankidetza eskaintzen ari da Bizkaiko Foru Aldundiaren parkeko sarjentuentzako lehenengo prestakuntza-ikastaroaren garapen praktikoa egiteko. Oraindik aurrera, mota horretako ikastaroak zabaldu egingo dira, eta EAEko suhiltzaile-kidego guztietako profesionalengana iritsiko dira.


  

GOBERNUAK ONETSI EGIN DITU ALDERDI POLITIKOEN OHIKO FUNTZIONAMENDURAKO DIRU-LAGUNTZAK

Erabakia, 2012. urteko funtzionamendu-gastu arruntei aurre egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden alderdi politikoei diru-laguntza ematekoa.

Aurrekontu-partida % 10 murriztu da 2011koarekin alderatuta.

Gobernu Kontseiluak, gaurko batzarrean, erabaki-proposamena onetsi du, eta, horretan, alderdi politikoei 2012rako emango zaizkien diru-laguntzen banaketa ezarri da. Partidaren xedea alderdien ohiko funtzionamenduaren gastuei laguntzea da, eta partida hori % 10 murriztu da iazkoarekin alderatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko ekitaldirako aurrekontu orokorretan 5.670.000 €-ko partida dago jasota, alderdi politikoen ohiko funtzionamenduaren gastuei diruz laguntzeko. Partida hori % 10 murriztu da 2011ko ekitaldian (6.300.000 €) banatutakoarekin alderatuta. Partida Eusko Jaurlaritzak banatuko du Alderdi Politikoak Finantzatzeari buruzko Legean ezarritako irizpideen arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak berretsitako 2009ko martxoko hauteskunde-emaitzak oinarri hartuta.

Ekitaldi honetarako diru-laguntzen banaketa honela ezarri da:

EAJ-PNV 2.281.942,75 €
PSE-EE 1.844.766,51 €
PP 885.691,79 €
ARALAR 339.520,68 €
EA 105.907,71 €
EB-B 164.096,69 €
UPyD 48.073,87 €

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

ETXEBIZITZA LEGE AURREPROIEKTUAK ETXEBIZITZA IZATEKO ESKUBIDE SUBJEKTIBOA ETA ETXEBIZITZAREN GIZARTE FUNTZIOA ONARTZEN DITU

Lege-proiektua, etxebizitzari buruzkoa.

Gobernu Kontseiluak Etxebizitza Lege Proiektua onetsi du gaur. Euskadiko Etxebizitza Legearen asmoa Konstituzioan jasotzen den etxebizitza eskubide kontzeptua eta Autonomia Estatutuan ezarritako eskumena garatzea da. Horrez gain, Euskadin Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren ondorioa da. Euskal erakundeetako eta gizarte eta ekonomia arloko 80 eragilek sinatu dute. Horrez gain, beste helburu bat, araudi zabalari eta anitzari nolabaiteko ordena ematea da.

Legearen helburu nagusia, herritarrek etxebizitza duin eta egokia izateko duten eskubidea gauzatzeko behar diren baldintzak bultzatu eta arauak ezartzea da, eta printzipio hori, etxebizitza izateko zailtasun handiak dituzten pertsonek epaitegietan exijitu ahal izango duten benetako eskubide bihurtzea.

Horrez gain:

  • Babes Publikoko Etxebizitzaren araubide juridikoa araupetzen du;
  • etxebizitzarako laguntzaren alorrean dauden prestazio publiko sistemak berriro formulatu eta antolatzen ditu, etxebizitzari buruzko prestazio guztiak integratuz;
  • hiri birgaitze eta biziberritze alorreko esku hartzea araupetzen du, hori baita Euskadiko etxebizitza politikaren ildo nagusietakoa.
  • eta “etxebizitzak duen gizarte funtzio” kontzeptuaren nondik norakoa definitzen du.

Proiektuak baditu hainbat berrikuntza. Horien artean honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste:

Etxebizitzaren eskubide subjektiboa ezartzen du. Legeak, etxebizitza baten legezko okupazio egonkorrerako eskubidea berariaz jasoko du, eskubide subjektibo gisa, etxebizitza duina eta egokia izan gabe, hori eskuratzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak ez dituzten pertsonen alde. Eskubide hori gauzatu ahal izateko, etxebizitza babestu bat, ostatu babestu bat, eta baita, bitartekaritza programen edo bestelakoen ondoriozko etxebizitza libre bat ere, alokairuan, batez ere, eskaini ahal izango da, kasu bakoitzean dagokion prezioarekin, errentarekin edo kanonarekin. Beste aukera bat, betetze hori prestazio ekonomikoen sistema bat ezarriz ere egin ahal izango da.

Eskubide hori eskatu ahal izateko testuan ezartzen diren betebeharrak honako hauek dira:

     a) Etxebizitza edo ostatu egonkor edo egoki baten jabe ez izatea. Etxebizitzaren ez egokitasunaren arrazoiak juridikoak, bizigarritasunari buruzkoak, tamainarekin erlazionaturikoak, gaitasun ekonomikoari buruzkoak edo eguneroko bizitza normalizatua zailtzen duten beste batzuk izan daitezke.

     b) Etxebizitza babestua esleitzeko eskatzaileen Erregistroan izena emanda egotea, alokairu eskatzaile izaera soilarekin. Gutxieneko antzinatasuna arauz ezarriko da.

    c) Arauz ezartzen diren mugen artean dauden urteko diru-sarrerak egiaztatzea.

Eskubide hori pixkanaka-pixkanaka ezarriko da, araudia osatu arte.

  • Lehenbiziko urtean, hiru kide edo gehiago eta 15.000 euro baino gutxiago diru-sarrerak dituzten bizikidetza unitateen beharrak beteko dira.
  • Hurrengo urtean, bi kidek osatutako 12.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten bizikidetza unitateak sartuko dira.
  • Eta hirugarren urtean, 9.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituen kide bakarrak osatutako unitateak sartuko dira.

Kasu horietan guztietan, eskubidea, Etxebiden alokairu eskatzaile gisa lau urte baino gehiago erregistraturik egonez gero eskatu ahal izango da.


Baina, eskubide subjektiboaz gain, beste hainbat berrikuntza dago testuan:

  • Prezioen eta errenten pertsonalizazioa etxebizitza babestuetan.Alokairuaren kasuan, prestazio ekonomikoen bitartez, alokairura bideraturiko diru-sarreren parteak, gizarte bazterkerian ez erortzeko aukera eman dezan. Jabetzako etxebizitzaren kasuan, sustapenaren bideragarritasuna bermatuko duen eta erosleen esfortzu ekonomikoa konpentsatuko duen Berme eta Konpentsazio Funtsaren bitartez. Jasotzaileek, beraien diru-sarreren araberako prezioa ordainduko dute.
  • Esleipenerako lehentasunezko irizpideen sarrera. Lehentasuna, familia edo bizikidetza unitateko kide kopuruaren eta etxebizitza eskatzaile gisako antzinatasunaren arabera emango da. Dena den, egin beharreko erreserbak egingo dira berriro ostatua emateko eta mendekotasun egoerak edo gizarte bazterkeria arriskuko egoerak konpontzeko.

Legeak aurreikusten duen berrikuntza nagusietakoa birgaitze alorreko erregularizazioa da, gizartearen ikuspegitik kohesio handiagoa izango duen eta iraunkorragoa izango den hiri eredurako pixkanakako aldaketa gerta dadin.

Horretarako, pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko, irisgarritasuna bezalako eskubideak bermatzeko, gizarte bazterkeria arazoei aurre hartzeko eta, etxebizitza berriaren antzeko erosotasun maila izango duten etxebizitzak merkatuan jartzeko beharrezkoak diren birgaitze prozesuak arintzeko trabak baztertuko dira.

Horretarako, lege proiektuak zenbait berrikuntza du alor horretan:
 

  • Eraikin bati, eraikin multzo bati edo hiri ingurune bati buruzko birgaitze beharraren adierazpena egiteko aukera eskaintzen du. Horrek erabilgarritasun publiko adierazpena sortuko du. Horri esker, zenbait jarduketa egin ahal izango dira, ezinbesteko desjabetzeak edo horren eragina jasotzen dutenen %50en akordioan oinarrituriko jarduketak, hain zuzen ere.
  • Eraikinen birgaitzea derrigorrez ezartzeko aukera zabaltzen da. Higiezinaren jabeen %50 baino gehiago Administrazioarekin ados baldin badago kudeaketarako borondatezko hitzarmen hau indarrean jartzeko, birgaitzea derrigorrez ezarri ahal izango zaie horren eragina jasoko duten pertsona guztiei.
  • Jabari publikoa okupatzeko aukera ematen da, energia eraginkortasunerako edo irisgarritasunerako zenbait jarduketatarako, hirigintza parametroak aldatu gabe.
  • Eraikitako ondarearen Egokitze funtzionalerako, etxebizitzak bereizteko edo unitate zabalagotan bateratzeko aukera baimenduko da, eragiketa horietatik sorturiko etxebizitzek gutxieneko bizigarritasun baldintzak betetzen badituzte.
  • Udalek, udal ordenantzaren onespenaren bitartez, eta planeamendu orokorra aldatu behar gabe, etxebizitza eraikinen beheko solairuetan hirugarren alorreko erabilera izatetik etxebizitza erabilera izateko baimena eman ahal izango dute, eta, arau orokor gisa, horretarako ez da beharrezkoa izango jabeen erkidegoaren baimena eskatzea.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, etxebizitzak eta eraikitako ondareak gizarte funtzioa betetzen dute. Estatuan berria den kontzeptu horrekin, Euskadiko Legea Europa mailako araudira egokituko da.

Etxebizitzek ez dute gizarte funtzio hori betetzen, etxebizitza hutsak, biztanle gehiegi dituzten etxebizitzak edo infraetxebizitzak bezalako kasuak ematen badira edo kontserbatzeko beharra betetzen ez bada.

Etxebizitza babestuen kasuan, ez betetze hori, etxebizitza beste erabilera batzuetarako erabiltzen bada edo etxebizitza jaso ondoren bertako biztanleen gaitasun ekonomikoa edo ondarea proportziorik gabe era nabarmenean handitzen baldin bada.

Babes Publikoko Etxebizitza eskuratu ondoren Estatuko edozein tokitan etxebizitza librea erostea, esleipenaren ondorengo ez betetze zergati gisa ulertuko da. Hori gertatuz gero, babeseko etxebizitza Eusko Jaurlaritzari itzuli beharko zaio, Etxebiden izena emana duen pertsonaren bati esleitu ahal izateko.

Lege horren barruan sartzen da, baita ere, etxebizitza hutsari buruzko araudia. Etxebizitza bizitzeko ez erabiltze hori, etxebizitzaren gizarte funtzioaren ez betetze gisa ulertuko da, ez erabiltzeko arrazoia justifikaturik ez baldin badago.

     Kasu horietan, Administrazioak kanon bat eta biztanlerik gabeko etxebizitzaren ezinbesteko alokairua derrigortu ahal izango du. Udalek eta, hala ez bada, Eusko Jaurlaritzak, Udalak esan beharrekoa entzun ondoren, metro karratu erabilgarri bakoitzeko 10 €-ko urteko kanona ezarri ahal izango diote 2 urte baino gehiagoz biztanlerik ez duen etxebizitzari, hutsik egote horren zergatia justifikaturik ez baldin badago, eta derrigorrez alokatzea ezarri ahal izango da, etxebizitza, etxebizitza eskari eta behar handiko gunean baldin badago eta hutsik dagoela adierazi eta urtebetera hutsik jarraitzen baldin badu.

Horrez gain, Lege Proiektuak beste neurri azpimarragarri batzuk ere aurreikusten ditu, honako hauek, besteak beste:

     Alokairu-kontratuen fidantzak Eusko Jaurlaritzan ezarri eta kontratuak erregistratu beharra. Neurri horien bitartez alokairua juridikoki hobeto bermatu nahi dugu. 
    Etxebizitza alorrean isunen zenbatekoak handitzea, babes publikoko etxebizitzen sustapenean parte hartzeko 3 urtera arteko gaitasungabetzea barne, edo birgaitzea finantzazio publikoaren bitartez egitea saihestea arau-hauste larriak edo oso larriak egiten dituztenei.

Zehapenen hedatze horrek sustatzaileengan zein etxebizitzen esleipendunengan izango du eragina.

     Higiezin bitartekaritza jardueraren legezko araupetzea: etxebizitzarekin erlazionaturiko agenteen edo/eta agentzien homologazio Erregistroak eratzeko aukera sortzen da, eta bertan izena eman ahal izateko bete beharko diren baldintzak ezartzen dira. Izen emate hori borondatezkoa izango da beti ere.

   Kooperatibetan oinarrituriko autosustapen erregimena sartzea, erabilera lagapen erregimeneko etxebizitza beharrak bete ahal izateko. Bazkide bakoitzak izango duen erabilera eskubideak izaera mugagabea izango du, eta horren kontraprestazio gisa, elkarteak ezarriko duen kanona edo gizarte errenta ordaindu beharko da.

Partaidetza

Lege honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak, partaidetza prozesua zabaldu zuen, “Zurekin Etxebizitza eginez” lelopean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak garbi ikusten du ekintza politikoaren barruan ezinbestekoak direla adostasuna, gardentasuna eta hiritarren eta gizarte eta erakunde sarearen partaidetza

Horren froga gisa, esan behar da etxebizitzaren alorreko “Etxebizitza gaietan, iritzi guztiak kontuan” izeneko erakunde, gizarte eta hiritar partaidetzarako proiektuak, legeari buruzko partaidetza prozesua jasotzen duenak, Zerbitzu Publikoari ematen zaion Nazio Batuen Lehen Saria (UNPSA), sektore publikoko bikaintasunari ematen zaion nazioarteko aintzatespen garrantzitsuena, irabazi duela.

Prozesu horren bitartez, hiritarrek testuan proposatzen ziren neurriei buruz zuten iritzia jasotzea nahi zen, eta hiritarrei ahotsa ematea eta testua aberatsago bilakatuko zuten neurriak hobetzeko eta neurri berriak gehitzeko aukera eskaintzea.

Etxebizitzarako eskubide subjektiboaren ezarpenari dagokionez, Etxebizitza Sailak, “Etxebizitza gaietan, zure iritzia kontuan” izeneko aurreko partaidetza plataforman parte hartu zuten hiritarrekin hartutako konpromisoari eta Etxebizitzarako Gizarte Hitzarmenean hartutakoari emandako erantzuna dela esan behar da: prozesuan parte hartu duten pertsonen %80 ados dago etxebizitza eskubidea diru-sarrera gutxiago duten pertsonei aplikatu beharreko eskubide subjektiboa dela esatearekin.

Horrez gain, pertsonen %80 ados dago eskariak lehentasun irizpideen arabera barematzearekin.

Eta, bestelakoa itxaron bazitekeen ere, partaideen %85, gizarte interes arrazoiak direla eta etxebizitza babestua desjabetzearen alde agertu da.

Eta, horrez gain, Aurreproiektuan aurreikusitako balizko hauetako bakoitzaren alde agertu dira:

    • Aldeko iritzi maila handienak honako balizko hauetan jasotzen dira: etxebizitza babestuaren baimenik gabeko transmisioa (%86), etxebizitza kontserbatzeko eta artatzeko beharra ez betetzea (%84), etxebizitza hutsik izatea arrazoi zuzenik gabe urtebete baino gehiagoz (%83) eta etxebizitza babestua ohiko etxebizitza egonkor izatera ez bideratzea (%80).

    • Bigarren mailako aldeko iritzien artean egongo lirateke, gehiegizko okupazioaren ondoriozko desjabetzea (%73) eta esleipenaren ondorengo diru-sarrera garrantzitsuen ondoriozko desjabetzea (%68) daude.

Hiritarren 188 proposamen jaso dira, gehienak Etxebizitza Legearen Aurreproiektuarekin zuzenean erlazionaturikoak, baina baita etxebizitza politikaren kudeaketarekin erlazionaturikoak ere.

Proposamen gehien sortu dituzten gaien artean honako hauek daude:

     • Etxebizitza babestuaren lehentasunezko esleipenerako irizpideak (55 proposamen). 
     • Etxebizitza babestu erregimenak (32 proposamen)
     • Etxebizitza babestuaren desjabetzea esleipenaren ondorengo diru-sarrera garrantzitsuen ondorioz (29 proposamen).

Jasotako emaitzak kontuan izanik, Etxebizitzari buruzko Euskal Legearen Aurreproiektuan aurreikusten diren proposamenek hiritarren aldeko iritzia dutela egiaztatu ahal izan du Etxebizitza Sailak.
 

 

LEHENDAKARITZA

EUSKADIREN POSIZIONAMENDUA NAZIO BATUEN GARAPEN JASANGARRIARI BURUZKO KONFERENTZIAREN AURREAN, RIO+20

Arkautiko Granja Modeloko Zalditegietan (Araba) bilduta, Gobernu Kontseiluak erabaki du Euskadiren posizionamendu hau berrestea Rio+20 Konferentziaren aurrean -2012ko ekainaren 20tik 22ra Rio de Janeiron (Brasil) egingo den Nazio Batuen Garapen Jasangarriari buruzko Konferentziaren izen laburtua da hori-.

Posizionamendu hau lantzeko prozesuak 4000 pertsona baino gehiago inplikatu ditu, bai Euskal Herri Administrazioaren ordezkariak, bai eragile sozioekonomikoak eta bai, oro har, euskal herritar soilak. Azpimarratzekoa da gazteriak jokatu duen rol aktiboa, zeren parte-hartze zabala izan baitu eskolen, lanbide heziketako zentroen eta Unibertsitatearen bidez. Topagune eta ekarpen horiek guztiak helburu batez egin dira, alegia, Rio+20 Konferentzian eztabaidatuko diren estrategiei buruzko ideiak eta iritziak jasotzea. Era horretan, agerian geratu da euskal gizarteak garrantzi handia ematen diela Rio+20 jorratuko diren erronkei, batez ere ekonomia eredu berri baterantz egin behar diren aurrerapenei, hots, enplegua sortzeko gaitasuna duen eredu ekonomiko berde eta integratzaile baterantz egin behar diren aurrerapenei.

Nazio Batuen garapen jasangarriari buruzko Konferentziari buruz, Rio+20

1. 2009ko abenduaren 24an, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 64/236 Erabakia hartu zuen, Brasilgo 2012ko Konferentziarako dei egitea adostuz. Hala, Nazio Batuen Garapen Jasangarriari buruzko Konferentziak “ingurumen” hitza bere izenburuan eramango duen lehenengo nazioarteko konferentzia politiko handiaren 40. urteurrena nabarmenduko du: Nazio Batuen Giza Ingurumenari buruzko Konferentzia, 1972an Stockholmen –Suedia- egindakoa. Halaber, beste bi urteurren nabarmenduko ditu: Nazio Batuen Ingurumen eta Garapenari buruzko Konferentziaren 20. urteurrena, Lurraren Goi Bilera izenez ezaguna, 1992an Rio de Janeiron –Brasil- egindakoa; eta Garapen Jasangarriari buruz 2002an Johannesburgon egin zen Garapen Jasangarriari buruzko Munduko Goi Bileraren 10. urteurrena.

2. Rio+20 maila goreneko Konferentzia bezala planteatu da, Estatu eta Gobernu Buruak eta beste ordezkari batzuk bilduko baititu, eta aukera historiko bezala definitzen da mundu seguruago, bidezkoago, garbiago, berdeago eta oparoago bat lortzeko guztiontzat.

3. Rioko 1992ko Goi Bilera egin zenez geroztik, nazioen azpiko gobernuek (estatu federatuak, eskualdeak, udalerriak, eta abar) erakutsi dute beren ekarpena eta lidergoa funtsezkoak direla garapen jasangarriaren azken helburuak lortzeko bidean aurrera egiteko. Agenda 21 deritzanak, tokiko eta eskualdeko garapen jasangarrirako estrategia bezala sortuta, aurrerapen izugarria izan du azken urteotan, eta horren bidez erakutsi du ahalegin eta ekintzak indartu egiten direla askotariko gobernu-partaideek abiatu eta osatzen dituztenean.

Euskadiko garapen jasangarriaren esparru globalari buruz

4. 2009ko “Urdaibaiko Adierazpena” deritzanean, Lehendakariak agerian utzi zuen garapen eredu berri bat gidatzeko borondatea, Eusko Jaurlaritzaren ekintza politikoaren zeharkako ardatz bezala, EcoEuskadi 2020 izena eman zitzaion tresnaren bitartez. Partaidetzazko prozesu zabal eta aurrendari baten ondoren, 2011ko uztailean, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Garapen Jasangarrirako Estrategia onartu zuen, hots, EcoEuskadi 2020. Tresna horretan, plan sektorialen helburu estrategikoak ezartzen dira, jasangarritasunaren ikuspegitik.

5. EcoEuskadi 2020k garapen jasangarrirako estrategia propio bat egituratzen du, nazioarteko estrategia eta konpromisoei uztartuta –batez ere Europa 2020 Estrategiari-, eta bat egiten du Hiru Lurralde Historikoetako estrategiekin: Bizkaia 21 2011-2016 Programa, Gipuzkoa Estrategia 2020-2030 eta Arabako Lurralde Historikoaren Garapen Jasangarrirako Plan Estrategikoa 2011-2015, eta, halaber, gure udalerriek Tokiko Agenda 21 bitartez garatzen duten tokiko jasangarritasunerako prozesuekin ere.

6. Toki mailan, Tokiko Agenda 21 oinarrizko tresna izan da jasangarritasun politikak Euskadin garatzeko; hala, 2012 urtean, Euskadiko udalerrien % 95ek ezarrita zuen tresna hau.

Euskadik garapen jasangarriaren alorrean egin dituen aurrerapen nagusiei buruz

7. Rio 1992tik orain arte, ugari dira Euskadi osoan izan ditugun lorpenak; horien artean, honako hauek azpimarratu daitezke: garapen jasangarriaren aldeko konpromiso politikoa, jasangarritasunaren hiru dimentsioak –ekonomikoa, soziala eta ingurumenarena- gero eta gehiago integratzea, alor sozialean lortutako aurrerapenak, ingurumen-alderdiek politika konkretuetan izan duten garapena, tokiko eragileek eta enpresa-eragileek jokatutako rol protagonista, jasangarritasunerantz aurrera egiteko tresna eta baliabide berrien garapena, edo herritarren parte-hartzearen balioa.

8. Hala eta guztiz ere, Euskadi jakitun da badirela gainditu gabeko erronka mardulak jasangarritasuna bere Herrialde ereduan txertatzeko, bere ekarpena egiteko mundu seguruagoa, bidezkoagoa, garbiagoa, berdeagoa eta oparoagoa gizarte osoarentzat lortzeko ahaleginari.

9. Horregatik guztiagatik,

  • Jasangarritasunaren kontzeptua finkatuta egonda, plan, programa eta estrategietan txertatuta, bere instituzioen benetako inplikazioa lortuta, eta konpromiso hori EcoEuskadi 2020 Garapen Jasangarrirako Estrategiaren bidez berretsita;
  • Tokiko Agenda 21 txertatuta, aukera, ekimen eta prozesu aurrendariak sortuta, tokiko munduaren rol protagonista udalerrietan sustatuta, eta Udalsarea 21 Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sare bezala eratuta;
  • Garapen jasangarria bultzatzen duen arau-esparru baterantz aurrera eginda, bai legedia eta bai jasangarritasuna kudeatzeko, neurtzeko eta haren jarraipena egiteko tresna eta baliabideak sortuz;
  • Enpresa-mundua jasangarritasunaren alde kontzientziatuta, euskal ekonomia berdea sustatuz, non ingurumena negozioa eta lanpostuak sortzeko aukera bat den, jasangarritasuna lehiakortasunaren, balio-sorreraren eta kohesio sozialaren faktore izanik;
  • Herritarrak jasangarritasunaren alde sentsibilizatuta, kontzeptu hori euskal gizartean hedatuta, pertsonen inplikazio eta parte-hartze aktiboaren beharra aitortuta, kontsumo ohiturak aldatzeko ekimenak bultzatuta, eta herritarren konpromisoa eta sareko lana sutatuta, jasangarritasunaren bidean;
  • Eragileen parte-hartzea bermatuta, elkarlan publiko-pribatuaren bidez, lankidetza eta parte-hartzerako mekanismoen sorrera sustatuta;
  • Jasangarritasuna zeharkakotasunez txertatuta bai unibertsitateko prestakuntzan eta bai laneko prestakuntzan, jasangarritasun kontzeptua hezkuntza-politiketan sartuta;
  • Osasun, hezkuntza, kultura eta enplegura iristeko bide hobeak bermatuta, desberdintasuna murrizteko bidean aurrera egin duen babes sozialeko sistema bat eratuta;
  • Belaunaldien arteko ekonomia solidarioaren oinarriak garatuta, bere eredu ekonomikoa lehiakortasunerantz birmoldatuta, eta baliabide ekonomikoak jasangarritasunean inbertituta, sektore publiko eta pribatuaren tokiko eta eskualdeko erakundeei laguntzearen bitartez.

Euskadik Nazio Batuen Garapen Jasangarriari buruzko Konferentziaren aurrean –Rio+20- hartutako konpromisoei buruz

10. Aurretik azaldutako guztia oinarritzat hartuta, batez ere euskal gizarteak egindako ekarpenak, Euskadik konpromiso hauek hartu ditu:

  • Ekonomia berdea sustatzea, garapen jasangarriaren eta pobrezia ezabatzearen testuinguruan; eta, horrekin batera, helburu horren aldeko esparru instituzional bat bultzatzea;
  • Jasangarritasun politikak diseinatzea eta garatzea, alderdi hori bere plan, programa eta estrategietan txertatuz, gai hauen alorrean: demografia, naturaren babesa eta kontserbazioa, lurraldearen eta baliabide hidrikoen kudeaketa, energia, klima-aldaketaren aurkako borroka, mugikortasun jasangarria, hondakinen kudeaketa, nekazaritza eta tokiko ekoizpena, eta enpresa-jarduera;
  • Jasangarritasunaren aldeko tresna berriak sortzea, bitarteko konkretuak hartuz eta definituz, hala nola, ebaluazioa, adierazleak, legegintza-esparrua, finantza-sistema, kontratazioa, fiskalitatea eta berrikuntza, ikerkuntza eta garapena;
  • Administrazioaren inplikazioa bultzatzea jasangarritasunarekin zerikusia duten gaietan, prestakuntzaren, komunikazio publikoa handiago eta hobeagoaren eta esparru instituzional eta administratibo eraginkorrago eta koordinatuagoaren aldeko apustua eginez, Euskadiren epe luzerako konpromisoa eta lidergoa indartzeari begira, jasangarritasunaren alorrean;
  • Euskadi bultzatzea, gizarte bezala hartutako konpromiso aktiboaren bidetik aurrera egiten jarraitzeko, eragile guztien erantzunkidetasuna bultzatuz garapen jasangarriaren alorrean, aktore guztiak sentsibilizatuz eta euskal gizartearen parte-hartze aktiboa sustatuz;
  • Kanporantz irekitzea, jasangarritasunera zuzendutako ekintza eta elkarlan globalaren testuinguruan kokatuz, marka-irudi bat atzerrian garatuz eta garapen jasangarriaren ikuspuntutik erreferente diren gainerako eskualde eta herrialdeen jokabidetik ikasiz.
  • Euskadik parte hartzen duen nazioarteko eta estatuko foroetan lan egitea, Nazio Batuek onartu dezaten Garapen Jasangarriaren Helburuen sorrera.

Eusko Jaurlaritzak bere konpromiso irmoa berresten du eredu ekonomiko eta sozial integratzaileago, berdeago eta adimentsuago bat gauzatzeko.

                                             Vitoria-Gasteizen, 2012ko ekainaren 5ean
                                                               Lehendakaria
                                                                Patxi López