2012/06/19 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Herrizaingo Sailak luzatu egingo du bereizgarririk gabeko polizia-ibilgailuen bizitza baliagarria
Onartu dira Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku Hartzeko Unibertsitate Master Ofiziala egiteko laguntzak
Herrizaingo Sailak hamar milioi euroko inbertsioa egingo du 2015era arte saileko eta Ertzaintzako telekomunikazio zerbitzuetan
Bizkarrezur muineko lesioak dituztenentzako laguntza materiala emango dio trafiko zuzendaritzak AESLEME elkarteari
Herrizaingo Sailak 9.782.333 euro bideratu ditu euskal egoitza judizialen eta Ertzaintzaren zentralaren segurtasunera
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
3 milioi euro IRALE programari atxikitako langileak dituzten ikastetxe pribatuentzat
17,6 miloi euro hasierako lanbide trebakuntza programak garatzeko
702.000 euro guraso elkarteetarako
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Eusko Jaurlaritzaren Osasun- eta Kontsumo Sailak abian jarri du Euskadiko osasun-arloko garraio zerbitzu urgentea 2012 eta 2013rako kontratatzeko prozesua, 12.207.250 euroko aurrekontuarekin
KULTURA SAILA
669.600 euroko diru-partida bat onartu da, liburutegi-funtsetarako
Urte anitzeko diru-laguntza zuzena emango zaio Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioari funts artistikoetan egiten dituzten inbertsioak finantzatzeko
Eusko Jaurlaritzak 150.000 eurorekin lagunduko du familien eta entitate pribatuen artxiboak digitalizatzen eta zabaltzen
HERRIZAINGO SAILA

HERRIZAINGO SAILAK LUZATU EGINGO DU BEREIZGARRIRIK GABEKO POLIZIA-IBILGAILUEN BIZITZA BALIAGARRIA

Erabakia, erosteko aukera ematen duen ibilgailu-errentamendurako 5.000.000 eurotik gorako aurrekontuko kontratua baimentzekoa.

Neurriak aurrezki handia sortuko du, ibilgailu berriak erostearekin alderatuta

Gobernu Kontseiluak, gaur, oniritzia eman dio Herrizaingo Sailaren erabaki honi: Ertzaintzaren bereizgarririk gabeko ibilgailuen flota osatzen duten unitateen alokairu-kontratua luzatzea. Neurri horren helburua aurrezki handia lortzea da, ibilgailuen flota berria erosteak ekarriko lukeen gastuarekin alderatuta. Leasing-kontratua luzatzeren ondorioz, bederatzi milioi euro ordaindu beharko lirateke 2015. urtera arte. Ibilgailu berriak erosi edo alokatzeko behar izango zen kopuruarekin alderatuta, kopuru hori nabarmen txikiagoa da.

Ertzaintzaren bereizgarririk gabeko ibilgailuen parkea, gaur egun, seiehun unitate inguruk osatzen dute. Ibilgailu horiek honetarako erabiltzen dira: unitate ezberdinetako langileen laneko desplazamendu arruntak, ikerketarako polizia-jarduerak eta laguntzarako barneko lana.

Bereizgarririk gabeko ibilgailuen parkearen antzinatasuna, gaur egun, bost urtekoa da Ertzaintzan; izan ere, denbora hori igaro da indarrean dagoen ibilgailuen alokairu-kontratua (erosteko aukerarekin) sinatu zenetik. Denbora hori igarota eta enpresa hornitzailearekiko kontratua mugaeguneratuta, honakoa erabaki behar zen: akordioa luzatzea edo, bestela, hornitze-kontratu berria sinatzea, ekoizpen berriko ibilgailuekin.

Herrizaingo Sailaren ustez, ibilgailuen egoera egokia da Ertzaintzako Unitateek erabil ditzaten, eta, beraz, gaur egun bizi dugun ekonomia-krisia kontuan hartuta, ibilgailu berriak erosi edo alokatzeko inbertsio handiagoa ezin izango litzateke justifikatu. Horrez gain, Ertzaintzak erabilitako auto askok hobekuntzak dituzte instalatuta, polizia-lanetara egokitzeko, hala nola, ekintza bandalikoen aurkako haizetakoak eta kristalak, ekipamendu elektronikoak, igorgailuak, etab. Horiek aldatu eta beste ibilgailu batzuetan instalatzeko, partida ekonomiko gehigarria behar izango litzateke.
 

 

ONARTU DIRA EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIAN ESKU HARTZEKO UNIBERTSITATE MASTER OFIZIALA EGITEKO LAGUNTZAK

Agindua, emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko unibertsitate-master ofiziala egiteko laguntzen deialdia egiten duena.

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetza

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Herrizaingo sailburuaren agindua; horren bidez, guztira 42.322,50 euroko zenbatekoan laguntza publikoak emateko deialdiak egingo dira, Emakumeen kontrako Indarkerian Esku Hartzeko Unibertsitate Master Ofiziala egiteko.

Honako ekintza hau genero indarkeriaren kontrako borrokan esku hartuko duten profesionalen prestakuntza bultzatzeko Zuzendaritzaren lan ildoan kokatzen da.

Gaur onartutako laguntza publikoen deialdia 2012-2013 ikasturterako da, edizio horretako Emakumeen kontrako Indarkerian Esku Hartzeko Unibertsitate Master Ofiziala finantzatzen laguntzeko. Deialdiaren xedea, esan bezala, profesional espezializatuen prestakuntza babestea da, bai administrazio publikoetako langileena, bai entitate pribatuetakoena, betiere emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta desagerrarazteko arloan eta biktimak laguntzeko eta babesteko arloan lanean ari badira.

Masterra 60 ECTS (kreditu europarrak) dituen prestakuntza ofizial gisa eskaintzen da, eta bost modulutan egituratzen da: Diziplinarteko gizarteko esku-hartzea, Gizartean esku hartzeko berariazko tresna profesionalak, Genero indarkerian eta etxeko indarkerian esku hartzea, Kanpoko praktikak eta Masterraren amaierako lana.

Gehienez ere hamabost pertsonek jaso ahalko dituzte laguntzen onurak; eskatzaileak EAEn izan beharko dute administrazio egoitza eskabidea aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagotik, eta titulu akademiko baten jabe izan beharko dute (lizentziadunak edo diplomadunak). Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua EHAAn argitaratzen denetik zenbatzen hasita.
 

 

HERRIZAINGO SAILAK HAMAR MILIOI EUROKO INBERTSIOA EGINGO DU 2015ERA ARTE SAILEKO ETA ERTZAINTZAKO TELEKOMUNIKAZIO ZERBITZUETAN

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Herrizaingo Sailerako telekomunikazio zerbitzuen kontratua egitea, 10.800.050 euroko zenbatekoa izango duena. Aurrekontuko partida hori 2015. urtera arte saileko hornidurak eta materialak berritzea finantzatzeko baliatuko da, Ertzaintzakoak barne, telekomunikazio zerbitzu guztiek ongi funtzionatzea ahalbidetzeko.

Gaur onetsitako urteanitzeko partida lau alditan banatuko da, aurtengo urterako (2012. urtea) eta datozen hiru ekitaldietarako, hain zuzen ere; partida, bidenabar, lau multzotan azpibanatuko da, telekomunikazioen arloko lau eremu nagusietarako bana: telefonia finkoa, telefonia mugikorra, datuen konektibitatea eta Internet (horretarako bi hornitzaile kontratatu beharko dira, erabiltzen diren bi nodoen mantentze-lanetarako).

Onartutako urteanitzeko partidak honela banatzen dira:

   2012. urtea:        787.850 euro
   2013. urtea:     3.337.400 euro
   2014. urtea:     3.337.400 euro
   2015. urtea:     3.337.400 euro

Legegintzaldi honetan, Herrizaingo Saileko informatika eta telekomunikazio arloko arduradunek erabaki dute zerbitzu teknikoen kontratuen iraungitze- eta ondoriozko berritze-data denbora-tarte berean biltzea; hala izapidetzeak azkartu egingo dira, eta baldintza ekonomiko hobeen artean hautatzeko aukera egongo da.

Telekomunikazioen elementuak gero eta garrantzi handiagoa du polizia izaerako lanen barruan, baita Herrizaingo Sailaren gainerako jardueretan ere. Hala, gaur onetsi den aurrekontu partidak oinarri ekonomikoa eskaintzen du egunero milaka ertzainek erabiltzen dituzten artxibo eta kontsulta sistemek eta ikerketako aplikazio guztiek funtziona dezaten; horrez gain, tartean daude, besteak beste, polizia ibilgailuetan instalatutako konektibitate erabilgarritasun berriak, patruilen komunikazio sistemak, Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritzaren barruko babes zibileko zerbitzuak edota zirkulazioa kontrolatzeko eta kudeatzeko Trafiko Zuzendaritzak erabiltzen dituen gailuak. Aipatutakoez gain, arlo berean daude Ertzaintzak genero indarkeriaren mehatxupean dauden emakumeei banatzen dien bortxa telefonoak, edota Herrizaingo Sailak EAEn kudeatzen dituen hauteskunde prozesuak egiteko beharrezko komunikazioak eta datu sarea ere.

Herrizaingo Sailak garatzen dituen lan arlo guztietan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira bai arlo teknikoa, bai informatika- eta telekomunikazio-sistemak erabiltzea; horrekin batera, teknologiaren kostuak, oro har, merkatzen ari dira. Horri esker, atal horretako beharrezko inbertsio ekonomikoari eutsi ahal zaio, aurreko ekitaldietako maila bertsuetan, edo are maila baxuagoan ere.
 

 

BIZKARREZUR MUINEKO LESIOAK DITUZTENENTZAKO LAGUNTZA MATERIALA EMANGO DIO TRAFIKO ZUZENDARITZAK AESLEME ELKARTEARI

Erabakia, 23 triziklo elektriko doan lagatzeko Asociación para el Estudio de la Lesión Medular Espinal (AESLEME) elkarteari, elkarteko kideen eguneroko joan-etorriak errazteko.

Ertzaintzako Bide Hezkuntzako Unitate Mugikor desagertuek erabili ohi zituzten triziklo elektrikoak dohaintzan

Gobernu Kontseiluak Ertzaintzako Trafiko Zuzendaritzaren proposamena onartu du gaur, AESLEME elkarteari bizkarrezur muineko lesioak dituztenentzako laguntza materiala doan emateko. Material hori Trafiko Zuzendaritzako Bide Hezkuntzako Arloak emango du, eta, zehazki, 23 triziklo elektrikok osatzen dute; lehen, triziklo horiek Ertzaintzako Bide Hezkuntzako Unitate Mugikorrek erabiltzen zituzten, eta une honetan zerbitzuz kanpo dauden arren, erabiltzeko moduan daude.

Une honetan, lehen zituzten bide hezkuntzako eginkizunetarako sailkapenetik kanpo daude triziklo elektrikoak; izan ere, hezkuntza metodologian aldaketa ugari egon dira azken urteetan, eta horrez gain, Ertzaintzako Bide Hezkuntzako Unitate Mugikorrak desagertu egin dira; unitate horiek prestakuntza ematen zuten EAEko ikastetxeetan, eta gaur egun bestelako baliabideak eta prozedurak erabiliz eskaintzen da arlo horretako prestakuntza.

Horregatik, aintzat hartuz materiala erabiltzeko moduan dagoela, eta mugikortasun urrituko arazoak dituzten pertsonentzat oso erabilgarriak izan daitezkeela (esaterako, bizkarrezur muineko lesioak dituztenentzat), Trafiko Zuzendaritzak egokitzat jo du material hori AESLEME elkarteari ematea. Estatu mailako entitate bat da AESLEME, irabazi asmorik gabea eta onura publiko aitortua duena; bizkarrezur muineko eta garuneko lesioak eragin ditzaketen istripuen prebentzioan dihardu, baita kaltetuak laguntzeko lanetan ere.
 

 

HERRIZAINGO SAILAK 9.782.333 EURO BIDERATU DITU EUSKAL EGOITZA JUDIZIALEN ETA ERTZAINTZAREN ZENTRALAREN SEGURTASUNERA

Erabakia, zaintza- eta segurtasun-zerbitzurako 5.000.000 eurotik gorako aurrekontua duen kontratua baimentzeko, adin txikikoen zentroetarako, justizia-jauregietarako, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren mendeko zentroetarako eta Ertzaintzak Erandion duen egoitza nagusirako.

Partida 2014ra arte luzatzen da

Gobernu Kontseiluak gaurko batzarrean onetsi duen erabakiaren bidez, baimena eman du 9.782.333 euro bideratzeko egoitza judizialen eta Ertzaintzaren zentralaren segurtasuna finantzatzera 2012an eta hurrengo bi urteetan.

Zehazki, aurrekontu-partidaren xedea hau da: adingabeen zentroen, justizia-jauregien eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren mendekoak diren gainerako egoitzen zaintza eta segurtasuna ordaintzea EAEko hiru lurraldeetan, bai eta Erandion dagoen Ertzaintzaren zentralarena ere.

Gaur onetsi den partida hiru kopurutan banatuta dago. Kopuru bakoitzaren xedea da 2012ko eta hurrengo bi urteetako beharrak estaltzea. 2012rako 2.853.180,40 euro bideratu dira; 2013rako, 4.891.166,40 euro; eta, 2014rako, 1.037.986,20 euro.
 

 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

3 MILIOI EURO IRALE PROGRAMARI ATXIKITAKO LANGILEAK DITUZTEN IKASTETXE PRIBATUENTZAT

Agindua, IRALE programaren baitan 2012. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean jarduteko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoentzako laguntzetarako dei egiten duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaur egindako bilkuran, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, agindu bat onartu du jendaurrean jartzeko dirulaguntzetarako deia, hain zuzen, 2012 urtean zehar irakastorduetan IRALE programaren euskara ikastaroetan parte hartzeko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo ekimen sozialeko zentroentzat.

3.001.400 euroko diru kopurua duten dirulaguntza horien helburua euskara ikasteko liberatzen diren irakasleen ordezkapenek sortutako gastuak ordaintzea da.
 

 

17,6 MILOI EURO HASIERAKO LANBIDE TREBAKUNTZA PROGRAMAK GARATZEKO

Agindua, udalei, mankomunitateei edo horiek sortutako erakundeei eta erakunde pribatuei diru-laguntzak emateko deia egiten duena, 2012-2013 ikasturtean Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak garatzeko.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran agindu bat onartu du. Agindu horren bidez, Udalei, Mankomunitateei edota beraiek sortutako Erakundeei eta pribatu Erakundeei diru-laguntza emateko deialdia egitea onartu du Hasierako Lanbide Trebakuntza Programak garatu ahal izateko emango dira diru-laguntzok, 2012-2013 ikasturtean zehar

Hasierako Lanbide Trebakuntza Programek Oinarrizko Bigarren Hezkuntzaren funtsezko gaitasunak eskuratzen ez dituzten ikasleei oinarrizko lanbide-prestakuntza ematea dute helburu. Prestakuntza horri esker, kalitatearen aldetik ondo trebatuta sartu ahal izango dira lan-mundura eta izango dute araututako irakaskuntzetan ikasketak egiten jarraitzeko aukera. Gauzak horrela, programa hauek gizartean txertatzeko lagungarri izango dituzte.
 

 

702.000 EURO GURASO ELKARTEETARAKO

Agindua, laguntzetarako deia egiten duena, hain zuzen, Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteentzat eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteentzat.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko egunean onartu du Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteentzako eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeetako ikasleen guraso elkarteentzako dirulaguntzak deitzen dituen agindu bat.

702.000 euroko zenbateko globalean dirulaguntzak deitzea du agindu honek helburu, ondorengo gastuak finantzatzen laguntzeko: HHIko ikasleen elkarteek eta guraso elkarteek funtzionatzeko jarduerek eta azpiegiturek eragindakoak; ikastetxe desberdinetako guraso eta ikasleei zuzendutako jarduerek eragindakoak.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

EUSKO JAURLARITZAREN OSASUN- ETA KONTSUMO SAILAK ABIAN JARRI DU EUSKADIKO OSASUN-ARLOKO GARRAIO ZERBITZU URGENTEA 2012 ETA 2013RAKO KONTRATATZEKO PROZESUA, 12.207.250 EUROKO AURREKONTUAREKIN

Erabakia, osasun-larrialdietan garraio-lanak egiteko eta laguntza emateko zerbitzurako 5.000.000 eurotik gorako aurrekontua duen kontratua baimentzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun-eremuetako larrialdietako garraio sanitarioaren sarerako.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak abian jarri du EAEn osasun-arloko garraio zerbitzu urgentea eta larrialdietako asistentzia 2012 eta 2013rako kontratatzeko prozesua, 12.207.250 euroko aurrekontuarekin.

Euskadiko osasun-sistemak ez du garraiobide propio nahikorik larrialdiko osasun arretatarako eta horrek, duela urte batzuk, eragin zuen oinarrizko bizi-euskarria emateko hainbat baliabide kontratatzea, alegia, anbulantziak, hartara, herritarrei eskaintzen zaien larrialdiko prestazio sanitarioaren kalitatea nabarmen hobetzeaz gain, asistentzia-prozesuaren globalizazioarekin jarraitzea, bizi-euskarriaren asistentzia-estaldura EAEko biztanle guztiei zabaltzea eta hainbat gertakaritarako arreta-plan bat egin da.

Izan ere, euskal administrazioak herritarrei larrialdiko osasun-asistentzia ekitatez emateko konpromisoa hartu zuenez, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia propioen bidez eman ezin duenez larrialdiko osasun-arreta eta lortutako emaitzak positiboak direnez, komeni da jarduera-ildo berarekin jarraitzea.

Oinarrizko bizi-euskarrien baliabideen ezaugarriak eta osasun-garraio urgentearen sareari egiten dizkioten ekarpenak honako hauek dira:

  • Bizi-euskarri aurreratuko eta erizaindun bizi-euskarriko baliabideekin batera, eta zentro koordinatzaileetatik emandako jarraibideen arabera, oinarrizkoak dira EAEko urgentziei eta larrialdiei osasun-erantzuna emateko sarean.
  • Osasun-arazoa gertatzen den lekuetan osasun-asistentzia urgentea ematen dute.
  • Erantzun azkarra ematen duten osasun-larrialdietan, aktibazio denbora gutxi behar dutelako.
  • Larrialdiak koordinatzeko zentroko medikuei edo erizainei helarazten diete Pazientearen informazio medikoa, erantzuna optimizatzeko.
  • Estaldura geografiko zabala ematen dute, oinarrizko bizi-euskarriko baliabideak estrategikoki kokatua baitaude.
  • Ia biztanleria guztia estaltzen dute, osasuna arriskuan duten pertsonei laguntza ematen baitiete EAEko biztanlegune gehienetan, bai hirikoetan bai landakoetan.
  • Larrialdiak koordinatzeko zentroekin eta osasun-garraio urgentearen sareko gainerako ekipoekin lankidetzan jarduten dira biktima anitzeko gertakarietako asistentzian.

Datozen egunetan argitaratuko dira kontrataziorako oinarriak, Euskadi.net webguneko kontratatzailearen profilean.
 

 

KULTURA SAILA

669.600 EUROKO DIRU-PARTIDA BAT ONARTU DA, LIBURUTEGI-FUNTSETARAKO

Agindua, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaurko bilkuran, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Deialdian aurreikusitako diru-kopurua 669.600 euro dira.

Deialdi honen helburua da 2012an Euskal Autonomia Erkidegoko udalei beren titulartasunpeko Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea. Onuradunak izan daitezke, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegi publikoak kudeatzeko eskudun diren toki-erakundeak.

Diru-laguntzak dirutan emango dira, alegia, bai liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu sortak eskuratzeko, bai eta lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko. Bi kasuotan, eskuratzen diren lanen artean nahitaezkoa izango da euskaraz nahiz gaztelaniaz editatutako lanak egotea, EAEko bi hizkuntza ofizialetan irakurtzen duten irakurleen eskubidea bermatzeko. Horrekin batera, diru-laguntzaren %10, gutxienez, EAEn argitaratutako obrak erosteko erabili behar da nahitaez.

Laguntza hauetarako, gehienez, 669.600 euro erabiliko dira, honela banatuta:

  a) 50.000 euro, gehienez, liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu-sortetarako.
  b) 619.600 euro, lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko. Liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu sortarako zenbatekoa erabiltzen edo agortzen ez bada, diru hori edo soberakina lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko erabiliko da.
 

 

URTE ANITZEKO DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMANGO ZAIO BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA FUNDAZIOARI FUNTS ARTISTIKOETAN EGITEN DITUZTEN INBERTSIOAK FINANTZATZEKO

Erabakia, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimentzekoa. Helburua: Bilboko Arte Ederren Museoaren Fundazioaren arte-funtsetako inbertsioak finantzatzea, 2012-2018 epean.

Gaurko bileran Gobernu Kontseiluak Kulturako sailburuari lankidetza-hitzarmen bat izenpetzeko baimena eman dio; lankidetza-hitzarmen horren bidez urte anitzeko (2012-2018) diru-laguntza bat emango dio Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioari; diru-laguntza 700.000 eurokoa izango da eta funts artistikoetan egiten dituen inbertsioak finantzatzeko izango da.

Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioa 2000ko azaroaren 15ean sortu zuten Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak; fundazioak ondoko helburuak ditu, besteak beste: Bilboko Arte Ederren Museoko antzinako arteko, arte modernoko eta arte garaikideko bilduma bildu, zaindu, aztertu eta erakustea, bilduma hori aberastea, zenbait zerbitzurekin jarraitzea eta kalitate oneko zenbait jarduera sustatzea, betiere gizartea era erabakigarrian hezten eta Euskal Autonomia Erkidegoak kultura balio batzuk proiektatzen laguntzeko.

Museoarentzat oso garrantzitsua da artelanak eskuratzeko programarekin jarraitzea; hori dela-eta, une honetan 2012-2018 eperako beste lankidetza-hitzarmen bat egin nahi da, Museo Fundazioak artelanak eskuratzeko duen programa indartzeko. Aurreikusita dago BBVA Fundazioak ere parte har dezala programa hori finantzatzen, egun kultura Fundazio horretako nagusia baita.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK 150.000 EUROREKIN LAGUNDUKO DU FAMILIEN ETA ENTITATE PRIBATUEN ARTXIBOAK DIGITALIZATZEN ETA ZABALTZEN

Agindua, Kulturako sailburuarena, dokumentu historikoen funtsak antolatzeko, zabaltzeko eta digitalizatzeko diru-laguntzak banatzeko modua ezartzen duena.

Eusko Jaurlaritzak gaur Kultura sailburuordearen ondoko Agindua onetsi du: familienak, antolakundeenak, elkarteenak, fundazioenak, etab.enak diren eta publikoak ez diren artxiboak zabaltzeko eta digitalizatzeko laguntzen deialdia egiteko dena. Programa horretarako 150.000 euro daude.

Laguntza honen bidez, artxibo pribatuen funtsen antolaketa saritu nahi da, horrela bada, Euskadiko agirien ondarea behar bezala zainduko da eta kontsultarako eta zabaltzeko aukera erraztuko da sareen eta informazio sistema publiko batzuen bidez eta titularren eskubideak bortxatu gabe.

Diru-laguntzekin, gehien jota, burutzeko gastuen % 70 ordainduko da, betiere 28.000 euro gainditu gabe, eta ondoko jardueretarako erabil daitezke:
   a) Funtsak antolatzea eta agiritegien lanketa hobetzea.
   b) Digitalizatzea eta kopia digital bat sortzea Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionalaren web orriaren bidez zabaltzeko.
   c) Badator izeneko informazio-sisteman zabaldu eta han sartzea.

Programa honen bidez, Kultura Sailak ondokoa lortu nahi du: funts pribatu horiek teknika modernoetakoekin lantzea eta Irargi web-eko Badator zerbitzuaren bidez edo jabeek eskaintzen dituzten erraztasunen bidez herritarrei funts horietan sartzeko aukera ematea.

Orain arte laguntza horien bidez oso emaitza onak lortu dira eta zenbait funts pribatu antolatu, azaldu, digitalizatu eta kultura-zabalkuntzarako lan batzuk abian jarri dira. 2011ko ekitaldian 17 proiektu finantzatu ziren eta aurten 20 proiekturi laguntzeko aurreikuspena du sailak.

Halaber, programaren bidez antolakunde, familia eta partikular batzuek egin duten eskaera bati emango zaio erantzuna, hau da, euren artxibo funtsak, bildumak eta agiriak zaindu, baliabide tekniko egokiekin landu eta egungo teknologiek gure esku jartzen dituzten sistemen bidez zabaldu ahal izatekoa. Horri esker, esku pribatuetan dagoen agiri-ondare aberatsaren alde bat behin betiko antolatuko da, ezagutzen ez ziren beste funts batzuk agertuko dira, jabeak ondare hori baloratzeko eta zabaltzeko orduan inplika daitezen lortuko da eta internet bidezko ikerketa zerbitzua aberastuko da; Euskadiri buruko edozein ikerketarako funtsezkoa da jada.